Kafe hazlearen zirkuitua

Page 1

KAFE-HAZLEAREN ZIRKUITUA Nola ekoizten da kafea?


SARRERA Gure eguneroko ekintzek hutsalak ematen dute, baina badute eragina ekonomian, giza eskubideetan eta ingurumenean. Egunero egiten ditugun ekintza horietako bat da kontsumitzea. Egunero elikagaiak, ura, energia, jantziak, eta abar kontsumitzen ditugu. Askotariko produktuak ditugu aukeran. Baina badakigu benetan zein lehengairekin eta zein baldintzetan egin diren produktu horiek? Nork eta non fabrikatzen dituzten? Nork irabazten duen produktu horien truke ordaintzen dugunarekin? Gure ekintzek eragin positiboak sortzeko eta mundu bidezkoagoa lortzen lagungarriak izateko, ezinbestekoa da guk guztiok gogoeta egin dezagun kontsumitzen dugun moduaz eta informa gaitezen nahi eta/edo behar ditugun produktuez.

HELBURUAK Kafe-ale batek fabrikara heldu arte egiten duen ibilbidea ezagutzea. Kafe-alea ekoizteak dakartzan lana eta nekea ulertzea.

GOMENDATUTAKO ADINA 8 urtetik gora

IRAUPENA 2 ordu

ALDEZ AURREKO GOMENDIOAK DINAMIZATZAILEARENTZAT Interesgarria izan daiteke saski pedagogiko honetako “Orientazio teorikoak… Sar zaitez testuinguruan!” atalean eskuragarri dagoen materiala kontsultatzea. “Oinarrizko aurkezpenak… Gaiari heldu!” atalean aurkezpen lagungarriak aurkituzko dituzu.

DINAMIKA NOLA GAUZATU “Kafe-hazlearen zirkuitua” antzeratzen duen ondorengo ginkana proposatzen dizugu. Jarduera taldeka edo bikoteka eraman daiteke aurrera, eta halakoek 5 etapa edo proba gainditu behar dituzte; azken horietako bakoitzak, hain zuzen, kafe-hazleak bizi ohi duen testuinguru edo egoera jakin bat irudikatzen du. 1. proba: kafe-landareak landatzea.

Testuingurua: Lursaila herritik urrun dago, mendian (kafea zenbat gorago, hainbat hobea). Landareñoak bide mehar eta neketsu batetik eraman behar dira, kontu handiz, landare txiki horiek hazteak lan handia sortzen baitu; salbatu egin behar dira, haiexei loturik daudelako etorkizunean izango ditugun diru-sarrerak.


Lanabesak eraman behar ditugu, eta, beraz, ezin erabil ditzakegu eskuak; hartara, landareak eramateko modu bakarra biren artean da. Lankidetzan aritzea ezinbestekoa da; garrantzitsuena landareak ez hondatzea da.

Probaren deskribapena: Bikoteka (bikoteko kideek eskuak atzean lotuta dauzkatela) lurrean marraztutako bide bat pasatu behar dute, eta kafe-landareak eskuak erabili gabe eraman (puxika batzuk izango dira landareon sinbolo). Buruz buru, bularrez bular, eta abar izan daitezke eramateko moduak, baldin eta eskurik erabiltzen ez bada; garrantzitsuena kafe-landarea ez erortzea eta hondatzea da. Erortzen bada, bidearen hasierara itzuli, eta berriro abiatu behar da. Zenbat bikotek parte hartzen duten eta bikoteok talde bat ordezkatzen duten ala ez hartuko da kontuan ibilbidea zenbat aldiz egin beharko duten zehazterakoan. Bi bikotek bakarrik parte hartzen badute, hiru landare eraman ditzatela gomendatzen dugu, hau da, ibilbidea 3 aldiz egin dezatela. Lurrean marraztutako bidea (klarionez, esaterako) sigi-sagatsua izango da, eta tartean ibai bat (urez betetako balde bat) eta baso itxi bat (oztopoak) edukiko ditu tartean.

Materialak: - Biderako: klarionez marraztutako bide sigi-sagatsu bat (1 m zabal; 10-15 m luze). - Ibairako: balde luzanga, urez betea, parte-hartzaileek erraz gainditzeko modukoa. - Basorako: kono batzuk edo bestelako oztopo batzuk (3 jartzeko gomendatzen dugu), une jakin batean ibiltzea zailtzeko. - Parte-hartzaile bikote bakoitzarentzat, 1 m-ko oihal-zerrenda bi, eskuak lotzeko. - Kafe-landareetarako: puxikak (berdeak izan daitezke), landare baten marrazkia daramatela; puztuta, baina ez gehiegi, berehala eztanda ez egiteko. Puxika dezente prestatu behar da aurretik, bai ibilbidea egiten den aldi-kopururako, bai jarduera bukatzean parte-hartzaileei banatzeko. 2. proba: soroa ongarritzea.

Testuingurua: Landareak landatze hutsa ez da aski, zaintzen jarraitu behar da. Ondo eta sano haz daitezen, aldian behin ongarria eman behar zaie. Ongarria hondakinekin, hosto berdeekin, eta abarrekin egiten da. Ongarria erabiltzeko prest dagoenean, zakutan sartu, eta sorora eramaten da, eskorgaz.

Probaren deskribapena: Ibilbidea bikoteka egiten da. Betiko eskorga-lasterketa da: pertsona batek eskorgarena egiten du eskuak lurrean jarrita, eta beste lagunak oinetatik eusten dio, aurrera egiten laguntzeko. Eskorgarena egiten duenari txaleko bat emango zaio, eta bizkarrean itsatsi beharko duen konpost-pakete bat. Bikote bakarra badabil jolasean, ibilbide bat baino gehiago antola daiteke. Bikoteak zenbait badira, ea zein lehena iritsiko arituko dira, berez lehia izan ez arren. Konposta erortzen bada, berriz kargatu eta jarraitu egin beharko da, edota berriz hasi beharko da.

Materialak: - Klarionez marraztutako bi marra (irteera eta helmuga), 15 m inguruko distantzia batekin.


- Txaleko pare bat, bizkarraldean belkro-zerrenda bat jarrita. - Kargatzat “konposta� hitza daramaten pakete bi erabiliko ditugu. Alde batean belkro-zati bat izango dute erantsita, txalekoari itsatsi ahal izateko. 3. proba: alea biltzea.

Testuingurua: Landareek ale gorriak dauzkatenean, uzta biltzeko garaia da. Zehaztasun handiko lan bat da; izan ere, ale bakoitza heldutasun-puntu egokian hartu behar da, bat ere alferrik galdu gabe.

Probaren deskribapena: Bikoteka egin daiteke. 10 kafe-ale bildu eta garraiatu behar dira. Bikoteetan, kideetako bat garraiobidea izango da; horretarako, eskuak atzean lotu, eta ahoan koilara bat jarriko zaio. Beste lagunak aleak bilduko ditu. Irteera-marraren atzean hasiko da; han, kafe-aletxoak edukiko dituzten adar baxu batzuk jarriko dira. Hasiera markatzen denean, kafe-biltzen aritzen dena aleetako bat jarriko du koilaran; azken hori garraiobidearena egiten duenak dauka ahoan, eta berak alea erori gabe egin beharko du ezarritako ibilbidea. Helmugara heltzean, alea jartzeko katilu bat egongo da. Alea erortzen bada, hasierara itzuli, eta berriz abiatu beharko da. Gogoan izan ibilbidea 10 aldiz egin behar dela

Materialak: - Irteerako eta helmugako marrak, klarionez marrazturik, 10 m inguruko distantzia batekin. - Hareaz betetako ontzi batzuk, zuhaitz-adar batzuk jarrita, antzekoak eta ez oso garaiak. - Arrautza-kartoi batzuk, ebakirik eta gorriz pintaturik;alanbre txiki batekin itsatsiko dira landarean, 15 bakoitzean. - Kafe-aleak (50 gutxienez, galtzen badira ere). - 2 oihal-zerrenda, 1 m-koak, eskuak lotzeko. - 2 zopa-kolara, sakon samarrak. - 2 katilu txiki, aleak jasotzeko; apur bat gora jarriko dira (aulki, mahai batean...), heltzean koilara irauli ahal izateko. 4. proba: ale berdea garraiatzea

Testuingurua: Ale gorria bildu, zuritu, garbitu eta lehortu ondoren, ale berde bilakatzen da, eta txigortzera eraman behar da, kafea guri saltzen diguten txigortze-enpresetara, hain zuzen ere. Nekazari txikientzat zailagoa da, kafea mendian behera garraiatu behar dutelako, mandoz. Lur-jabe handiek, aldiz, kamioiz eramaten dute beren plantazioetatik.

Probaren deskribapena: Zaku-lasterketa egin behar da.


Batzuek eta bestetzuek dauzkaten zailtasunen arteko aldea ikusiko dugu hala. Parte-hartzaile batek kamioiarena egingo du, eta beste batek, mandoarena, zaku-lasterketa egiteko. Mandoak zaku txikiagoa darama, erabiltzen errazagoa, baina bere bidean oztopo asko dauzka. Kamioiak bide laua du, baina luzeagoa, eta zaku handi eta deserosoa darama. Banakako jolasa da.

Materialak: - Klarionez marraztutako bi bide, irteera-marraren eta helmugara-marraren artean: bata sigisagatsua izango da, baina laburragoa; bestea laua baina luzeagoa izango da. - 4 kafe-zaku (2 erreserban): 2 txikiak eta 2 oso handiak. - Kono batzuk, aulkiak eta denetariko oztopoak bide laburrerako.

5. proba: kafe-hazleari ordaintzea Parte-hartzaile guztiek bidezko merkataritzako kafe-goxoki bat jasotzen dute ibilbidearen bukaeran.

ONDORENGO HAUSNARKETARAKO ARGIBIDEAK Hausnarketa egiterakoan, galdera hauetakoren bat har dezakegu abiapuntutzat: zer dakigu erosten dugunaz?; erosterakoan, kontuan izaten dugu nondik datorren erosten duguna, eta sasoiko produktu bat den ala ez?; produktuen etiketak begiratzen ditugu?; behar besteko informazioa al dute?; normala al da batez beste 8.000 kilometro egiten dituzten produktu batzuk merkeak izatea?; zer esan nahi du horrek?; zergatik saltzen dira supermerkatuetan Frantziako patata gehiago, Arabakoak baino?; supermerkatu batean erosten ditugun produktuak gure hiritik hurbil dagoen nekazaritza-ekoizpenen batean aurki ditzakegu?; ba ote dakigu gure inguruan zer ekoizten den?; erosterakoan, kontuan izaten al dugu nondik datorren erosten duguna?; badakigu nola ekoitzi diren janariak?; ba al da alternatiba bat bidezko kontsumoa eta kontsumo arduratsua? Bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua bada alternatiba bat, pertsonen duintasuna babesten duena eta kulturak zein ingurumena errespetatzen dituena.


Emakumeek eta gizonek modu berean parte hartzen dute lehentasuna pertsonen arteko harremanei ematen dien sistema batean, ekoizten dihardutenei lan-baldintza duinak bermatzeko helburuarekin. Bidezko merkataritza honako hauek ziurtatzen ditu: − − − − − − − − − −

Soldata eta lan-baldintza duinak. Emakumeen eta gizonen arteko zuzentasuna. Haurren esplotaziorik ez egotea. Funtzionamendu demokratikoa. Etekinak komunitateen oinarrizko beharrizanetarako birsartzea. Kalitateko produktuak. Epe luzerako merkataritza-harremanak. Prezioaren zati bat aurretiaz ordaintzea. Kontsumitzaileentzako informazioa. Ingurumena errespetatzea.

KONTSUMO KONTZIENTE ETA ARDURATSUAk proposatzen du, kalitatea eta prezioa ez ezik, gizartearen zein ingurumenaren gaineko inpaktua ere kontuan izan dezagula erosterakoan. Horrek, kontsumitzaile gisa, botere handia ematen digu, enpresen jokabidean eragina izan baitezakegu. Kontsumo kontziente eta arduratsuak HURBILEKO, SASOIKO ETA INGURUMENA ERRESPETATZEN DUTEN PRODUKTUEN alternatiba planteatzen du. Saski pedagogiko honetako “Alternatiba praktikoak... Mugi ezazu fitxa!” atala begiratzeko gomendatzen da. EGIN DAITEZKEEN ALDAERAK Parte-hartzaile kopuruaren arabera, bikoteka jolas daiteke ibilbide osoa eginez; bestela, taldeka ere egin daiteke, dauden probak parte-hartzaile bikoteen artean banaturik.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.