Oinarrizko agiria eraikitzen

Page 1

OINARRIZKO AGIRIA “eraikitzen”


Gure elikatze-eredua biziki aldatu da azken hamarkadetan. Ez dute zerikusirik lehengo eta oraingo elikatzeko moduek. Aspaldi bizitza herrietan biltzen zen, eta harreman estuagoa genuen landa-eremuarekin. Gogoan izan ditzagun baserriak, orain desagertzekotan, buruaskitasunez funtzionatzen baitzuten. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetatik, industriaren garrantziak “garapena” deitzen dutena – hazkunde ekonomikotzat bakarrik ulerturik– ekarri zuen, eta horrek gure bizimodua aldatu zuen, bai eta kontsumitzeko zein elikatzeko genuen modua ere. Gaur egun, bizitza hirietan biltzen da, eta gure bizitza kontsumoaren inguruan antolatuta dago. Kontsumoa sistema kapitalistaren motorra da. Kontsumo hori ez da oinarrizko eta beharrezko ondasunetan funtsatzen, ez-beharrezko ondasunetan baizik. Sistemak produktuak erostera eta berriztatzera bultzatzen gaitu etengabe, eta, horretarako, eskueran dituen arma guztiak erabiltzen ditu. Horri dagokionez, publizitateak funtsezko eginkizun bat betetzen du. Dudarik gabe, gure kontsumo-ohiturei eta gure bizimoduari eragin dien eta aldaketak ekarri dizkien tresna izan da publizitatea. Enpresa handiek eskueran dituzten elementu horiek erabiltzen dituzte gero eta gehiago kontsumi dezagun eta eredua beste bat izan daitekeela ahatz dezagun. Supermerkatu batera joaten bagara, ohartuko gara premia-premiako gaiak establezimenduaren hondoan edo apal baxuenetan daudela eta gutiziak, aldiz, ilaran jarrita gauden kutxatik gertu egoten direla, edo ageri-ageriko apaletan. Prezioak ere izan ditzakegu kontuan: 1,99 jartzea, 2 euro jarri beharrean; amu-produktu bat kostuaren azpiko prezioan eskaintzea eta gainerako produktuak garestitzea; 2x1 eskaintzak jartzea, benetan nahi ez zenuen zerbait eramanarazteko. Baita argia eta musika ere kontsumitzaileen psikologian oinarriturik aztertu diren estrategia batzuen araberakoak dira. Autozerbitzuko sistema edo txartel bidezko ordainketa ere salmentak areagotzeko pentsatuta daude. Kate handiek ahalegin ugari egiten dute, egin ere, gure kontsumoa handiagoa izan dadin. Eta beren helburua lortu egiten dute, lortu ere. Behar ez ditugun gauzak erosten ditugu, gure gustuak eratzen dituzte, eta ez dugu ezagutzen kontsumitzen ari garena. Gero eta elikagai eraldatu gehiago erosten ditugu, eta ez dugu informaziorik izaten haien konposizioaren gainean. Etiketak irakurtzea baliagarria da, baina askotan ez da oso argigarria. Nola ekoitzi diren jakin ere gabe jan ditzakegu itxura ezin hobea duten elikagai batzuk. Esaterako, ez dakigu zenbat tratamendu kimiko jasan dituen sagar batek, edo biskoteek ogiak baino koipe gehiago dutela. Beste adibide argi bat esnearena dugu. Denok dakigu zenbat esneki “aberastu” dauden, kaltzioz, omega3-z, eta abarrez aberastuak, hain zuzen. Nolatan behar dugu bitaminaz aberastu berez bitamina horiek badauzkan zerbait? Enpresa handiek ahalegin handiak egiten dituzte bezeroak aztertzeko eta arrakasta izateko moduko produktu berriak eskaintzeko. Asegabe sentiarazi behar gaituzte, haien produktuak zoriona ekarriko digula sinestarazteko. Eta ez zaie batere axola generozuzengabekeriez baliatzea saltzeko. Ikusten da, emakumeentzako produktuei dagokienez, emakume perfektu baten ideala bultzatzen dela, eta “besteentzako” produktuei dagokienez, berriz, emakumea sexu-objektu hustzat erabiltzea ohikoa dela. Horri deritzogu, hain zuzen, publizitate sexista. Banaketa-kate handietara jo ohi dugu. Auzoko dendak gero eta gutxiago dira, ezin baitira lehiatu enpresa handien makineriarekin. Garrantzitsua da globalizazio neoliberalaren testuinguruan koka gaitezen –ekonomiaren globalizazioa deritzon horretan– eta nazioarteko merkataritzak nola funtzionatzen duen jakin dezagun. Ulertzeko, ezagut ditzagun haren eragileak.


Munduko herrialde guztiak dira erosleak eta saltzaileak. Oso boteretsua izanik ere, herrialde batek ez du denetarik. Hartara, norberak daukana saltzen du, eta norberak behar duena erosten da. Kontua da, ordea, herrialde guztiak ez daudela maila komertzial berean. Herrialde industrializatuek (herrialde aberatsak edo Iparraldeko herrialdeak –hemisferio horretan egoteagatik– ere esaten zaie) botere politiko eta militar handia dute, bai eta teknologian oinarrituriko garapen industrial handi bat ere. Garapen-bideko herrialdeak, oro har, lehengaiz izaten dira aberatsak, eta hegoaldeko hemisferioan egoten dira; haien ezaugarriak dira industriagarapen eskasa zein pobrezia-indize handia izatea eta kanpo-zorrari aurre egin behar izatea. Transnazionalak (multinazionalak edo korporazioak) enpresa handi batzuk dira, munduko herrialde askotan jarduten dutenak. Enpresa nagusi bat izaten dute transnazionalok sortu ziren herrialdean, eta handik egiten dituzte beren eragiketak. Erosle eta saltzaile gisa (petrolioa, ibilgailuak, produktu kimikoak, elikagaiak,…), nazioarteko merkataritza kontrolatzen dute. Botere handia dute, badute eragina gobernuetan, eta herrialde askok baino botere handiagoa ere badute. Nazioarteko merkatuan honako hauek salerosten dira: lehengaiak (petrolioa, kobrea, kotoia,…); nekazaritzako produktuak (garia, artoa, arroza, kafea,…); produktu manufakturatuak (makinak, armak, ordenagailuak, telefono mugikorrak,…); finantzaproduktuak (maileguak, inbertsioak,…); zerbitzuak (energia elektrikoa, osasuna, hezkuntza,…). Prezioa eskaintza-eskarien legearen arabera ezartzen da; hau da, gutxi ekoizten bada, prezioak gora egiten du. Dibisak ere badira tartean, hots, nazioarteko merkatuan erosteko behar ditugun diruak. Bai eta muga-zergak ere, pertsona edo enpresa bati bere produktua beste herrialde batean saltzeko kobratzen zaizkion zergak, hain zuzen. Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA) arau horiek ezartzeko ardura duen nazioarteko erakundea da. Erakunde horretan 142 herrialderen ordezkariak daude. Merkataritza askeak muga-zergak kentzeko proposatzen du, herrialde guztiek salerosketan jardun ahal izateko. Kontua da, ordea, herrialde guztiak ez daudela maila komertzial berean, lehen ere esan dugunez. Transnazionalek gobernuei eragiten diete, akordio abantailatsuak lortze aldera. Esate baterako, Ameriketako Estatu Batuek Latinoamerikan ordenagailuak saldu nahi badituzte, muga-zergarik ez ordaintzeko akordio batera iritsiko dira, baina Latinoamerikako herrialde batek AEBn artoa saldu nahi baldin badu, azken horrek ateak ixten ditu. Hala, bada, aipatzen ari garen merkataritza aske hori aberatsenentzat baino ez da. Egungo sistema kapitalistak herriak pobretzea dakar. Ezin ahatz dezakegu, halaber, salgaien merkataritza askea bultzatzen bada ere, pertsonak batetik bestera aske ibiltzea eragozten dela. Testuinguru horretan, elikaduraren ekoizpen-banaketa-merkaturatzeko prozesua enpresa-kopuru mugatu eta urri batek kontrolatzen du. Berrikitan, OCUk (Organización de Consumidores y Usuarios) eginiko azterlan baten arabera, Espainiako estatuan zazpi supermerkatuk kontrolatzen dute elikagaien salmentaren % 70, eta hauek dira: Alcampo, Carrefour, Mercadona, El Corte Inglés, Lidl, Eroski eta Dia. Horrek "botere eskerga" ematen die prezioak eta baldintzak negoziatzerakoan. Ekonomia-eredu kapitalistak –etekinak ahalik eta kosturik txikienarekin maximizatzean


oinarrituta– gure mundua iraunkortasunik gabeko kontsumo gizarte bat bihurtu du. Kontsumoan oinarrituriko sistema bat eraiki da, eta kontsumo hori gabe ez dirau zutik. Munduko 20 herrialde aberatsenek mende honetan natura gehiago kontsumitu dute – hau da, lehengai gehiago eta energia-baliabide berriztaezin gehiago– gizon-emakume guztiek beren historian zehar baino. Eredu horren ondorioak askotarikoak dira: Ingurumen-arloko ondorioak: - Baso-soiltze edo deforestazioa eta lurren higadura. - Arrantza-erreserbak gutxitzea. - Kutsadura, CO2 aireratzea, isurketak, hondakinak eta errausketa direla medio. - Ur geza urri izatea. - Ekosistema naturalei eragiten dieten plan hidrologikoak zein isuraldatzeak. - Biodibertsitatea galtzea. - Energia nuklearra ugaltzea. Osasun-arloko ondorioak: - Elikadura-subiranotasuna galtzea. - Goseteak. - Elikagaien kalitatea. - Gaixotasun berriak. - Harremanen merkantilizazioa. Kultura-arloko ondorioak: - Homogeneizazio kulturala. - Jakintza tradizionala eta buruaskitasuna galtzea. Politika-arloko ondorioak: - Enpresa handien lobbyek politikei eragiten diete. - Natura-baliabideak kontrolatzeko gerrak. Ekonomia-arloko ondorioak: - Enpresak deskokatzea (deslokalizazioa). - Lan-baldintzak okertzea, maquila direlakoak, haurren esplotazioa. - Tokiko ekonomia-egitura ahultzea, autonomoak zein enpresa txiki eta ertainak desagertzean. - Kapitala eta boterea esku gutxitan kontzentratzea. - Diru-zuritzea eta armekin, pertsonen trafikoarekin, drogekin… lotutako negozioak Gizarte-arloko ondorioak: - Komunitateak beren lurraldeetatik kanporatzea. - Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasunak. - Txirotasunaren feminizazioa. - Immigrazio behartua. - Segurtasunik eza eta bortxa. - Genero-desberdintasunak areagotzea. Bultzatu den nekazaritza- eta abeltzaintza-ereduak nola herrialde txirotuetako hala herrialde industrializatuetako nekazari-jendea itotzen du. Janari “ibiltari” batzuk eskaintzen dizkigute, gure mahaietara baino lehen milaka kilometro egiten dituztenak


eta badaezpadako kalitatea dutenak. Geure hozkailuak ireki besterik ez dugu egin behar. Nekazaritza-industriako ereduak ezaugarri hauek ditu: - Ekoizpen intentsiboa. - Produktu kimikoak gehiegi erabiltzea. - Transgenikoak. - Botere-kontzentrazioa. - Bizi-iturriak pribatizatzea (haziak, ura, lurra) - Nekazariak txirotzea. - Produktu estandarizatuak. - Merkaturatze-zirkuitu luzeak (esportazioa, azalera handiak). Nazioarteko merkataritza-legeak herrialde aberastuek sustatzen dituzte, eta, hortaz, herrialde aberastu horietako enpresei egiten diete mesede, merkataritza askeko akordioei esker (MAA). Egungo politika neoliberalek ekoizleen lan-baldintzak eta ingurumena gutxi errespetatzen dituen nekazaritza bat sustatzen dute. Almeriako tomate bat jatea, gaur egun, zerbait zaporegabea topatzea da, langile migratuen esplotazioa ezkutatzen duena, bai eta garraioak sorturiko kutsadura ere. Elikadura giza eskubide bat izatetik negozio bat izatera igarotzen den unetik, gure elikadura arriskuan jartzen ari da. Gosez dagoen populazioaren % 75 nekazariak dira. Enpresa handiek erabakitzen dute zer produktu kontsumitu behar ditugun. Nekazariek, minifundistek, tokiko kooperatiba txikiek ezer gutxi egin dezakete halako enpresen aurrean. Gosearen arazoa ez da elikadura-urritasunari lotutako arazo bat, banaketari lotutako arazo bat baizik. Paradoxikoki, herrialde aberastuetan obesitatea gero eta zabalduago dago. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) kalkulatu duenez, ekoizten diren elikagaien % 10 eta % 40 artean ez da kontsumitzen azkenean. Beste azterlan batzuen arabera, Ameriketako Estatu Batuetan elikagaien % 27 galtzen da banaketaren, ostalaritzaren eta kontsumitzaileen artean. Zifrak gorabeheratsuak dira, baina gauza jakina da, ekoizpena oparoa denean, zati bat bota egiten dela, prezioei eustearren. Dauden argudioak nahiko eta sobra dira sistemak porrot egin duela frogatzeko. Ikus daiteke, beraz, lotura zuzena dagoela herri jakin batzuetan bizi den pobreziaegoeraren –batetik– eta multinazionalen praktiken eta gure kontsumoaren –bestetik– artean. Nekazaritzaren, arrantzaren eta abeltzaintzaren errentagarritasun komertziala elikatzeko eskubidearen gainetik dago. Porrot egitea beste azkenik izango ez duen sistema bidegabe honen aurrean, kontsumo kontziente eta arduratsuaren erantzuna sortzen da. Errealak al dira gure beharrizanak? Ba al dator bat gure bizimodua gure ongizateidealarekin? Ba al da posible ekoizteko eta merkaturatzeko era aldatzea, kontsumitzeko era aldatu gabe? Kontsumotik, hobeto uler al dezakegu zer gertatzen den? Ba al da kontsumoa ekintza politiko bat? Posible al da kontsumitzaile kritikoak diren herritar batzuen mugimendu bat? Hausnarketa horietan oinarri harturik, badira pertsona batzuk elikadurasubiranotasunaren eta bidezko merkataritzaren alde apustu egiten ari direnak, gure erosketek bidegabekeria-zurrunbilo horrekin zerikusirik ez izateko formula


errealak badaudelakoan. Uste sendo batzuek eragiten dituzte proposamen horiek: gure kontsumoa boterea dela; nahi badugu, bestelako gizarte-eredu bat eraiki dezakegula; bestela kontsumitzea posiblea eta beharrezkoa dela; eta, azken batean, GUTXIAGO KONTSUMITZEA HOBETO BIZITZEA DELA. Gure gizarteko bizimodua lanaren, diruaren eta kontsumoaren jopua da, baina horrek ez du zoriona ekartzen, estresa sortzen du eta gaitza fisikoak zabaltzen ditu, obesitatea kasu. Erostea ekintza kontzientea da, eta haren bitartez geure ideiak ager ditzakegu. Gure aburuz, gure kontsumo-ohiturak eguneroko botoak dira, eta kontsumitzaile gisa, boteretsuak gara, eta botere hori erabili behar dugu. Etxetik gertu kontsumitzen badugu, auzoak bizituko ditugu, eta giza harremanak sor daitezen sustatuko dugu, monopolioak saihesteaz, ekoizpen-modu iraunkorrago bat babesteaz eta produktuen garraioak ingurumenari dakarkion inpaktua murrizteaz gain. Dagoeneko, pertsona askok bere bizimoduetan aldaketak sartzea erabaki dute. Gure hirian dagoeneko aurrera eramaten ari diren alternatiba batzuk badaude, eta haiekin bat egin ditzakegu. Ikus ditzagun bertan ekoitzitako elikagaiak kontsumitzeko aukera batzuk, ekoizleen lanbaldintza zein bizi-baldintza duin batzuetan oinarrituak eta ingurumena errespetatzen dutenak. Printzipio hauei jarraitzen diegu: -

Denda txikietan edo azoketan erosteak tokiko ekonomia indartzen du eta auzoak bizitzen ditu. Azalera handiak eta kateak saihestea, bai eta autoz joan beharreko edozein leku ere. Bide alternatiboak bilatzea, hala nola zuzeneko salmenta, kontsumo-taldeak edo kontsumo-elkarteak. Giza eskubideak, ingurumena eta genero-zuzentasuna errespetatzen ez dituztenei ez erostea, ahal dela.

Adibidez, a) Tokiko azokak: Halakoetan, nekazariek eta eraldatzaileek badute gune bat beren produktuak saltzeko. Erosketan ezartzen den harremanak aukera ematen digu erosten dugunaren jatorria eta hura ekoizten duten pertsonak ezagutzeko. b) Kontsumitzaile-elkarteak edo kontsumitzaile-kooperatibak: Erosketak era kolektiboan egiteko antolatzen den pertsona-talde bat izaten dira. Modu askotan antola daitezke. Osasuntsuagoa den eta ingurumena gehiago errespetatzen duen bizimodu bat sustatzen dute. Produktu ekologikoak eta transgenikorik gabekoak kontsumitu nahi dituzten pertsona batzuen interesa dute jatorri. Ahal den neurrian tokiko nekazaritzatik eta abeltzaintzatik hornitzen dira. c) Kontsumo-taldeak: Ekoizle batek, astero, produktu freskoak eta sasoikoak dauzkan saski bat prestatzen du, eta ekimenean parte hartzen dituzten kontsumitzaileengana hurbiltzen ditu halako


saskiak, bitartekarien beharrik gabe eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana berreskuraturik. Saskian dagoen janari-kantitatea eta prezioa aldez aurretik finkatuta daude. d) Autokontsumorako baratzeak: Aukera hau lursail bat daukatenentzat edo etxeko balkoian landatzeko gogoa pizten zaienentzat da. Lurrarekin harremanetan egotea eta jaten duguna ekoiztea ahalbidetzen digu. e) Bidezko merkataritzako dendak: Hura da hautabidea gure inguru hurbilenean ekoizten ez diren produktuak kontsumitu nahi ditugunean. Halako dendak ez dira saltoki hutsak. Sentiberatzeko, informatzeko, presioa egiteko eta salatzeko kanpainak ere sustatzen dituzte.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.