Finlandia

Page 22

Egunerokoa itxi eta bolalumarekin batera Quechua txikian sartu zuen trenak zein hots gutxi egiten zuen konturatu zen bitartean. Plaza: 14B, horrelaxe zioen bi aste lehenago renfe.com webgunean erosi zuen tren txartelak eta gustatu zitzaion 14B hura. Trena jendez lepo zen baina bere alboko eserlekuan ez zegoen inor. Suncamp handia eserleku gaineko maletategian gorde eta Quechua txikia libre zegoen alboko eserlekuan utzi zuen. Trenari arreta eskaintzen hasi zen orduan eta ordura arte hartu zituen aldirikoetatik oso ezberdina zela ikusi zuen “A ze elegantzia!”. Hori pentsatu bezain pronto, beasaindarrengan ohikoa den bilaketa errituari ekin zion eta azkar topatu zuen nahi zuena. Bagoi hasierako paretan zegoen ederki torlojututa begietara begiratzen zion eta Alkainen Bittori Irratia gogoratu zion amona baten eserlekuaren gainean. CAF zioen metalezko plakatxoak eta harrotasunez bete zuen Txomin aurkikuntzak. Ez zen sekula bertan sartu baina beasaindar eta goierritar gehienen moduan, CAFeko makina bat langile zituen familia zein koadrilan. Bazuen halako harrotasun bat munduan zehar zebiltzan tren asko eta asko bere herrian eginak zirelako eta oporretan edo kanpoan zegoela, “Beasain hori” non demontre zegoen galdetzen ziotenean, kokotsa altxatuz erantzuten zuen trenen herria zela “Trenak eta Argiñano noski!”. Urte batzuk lehenago koadrila osoa Bartzelonara joan zirenekoa gogoratu zuen orduan. Metroan sartu ziren lehendabizikoan, bere lagun Iker argazki bat eskatzen hasi zen oihuka halako metalezko plaka baten azpian eta CAFeko langile txartela eskuan zuela. “Trenak, Argiñano eta odolkiak!” Ez zen asko beasaindarrek munduan zehar beraien herria goraipatzeko zutena baina nahikoa zen beretzat.

22


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.