“EUTSI BERRITUZ”, kristau taldea
TOPAKETA: Kristauok krisiaren aurrean “Jauna, noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez? (Mt 25, 44). Orain hilabete batzuk (azaroaren 26an) Arantzazun elkartu ginen, “Eutsi Berrituz”, kristau-taldearen deiari erantzunez, gure herriaren baketze eta adiskidetzearen inguruan hausnarketa eta otoitz egiteko. Bostehun pertsona inguru izan ginen han eta aukera izan genuen gure Euskal Herriak gaur bizi duen egoera itxaropentsuaren amets eta erronkak konpartitzeko giro jator batean. Nolabait denok jaso eta indartu genuen gure arteko elkar bizitza sendotzeko apustua. Ez dugu ahaztu behar, halere, gure gizarteak, krisi ekonomikoa dela eta, bizi duen larrialdia. Gure artean eta mundu zabalean jende asko oso gaizki dabil krisiaren ondorio latzak jasaten. Arazo handi eta mingarri honi, Jesusen jarraitzaile garen aldetik, erantzuna eman behar diogu. Jakingo ahal dugu, beste pertsona eta mugimenduekin batera, gizarte zuzenagoa eraikitzen! Gure kristau elkarteak gehiago inplika litezke krisiaren eragin eta ondorio gogorrenak bizitzen ari den jendearekin? Asmatuko ahal dugu Jesusen Ebanjelioaren arnasa eta indar askatzailea ereiten eta zabaltzen! Gai eta arazo horri buruz, “Eutsi Berrituz” kristau taldeak beste elkarretaratze bat antolatu du, aurrekoen ildo beretik. Asmoa da gure herriko kristauei aukera ematea, elkarrekin aurrera egiteko kristau solidaritatean eta gizarte berri baten aldeko inplikazioan, krisi ekonomikoa dela-eta, gehien sufritzen ari diren pertsona eta herriekin. DATA:
2012ko apirilaren 28a, larunbata
LEKUA:
Donostia / Santa Teresa Ikastetxea (Manuel Lardizabal, 25) EHU ondoan (Ibaeta auzoa) Kimika Fak. eta Tecnun artean
IRAUPENA:
10:00 - 13:00 h
OHARRAK: a) Topaketa Joseba Barandiaran, ekonomialariaren hitzen harira joango da. b) Otoitzaldia ere izango dugu ondoren. c) Bileraren ostean, gure konpromisoa agertzeko, agiri bat irakurri eta zabalduko da.