Page 1


Ehundaka istorio idazten hasia zen, hasia besterik ez. Ehundaka bizipen imaginatua, imaginatua besterik ez. Zerbait handia idatzi nahi zuen, zerbait handia bizitzeko gai ez zelako. Mundua aldatuko zuen zerbait idatzi nahi zuen, inguruan zuen mundua ulertzeko gai ez zelako. Sakatzean, bere bizitza kolpez baretu eta zentzuz jantziko zuen botoiaren bila zebilen. Forma eman nahi zion eta batzuetan, izena izatera ere iritsi zen. Orriak eta egunak pasa ahala ordea, zentzua galtzen zuen. Zerbait kontatu nahi zuen eta bazekien zer baina, oso zaila egiten zitzaion hitzekin azaltzea. Batzuetan, guztiak zentzua hartu zuela iruditzen zitzaionean, behatz artetik ihes egiten zion. Hasiera, disko gogorreko karpeta galdu batean gordea zuen baina, bukaera falta zitzaion. Burugogorra zen eta erabakia hartua zuen. Ez zuen ezer idatziko bukaera jakin arte, amaierara iritsi eta bere begiekin botoi madarikatu hura ikusi arte. Ezin da ezer kontatu nora doan ez badakizu… Ez zen konturatzen ordea, bere buruari “nora” galdetzen zion bitartean, erantzuna beste galdera bat besterik ez zela: “zer”. Askotan, galderak, erantzunak baino bidaiakide aberasgarriagoak izan ohi direla. Hori bai, bidaiatzeko, abiatu egin behar da lehendabizi.


-Aaaaaaaaaaaatxuaaaa!!! – Logela guztiak lurrikara bat jasan zuen doministikuaren ondorioz eta ez, ez naiz bere doministikuen potentzia puzten ari. Txominek doministiku egiten duenean, Pazifikoan tsunami bat sortzen da. Urteko garai horietan beti alboan zuen klinex paketetik musuzapi bat atera, mukiak kendu eta beste tsunami bat sortu zuen Indikoan, “alergia madarikatu honek akabatu egingo nau…”. Ez zen esnatzeko modurik egokiena. Are gutxiago aurretik halako egun luze bat zuenean. Egun hartan bertan hasi behar zuen bere bizitzako bidaiarik garrantzitsuena, aberasgarriena, gizon egingo zuena… Beno, opor puta batzuk besterik ez ziren baina nahi edo ez, bazuten zerbait berezi egiten zituena. Bakarrik joan behar zuen Islandiara hamabost egunez eta hori, ez da egunero egiten den zerbait. Ohetik altxatu, armarioko atea ireki, galtzontzilo bat hartu, buruan jarri eta dutxara abiatu zen. Gaueko 23:25etan zuen hegazkina Bartzelonako El Prateko bigarren terminalean. Horren aurretik ordea, “Fak de jel horren aurretik… “. Zumarragara autoan joan, 8:35eko trena hartu eta behin Santseko geltokian (…eta ez zekien nola hostia) El Prateko bigarren terminalera iritsi ia gauerdian Keflavíkeko aireportura eramango zuen hegazkina hartzeko. Jende arruntak bidaiaren zehaztasun hauek aztertuak eta zehaztuak izango lituzke bidaiaren egunerako baina Txominek ez zuen horrelako gauzetan denborarik galtzen. Txomin Indiana Jones moderno bat zen. Beno… modernoa gehiago Indiana Jones baino… -Aaaaaaaaaaatxuuaa!!! Hala, beste ez dakit zenbat mila hildako nire kontzientzian…

11


Pijama eskuan eta galtzontzilo garbiak jarrita atera zen komunetik. Ez zen metro eta hirurogeita hamabostera iristen baina zenbat neurtzen zuen galdetu ezkero metro eta hirurogeita hemezortzi erantzuten zuen beti. “Gezurra ere ez da” pentsatzen zuen beti. “Neurtu ninduten azkenekoan horrelako zerbait esan zidaten”. Ez zuen axola neurtu zuten azken egun hartan medikuak neurtu ez izanak, neurtu zuena bere koadrilako Unai izateak, neurketarako erabilitako tresna lanetik poltsikoan zuen metroa izatea edo egun hartan Mikel Abrego betaurrekorik gabe baina itsuago egoteak. Metro hirurogeita hamazortzi eman zuen eta listo! Pisuari dagokionean laurogeita hamasei erantzuten zuen beti baina hori, neurtu zuten azken eguneko itsua gainean izanda ere ez zuen sinetsiko. Asteak zeramatzan izotz eta suaren lurraldera eramango zituen motxilak nola antolatu pentsatzen baina azkenean, eta betiko moduan, aurreko egunean prestatu zituen, “luze joan zen azkenean asteleheneko poteoa kar kar kar”. Bi motxila izango zituen bidaia kide aurretik zuen eta bizitza aldatuko zion bidaia katartiko hartan. Bi motxilak ohe gainera bota eta arretaz begiratu zituen. Alde batetik, Suncamp motxila erraldoia. Bertan, arropa guztia sartu zuen. Zazpi galtzontzilo “Bana bi eguneko”, bost barruko kamiseta “Eramango nituzke gustura bana bi eguneko baina ez ditut hainbeste…”, lau galtzerdi pare “Bakarrik noa, mokofinen bat alboan tokatu ezkero hartu dezala segurtasun perimetro bat. Ekonomizatu egin behar da!”, bi toalla “Dutxarako bat eta Islandiako urberodun igerilekuetarako beste bat”, pare bat sandalia, Jazpanako kotoizko kaputxadun jertsea, zazpi kamiseta; Pearl Jamena, Ordiziako Rugby Elkartearena, Beasaingo Gaztetxearena “Zulo bat du, ez dio axola…”, Sallent de Gallegoko Pirineo Sur Jaialdian erosi eta ¿Cenamos? jartzen zuen hura “Atsegin dut hau”, Sorry for being so fucking sexy dioena “…eta ikaragarri hau”, Montrealera eskatu zuen Arcade Firerena “Ilunetan distira egiten du, horrek zure alde egin dezake hil hala biziko egoera batean”. Amaitzeko, Arte Ederretako Leioako Campuseko 2002ko promozioarena “Zein

12


itsusia den… Saldu zidan neska ordea… Aiiii…”. “Denak beltzak? Standstillen berdea hartuko dut, ez dut triste itxurarik eman nahi. Gainera, kamiseta honekin Enric Montefuscok bezain beste molatzen dut. Hori posible bada behintzat…”. Bainujantzia, beste kaputxadun jertse bat bazpada ere, galtza motzak “Nork daki!” eta eskiatzera joaten zenean erabiltzen zuen zira polarduna “Banandu egin daitezke, muturreko teknologia!”. “Eta hostia!” oihukatu zuen bere barrenerako, “Banoa ia-ia pijamarik gabe berriz ere”. Galtza luzeak eta Mihiluzera joandakoan oparitu zioten kamiseta “Barregarri geratu ginen gero… Paloposti! Paloposti! Ez zen hain zaila ere hostiaputa…”. Bakeroak jantzita zituen eta baita mendiko botak ere, ez zitzaion ezer falta.”Hostia! Zakua!” Zakua hartu eta Suncamp gorri eta grisari lotu zion. “Kaka” Zakua lotzeko bi gakoetako bat apurtu zuen bere berezko abileziarekin. “Zintzilik iritsi beharko da ba” esan zuen marmarka bere ama gelan sartu zenean. -Egunon Txomin, prest al duzu dena? Aita ogia eta egunkaria erostera joan da. Hemen izango duzu bost minutu barru. -Inbentarioa egiten ari naiz ama! Utzi bakean orain! -Uii uii uii –Bota zuen patxadaz bere burua asko maite duen baten keinuak eginez eta ia-ia bals bat dantzatuz –umore txarrez esnatu zaigu gaur señoritoa… – Esan zuen irribarre gozo batekin balsarekin jarraituz pasiloan zehar urruntzen zen bitartean. - Motxila txikia! – jarraitu zuen inbentarioarekin. Bigarren motxila Quechua txiki laranja bat zen. Urtean behin erabiltzen zuen gutxi gorabehera. Udan izaten zen hori ia derrigortuta lagunekin Orioko hondartzara joaten zen egunean. “Hondartza… Hare kroketak ur gazitan egosten… Nola gustatu dakioke hori inorri?!”. Quechua txikian bere biziraupenerako beharrezkoak izango ziren gauzak sartu zituen.

13


45 giga musika barnean zituen iPoda, hiru liburu (Katherine Nevilleren El Ocho, Kirmen Uriberen Bilbao - New York - Bilbao eta Peter Haningek bildutako mozkorraldi irlandarren ipuin bilduma, Beber para contarla). “Nahikoa izango ote dira? Beharko, ez dira gehiago sartzen…” Argazki makina, kaxa elektrikoa (mugikorraren kargatzailea, argazki makinaren kargatzailea, tripode txiki bat, iPodaren kargatzailea eta entxufe-USB egokitzaile bat iPodaren kargatzailearentzat), hamar klinex pakete “Ez naiz inor klinexik gabe”, eguzkitako betaurrekoak, aitak oparitutako egunerokoa, lau bolaluma, Islandiako bi gidak (Guía Azul – Islandia eta Lonely Planet – Países Escandinavos), Español – Inglés, Inglés – Español Collins hiztegia eta Guía de conversación ESPASA en inglés liburuxka. Berriz ere zerbait ahazten zitzaionaren sentsazioa izan zuen. “Hostia puta! Karpetatxo berdea!”. Bertan tren eta hegazkinerako txartelak, aterpetxeetako erreserbak eta bidaiaren egutegia zituen. Inbentarioa amaitu eta bi motxilei begira geratu zen zutik ohe ondoan. Bi fardel horiek izan behar ziren bere bidaikide bakarrak aurretik zituen hamabost egunetan. Islandiara bidean zen eta ezin zuen sinetsi. Ezin zuen sinetsi behingoz bere bizitzan bere kabuz zerbait egiten ari zenik. Ohe ondoko tiradera ireki eta amak hamasei urte zituela institutuarekin Amsterdamera joateko oparitu zion larruzko zorroa hartu zuen. Gerrikoari lotu eta galtzen azpian joaten den horietako bat zen. Bakarrik ekin behar zion bidaiari eta badaezpada ere dirua eta dokumentazioa bi leku ezberdinetan gorde nahi zituen “Bazpadaere…”. NANa diruzorroan eta pasaportea eta ehun euro ezkutukoan. Zorroa bere lekuan sartu, Suncamp handia bizkarrera bota eta Quechua txikia ohetik altxatzen ari zenean aita atetik sartzen entzun zuen. Berak eraman behar zuen Zumarragako geltokira autoan.

14


Une hartan, etxekoei Islandiara joateko erabakia azaldu zien eguna etorri zitzaion burura. Negar ederrak bota zituen amak. Hala ere, hori ez da arduratzekoa Lisa Simpsonen lagun saxofonista hil zenean ere negar egin baitzuen… Iluntze batean esan zien, afaltzen hasi aurretik. Etxeko laurak zeuden mahaiaren inguruan eserita eta ahots astunez jakinarazi zien berria erabaki garrantzitsuak komunikatzen diren bezala prentsaurreko baten moduan ia-ia. Aita haserretu egin zen eta anaia barrez lehertzen hasi - Joder! Seriotasun horrekin armariotik atera behar hintzela pentsatzen nian – momentu hartan isilik egoteko keinua egin zion modu txarrez Txominek anaia txikiari baina gerora, eta sekula onartu ez bazion ere, asko eskertu zion berria halako arintasunarekin hartzea. Aitak ez zuen ezer ulertzen – ¿Sólo? ¿A Islandia? ¿Para qué? – eta amak bere esaldi antologiko haietako bat bota zion malko artean: “Soldaduska falta zaik! Lehen mutilak soldaduskara joaten zituan gizon egitera, orain beste zerbait falta zaizue!”. Barrez hasi ziren orduan bai Txomin eta baita anaia Martin ere. Islandiara eramango zituen motxilei begira zegoen une hartan ordea, amak uste zuena baina arrazoi gehiago izango ote zuen galdetu zion bere buruari. -Bueno, Txomin. ¿Preparado? -Si aita. Vamos. Etxekoak bina musuz agurtu eta amari herriz mugitzen zen bakoitzean deituko zuela hitz eman zion. Negar malkoka agurtu zuen amak anaiak barre konplizez begiratzen zion bitartean –Disfrutatu! – esan zion. Ez zen hitz askokoa Martin baina gutxitan esaten zituen alferrik. Oso ezberdinak ziren biak baina hala ere, oso ondo moldatzen ziren. Motxilak autoan sartu eta Zumarraga aldera abiatu ziren aita eta biak. Ez zuten hitz askorik egin bidean eta Txominek jakin bazekien arduratuta zegoela bere semeak burutu behar zuen periploarekin. Egia esan, bera ere arduratuta zegoen aurretik zuen abenturarekin eta lehen aldiz

15


atzerrira bakarrik joateak beldur apur bat ere ematen zion. Ez zen ordea hori barruan zuen gauza bakarra. Hankako hatz puntetatik buruko azken ilera arte zeharkatzen zuen zirrara bat sentitzen zuen eta horrek, beldur guztiak desagertarazten zituen. Gainera, mundu osoko kriminalitate tasa baxuenetakoa zuen herrialde batera bidean zen, “Mesedez!” Zumarragako geltoki kanpoan dagoen aparkaleku zabalean autoa utzi eta motxilak maletategitik atera zituzten. Aitak Suncamp handiari lotuta zegoen zakuan jarri zuen arreta eta apurtutako gakoa heldu zuen Txomini begira – Sí, se me ha roto – erantzun zion garrantzia kendu nahian. Aitak amore ematen duenaren begirada batekin erantzun zion. “Si se te ha roto hasta esto ¿qué coño vas a hacer solo en Islandia?” edo halako zerbait pentsatzen arituko zela pentsatu zuen Txominek. Kontuz ibiltzeko esan zion aitak, noizean behin deitzeko, eta mezu elektronikoren bat ere bidaltzeko, egunero begiratuko zuela posta. Baietz erantzun zion guztiari Txominek eta bi musu eman ondoren, bi fardelak gainean zituela urruntzen hasi zen – Ondo pasa! – bota zion aitak eta Txominek irribarre batekin erantzun zion bere bidean etenaldi bat eginez. Gutxitan hitz egiten zion euskaraz aitak eta guztiak oroitzen zituen Txominek. Gutxi izan zirelako agian, edo une garrantzitsuetan esanak izan zirelako ziurrenik. Mark Knopflerren Sailling to Philadelphia kantua etorri zitzaion burura. Ez zekien zergatik baina kantu har bere aita gogoratzen zion beti, eta alderantziz. “Hori da bere doinua”. Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia eskuineko sorbaldan, “A ze pisua duten… Bi aste horrela? Baja eskatu beharko dut lanera itzultzean…”. Hankarekin atea erdizka ireki eta zeharka sartzen saiatu zen, Suncampa atean trankatu zitzaion. Geltokitik ateratzen ari zen emakume batek laguntzeko keinua egin zion baina orpoarekin ateari kolpe bat eman eta atetik sartzea lortu zuen ahal izan zuen duintasun guztiarekin.

16


Trenbidearen azpiko igarobidetik pasa eta bere trena hartuko zen nasara iritsi zen Txomin. Zortea izan zuen eta eskailerak igo bezain pronto topatu zuen eserlekuan ez zegoen inor. Metalezko banku gorri “erosora” bota zituen bere bi bidaia kideak “Bai, zuetaz potrotaraino bukatu behar dut”. Eserlekuan eseri eta aldamenetara begiratu zuen. Makina bat jende zebilen geltoki txikian zehar. Pare batek aurpegian idatzita zeramaten lanera bidean zirela baina gainontzekoek oporretara abiatzeko itxura osoa zuten, Txominek bezalaxe. Giro alaia sumatzen zen Zumarragako geltokian abuztuaren hiruaren goiz hartan. Ordularira begiratu eta trena iristeko ordu laurden falta zela ikusi zuen. Motxilatik iPoda atera eta bidaia handi honetan entzungo zuen lehen diskoa zein izango zen erabakitzen hasi zen. Musikarako zaletasun ikaragarria zuen Txominek, apur bat frikia izatera iritsi arte. Zer demontre? Oso frikia! Ezagutzen zuen pertsona bakoitzari kantu bat oparitzen zion eta! Ez zien hartzaileei ezer esaten baina bere buruan “Honentzat, kantu hau” pentsatzen zuen. Pertsona bakoitzak bere doinua zuela defendatzen zuen beti. Itxura edo izaerek ere bere melodia zutela eta egunerokotasunean ezagutzen zuen jendeari, berea biltzea gustatzen zitzaion. Nerabezaroan hainbat musika taldeetan aritu zen kafrearena egiten Txomin. Instrumenturik jotzeko gaitasunik ez zuen sekula izan baina kantari moduan… Beno, moldatzen zen. Kantua ez zen bere dohainetako bat baina eskenatoki gainean mugitzen zekien eta ederki pasatzen zuen gainera. Hogeita bi urte bete zituen egunean ordea, musika uztea erabaki zuen. Edo berak esaten zuen moduan, “Musikak utzi ninduen ni”. Harrezkero musika entzun, bildu eta musikaz idaztean jarri zituen bere indar guztiak. Inork gutxik irakurtzen zuen bere blog malapartatua baina Txomini ez zitzaion axola. Munduko webgunerik garrantzitsuena izango balitz moduan idatzi eta zaintzen zuen artikulu bakoitza. Musika maite zuen baina are

17


gehiago idaztea eta artikulu haiek, bi maitasun horiek uztartzeko aukera eskaintzen zioten. Arcade Fireren azken lana bero-bero zuen iPodean baina disko harren lehen entzunaldirako denbora gehiago behar zuela erabaki zuen. Azkenean, Fanfarloren Reservoir izan zen hautatua. “Nola demontre sortu daiteke halako zerbait debut lan batean? Ez dut uste disko honetaz sekula nazkatuko naizenik…” I’m a Pilot amaitzen ari zela aldameneko bankuan kontu-kontari zebiltzan bi neskek tranzetik atera zuten Txomin. Bost maleta zituzten bien artean eta bostak ziren Txominen Suncampa baina handiagoak “Zer demontre eramango ote dute emakumeek maletetan… Espero dut hauek ere hegazkin baten bila ez joatea oporretarako dirua maletak fakturatzen xahutuko dute bestela”. Ondoan, gizon bat ikusi zuen maleta txiki gurpildun batekin, “Hau hondartzara doa fijo!” Hamar gradu inguru, xirimiria eta tipoa koadrodun bermuda zuri-beltz eta mahuka motzeko kamiseta zuri bat jantzita. “Gutxienez Ibizara... Beach Houseren edozein honentzat... Konjunto elegantea ikusita, Zebra adibidez” Bat-batean, oihuka hasi zen tipoa maleta askatu eta bi besoak altxatuz. Trenbidearen beste aldean bere lagun bat agertu zen eta hark ere tontoarena egiten erantzun zion. Bazirudien oporretarako arropa batera erosi zutela “Hoik dittuk piurak...“. Trenbidearen igarobidean barrena murgildu eta iristean besarkada gozo bat eman zioten elkarri “Nik uste hauek lagunak baino gehiago direla...“ .Ipoda itzali eta Islandiako esperientzian zehar produktiboen suertatuko zitzaion liburua atera zuen Quechua txikitik; Español – Inglés, Inglés – Español Collins Hiztegia. Inorri onartu ez bazion ere, beldur apur bat sortzen zion bere ingeles maila penagarriak aurretik zuen bidaiari zegokionean. Komunikaziorako erraztasuna zuen Txominek txikitatik baina horrekin bakarrik ezin daiteke miraririk egin. Txominen ingelesa eskolan ikasitako gutxira eta kantuen izenburuetara mugatzen zen eta horrekin soilik, oso zaila izan

18


behar zuen behar den bezala komunikatzea. Sekula ez zuen ikasketekin arazorik izan baina ingelesa eta matematikak bere kryptonita izan ziren beti. Haurtzaroan higuina sentitu zuen bi ikasgai hauengatik eta ez zuen sekula ezer egin hori aldatzeko, “Erroak kalkulatzeko kalkulagailuak eta ingelesez komunikatzeko… Gogle Translator!” esaten zuen beti. Hiztegi nahiko ona zuen baina ez zen gai esaldiak eratzeko. Bere azken ingeles irakasleak esan zion bezala, “adreilu mordo bat dituzu baina zimenduak falta zaizkizu”. Gauzak horrela, westernetako indioen moduan hitz egiten zuen eta segurtasun gehiago izateko, beti orainaldian. Hori bai, ez pentsa ingelesa hitz egiteak lotsa ematen zionik. Ezta gutxiago ere! “Ez dago ezer garrantzitsurik rock kantu batean esan ez denik!” Hiztegian reserva nola esaten zen begiratzen ari zen bitartean Eneritzi oporretan Islandiara bakarrik joan behar zuela esan zion egunaz oroitu zen: -Eta nola demontre komunikatu behar zara? -Ez dakit ba, moldatuko naiz… - erantzun zion Txominek barre algaren artean. Eneritzek zulo txiki batetik gustura ikusiko lukeela aitortu zion Txomini barrezka. Berak ordea, zulo txiki batekin, ez luke sekula nahikoa izango Eneritz ikusteko… Eneritz burutik kendu nahian hiztegi txikitik begirada altxatu eta bere inguruan jendea mugitzen ari zela konturatu zen. Bartzelonara eramango zuen trena iristen ari zen.

19


Gogoan dut umea nintzela etxeko egongelan zegoen Larousse entziklopediko Ante – Bapti bigarren alearekin jolasean pasatzen nituela larunbat goizak. Apalaren azpian zegoen kutxara igo eta altxor baten moduan jaisten nuen kalera ematen zuen atearen ondoan zegoen mahai borolobilera. Eseri eta “Banderas nacionalesâ€? atalaren hasieran irekitzen nuen. Bandera zalea nintzen. Orain ordea, banderetan pentsatzean, Dut eta Martxel Mariskalen Haize eza kantuaz gogoratzen naiz beste ezertaz baino gehiago. Banderen partaidetza zentzua atsegin nuen. Munduan zehar beste haur bat zegoen bere etxeko mahai borobilean eserita, bere herrialdeko bandera ikustean nik ikurrina ikustean sentitzen nuen berbera sentitzen zuena. Agian, herri bat gehiago besterik ez garela kontura arazteko balio izan zidan horrek nahiz eta, aldi berean, gure partikulartasunak defendatu beharrean gaudela erakutsi. Ez dut uste orduan horretan pentsatzen nuenik‌ Oso bakezalea dirudi joko honek baina azkenean bandera haiek guztiekin izugarrizko txapelketak antolatzen amaitzen nuen. Zortzi folio zeloz lotu eta Munduko Futbol Txapelketako koadro bat marrazten nuen. Bertan, hirurogeita lau talde sakabanatzen nituen supermodelo edo jokalari mitikorik gabeko zozketa baten ostean. Kopuru nahiko altua zen munduko txapelketa baterako baina helburu nagusia ahal bezain bandera gehien marraztea izaten nuen. Banan-banan, herrialdearen izenaren ondoan, zegokion bandera marrazten nion eta astero, bandera ezberdinak aukeratzen nituen lehiarako. Beno, Guztiak ez. Baziren sei beti errepikatzen zirenak; Ikurrina alde batetik, eta Norvegia, Suedia, Finlandia, Danimarka eta Islandia bestetik. Ez dakit koloreek edo gurutze desorekatuek zuten errua, baina ikaragarri gustuko nituen iparraldeko bandera haiek.

20


Gerora, bandera haiekiko maitasunak eta klaseko ilehori bakarra izateak bikingoen kulturarekiko interesa ere piztu zidaten. Behin baina gehiagotan esan izan dut txantxa artean inguru haietako baten batek duela mende asko Beasain Mendin botatako larrualdi baten ondorengoa naizela‌ Zergatik ez? Egongelako munduko kopa haien erruz edo haiei eskerrak, munduko bandera gehientsuenak gogoratzen ditut oraindik. Jakin-mina duenarentzat, lehiak dado baten bidez erabakitzen nituen.

21


Egunerokoa itxi eta bolalumarekin batera Quechua txikian sartu zuen trenak zein hots gutxi egiten zuen konturatu zen bitartean. Plaza: 14B, horrelaxe zioen bi aste lehenago renfe.com webgunean erosi zuen tren txartelak eta gustatu zitzaion 14B hura. Trena jendez lepo zen baina bere alboko eserlekuan ez zegoen inor. Suncamp handia eserleku gaineko maletategian gorde eta Quechua txikia libre zegoen alboko eserlekuan utzi zuen. Trenari arreta eskaintzen hasi zen orduan eta ordura arte hartu zituen aldirikoetatik oso ezberdina zela ikusi zuen “A ze elegantzia!”. Hori pentsatu bezain pronto, beasaindarrengan ohikoa den bilaketa errituari ekin zion eta azkar topatu zuen nahi zuena. Bagoi hasierako paretan zegoen ederki torlojututa begietara begiratzen zion eta Alkainen Bittori Irratia gogoratu zion amona baten eserlekuaren gainean. CAF zioen metalezko plakatxoak eta harrotasunez bete zuen Txomin aurkikuntzak. Ez zen sekula bertan sartu baina beasaindar eta goierritar gehienen moduan, CAFeko makina bat langile zituen familia zein koadrilan. Bazuen halako harrotasun bat munduan zehar zebiltzan tren asko eta asko bere herrian eginak zirelako eta oporretan edo kanpoan zegoela, “Beasain hori” non demontre zegoen galdetzen ziotenean, kokotsa altxatuz erantzuten zuen trenen herria zela “Trenak eta Argiñano noski!”. Urte batzuk lehenago koadrila osoa Bartzelonara joan zirenekoa gogoratu zuen orduan. Metroan sartu ziren lehendabizikoan, bere lagun Iker argazki bat eskatzen hasi zen oihuka halako metalezko plaka baten azpian eta CAFeko langile txartela eskuan zuela. “Trenak, Argiñano eta odolkiak!” Ez zen asko beasaindarrek munduan zehar beraien herria goraipatzeko zutena baina nahikoa zen beretzat.

22


13:40etan iritsiko zen tren beasaindarra Santseko geltokira beraz ia bost ordu zituen aurretik Txominek. Momentuz ez zuen ezer gehiago egunerokoan idazteko eta iPodari heldu zion berriz ere. Agian ez zen une txarra Arcade Fireren The Suburbs berria lehen aldiz entzuteko baina motz antzera geratuko zitzaiolakoan zen “Bost ordu…”. Gainera logura ere sartzen ari zitzaion gizaki guztioi trenetan gertatzen zaigun moduan eta lokuluxka bat egitea erabaki zuen azkenean “Nik uste haurtzaroko haur-kotxeen kulunka gogoratzen digula triki-traka honek… Ez dakit Freudek zer pentsatuko duen honetaz”. Lokartzen joateko, Montrealekoen diskografia osoa jarri zuen martxan. “The Suburbsera iristerako esnatuko naiz”. Jazpanako kotoizko kaputsadun jertsea hartu, eserleku eta leihoaren artean jarri eta begiak itxi zituen burua bururdi inprobisatuan kokatzen zuen bitartean. Neighborhood #3 (Power out)” kantura iristerako ametsen munduan murgiltzen hasia zen eta betiko moduan, istorioak asmatzeko probestu zuen argiaren klikaren eta ametsaren hasieraren arteko unea.

23


2012 da baina lasai, ez da mundua amaitu behar, kontrakoa! NASAk, Agentzia Espazial Europarrak edo Soriako Astronomo Elkarteak (Ze axola dio!) planeta berri bat topatu du gure galaxiatik haratago. Sonda zein robot ikertzaile ezberdinak bidali dituzte bertara eta ziurtatu dute han ere, gurean bezalaxe, oxigenoan oinarritutako bizia dagoela. Lurraren tamainaren laurdena du gutxi gorabehera planeta berriak eta ez dago bizitza inteligentea deitu daitekeenik bertan. Bai milaka animalia zein landare mota baina ez tresnarik egin edo erabiltzen duen izakirik. Proposatzen dutena hurrengoa da. Mundu osoko 10.000 pertsona bidali nahi dituzte planeta berria kolonizatzera. %70 emakumezkoak eta % 30 gizonezkoak (ugalketa errazteko, besterik gabe...). Mota guztietako jendea nahi dute; hizkuntza, erlijio zein kultura ezberdinetakoak, lanbide zein ikasketa ezberdinak dituztenak (zientzialariak, ingeniariak, kazetariak, filosofoak, argiketariak, iturginak, igeltseroak, artistak...). Ideia, zibilizazio berri bat sortzea da eta bide batez, hango material zein lehengaiekin industria edo medikuntzarako baliagarriak izan daitezkeen esperimentuak burutzea. Posible izango al da gure gizartean jaio eta hezitako 10.000 pertsonek gure planetan egindako akatsak ez errepikatzea? Gazte gipuzkoar bat da gure protagonista. Mondragoiko Politeknikan ingeniari ikasketak amaitu berri ditu 28 urte bete dituen egunean eta lan bila dabil (Zer? Lasaitasunez hartu du‌). Neskalagunak adinekoak zaintzen

24


egiten du lan eta gure protagonista, lan duin bat topatu arte, (kottadua...) neskaren kontura bizi da alokatua duten 35 metro karratuko etxean. Halako batean ordea, harremana krisi batean sartzen da, neskak segurtasuna behar omen du eta bere soldata xixtrinak ez omen du biak bizitzeko ematen. Amaren etxera itzuliko dela erantzuten dio gure protagonistak “Zuregatik edozer...� Eta neska sutan jartzen da (Ingeniari izateak ez du inteligentzia emozionalik ematen...). Asko maite omen du baina bien artekoa amaitu egin omen da; “Horrela ezin gara batera egon�. Bere bizitzari ekiteko esan eta portalean uzten dizkio maleta, arropa, eskia, alemaniatik ekarritako garagardo pitxarra elegante eta Playstationa. Bizitza birplanteatu beharrean da gure ingeniaria eta hurrengo egunean egunkarian irakurtzen du planeta berriaren kontua. Nazioarteko casting bat zabaldu behar dute! Ez da etxera itzultzerik ziurtatzen baina trukean, mundu berri eta hobe bat sortzeko aukera eskaintzen dute! Gurean jarraitzeko zuen arrazoi bakarra bere bizitzako amodioa zen eta behin hori galduta, ez du ezer sorterrira lotzen duenik beraz diaspora moderno honetan parte hartzeko erabakia hartzen du. Izena ematen eta mutila, ingeniaria, katoliko ez praktikantea, edale amorratua, porro zalea, bideojokuetan aditua eta euskalduna izateak 10.000ko talderako ateak irekitzen dizkio. Altxor bat lagin estratifikatuarentzat!

25


-¡Perdón! – jauzi ederra eman zuen Txominek eserlekuan neska gazte, lirain eta dotore bat sorbaldan kolpe txikiak ematen ari zitzaiola konturatu zenean. Behin sustoa pasata, Iruñeako geltokitik ateratzen ari zirela ikusi zuen eta baita, bere ondoan libre zegoen eserlekuan aitona betaurrekodun burusoil bat agertu zela. Bere begi txikiek Txominen begi lokartuetan zuten arreta osoa eta hizketan ari zitzaizkion, “ Egingo al diozu kasu behingoz nik lotan jarraitu dezadan?”. Ipodaren entzungailuak belarrietatik kendu eta neskari zuzendu zion begirada. -¿Si? ¿Qué pasa? – Erantzun zion aurpegian enpanada galiziar bat zuela. -Se ha sentado usted en mi sitio – “Usted!? Aizu guapa! Hogeita zazpi urte ditudala! Nire sareetan eroriko ez den beste bat…” -No, lo siento mucho pero estoy en el asiento que me corresponde – “Toma morena! Ingelesez ez baina erderaz!? Eh! Eh!” – Mire – Lau aldiz tolestutako eta tren txartel bat zen orri zuri bat karpetatxo berdetik atera eta erakutsiz “Zenbat klase ostu dion internetek bidaiatzeari…” -14B, aquí lo pone – Esan zion gudu luze bat irabazi eta arerioa betiko menperatzen duenaren aurpegiarekin. “TXO MIN! TXO MIN! TXO MIN! Entzuten da harmailetan!” Opuseko fakultatetik atera berria zirudien neskak aldiz, ez zuen gudu luze bat galdu zuenaren aurpegirik eta bai, parean zuen abarkadun ezjakina zapaldu izanaren irriparrea. “Ez da seinale ona… Zer gertatzen da? Orain esan behar didazu ezta?”.

26


-Ya, pero en su billete pone coche cuatro y este este es el dos – potroetan ostiko bat eman izan baliote bezalaxe. - Hostia! Pues no me habia dado cuenta. Ya lo siento – tximista baino bizkorrago 14Btik altxatuz – ¿Y cual es el coche cuatro? – “Muy bien fenomeno! Oso galdera ona! TXO MIN! TXO MIN! TXO… Gilipollas.” - Pues el que está dos más atrás que este… - Ardi batekin hitz egiten arituko balitz moduan erantzun zion bere ama bezala janzten zen neska gazteak. “Bi gehi bi, lau Txomin. Konplexua da baina harrapatuko duzu… Fak! Opus guins agen! Alua… The Smithsen Girl Afraid honentzat” Suncamp handia maletategitik jaitsi eta Quechua txikia heldu nahi izaterako, ederki heldua zuen ondoko aitona burusoil betaurrekodunak. Arrain arrantzatu berri baten moduan zintzilikatua zuen eskutik eta irriparre batez eskaini zion Txomini. “Gustatu zaio honi bidaia kide aldaketa… Orain ez du lokuluxkarik botako kabroiak…”. Suncamp handia bizkarrean hartu, Quechua txikia eskubiko eskuarekin heldu eta pasilloan gora jo zuen laugarren bagoira iritsi nahian. Trenak ordea, ez zion errukirik izan eta alde batetik bestera astindu zuen eserleku guztiak jo eta bidaiari guztiak aztoratuz, “Tren puta honi ez zaio asko axola ba ni bere herrikoa izatea… Ziur Ordiziako pabiloi batean egin zutela…”. Bi bagoi geroago eta bide osoa larunbat gaueko edozein mozkorren moduan egin ostean, laugarren bagoiko 14Bra iristi zen. 14A eserlekuan zegoen emakumeak Quechua txikiarekin lagundu zion Suncamp handia eserleku gaineko maletategian sartzen zuen bitartean. -Mila esker! – erantzun zion Txominek ibilaldia amaitzeak eragin zion irriparrearekin. Bere lekuan eseri eta Arcade Fireren diskografiarekin jarraitu zuen. Neoiezko biblian murgilduta zegoen dagoeneko eta Ocean of Noise ederraren txanda zen oraingoan.

27


Kantuaren doinu ederrek burua martxan jarri zioten Txomini eta aurretik zuen bidaian pentsatzen hasi zen. Lehen aldia zen modu horretako bidaia bati ekiten ziona. Ordura arte, ez zuen urrunegi joan beharrik oporrak antolatzeko. Edozein txokotan koadrilakoekin bungalow edo apartamendu bat hartu eta garagardoa, horrekin nahiko. Gainera, lehen aldia zen bakarrik bidaiatzen zuena eta nahi edo ez, horrek ere zalantzak sortarazten zizkion barrenean. Gogo izugarria zuen Islandiara iritsi eta bertako hainbat leku ezagutzeko. Hala ere, gauza handirik jakin gabe abiatu zen. Islandiako bi gidak bi hilabete lehenago erosi arren, ez zituen oraindik ireki ere egin. Behintzat, haurtzaroan bere ikaskide izandako lagun batek derrigorrez ikusi beharreko lekuak gomendatu zizkion eta horren arabera osatu zuen oporraldiko planninga. Asko animatu zuen gainera bidaiaren ideiarekin aurrera jarraitzeko bera erabat maiteminduta itzuli baitzen Islandiatik bi urte lehenago. Lurraldeaz, eta baita berarekin joan zen neskalagunaz ere. Ez omen zebiltzan oso gustura azkenaldian eta Islandiak harremana berpiztu omen zuen. Hala ere, neska islandiarren aparteko edertasunaz jabetzeko astia ere izan omen zuen. Benetan ez dela normala ere! - aitortu zion. “Nahikoa dut nik nire buruarekin dudan harremana berpiztearekin”. Alde batetik, Gullfoss eta Dettifoss ur-jauziak ikusi nahi zituen, baita Haukadalurreko geyserrak ere eta bestetik, Vatnajökull eta Langjökull glaziarrak. Eta nola ez, Eyjafjallajökull sumendi madarikatu zein ahoskatu ezina “Ikasi behar dut ba izen hori ahoskatzen!”. Apirilaren hamalauan izan zuen erupzioa eta iskanbila ederra eragin zuen mundu osoan. Zortziehun bat pertsona atera zituzten inguruetatik eta inor akabatu ez bazuen ere, aireko trafikoan arazo ederrak sortu zituen. 20.000 hegaldi geratu ziren bertan behera mundu osoan zehar. Hasiera batean Islandiako turismoarentzat negatiboa eman zezakeen gertaera horrek ordea, izotz eta suaren lurraldea mapan jartzea lortu zuen. Erupzioa eta bi hilabetera, inoizko udarik oparoena espero zuten Islandiar turismoarentzat.

28


Bera ordea, ez zen talde horretako kide sentitzen. Berak ere Eyjafjallajökulleko erupzioaren ostean erabaki zuen bertara joatea baina sumendi ahoskatu ezinak ez zuen eraginik izan erabakian. Islandia aspaldi zegoen Txominen mapan “Lehen diskotik ezagutzen nuen”. Fantasiazko lekuak ziren derrigorrez bisitatu beharreko leku horiek guztiak; ur-jauzi amaiezinak, ezerezetik agertu direla diruditen glaziarrak, lurretik ura jaurtitzen duten zuloak… Hala ere, bazen leku bat Islandian paraje magiko haiek baino gehiago erakartzen zuena eta inork bereziki gomendatu ez ziona. Leku hori, hiriburua bera zen, Reykjavik. Herri handi eta hiri txikiak gustatu izan zitzaizkion beti Txomini eta hortxe sentitzen zuen erosoen bere burua. Reykjavikek 119.000 biztanle besterik ez zituen “Donostia eskandinaviar bat”. Ikaragarrizko bizia zuela irakurri zuen nonbait, kale guztietan kultura apur bat topatu zitekeela eta bazuela argazkietan hauteman ezin daitekeen zerbait. Asko erakartzen zuen Reykjavikek, are gehiago udan izaten duten klimarekin, hamalau gradu eta zerua aratz, “Paradisua…”. Garbi zuen gainera hiriburura iritsi bezain pronto nora joan behar zuen. Bere lehen geldialdia Hallgrímskirkjako eliza izan behar zen. Ez zen batere elizkoia inondik inora ere baina leku hark magia berezia zuen beretzat. Argazkietan besterik ez zuen ikusi baina bazekien elizako plazako bankuetako batean eserita etxean bezalaxe sentituko zela. Lotura berezi bat sentitzen zuen leku harrekin eta ez zekien azaltzen zergatik. Reykjavikeko postalik ezagunena zen eliza luterano eder hura eta egia esan, ez zen zaila ulertzen zergatik. Muino baten gainean dago eta hiriko txoko guztietatik ikusi daiteke “Hiria berak zainduko balu moduan”. Europa zaharreko beste eliza batzuekin alderatuta ez da altuegia baina hala ere, Islandiako erakinik altuena da. Aldamenez begiratu ezkero, eliza bat gehiago besterik ez da baina ate nagusiaren parean duen Leif Eriksson, Erik Gorriaren semeari eskainitako estatuatik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du. Hirurogeita hamalau metro eta erdi harri zuri, dorre sendo bat erdian eta bertatik aldamenetara, ia lurrera arte

29


erortzen diren eskusoinu formako bi harrizko hego. Pentsatzearekin bakarrik bertan egoteko grina piztu zitzaion Txomini. Hallgrímskirkjako eliza parean Sigur Rósen kontzertu batez gozatzea zein ederra izango zen amets egin zuen leihotik begiratzen zuen bitartean. Bat batean, hots ezagunak entzun zituen atzealdean. Nafarroatik irten berriak besterik ez ziren baina harritu egin zuen atzeko eserlekuetan jendea euskaraz hitz egiten entzuteak. Bi eserleku atzerago zeuden bi neska gazte ziren eta hitz egiteko moduagatik nondarrak ziren galdetu beharrik ez zegoen, “Azpeitiarrak zalantzarik gabe”. Oporretara bidean ziren beraiek ere baina Txominek ez zuen entzun nora. Deseroso sentitu zen beste batzuen elkarrizketa entzuten eta bere Ipodeko musikara itzuli zen. Euskarazko hitzik entzungo al zuen zetozen bi asteetan? Moldatuko ote zen ingelesez? “Eskerrak euskaldunak leku guztietan topatzen dituzun…”. Bakardadeaz pentsatzen hasi eta Bartzelonaz gogoratu zen. Ez zekien zer demontre egingo behar zuen Santseko geltokitik El Prateko aireportura iristeko, “Ezin da oso konplikatua izan… Bartzelona bezalako hiri batek garraiobide ezberdinak ederki komunikatuak izan behar ditu”. Bere burua lasaitzen saiatzen zen baina ez zuen askorako balio izan. Bitxia zen, bi aste igaro behar zituen bakarrik izotz eta suaren lurralde magikoan ingelesez tutik ere jakin gabe, eta beldur gehiago sortzen zion Bartzelonan hamar orduz egoteak. Urte batzuk lehenago koadrilakoekin Bartzelonara egindako bidaiaz gogoratu zen berriz ere, Rambletatik paseoan sentitu zuen segurtasun ezaz. “Loreak saltzen ari zen amonaz ere ez nintzen fido…”. Esan bezala, herri handi zein hiri txikiak zituen gustuko Txominek eta Bartzelona handiegia zen. “Herri handi eta hiri txikiek kontrolpean dituzunaren sentsazioa eskaintzen dute. Bartzelona kontrolaezina da ordea, edoizein unetan erasotuko zaituztenaren sentsazioa duzu bertan… Hori izango da nire arazoa agian… Dena kontrolpean izan nahi dudala… Nahiz eta ni neu desastre bat izan”.

30


Bi maleta zeramatzan berarekin eta bidaiarako oso garrantzitsuak ziren gauzak zituen bertan. Beldur zen Bartzelonan igaro behar zituen hamar orduetan lapurreta egingo ote zioten. Zer egingo zuen orduan? “Oporrak porkulo hartzera… Ezin ditut inolaz ere galdu”. Koadrilako Joseba eta Uxune Bartzelonara joan zirenekoaz gogoratu zen orduan. Santseko geltokian ordutegi panel bat begiratzen aritu ziren minutu eta erdian maleta bat ostu zieten. “Ez zait horrelakorik pasako! Pixa egiteko ere ez ditut askatuko…”. “Ez ditut gustuko hiri handiak…” errepikatu zion bere buruari haserretu berri den haur baten moduan besoak bildu eta estutzen zituen bitartean. Bagoieko leihotik zelai amaiezinek sortutako zerumugari begira zegoela bere burua psikoanalizatzen hasi zen berriz ere. Oso ohikoa zuen ariketa hogeita bi urterekin psikoterapeuta bat ikusten pasa zuen urte betea eta gero. Zergatik zituen hainbeste beldur? Zergatik sentitzen zuen freno moduko bat egiten zuen guztian? Zerbait egin nahi eta beti topatzen zuen arrazoiren bat “Aitzakiaren bat hostia!” gauzak zeuden bezala utzi eta ezer ere ez egiteko. “Beti geldi, ezer mugitu gabe…”. Haurra zenetik horrelakoa izan zenaren sentsazioa zuen, parkean jolasean, eskolan, unibertsitatean, lanean… Eneritzekin. “Gauzak beste modu batera egin banitu…” Burua leihotik kendu eta pentsamendu haietatik ihes egin nahian iPoda heldu zuen berriro. Ordu eta erdi inguru falta zen oraindik Bartzelonara iristeko eta beste lokuluxka bat botatzea erabaki zuen.

31


Familiaz eta neska ohiaz agurtu da hogeita hamar urtera iristen ari den ingeniaria. “Orain ezin ginen batera egon maitea...” dio. Sorgin puxka… Planeta berrirako bidean jarri da beste 9.999 kiderekin batera. Iristean, planeta berri bat eraikitzen hasi dira, sostengarria eta norberarekiko zein besteekiko errespetuan oinarritutakoa. Agurtzean, espazioontziko txoferrak urte asko barru arte itzuliko ez dela jakinarazi die. Hortik aurrera, betikoa; planeta berriko arriskuak, botere lehiak, sistema hautatzeko iskanbilak, (demokrazia, batzar bidezko sistema, liberalismoa, estatuaren partehartzea...), momentu emotiboak, beste norbait salbatzeko hiltzen den lagun zintzoa (beltza nola ez, Hollywooden bezala), mundu berrian aberastu nahi duen gaiztoa (nola ez, amerikarra eta zuria!), gaiztoaren porrota, “boy meets girl”, bizi luze bat elkarrekin, seme-alabak, billobak... Gizarte zintzo bat eraikitzea lortu dute azkenean. 78 urte ditu gure protagonistak eta denborarekin lider karismatiko moduko zerbaitean bilakatu da. Halako batean, zientzialariek kantzerraren aurkako sendagaia aurkitu dute planeta berriko landare bati esker! Egun batean, bere emaztea izan den irakasle indiarraren (puntuduna, ez lumaduna) hiletan dagoela planeta berriko zeru berde eta hiru eguzki urdinei begira, espazio-ontzi ikaragarri bat agertzen da. Bertatik, planeta berrira ekarri zituen txofer berbera irteten da. “Nola?”. Ez, bere semea da, ohore bat omen zen beretzat bere aita zenak egindako bidaia berbera egitea (ze

32


polita...). Bidai kide bat bakarrik nahi omen du. Gizarte hartan garrantzitsua den norbait, lurrean planeta berriaren historia kontatuko duena, berrikuntza zein asmakuntzak eraman eta azalduko dituena. Emaztea galdu berri du eta haurrak koxkortuak daudenez (30 urte dituzte eta ikasketak amaitu dituzte dagoeneko) bere burua eskaintzen du ingeniari zahartuak. Jendea txaloka hasten da eta agurtu egiten dute. Lurrera iritsi eta espazio-ontzitik ikusten du lurra gutxi aldatu dela. Galaxiarteko kafetera hartatik atera eta bere akatsaz konturatzen da. Gutxi ez! Ez da ezer aldatu, joan zirenetik bi aste besterik ez dira igaro eta txoferra, ez da eraman zituen harren semea, txoferra bera baizik! Esperimentu baten parte izan direla azaltzen diote. Dirudienez, ez dakit ze arrazoi fisiko-kuantiko dela eta, bere etxea izan den planeta urrun hartan denbora azkarrago pasatzen da eta I+G-rako probestu dute koiuntura. Heroi baten moduan jasotzen dute basean baina ez zaio iruditzen jatorrizko planeta zaharrean lekurik izango duenik. Mesedez nor den inori ez kontatzeko eskatzen die Agentzia Espazialekoei eta bere herriko zahar egoitzan sartzen dute bizitzako azken urteez gozatzeko. Han nola ez, neskalaguna zenak zaintzen du. “Izorratu dadila!�

33


BRUUUUMMMM… The Suburbs hastearekin bat ikargarrizko jauzia eman zuen Txominek. Begiak ireki eta alboan zuen amona irriparre batekin begira zuela konturatu zen “Bidaia kide berria dut. Ez dut uste alboan nuen emakumea hainbeste zahartu denik hain denbora gutxian…”. Konplizitate keinu batekin erantzun eta iPodaren bolumena jaitsi zuen. Kanadarren diskografia osoa hasieratik jarri zuen berriz ere lo hartu aurretik eta bazirudien azken lanak askoz bolumen indartsuagoa zuela “Ia bihotza ere atera zait ahotik”. Garai batean, disko guztiek bolumen antzekoa izaten zuten gutxi gorabehera baina azkenaldian, diskoak kalitate hobean argitaratzen dituztelako alde batetik, eta saretik jaitsitakoen kalitatea negargarria izan daitekeelako bestetik, behin baino gehiagotan hartzen zituen halako sustoak. “Kopia guztiak legalki jaisten hasi beharko naiz… Edo guztiak piratak… kar kar kar”. Karpetatxo berdea Quechua txikitik atera eta aurretik zuen bidaiaren egitaraua gainbegiratu zuen. Hamabost egunetarako joan behar zuen Islandiara eta nahiz eta bidaiako xehetasun guztiak aztertu ez zituen, ia oporraldi osoan non lo egingo zuen lotua zuen. Lau gau Reykavikeko Reykjavik City Hostelean, hiru gau Akureyriko Youth Hostelean, beste bi Kopaskerreko hostelean, hiru gau libre han bertan erabakitzeko zer egin eta azken bi gauak Reykavikeko City Hostelean berriz ere. “Hostel atsegina izatea espero dut...”. Lehiotik begiratu eta Bartzelonara iristen ari zirela konturatu zen. Hiria zain zuen monstruo baten moduan irudikatu zuen. Santseko geltokitik aireporturako lotura

34


konplexuegia ez izatea espero zuen. Hegazkina gauerdian zuen ordea eta horrek denbora eta lasaitasuna eskaintzen zizkion. Hala ere, eta kontuan izanik behin Olaberriatik autoan atera nahian galdu zela, bere lasaitasuna ez zen erabatekoa, “Zer ez zaio gertatuko Bartzelonan Olaberrian galdu denari…”. Mugikorra poltsikotik atera eta hamabiak eta hogeita bost minutu zirela ikusi zuen, mezu bat zuen. Iker zen, bidaia ona izan eta aurretik zituen egunetan ederki pasatzea opa zion. Eta nola ez, ez galtzeko “txurroa bustitzeko” aukerarik. “Bakoitza berearekin…” Iker eta Aitzol Alvariñoaren festan zeuden Cambadosen. Aitzolek unibertsitate garaian ezagututako galiziar xelebre batek gobidatuta joan eta parranda ederrak botatzen ari omen ziren bertan. “Ez gara ez parrandarik gabe geratuko… Ez Beasainen, ez Cambadosen eta ezta Gobiko Basamortuan ere…”. Beno, Txomin eta Aitzolek parranda. Ikerrek ligatu ere egingo luke Gobiko Basamortuan. Nahiz eta haurtzarotik ezagutu, egunero harritzen zuen tipoa zen Iker. Batzuetan, lotsaz lurra noiz irekiko zain uzten zuten astakeriak botatzen zituen baina beti, zutik erori eta neskaren bat ondoan zuela amaitzeko abilezia zuen, “Ez dut sekula ulertuko…”. Apostu egingo luke irla bakarti batera paraxutean iritsiko balitz ere lagunak egiten amaituko lukeela, “…edo lagunak baino gehiago…”. Aspaldi utzi zion Ikerrekin parrandak buruz-buru botatzeari. Ez dago parranda lagun okerragorik goizeko ordubietan bakarrik uzten zaituena baino. Trena Santseko geltokian sartu eta Txomin eta bere bi fardel maite eta pisutsuak nasara jaitsi ziren apur bat kostatu bazitzaien ere. Behin trenetik kanpo, motxilak lurrean utzi eta geltokia bere osotasunean begiratu zuen katedral bateko lanak begiratzen dituen jubilatu baten moduan. Bai, berak uste zuena bezain handia zen “Desiatzen nago hemendik ateratzeko…”. Aireportura nola joan pentsatzen hasteko ordua zen eta laguntza bila nasa osoa zeharkatu zuen begiradarekin. Halako batean, Zumarragako geltokiko bi lagun koadrodun konjuntatuak ikusi zituen trenetik ateratzen.

35


-Aupa! Barkatu. Aireportura al zoazte? – Diru eske datorren bati moduan begiratu zioten biak. “Nik beraiek bai baina beraiek ez naute ikusi Zumarragan”– Barkatu, nahiko galduta nabil eta maletekin ikusi zaituztedanez… -Ba bai, bagoatz baina ez hemendik bi egun arte. Bartzelona ezagutu nahi dugu lehendabizi – Defentsa aurpegia irriparre batean bilakatuz. -Eta badakizue nola joaten den? -Ba ez, sentitzen dut. Orain taxi bat hartu behar dugu – Ixilik zegoen koadrodunak eskua goxotasunez heldu zion hizketan ari zenari eta honek maitasun begirada bat itzuli zion, “Bai, lagunak baino gehiago dira”. Eskerrak eman eta agurtu ostean Suncamparen pixuak oreka galdu arazi zion Txomini. Informazio panel bati helduz saihestu zuen lurra musukatzea, “Zuetaz potroetaraino amaitu behar dut… Dagoeneko ez banago… ”. Bidaia luze eta ertainetako zonaldetik atera eta anabasa hutsa zen Bartzelonako tren geltokiaren sarreran agertu zen. Eguerdiko ordubatak hogei gutxi ziren eta jendez lepo zegoen Santseko geltokia. Alde batetik bestera mugitzen ziren guztiak haize korronte ezberdinek gidatuta moduan aldamenetara begiratu ere egin gabe. Youtuben ikusitako Bombay edo New Delhiko trafikoaren inguruko bideoak etorri zitzaizkion burura Txomini, “Gezurra dirudi beraien artean tupust ez egiteak…”. Eskerrak ordea bera agertu zen kaos ordenatu hura apur bat animatzeko. Gainontzekoek ez bezala, Txominek ez zekien nora joan behar zuen ere eta ez zuen haize korronte bati jarraitzeko modurik. Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia bularrean jarrita informazio bulego baten kokalekua adieraziko zion i-dun kartel baten bila hasi zen “Uste dut horrelako zerbait ikusi nuela Paco Martinez Soriaren filma batean…”. Bidean, autotxoke baten moduan sentitu zen bata eta bestearekin talka eginez, “Joño! Horrekin ez dut talkarik egin oraindik, banoa berarengana…”.

36


Informazio kartelak altueretan egon ohi dira beti eta horrek bi ondorio nagusi izaten ditu. Batetik, oso erosoa dela urrunetik ere ikusten direlako eta bestetik, erantzun bila zerura begira zoazen bitartean ez duzula nondik zoazen ere ikusten. Amore eman eta taxi bat hartzea ere pentsatu zuen une batean baina ez zen bidaia ausart hura hasteko modurik egokiena izango “Animo Txomin hostia!“. Behingoz bere kabuz nahi zuena egiteko gai zela erakutsi nahi zion bere bururari eta une hartan taxi bat hartzeak, partidako lehen minutuan bere helburu guztiak zakarrontzira botatzea ekarriko luke. Ez zekien aireporturako bidea autobus, tren, edo metroz egin behar zuen eta bazpadaere, geltoki kanpora irten zen. Goizeko hamar graduek goruntz egin zuten goizean zehar eta Lorentzo gogor egurtzen ari zen kanpoaldean. Autobus paneletan informazio bila hasi zen baina han ez zuen aireportu hitza inon topatu. Geltokira sartu eta autobus enpresa baten informazio postu txiki bat topatu zuen. -Buenas. Me podría decir como llegar al aereopuerto? -En autobus no. – “Oleeeee! Maja, maja, maja!” -De acuerdo. ¿Pues me podría indicar cómo hacerlo? – Asko kostatu zitzaion aurpegi atsegin bat mantentzea eta zer demontre, ez zuen lortu. -No sé –Aurpegiko muskulo bakar bat ere dantzan jarri gabe. Neska hura egunero lanera kaza batean etortzen zela pentsatu zuen orduan Txominek. Paraxute batean askatzen zutela goizero Santseko geltoki gainean eta etxera itzultzeko eskailera bat botatzen ziotela. Honek ordea, Ikerrek ez bezala, ez zuen han lagunik sekula egingo. “Nola ez du ba jakingo aireportu puta horretara nola joaten den!?” -Muchas gracias maja…

37


Miss Simpatía ahaztu eta desinformazio postu madarikatu hartatik urrundu zen. “Duten Ezjakintasunaren kateak suntsitu gutxienez nonentzat… Merezi duzun ez dakidan arren…” Halako batean, gosea sartzen ari zitzaiola konturatu eta kanpora irten zenean topatu zuen taberna txiki batez gogoratu zen. Bertara abiatu eta bi fardelak ondo helduta zituela sartu zen tabernan. Suncamp handia eta Quechua txikia askatu ere egin gabe eskatu zuen bazkaria. Entsalada, oilasko errea, patata frijituak eta Coca-Cola bat. Zer demontre jango ote zuen Islandian? Ikaragarri gozatzen zuen janariarekin eta gutizia zale hutsa zen gainera. Horixe erakusten zuten bere laurogeita hamasei sasi-kiloek. Menuko platerik koipetsuenak Xabier Euskitze eta Jaime Otamendiren arteko borroka batek baino gehiago erakartzen zuen “Kar kar kar… ordaindu egingo nuke hori ikusteagatik”. Hala ere, garbi zuen Islandian ez zuela zaletasun horiek lantzeko aukera gehiegirik izango. Herrialde garestia omen zen Islandia eta nahiz eta krisi ekonomiko bortitzak ederki astindu zuen azken urtean, oraindik oso garestia izaten jarraitzen zuen euskaldun arrunt batentzat. “Bazkaltzeko sandwichen bat eta afaria nik neuk prestatuko dut hostelean… Moldatuko naiz”. Zortzi minutu eta hogeita bi segundotan amaitu zuen plater konbinatu lehorra eta bi fardelak askatu ere egin gabe joan zen ordaintzera “Ez naiz lasai egongo aireportura iritsi arte”. Hamalau euroak barra gainean utzi eta tabernariari aireportura nola joan ba ote zekien galdetu zion. -No – “Hau ere kaza batean etortzen da lanera… Hemen alboan duzun neska bat aurkeztea nahi duzu? Ondo eramango zinatekete…” Hala ere, neska lehorrak baino gehiago lagundu zuen gizon lehorrak. Aldirietako trenen informazio leihatilara joateko gomendatu zion, han lagunduko zutela. Buelta pare bat eman eta amona nola ez, lehor bati galdetu ostean, iritsi zen

38


tabernariak esandako lekura “Benetan! Zer geratzen zaio Bartzelonan jendeari!?”. Santseko geltoki erdian zegoen aldiriko trenen informazio gunea eta bertan lauzpabost bat leihatila zeuden. Lehen aldiz, bera bezain galdu zein kargatuta zebilen jendea ikusi zuen Txominek inguruan eta hasiera batean poza eman bazion ere, ilara ederra jasan behar izan zuen hain pozik senti arazi zuten motxileroen erruz “Lastima munduko tonto bakarra ez naizen…”. Leihatilara iristean aireportura nola iritsi galdetu zion beste aldean zuen emakumeari eta honek ederki azaldu zion egin behar zuena. “Hau ez da Bartzelonakoa…”. Profesional atseginak esan zionagatik gure aldiriko trenen antzeko zerbait zen Rodalies de Catalunya izeneko tren bat hartu behar zuen eta handik hiru geltokira topatuko omen zuen aireportua. “Hiru geltoki? Eskerrak ez dudan taxirik hartu…” Tiketik ezin omen zion berak saldu eta hogei bat metrora zegoen makina batzuk seinalatu zizkion Florence Griffith Joynerrena zirudien azkazal amaiezin batekin. Eskerrak eman eta makinetara abiatu zen abenturaren lehen fasea gainditu zuenaren sentsazioarekin. Hala ere, falta zitzaion apur bat horretarako. Makina deszifratzen lanak izan zituen eta berau erderaz jartzea ere kostatu zitzaion. Horretan ari zela, alboan zuen gizon arraro batean zentratu zuen begirada. Txomini zuzenean begira zegoen eta ez zuen batere itxura onik. Suncampa eta Quechua ondo heldu eta makinarekin borrokan jarraitu zuen. Azkenean, uste zuena baino askoz ere sinpleagoa zela konturatu eta tiketa erostea lortu zuen. “Gauzak lasaitasunez eginda, ez dira hain zailak suertatzen askotan artaburua…”. Gizon arraroa bilatu zuen begiradarekin eta oraindik begira zuela konturatzean ziztu bizian sartu zen laugarren nasara eramango zuen tunelean. “Gertuago nago. Gertuago Islandiatik”

39


Nola hostia bukatu ote dut Islandiara bidean bakarrik eta bi motxila puta hauek beste bidaiakiderik alboan ez dudala… Orain urte batzuk edonork bidaia honi ekingo niola esan balit, Candido Urangaren begiradarik hiltzaileena botako nioke bueltan; “marginatu puta bat neokela pentsatzen dek hala?”. “Inguruan jendea baduzu, molas. Bakarrik bazaude, zerbait gaizki dabil lepo gainean duzun gazta zati horretan”. Hori bezain sinplea zen nire bizitza. Mundu ikuskera aldatzen hasi behar izan nintzen ordea, aberia nire gaztaiak izan zezakeela pentsatzen hasi nintzenean. Bakarrik geratzen ari nintzen eta ez nuen ezer egin halako zorigaiztorik merezi izateko. Gogoan dut nire bizitzako zutabe guztiak dantzan hasi ziren garaia. Soziologiako laugarren urtea amaitzen ari nintzen Bilbon eta etorkizuna oso beltz ikusten nuen. Ikasle garaiak amaitzen ari ziren eta ez nuen itsaslabar bat eta dragoiak besterik ikusten titulua jasoko nuen egunetik aurrera. Haize oihalak jaso eta ordura arte babestuen sentitzen nintzen lekura jo nuen bueltan, koadrilara hain zuzen ere. Unibertsitate urteek suposatu zuten zurrunbilotik esnatu eta sorterrira itzultzean ordea, gauzak ez zeuden utzi nituen moduan. Lagunek beraien biziari ekin zioten. Lana, bikotea, orain urte batzuk pentsaezinak ziruditen zaletasunak… (Pioleta eta kranpoiekin mendira? Benetan? No me jodas hombre…). Bilbon ikasten aritu arren astebururo itzultzen nintzen herrira eta ikusten hasia nintzen koadrila ez zela lehengo talde trinko eta apurtu ezina. Hala ere, elkarrekin egiten genuen bakarra parranda eta parranda zen eta ordu horietan, kondizio horietan,

40


errealitatea erraz ahaztu daitekeen zerbait da. Are gehiago komeni bazaizu… Karrera amaierako etxera buelta horretan ordea, munduan nuen lekua berreskuratzea nuen helburu eta han, ez zen halakorik geratzen. “Ze hostiatan aritu naiz azken lau urteetan?!”. Aspaldi etxea utzi duenari loreak ureztatzen jarraitzen duen artaburuaren moduan sentitu nintzen. Gauza askoz konturatu nintzen garai hartan, ilusio nerabe baten bahi izan nintzela denbora gehiegiz eta bahitzailea ere, ni neu nintzela. Sekula ez niola bizitzari potroetatik heldu. Besteak, nirekin parranda egiteaz gain, beraien bizitza eraikitzen hasiak zirela nire helburu bakarra, inolako grinarik pizten ez zidan karrera bateko ikasgaiak bananbanan gainditzea besterik ez zen bitartean. Koldar puta bat besterik ez nintzela izan nire burua, el rey de fiestatzat nuen bitartean. Bai, asko zigortu nintzen… Karrera amaitu eta lan bila hasi nintzen. Herriko udalean gazteria teknikari bat bilatzen ari ziren eta aurkeztu egin nintzen. Ez dakit beste inor aurkeztu ez zelako edo zergatik, baina hartu egin ninduten. Batere grinarik pizten ez zidan ikasketetatik, batere grinarik pizten ez zidan lanpostura... “Bejondaizula Txomin!“. Egunak eta hilabeteak pasa ziren, baita urteak ere eta nire bizi berrira ohitu nintzen. Teknikari lanak ez zidan independizatzeko aukerarik eskaintzen eta gurasoen etxean jarraitzen nuen bizitzen. Ez zegoen gehiagorako aukerarik eta nahi edo ez, beti alboan izango nuen bakarra familia zela konturatzen hasi nintzen. Bizitzari ez ekiteko aitzakia berri bat besterik ez zen agian baina etxekoekin harremana hobetzen eta zentratzen hasteko aukera eskaini zidan egoerak. Halako batean, gazteria zinegotzi anormalari bere ohiko anormalkerietako bat burua jetsiz onartzen nion horietako astearte puta batean, argia ikusi nuen. Alboko mahaiean dudan eta Komando Sekretariaseko kide den

41


Marianjeles bere alabaz hizketan hasi zen. Behin baino gehiagotan eskatua nion txantxa artean aurkezteko, amaren antza pixka bat bazuen ezagutu nahi nuela. Barre egiten zuen orduan eta halakorik pentsatu ere ez egiteko erantzuten zidan. Bere alabak, ni bezalako parrandero bat baina zerbait hobea merezi zuela. Hala ere, ez nion sekula jaramon handirik egin eta ez nekien zer egiten ari zen bere bizitzarekin Kattalin liraina. -Laburmetraia bat egin behar omen du! Bai bai, gidoia idatzita omen du dagoeneko! Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten ari omen zen Katalin ederra (Oso ona zegoen. Benetan‌). Karrerako azken urtean zegoen eta lagun batzuekin batera laburmetraia bat grabatzekotan omen zen. Une hartan, aspaldi ez bezala, nire buruak gorputza bulego alu hartan utzi zuen oso urrunera joateko. Buruan egunero asmatzen nituen istorioetan pentsatzen hasi nintzen eta nire burua istorio horiek gauzatzen irudikatu nuen. Idazten, gidoi bat prestatzen, filma bat grabatzen! Azken aldiz B.B.B. garaietan sentitu nuen grina bat hasi zen nire gorputza zeharkatzen. Aspaldi ikusi ez nuen lagun min bat ikusi banu moduan sentitu nintzen eta zirrara ahaztu hura berreskuratu beharrean nintzela erabaki nuen. Ezin nion ihes egiten utzi. Orduan gogoratu nuen nola nik ere Ikusentzunezkoak ikasteko ametsa nuen hamalau-hamabost urte nituela. Nola baztertu nuen ideia hura karrera hura hautatzeko 8,7ko batazbesteko nota bat behar zela jakitean. Horren aurretik ipuinak idazten eta marrazten igaro nuen denbora guztian pentsatu nuen. Marrazki zein istorioz betetzen nituen liburuez gogoratu nintzen eta salako mahai borobilean lan horietan igarotzen nuen denbora guztiaz‌ Egun hartan, lana amaitu eta etxera iristean, prezintatuak ziruditen nire logelako tiradera zaharrak zabaltzen hasi nintzen. Orduak pasa nituen bertan topatu nituen ipuin eta marrazki koaderno amaiezinei begira. Une hartan konturatu

42


nintzen garai haietatik aurrera ez nuela ezer berririk gorde logelako tiraderetan. Ezta apaletan ere. Harrezkero, nire bizia pause egoeran egon zela eta nola ez, play-ari sakatzeko garaia zela. Afaltzeko orduan topatu nuen guztiaz hitz egin nien etxekoei, gorputza zeharkatu zidan sentsazio olatu hartaz eta hiruek, irribarre oso zein katartiko batez begiratzen nindutela konturatu nintzen. Bazirudien ni neu nintzela nire bizitzarekin gertatzen ari zenaz konturatu ez zen bakarra. Ohera joan arte aritu ginen idazten eta marrazten pasatzen nituen garaiak gogoratzen. Aste betera zabaldu nuen bloga eta musika artikulu eta ipuin txikiak argitaratzen hasi nintzen bertan. Ondo sentitzen hasi eta nire egoera, zoriontasunetik hurbilago zegoela konturatu nintzen. Zoriontsu izatea aukera bat zela ikusi nuen eta ordurarte, ez nuela horretan pentsatu ere egin. Bapatean, artikulu txiki haiek motz geratzen hasi zitzaizkidan eta zerbait handiagoa idatzi behar nuela konturatu nintzen. Ez zerbait luzeagoa idatzi nahi nuelako baizik eta kontatu nahi nuena, ezin zelako post soil batean idatzi.

43


Tunelean barrena jaitsi eta bost bat minututan iritsi zen Txomin El Prateko aireportura eramango zuen trena. Jendez gainezka zegoen nasa eta trenaren ate parean pilatu ziren guztiak. Melé-a baino metro eta erdi atzerago itxaron zuen ateak ireki arte eta gizonezkoek bakarrik ulertu dezaketen popen magnetismo inozoak eraginda aurrean zuen ipurdi txiki eta politari begira geratu zen Arraldera iritsi zen egunean Joxe Marik Leonorri begiratzen zion moduan. Une hartan, emakumezkoek bakarrik ulertu dezaketen alarma mekanismoaren eraginez edo, atzera begiratu zuen ipurditxo ederraren jabeak. “Beno, noiz zabaltzen da lurra nire hanken azpian? Puntualitate pixka bat mesedez!”. Horrelakoak gertatzean beti egiten zuen moduan, begirada altxatu eta neskaren begiak bilatu zituen lotsa eta damu aurpegia prest zuela. “Hobe egin dudanaz harro ez nagoela eta nahi gabe izan dela jakinaraztea” esaten zion beti bere buruari horrelakoetan. “Benetan, ez da intentzio lizunez izaten! Popen magnetismoa grabitatea bezain saihestu ezin eta ulergaitza da niretzat!”. Halako batean iritsi zen neskaren begietara eta han topatu zuenak ipurdiaren edertasun guztia ahaztu arazi zion. Ozta-ozta atera zen bizirik emakume hegoamerikar txikiak bota zion begiradatik. “Gutxienez, Latin King baten neskalaguna!”. Hezurretaraino sartu zitzaion beldurra. “Bartzelonana zaude, heldu gogor motxila, jaitsi burua eta segi barrura”. Tren barrura sartu bezain pronto, neska latinoamerikarra joan zen kontrako aldera jo zuen “Iggy Popen Gimme Danger neskatxarentzat. Esaiok zerbait…”. Bi motxila madarikatuekin apur bat borrokatu eta ondoan zituen guztiak gogaitu ondoren, libre topatu zuen korridoreko eserlekuan eseri

44


zen bera bezalaxe, erabat kargatuta zeuden bi nesken alboan. Katalanez ari ziren baina ulertu zuenagatik oporretara bidean ziren beraiek ere. “Ondo! Aireportura doaz! Beraiek jaisten diren geltoki berean jaitsiko naiz”. Badaezpada ere, eta ipurdiak saihestuz noski, geldialdi guztiak adierazten dituen informazio kartelaren bila hasi zen begiradarekin. Halako batean, Beasaindik pasatzen diren trenetan hitz egiten duen emakume berberak El Prateko aireportura iristen ari zirela jakinarazi zien bidaiari guztie. “Franko lan egiten du gero emakume honek… Eta zenbat hizkuntza hitz egiten dituen!”. Florence Griffith Joynerren azazkalak zituen emakumeak ondo esan bezala, hiru geldialdik besterik ez zituzten Santseko geltokia eta Txominen jomuga zen El Prateko aireportua banantzen. Trenetik jaistean Rodalies de Catalunyako langile mordo batekin egin zuten topo Txomin eta bere bidaia kideek. Bakoitzari nondik joan behar duen esaten ari ziren aurkako norabidean aireportutik atera nahi zutenak beraien artetik pasatzen ziren bitartean. -¡Los que vayan a la primera terminal a mi derecha! – Egin zuen oihu txaleko hori fosforitodunetako batek. Trenetik jaitsi zen gehiengoak esandako bidea hartu eta lehen terminalera eramango zuen autobus baten zain geratu zen. Bigarrenera joan nahi zutenek aldiz, Txomin tartean, eskaileretan gora joan behar zuten beraien helburura eramango zituen tunel luze batean barneratzeko. Bi motxilak gainean zituela agindutako bidea jarraitu, tunel luzea igaro eta sabai altuko pabiloi erraldoi bat zen El Prateko bigarren terminalera iritsi zen. Denbora gutxiago geratzen zitzaion Bartzelonan, denbora gutxiago Islandiara iristeko. Eguerdiko ordu biak besterik ez ziren. Ez zuen hegazkinik gaueko 23:25ak arte eta hori gutxi balitz, bazkaldua zen dagoeneko. “Asko aspertu behar naiz gaur“. Une batez, eguna Bartzelona bisitatzen eman zezakeela pasa zitzaion

45


burutik baina azkar uxatu zuen pentsamendu hura kaskezurretik motxilak gauerdira arte uzteko leku seguru kontsigna baten bila hasteko. Eztabaida bat baino gehiago izan zuen lagunekin jarrera hori medio zela. Oporrak Palamosen balira adibidez, Txominek Palamosera iritsi nahi zuen lehendabizi eta orduan hasten ziren oporrak, ez lehenago. Behin baina gehiagotan saiatu ziren koadrilakoak erdibidean beste zerbait ikusteko konbentzitzen baina men egin zuen gutxietan gogoz kontra izan zen. Nonbait zegoela sentitu behar zuen lasai egon ahal izateko. Ez zituen igarotze egoerak atsegin “Etxetik tabernara noala kale nagusian jendearekin hizketan geratzea ere ez dut eta atsegin…”” Esan ziotenagatik, ez zegoen kontsignarik bigarren terminalean baina bai ordea lehendabizikoan. Autobusa hartu beharko luke horretarako eta ondoren berriz bigarrenera itzultzeko. Pixka bat pentsatu ondoren, gehiegizkoa iruditu zitzaion paseoa bere paranoiarako. Motxilak hartu eta zigarro bat erretzera atera zen kalera. Sekulako beroa egiten zuen eta bere oin kiskaliei begiratu zien. “Mendiko botak eta bakeroak... Aupa hi! Garagardo azokako ukondo bat baino egosiago bukatu behar dut eguna…“. Itzalpe batean jarri eta zigarro bat atera zuen poltsikotik. “Eskerrak bi kartoi ekarri ditudan... Tabakoa ere ez da merkea izango izotz eta suaren lurraldean ez jauna!“. Zigarroa amaitzen ari zela Iker eta Aitzolez gogoratu zen berriz ere. Telefonoa hartu eta Ikerri deitu zion. Ez zen telefono zaleegia eta ez zuen normalean modu horretako deirik egiten. Txominen deiak zerbaitetarako izaten ziren beti; geratzeko, esan beharreko zerbait kontatzeko edo “non zaude?“ galdetzeko. Iker eta Aitzolek ordea ez zuten halako arazorik telefonoarekin eta behin baino gehiagotan deitzen zioten besterik gabe zertan zebilen galdetu eta tertulian aritzeko. Ez zituen dei horiek batere atsegin baina oraingo honetan, asperasper egina zegoen eta denbora-pasa egokia iruditu zitzaion.

46


Cambadoseko jatetxe batean omen zeuden mariscada eder batez gozatzen eta ez zuen batere harritu ez mariscadak eta ezta ederki gozatzen aritzeak ere. Ondo jan eta edateko zaletasuna zuen koadrila zen Txominena “Eskeeerraak!!”. Egun hartan hondar-oroitzapen bilakatu zen Bartzelonara eginiko aste santuetako bidaia gogoratu zuen berriz ere “Zein ederki pasa genuen… Kar kar kar”. El Masnouko kanpinean zuten kanpamendua eta alboan zegoen badulake batean egiten zituzten erosketak egun osoa Kondearen Hiria goitik behera ezagutzen pasa ostean. Hiru egunetan ikaragarrizko erosketak egin zituzten bertan eta azkenekoan, ea hurrengoan itzuli behar ziren galdetu zien jabeak. Hala balitz, garagardo gehiago eskatu behar zuela. Barre algara ederrak bota zituzten tontakeriarekin eta jabearekin argazki bat ere atera zuten. Ikerren ahotsaren atzean Aitzolen oihuak entzuten zituen Txominek; “Domingoooooo!!!”. Umore ederrean ari ziren bazkaltzen eta Albariñoa eragina egiten hasia zen. Aitzolen laguna eta koadrilakoak oso jatorrak zirela zioen eta ederki portatzen ari zirela beraiekin. Aurreko gauean parranda ederra bota zutela kontatu zion eta oso lo gutxi egin omen zuten. Neska batekin ere aritu omen zen hizketan denbora luzez eta hortxe-hortxe izan omen zuen. Bere trikimailu izarra ere erabiliko zuen ziurrenik, “Perdón. ¿A que hora cierran esto? Esque no soy de aquí”. Sinestezina iruditzen zitzaion Txomini halako alukeri batekin petrolioa aurkitzen amaitzea baina Ikerrekin, logikak ez zuen ezertarako balio. Aitzolek telefonoa kendu zion Ikerri halako batean eta gezurra zela esaten hasi zen. Ez zuela hortxe-hortxe izan, ez ziola batere kasurik egin eta azkenean buelta erdia eman eta bakarrik utzi zuela. “Nik behintzat zerbait in nian!” ohiukatu zuen Ikerrek atzetik. Gainera, jarraitu zuen Aitzolek, gaua bizi txarreko antro batean amaitu omen zuten eta mariskoa eta Albariñoa probatu ostean, Galiziako hirugarren produktu ezagunena ere probatu nahi izan zutela. Bihotz oneko gamelu baten bila hasi eta begiak Ohiane Mateos baino irekiago eta aurpegia Manu Marichalarrek baino haziago zuen tipo bat ikusi

47


omen zuten barra alboan. “Ez zegoen kale egiterik”. Gerturatu eta farloparik ba ote zuen galdetu zion Ikerrek. Tratuan hasi eta halako batean, bizi txarreko antroko hontza kokaina hura Oubiñarena zela esaten hasi zitzaion Ikerri, oso ona zela. Ikerrek orduan, zer bota eta ea Oubiña hori BNGko baten bat ote zen galdetu zion. “Batzuetan ez dakit beraz barre egin edo bera gu guztioz barre egiten ari den...“ pentsatu zuen Txominek Aitzolek telefonoaren beste aldetik barre eta barre egiten zuen bitartean. Iker eta konpainia lanperna guztiak bukatzen ari zirela aitzaki agurtu zen Aitzol eta Ikerren “Ligau zak islandesa bat!“ oihua entzun zuen agurtu eta deia mozten zuen bitartean. Terminalean sartu eta libre zegoen eserleku baten bila hasi zen Txomin Suncampa eta Quechua ondo helduak zituela. Lan horretan ari zela, eguneko hegaldi guztien berri ematen duen panel bat topatu eta berearen bila hasi zen. Reykjavik, 23:25. Hortxe zegoen, zerrendako azken postuan. Buelta erdia eman eta libre zegoen eserleku bat topatu zuen muturren aurrean. Eseri, Katherine Nevilleren El Ocho Quechua txikitik atera eta bere alboan utzi zuen motxila. Suncamp handia bere aurrean jarri eta hankak luzatu zituen motxila lurra eta hanken artean harrapatuta utziz. “Ea zer kontatzen digun Katherinek…”

48


Koadrilako oporrak ez ziren sekula abenturazaleegiak izan. Gidoi finko bat jarraitzen zuten eta egia esatea nahi baduzue, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Inguru bat aukeratu, kanpamendu base eroso bat muntatu (Kanpin edo bungalowez osatua normalean), goizean inguruko zerbait ikustera abiatu eta hamar metroro garagardo bat hartu. Ondo bazkaldu eta beste zerbait ikusi hamar metroro garagardo bat hartuz. Kanpamendu basera itzuli, afaldu eta garagardoak edaten jarraitu ohe, koltxoneta eta lurrera seko erori arte. Aspergarria? Ba itzel pasatzen genuen! Pixkanaka ordea, plan mota hau jarraitzaileak galtzen joan zen eta pixkanaka garagardoa pisua galtzen joan zen gauza gehiago ikustearen edo‌ Azti! Mendira joatearen alde adibidez! Nire mundua goitik behera zetorren. Hala ere, erresistentziakoek lanean jarraitu genuen eta talde txikiagoetan bazen ere, garagardo way of life motako oporralditxoak antolatzen jarraitzen genuen noizean behin. Iker, Aitzol, Unai, Joseba eta Uxune, Eneritz, Harkaitz eta noizean behin batu zitekeen sateliteren bat. Horiexek osatzen zuten nire erresistentzia eta oso pozik sentitzen nintzen talde horren barnean. Hasierako hamaikako horrekin plan ezberdinak burutu genituen ikasketak amaitu eta lehen langile oporraldietan baina urtero zailagoa bilakatzen hasi zen espedizioari ekiteko quoruma osatzea. Horrela egin genituen Tarragona, Portugal, Landak edota Maltako bidaia baina‌ Maltara hiru bakarrik joan ginela esaten badizuet...

49


Gauzak horrela, 2010eko oporraldietan pentsatzen hasteko ordua iritsi zen. Abuztuan nituen oporrak eta koadrilako gutxik zituzten oporraldiak garai berdinean. Gutxi horietatik batzuk, bikote edo beste lagun batzuekin prestatu zituzten (Beste lagun batzuekin? Tio! Koadrilatik kanpo bizia duzu?). Gainontzekoek aukeratutako lekuak Venezuela edo India izan ziren. “Ez naute hor harrapatuko ez jauna…”. Kaletik noala itxura arraroko norbait ikusi ezkero urduri jarri eta martxa azkartzen dut eta! Nola hostia bururatuko zait ba halako kriminalitate tasa edo txirotasun maila duen herrialde batera oporretan joatea? “Oporrak gozatzeko dira ez beldurra pasa edo miseriak ikusteko…”. Urte guztia udaletxe puta horretan argi gutxiko zinegotziak eta bere burua jainkotzat duten dinosauro sailburuak jasaten pasa ostean, opor batzuk behar nituen. Opor on batzuk. Venezuela eta Indiarako gonbiteei uko egin eta bakarrik bidaiatzearen ideiari bueltak ematen hasi nintzen. Hasiera batean, nire buruarekin nuen txantxa bat besterik ez zen “Guay egongo litzateke….”. Indiana Jonesez jantzita irudikatzen nuen nire burua munduko txoko ezberdinak ezagutzen eta ondo sentitzen nintzen pelikula horiekin. Nola molatzen duten irudikapenek ezta? Garai haietan ez nuen gehiago behar izaten. Bizitza trenak pasatzen ikusten igaro behar baduzu, zer axola dio geltokitik edo ganbarako leihotik begiratu… Hala ere, azken urtean ni neu ere nire ingurunea eta bizitza zalantzan jartzen hasia nintzen eta banituen arrazoi ezberdinak bakarrik bi astez lotura guztietatik aske egotea oso erakargarri egiten zutenak. Alde batetik, buruan nuen ideia handiaren inguruan pentsatu eta ideiak ordenatzen hasteko parada eskainiko zidan eta bestetik, Eneritz betiko ahazteko behar nuen aukera izan zitekeen. Nire sentimenduekin nazkatzen hasia nintzen eta Eneritz eta ingurukoen jarrera ikusita, azkena nintzen egoera horretara iristen. Ahaztu egin behar nuen eta bakarrik alde egiteak herrian egonda lortu ezin nuen erreseteatzea ahalbideratuko zidalakoan nintzen.

50


Iraganeko kate astunez libratu beharrean nintzen behingoz nire bizitzari ekiteko. Pelikulak fikzio izateari utzi zion pixkanaka eta Europa Iparraldera begira hasi nintzen berriz ere haurtzaroko ametsak berrartuz edo. Finlandia… Dadoz erabaki eta banderaz jositako munduko txapelketa haietatik hona gauzak asko aldatu ziren eta herrialde eskandinaviar guztien artean, leku berezi bat irabazi zuen Finlandiak. Ez dakit Erreala gogoratzen zidan koloredun bandera izan zen arrazoia baina betidanik egon zen Finlandia beste guztien gainetik. Gerora, Jari Litmanen futbolariaren jarraitzaile ere egin nintzen eta Munduko Kopa edo Eurokopen aurretiko faseak jokatzen ari ziren bakoitzean egunkarian Finlandiaren emaitza zein zen begiratzen nuen. Niemi atezaina, Liverpoolen jokatu zuen Sami Hyypiä handia, Riihilahti, Kolkka, Litamanen. Horixe zen Pro Evolution Soccerrean jokatzen nuen bakoitzean aukeratzen nuen taldea. Lastima ez ziren sekula Munduko edo Europako txapelketa bateko fase nagusira iritsi... Urte batzuk beranduago, Bilbon Soziologia ikasten nebilela, hizkuntza indoeropearrei buruz aritu zitzaigun irakaslea altu zein alu bat Soziolinguistika eskola batean. Talde horretatik kanpo, Europa eta Asia osoan, hiru hizkuntza besterik ez zeudela azaldu zigun. Jatorri ezezaguneko hiru hizkuntza besterik ez halako lur puska zabalean... Jakin banekien gure Euskara zela haietako bat eta jakin-minez itxaron nuen irakasle pedantearen azalpena. “Euskara, Hungariako Magyarra eta Finlandiako Suomia”. Hori esan bezain pronto, garai haietan gustuko nuen azkoitiarrari fitxak sartzera joan zen betiko moduan (Agur bat hemendik putakume harrentzat!). Bat-batean, lotura horrek lurralde urrun harren eta nire arteko distantzia metro eskas batzuetara murriztu zuen. Haiek ere arraroak ziren, gu bezala, ni bezala. Nire ametsetako lurralde zenak beste dimentsio bat hartu zuen nire irudimenean eta paradisu utopiko baten moduko zerbaitean bilakatzen hasi

51


zen. Guztia ulergarria izango litzatekeen txokoa, ulertuko ninduten lekua, ni neu ulertuko nintzatekeen tokia, Finlandia... Finlandia hitzak gainera bazuen beste esanahi bat. Fin-Landia horri beste zentzu bat ematen nion nire barnean, amaiera. Ez amaiera munduaren amaiera moduan (Nahiz eta Ferminek palestinoa galdu zuen lekuan egon) baizik eta ziklo baten amaiera, aldaketa. Hori zen agian bilatzen nuena... Aldaketa, hasiera berri bat. Pause egoera ahaztu eta play-ari sakatzeko leku egoki bat. Eskandinavian edo nire buruan egon zitekeen Finlandia hori. Gerora jakin nuen Fin hori, germanikoko finn-etik datorrela; ehiztaria alegia.

52


El Ocho potolotik begiak altxatzea ere kostatu egin zitzaion. Atsedenaldi eta arakatze itzuliak barne, bost ordu luzez aritu zen irakurri eta irakurri. Gustura aritu zen baina ez zuen uste liburu horretaz lau urte barru gogoratu egingo zenik ere. 1988an idatzi zuen Katherine Nevillek eta gehiegi nabari zen. Ordenagailuek berebiziko presentzia zuten liburuaren hasieran behintzat eta Catherine protagonista ordenagailuetan aditua zen gainera. Pantaila aurrean ikusten zuena deskribatzen zuen bakoitzean, eskola garaian geometria klaseetan alde batetik bestera zerabilten dortoka puta gogoratzen zuen Txominek. Hori gutxi balitz, Carlo Magnorena izan zen xake joko magiko bat eta bere misterioa ziren istorioaren amua. “Flipada ederra izan behar da hau… kar kar kar”. El Ocho itxi eta Quechua txikian sartu zuen berriz ere. Lekua egitean aitak bidaiarako oparitutako egunerokoa ikusi zuen. “Para que nunca puedas olvidar este viaje. O para que siempre puedas recordarlo”. Halako zerbait esan zion aitak bi egun lehenago egunerokoa modu erritualean eta seriotasun osoz oparitu zionean. Ideia ona iruditu zitzaion eta bidaian gertatzen zitzaionaz gain, bere ideia handi horren inguruko nota zein ideiak idazteko leku egokia izan zitekeela erabaki zuen. Aitak jakin bazekien Txominek zeraman bizitzak ez zuela betetzen eta guraso guztiek bezalaxe, bere semea zoriontsu izatea desio zuen nahiz eta batzuetan, ez zuen nola adierazi asmatzen. Tiradera zaharren autopsia egin eta idazten hasi zenean izugarri alaitu zen aita eta harrezkero, zertan ari zen galdetzen zion beti. Txominek artikulu txiki eta ipuinez hitz egiten zion orduan amaitu arte, ez baitzuen inorri bere ideia

53


handiaren berri emateko asmorik. “Mundua zur eta lur utziko dut”. Zortzirak jotzeko hiru minutu besterik ez ziren falta. Ordu eta erdi zuen aurretik oraindik Keflavikeko aireportura eramango zuen hegaldiaren ontziratzea hasteko. Kanpoko beroak terminala hartu zuen arratsaldean zehar eta izerditan blai zegoen dagoeneko “Norena zen ukondoa? Purerik bai?“. Hamaikagarren itzulia eman zuen El Prateko bigarren terminaletik nola ez, bi motxilak gainean zituela. “Ez dizkidate lapurtuko. Ez Horixe!”. Terminalean bertan bera bezalaxe asperasper eginda zegoen jende mordoxka bat zegoela konturatu zen arratsaldean zehar. Bere alboko eserlekuan siamdarrak ziruditen bi neska asiar gazte zituen “Korearrak fijo!”. Sorbaldak bata besteari itsatsita zituztela zirudien. Eserlekutik altxatu eta ibilaldi txiki bat ematen zutenean ere, erabat koordinatuta eta kontaktua galdu gabe egiten zuten. Behiak errepide ondoan bazkatzen aritzen direnean bezalaxe. “Ni ez naiz inorretaz fido baina hauek ni baino okerrago daude burutik…”. Gainera erabat konjuntatuak zihoazen eta jantzita zituzten eguzkitako betaurreko handiek, beldurrezko filma japoniar bateko pertsonaia izatearen tankera esakintzen zieten “Japoniarrak fijo!”. Parean, maletak garraiatzeko hiru karrorekin eraiki zuten kanpamenduaren babesean edozein diskotekatik atera berriak ziruditen lau kaniak zituen “Hauek lorik egin gabe daude oraindik. Nik uste japoniarren betaurrekoen behar handiagoa dutela siamdarrak beraiek baino”. Bikote gazte bat ere ikusi zuen behin baino gehiagotan arratsaldean zehar baina une hartan ez zituen topatu. Erabat maiteminduta zeuden “Putakumeak!”. Muxuka, besarkatuta edo elkarri laztanka pasa zuten arratsaldea eta amorru eta inbidiaren arteko zerbait sentiarazi zioten. Eneritzekin gogoratu eta ezinezkoa zela errepikatu zion hamaikagarren aldiz bere buruari. Buruan zituen ideiak aldendu nahian edo, hegazkina hartu aurretik zerbait jatea erabaki zuen Txominek. Berandu

54


iritsiko zen Reykjavik City Hostelera eta horixe izango zen ziurrenik zerbait jateko izango zuen azken aukera. Kafetegira bidean, maletak plastikoz forratzen dituzten horietako postu bat topatu eta bere Suncampari horrelako zerbait ederki etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Soka mordo bat zituen zintzilik eta hegazkinera bidean, horietako bat nonbait trankatu eta motxila galtzea zen nahi zuen azken gauza. Lehendabizi, bost euro eta hirurogeita bost zentimo kostatu zitzaion sandwicha jan zuen hiru euroko koka-kola baten laguntzarekin. “Islandiako prezioekin ohitzen joateko…”. Soberakinak zakarrontzira bota eta Suncamp handia plastikoz janztera joan zen. Zaku eta guzti forratzeko eskatu zion postuan jo eta su lanean zebilen hegoamerikarrari eta honek lana amaitzean, errugbi baloi erraldoi bat itzuli zion. Hegaldien informazio panelari begiratu eta oraindik berearentzat leihatilarik ez zegoela konturatu zen. Quechua txikia bizkarrean eta errugbi baloi erraldoiari ostikoka, kanpora abiatu zen hegazkinean sartu aurreko azken zigarroa erretzera “Erretzaile eserlekurik ez duzue ezta?” . Zigarroak ez zion hiru minutu baino gehiago iraun eta Islandiara iristeko ikaragarrizko gogoa zuela konturatu zen. Irribarre txiki batek ihes egin zion pentsatze soilarekin. Terminal barrura sartu zen berriz ere bere ontziratzea zein leihatilatan egingo zen jakiteko grinaz “Venga hostia! Urduri jartzen ari naizela!”. Zortea izan zuen eta zigarroak iraun zituen hiru minutuetan bere hegaldiaren egoera aldatu eta alboan hogeita hamabi bat agertu zitzaion. Hogeita hamabigarren leihatilara gerturatzen hasi zen orduan eta bere harridurarako, hamabost bat pertsona topatu zituen bertan ilara egiten. “Ez nintzen asper-asper eginda zegoen bakarra gero! Zein da azkena?”. Gehienek oporretara joateko itxura zuten. Familia oso bat maleta kamioikada bat ondoan zuela, lau jubilatu oihuka hizketan eta aita-semeak diruditen beste hiru eski eta guzti “Ez nekien Islandia eskirako leku egokia zenik… ”. Ilaran bere aurrean suertatu zena berrogeita hamar bat urteko gizon ilezuri bizardun bat zen eta arrantzarako kanaberak ziruditen bost bat

55


poltsa zituen aldamenean. Bere albora iristean atzera begiratu zuen arrantzaleak. -Hola… - Esan zion. -Hola… - Erantzun zion Txominek Buelta erdia eman eta aurrera begira jartzera zihoan baina zirudienez hau ere asper-asper eginda zegoen eta buelta erdia amaitu bezain pronto Txomini begira jarri zen berriz ere aldakan malguki bat izango balu moduan “Hori bai aldaka operazioa eta ez nire amonari egin ziotena”. -Vaya cola ¿he? – “Joder, sakontasun maila hau izan behar badu…”

elkarrizketa

osoak

-Pues si la verdad. Y teniendo en cuenta que no son ni las nueve y media… - “Nik ere dominatuak ditu igogailuko elkarrizketak”. -¿Que vas? ¿A Islandia? – “No, suelo venir a las colas de enbarque porque me llena por dentro…” - Pues sí- Bukatu zitzaion kuerda Txomini. “Ona naiz baina ez hainbesterako” -La verdad es que es precioso. -¿Ha estado alguna vez? -No pero he visto fotos- “Joder, beste Indiana Jones bat…” -Yo tambien he visto algunas y parece increíble. Estoy deseando llegar… ¿Usted que va? ¿A pescar?- “ Capitan obvio al rescate!” -Sí. Me han dicho que hay unos salmones la hostia de enormes- “La hostia de enormes?” Bilbotik berrehun kilometro

56


baino gehiagora bizi den inork halakorik esango ez zuela konturatu zen Txomin. -¿Eres vasco? -Sí, de Bilbao- “Bost puxtarri!” -¡Pues yo también! Bueno, de Bilbao no, vasco quiero decir. Soy de Beasain. -Ya conozco…- “Argazkietatik baita ere seguraski”- ¿Y que vas? ¿De turismo? -Pues sí. A recorrerme el país en quince días- “Erdia ikusten badut con un canto en los dientes esaten dena”. Une horretan ingurura begiratu zuen Arrantzale Jones bilbotarrak norbait faltako balitz moduan. -¿Sólo? Galderak ezustean harrapatu zuen Txomin eta pentsatzen hasterako ezetz erantzun zion. Islandian lagun pare bat zituela eta haiekin pasako zituela oporrak. Lagun alegiazkoengatik ez galdetzeko errezoka hasi zen orduan eta erantzun automatiko horren arrazoia bilatu nahi izan zuen bere kaskezurrean. Alde batetik, bakarrik joatean babes gabe sentitu zitekeela pentsatu zuen eta badaezpada ere, ez zela komeni bakarrik zegoela inork jakiterik. Bere mesfidantza kontuan izanda ez zen harritzekoa izango. Beste alde batetik ordea, gezurra esatearen arrazoia lotsa zela pentsatu zuen, bakarrik zegoela onartzearen lotsa. Hizketan jarraitu zuten eta arrantzale bilbotarrak urtero arrantza egitera leku ezberdin batera joaten zela kontatu zion. Bakarrik joaten zela “Honi ez dio ba lotsarik ematen bakarrik doala onartzeak…”. Hala ere, ez omen zen erabat bakarrik joaten interneteko arrantzale foro baten bitartez munduko beste arrantzale batzuekin geratzen zelako

57


aukeratutako lekuetan. Islandian arrantzatzeko baimenik behar ote zen galdetu zion Txominek eta bere harridurarako, eremu pribatuetan bakarrik arrantzatuko zutela aitortu zion. Lur eremuaren jabeari adostutako dirua ordaindu ezkero ez omen zegoen inolako arazorik Islandian arrantzatzeko. -¡Allí hay salmones hasta hartarse! Nadie se preocupa por ese tema. – Jo zuen amaitutzat bilbotarrak. – Mi sueño es ir a pescar a Canadá. He leído en el foro que allí los salmones son como tiburones! – “Port O’Brianen Fisherman’s Son arrantzale abenturazalearentzat!” Konturatzerako, ontziratzearekin hasiak ziren hogeita hamabigarren leihatilan agertu ziren bi hegazkineko laguntzaileak. -Debe ser un país muy tranquilo- Esan zuen bilbotar bizardunak kanaberak ahal zuen bezala aurrerantz bultzatzen zituen bitartean. -Eso parece sí…- Erantzun zion Txominek hizketarako gogo gehiegi geratzen ez zitzaiola. “Bagoatz! Ontziratzen ari gara! Islandiara noa tio!” -Por lo que he leído además…- Kanabera bat erori zitzaion sorta guztia beso artean zerabilela – En esta época del año amanece hacia las dos de la mañana. Quizá tengamos suerte y veamos la Aurora Boreal. Es la mejor época del año para eso… -Ahora mismo amanece hacia las cuatro de la mañana y ya es tarde para ver la Aurora en Islandia- Moztu zuen hiru metro aurrerago zuten azentu hegoamerikarreko mutil gazteak. Ondoan, bere doinuaren zonalde berdinekoa zirudien eta buru bat ateratzen zion neska beltzaran bat zuen. Mutilak ordea, ez zuen itsasoaz beste aldekoa izateko batere trazurik. Eskuan zuen pasaporteari begiratu zion Txominek, “Island!”.

58


-¿Eres Islandes?- Galdetu zion bi aldiz pentsatu gabe. Harridura aurpegia erabat zehazterako irribarre batez eta pasaportea altxatuz baietz erantzun zion islandiar gazteak. - jajaja Sí sí, soy islandes. -¿Pues hablas muy bien castellano! - Sí, eso es culpa de esta- Esan zuen aldamenean zuen neskari begira. Neska erraldoiak ere barre egin zuen. Kolonbiarra omen zen eta Kanariar irletako hotel batean lanean ari zirela ezagutu omen ziren. Zazpi urte pasa omen ziren egun hartatik. Maitasunez begiratu zuten elkar. Urte erdia Kanarietan eta beste erdia Islandian igarotzen zutela kontatu zieten. Udako hilabeteak pasatzera joaten ziren Islandiara negua oso gogorra egiten zitzaiolako Luciari. Izen horrekin aurkeztu zitzaien neska Txomin eta arrantzaleari. Mutila ere aurkeztu zen baina bere izena errepikaezina egin zitzaion. “Grufsstaagh... Zaila izan behar du izenak ikasteak... Eyjafjallajökull esaten behintzat ikasi behar dut ba!“ Izen ahoskaezineko gazte islandarrak bere herrialdera joateko garai hoberena aukeratu zutela azaldu zien nahiz eta Aurora Boreala ikusteko berandu izan. Urte osoan gertatzen dela kontatu zien baina oso zaila zela udan ikustea. Garairik egokiena negu eta udazkena izaten zirela. Batazbeste, hamalau bat gradu izango zituztela ere esan zien eta urteko garai hartan gaueko hamaikak aldera iluntzen zuela. -Bueno, pues no podremos ver la Aurora pero ya que te tenemos aquí, podremos aprovechar para pedirte algun consejo sobre qué ver. ¿Verdad? – Erantzun zion Txominek irribarre batez. Gustu onez onartu zuen eskaera eta hizketan ari zela bere herrialdearekiko harrotasunez puzten joan zen. Makina bat leku aipatu zituen baina gehienak agendan zituen dagoeneko Txominek: Gullfoss, Dettifoss, geyserrak… Ez zen

59


originalegia izan eta ez zuen primiziarik eskaini. Hala ere, leku horiek ikusteko grina areagotu zion Txomini. Pixkanaka leihatilara gerturatzen hasi zen Txomin eta bilbotarrak kanabera guztiak fakturatzen amaitu zuenean, errugbi baloi erraldoi batean mutatu zuen Suncamp handia maletak pisatu eta hegazkinerako bidea hasten duten pasabidean jarri zuen. Behin maleta handia fakturatuta Quechua txikia hartu eta ohiko kontrolak pasa behar izan zituen. Tokatu zitzaion emakumezkoari ez zitzaion Txominen kaxa elektrikoa gustatu eta irekitzeko eskatu zion. Harridura aurpegiarekin ireki zuen Txominek eta kargatzaile eta egokitzaileak besterik ez zirela azaldu zion. Hala ere, emakumeak eskua sartu zuen kaxan bonba baten kableak maneiatzen dituenaren zuhurtasunarekin Azkenean, kaxa itxi eta aurrera egiteko esan zion. “Banoaa tio! Bano Islandiara!”. Irribarre bat ahoan zuela bere atearen bila hasi zen. Sarreratik oso gertu zegoen korridore baten amaieran irekitzen zen gela handi batean topatu zuen. Lau bat ate zeuden bertan eta horietako bat zen bere hegaldiarena. Eserleku batean eseri eta bere ilara kide gehienak dagoeneko bertan zeudela konturatu zen “Hauek ez zuten bonba kaxarik gainean…”. Mugikorra poltsikotik atera eta gaueko hamarrak bost gutxi zirela ikusi zuen nahiz eta bere buruari onartu zion moduan, ez zen ordua LG txikian bilatzen ari zena “Nahikoa dek hostia!”. “El Ocho” atera zuen Quechua txikitik itxaronaldia entretenigarriago egiteko asmoz eta dagoeneko, liburu mardularen laurden bat irakurria zuela kontura zen “Ez, ez da nahikoa izango hiru libururekin eta bai, oso gaizki erortzen ari zait protagonista”. Alboan zuen ateetako batetik zetorren iskanbilak eten zuen liburuari eskaintzen ari zen kontzentrazio urria. Berrogeita hamar bat gazte ilehori atera ziren bertatik korrika eta oihuka hooligan samalda baten moduan. Salou edo halako lekuren

60


batera joateko traza guztiak zituzten eta bisonte talde baten moduan pasa ziren terminaletik. Korridoretik desagertzean, hautsa ere harrotu zutela iruditu zitzaion Txomini. Gela handi hartan zain zeuden guztiak ilehori samalda irentsi zuen korridoreari begira geratu ziren ahoa erdi irekita. Bat-batean, Txominen atea ireki zen. Bertatik lasaiago irten zen jendea. Ilehoriak ziren gehienak oraingoan ere baina ez zuen gazte mozkorrik topatu beraien artean. Familia osoak alde batetik, jubilatu koadrila handi bat eta gazte gutxi batzuk. Keflaviketik zetorren Icelandair konpainiaren FI597 hegaldiko bidaiariak ziren. Hegazkin horrek berak eramango zuen Txomin Islandiara. “Haiek hona eta gu hara‌â€?. Nahi gabeko oporretako truke programa bitxi hartan pentsatzen eman zituen lau segundo.

61


Oporretara bakarrik joateko erabakia indarra hartzen hasi zen nahiz eta buruan bidaia irudikatzen edo antolatzen hastean, irrealtasun zantzu bat izaten jarraitzen zuen. Erabaki itxia zen baina irekiune bat zuen nonbait. Zerbaitek kale egiten zuen eta nire buruarekin zintzo jokatzen nuenean, lotsa puntu batez onartzen nion azkenean, ez nuela potrorik izango abenturari ekiteko. Milaka webgune bisitatu nituen Finlandiaren inguruko informazio bila eta beti topatzen nuen aitzakiaren bat bidaiari alde batera uzteko (hiri gehiegi hamabost egunetan bisitatzeko, desplazamendu luzeegiak, garraio garestiak, hegaldi oso garestiak, unikornio adar birrinduz eginak behar zuten izarez estalitako oheak…). Hamabost egunetan Finlandian zehar burutzeko milaka ibilbide ezberdin planifikatu nituen baina guztiek zuten ibilbide berri baten bila jartzen ninduten akatsen bat. Eta akatsik ez bazuen, asmatu egiten nion. Begiratzen nuen webgune bakoitzeko urrunago ikusten nuen Finlandia eta pentsatzen hasia nintzen oporretara bakarrik joateko erabakia inori kontatu ez nionez, oraindik atzera botatzeko aukera nuela. Halako batean ordea, eta ez dakin nola, bideo batekin topatu nintzen sarean. “Inspired by Iceland” izena zuen eta Islandiako gobernuak 2008ko krakaren ostean turismoa indartzen hasteko martxan jarri zuen kanpaina turistiko baten barnean zabaldutako iragarki bat zen. Emiliana Torriniren islandiarraren “Jungle Drum” kantua barruraino sartu zitzaidan eta bideoa ikusten ari nintzen bitartean idaztean sentitzen nuen zirrarara sentitu nuen gorputz osoan zehar. Glaziarrak,

62


geyserrak, lur zati amaiezinak, ipuin batekoak ziruditen lekuak, Hallgrímskirkjako eliza, jende zoriontsua, neska zoragarriak… Bideo hasieran ageri den neskak zeramana bezalako jertse batekin ikusi nuen nire burua leku eder guzti haiek ezagutzen. Emiliana Torriniren kantua amaitzean, ahoan aspaldi izan ez nuen irribarre bat nuen. Konturatu gabe, pentsatu gabe, erabakia hartua zegoen. Erabaki harri falta zitzaion itxiturak borobila osatu zuen bat-batean. Islandia ez zen Finlandia baino merkeagoa baina ez zuen axola, Reykjavikeko publizista abilen batek prestaturiko bideo hark bere helburua bete zuen nirekin. Islandia zen nire ametsetako bidaiari falta zitzaion elementua eta bideo hori zorte hutsez topatu izanak magia ukitu bat erantsi zion erabakiari. Patua zen. Nahiz eta sekula ez nuen halakoetan sinetsi. Islandiaren inguruko informazio bila hasi nintzen orduan eta zenbat eta gauza gehiago begiratu zirrara handitu egiten zen nire barnean. Emiliana Torriniren diskografia osoa jaitsi nuen saretik eta bere “Me and Armini” diskoa entzuten pasa nuen aste bete. Aurretik Islandian egondako lagun edo ezagunak lokalizatzen hasi nintzen lehen eskuko informazioaren bila eta konturatzerako, izotz eta suaren lurraldera bakarrik nindoala ez zen sekretu bat. Gutxi gora beherako ibilbidea pentsatu eta hegaldiei begira hasi nintzen. Nahiz eta egun konbinazio ezberdinekin saiatu, 380 eta 400 euro tartean aurkitzen nituen guztiak eta apur bat itxarotea erabaki nuen. Gauzak horrela, asteazken buru-zuri batean, eDreamseko bilatzailean eguneroko kontsulta egiten nebilela, 235 euroko hegaldi bat agertu zen nire muturren aurrean. Abuztuaren hirutik hamazortzira. Garaipen oihu batek ere ihes egin zidan eta Komando Secretarias osoa barrez hasi zen bitartean, bere burua estatu-gizontzat zuen zinegotzi motzak erremediorik ez duenari botatzen zaion begiradetako bat oparitu zidan “Ez dakizu zein gustura egon behar naizen zu bezalako artaburu bat egunero ikusi gabe”.

63


Hegaldia erosi eta sentsazio arraro batek hartu ninduen. Egia zen, ez zegoen atzera bueltarik. Bakarrik joan behar nuen oporretara. Bakarrik joan behar nuen Islandiara.

64


Lau ordu eta laurden inguruko bidaia izan zen Txomin Bartzelonatik Keflavikeko aireportura eraman zuena. Bartzelonan pasa beharreko orduek zenbat arduratu zuten gogoratu zuen hegaldian zehar eta betiko moduan bere kezka guztiak alferrikakoak izan zirela konturatu zen “Zer axola, hurrengoan gauza berbera egingo dut eta�. Lau ordu eta laurden iraun zituen bidaiak bai, baina hiru aste lehenago arte, bi ordu eta laurden besterik izango ez zirela pentsatu zuen “Gertu dago Islandia gero!�. 23:25etan irten eta 01:40etan iritsiko zela jartzen zuen udaletxeko inprimatzailean ezkutuan inprimatu zuen paperean. Ez zen konturatu ordea, ordu aldaketa zegoela Euskal Herria eta Islandiaren artean eta ordutegi horretan asimilatua zegoela dagoeneko. Sekula ez zuen ordu aldaketarik suposatzen zuen hegaldirik hartu eta ez zuen batere denborarik galdu horretan pentsatzen. Itzulerako bidaiaren ordutegiari begiratzea besterik ez zuen behar hegaldia laburragoa zela ikusi eta bere akatsaz konturatzeko baina ez zuen denborarik galtzen gauzak irakurtzen. Erreaktore nuklear bat ere argibiderik gabe muntatuko lukeen horietako bat zen Txomin. Bidaia lasaia izan zen. Familia oso bat suertatu zitzaion alboan baina ez zuten ia hitzik egin hegaldian zehar. Lo egiteko probestu zuen aukera eta horrela egin zuen bidaia erdia baino gehiago. Berandu iritsi behar zen Reikjavik City Hostelera eta goiz esnatu nahi zuen lehen minututik denbora baliatu eta Islandia ezagutzen hasteko. Nahiz eta alboko familiak bi ume izan, hegazkineko zerbitzariak sasi-afari madarikatua ekarri zutenean besterik ez zen esnatu. Emakumea antzarrak ferratzera bidaltzeko bulkada kontrolatu eta ezetz esan zion

65


eskuarekin. Ikaragarri gogaitzen zuten hegazkinetako mokaduek eta ez zuen sekula ezer jaten bertan. Janaria, hutsaren parekoa iruditzen zitzaion eta ez zuen ulertzen jendeak nola hartzen zuen halako alaitasunez orgatik. “Debalde da tio!” Esan zion behin edo behin koadrilakoren batek. “Eta nola debalde den, barrura ezta?”. Ez zitzaion janari hura gustatzen baina gehien gogaitzen zuena zerbitzariak, nahiz eta lo egon, mokadua eskaintzeko jendea esnatzea zen “Loa infrabaloratua dago gizarte honetan…”. Gustura egoten zen hegazkinetan. Lasai, isilik. Musika entzuten, irakurtzen edo bere pentsamenduetan murgilduta. Berdina gertatzen zitzaion egunerokotasuneko beste hainbat momentuetan eta barruan zuen marmartia ateratzen zitzaion gasolina botatzera edo hilea moztera joan eta gasolindegikoak edo ile-apaintzaileak elkarrizketa eman nahi zionean “Bazatoz nire zen momentua izorratzera…”. Barre egiten zioten lagunek haserre horiengatik baina berak ikaragarri maite zuen bere barneko marmartia. Haserre horiek besteengandik desberdintzen zuten eta bere nortasuna berresten laguntzen zioten. Ingelesa ez jakitea edo free, 0,0 eta sin produkturik ez kontsumitzeak bezalaxe. Leihotik begira pasa zuen FI597 hegaldiaren azken zatia eta txundituta geratu zen ikusi zuenarekin. Gauetik egunera denboran bidaiatu beharrean, espazioan bidaiatzen ari zirela zirudien. Pixkanaka iluntasuna atzean uzten zuten bitartean, argitasunera gerturatzen ari ziren. Urrunean eguna erabat esnatua zela nabari zen baina hegazkinak gauen murgilduta jarraitzen oraindik. Altuera galtzen hasi eta Keflavikeko aireportuan lur hartu zutenean ordea, Islandian oraindik gaua zela konturatu zen. Zeruak beltz urdindu tonu bitxi bat zuen baina ezin zen inondik inora esan dagoeneko egunez zenik. El Praten fakturatzeko zain zegoela islandiar hego-amerikarrak esandakoaz gogoratu zen orduan. “Laurak aldera argitzen du garaia hauetan Islandian”. Hegazkinetik jaitsi eta bere errugbi baloi erraldoia jasotzera joan zen Quechua txikia bizkarrean hartuta. Islandian zegoen dagoeneko eta ezin zuen sinetsi ere egin. Pentsatu

66


hutsarekin, aurretik zuenaz gozatzen hasi zen ohikoa zuen pelikulismoaz baliatuz. Oso mugimendu gutxi zegoen aireportuan. Informazio paneletan ikusi zuenagatik, eguneko azken hegaldia zen beraiena. Langile gutxi geratzen zen aireportuan eta Suncamp handiaren zain zegoela, gainean zuen nekeaz kontziente izan zen egun osoan lehen aldiz “Vaya paliza…”. Bigarrena atera zen uhal garraiatzailetik eta ezertan hasi aurretik, gainean zuen plastiko festa kendu zion. Ondoren, maletak jasotzeko gunetik atera eta Reykjavikera nola iritsi ikertzen hasi zen. Bidaia kide gehienak bera bezain galduta zebiltzala konturatu eta inori galdezka hasi aurretik informazio leihatilara jotzea erabaki zuen. Berandu zen ordea eta aldameneko kafetegia bezalaxe, itxita zegoen dagoeneko. Aldamenetara begiratu eta informazio postuaren parean aireportuko irteera ikusi zuen. Atearen alboan, autobus txofer bat izateko itxura guztia zuen gizon bat topatu zuen koaderno bat eskuan zuela. Berarengana gerturatu eta bere ingeles traketsarekin Reykjavikera ote zihoan galdetu zion. Baietz erantzun zion metro laurogeita hamar inguru neurtzen zuen bikingo bizardun irribarretsuak. Hala ere, bazuen beste zehaztapenen bat Txomini jakinarazteko eta honen ingeles maila kaskarra ikusiz, alboan zuen makina bat adierazi zion. Han hartu behar omen zuen tiketa. Makinara iritsi eta pantailan ageri zen azalpena deszifratzen saiatu zen. Fly Bus zerbitzua zen eta aireportutik hostatua hartua zenuen lekura eramaten zintuen zuzenean. “Ona! Arazo bat gutxiago!”. Tiketa erosi, txoferrari Reykjavic City Hostel esan eta autobusera igo zen bere bi fardelak maletategian utzi ondoren. Eserlekuan eseri eta denbora gutxira, katalana izateko itxura guztia zuen gazte tximaluze betaurrekodun bat eseri zitzaion alboan “Manu Chaoren koadrilakoak izateko itxura duten hauek Bartzelona bertakoak izaten dira normalean…”. Antza denez, bera ere konturatu zen Txomin ez zela bere herritik oso urrun jaiotakoa eta erderaz agurtu zuen.

67


-¡Buenos días! - Esan zion konplizitate keinu batekin. -¡Buenas! – Erantzun zion Txominek keinua itzuliz. -Me habían dicho que amanecía pronto en Islandia pero no creía que a esta hora ya habría salido el sol. -Por lo que me han dicho, amanece hacía las cuatro. Además, tampoco es totalmente de día. Es un color un poco extraño de noche… - Erantzun zion Txominek zeru beltz urdindu harri leihotik begira. -Bueno, la cuestión es que ya hemos llegado. ¿Para cuanto tiempo vienes tu? -Pues la verdad… -Yo vengo para un mes. – Moztu zuen tximaluzeak Txominek kontatzeko zuena entzuteko inongo interesik ez zuela garbi utziz. -El año pasado estuve en Irlanda tres meses y el anterior dos en Camboya. Me gusta viajar así además, sin nada atado. Ya sabes, mezclarme con la gente y la cultura. ¿Y tú? Has cojido un hotel o algo? -Hombre, pues… -Yo nada tío. – “Y dale…” - Solo viajo con mi mochila y mi tienda y duermo en zonas de acampada libre o campings. -¿Pues hara un poco de frio en Islandia como para andar durmiendo en la tienda no? -¡Quá va! Todo es cuestión de taparse bien. Ademas, siempre encuentro alguna que me de un poco de calor. ¿Me entiendes? – “Sí, hablo castellano” – No entiendo a la gente que viaja con todo atado. Hoteles, albergues y tal… Lo bueno de viajar es encontrar la esencia del pueblo, de la cultura y empaparte. Esa es la forma en la que creces como persona y no yendo a lo seguro – “Ba nik apustu egingo nuke barrutik baino,

68


kanpotik hazteko ere falta zaizula oraindik” – Mira, tengo 19 años – “Begira? Banekien nik…” - Estoy estudiando Ciencias Politicas – “¿Pero por qué me cuentas esto?” - …Y siento la necesidad de explorar el mundo. Me dí cuenta hace mucho… “Sehaskan?” - … De que la vida es para disfrutarla. Por eso, estudio durante el año y en verano me dedico a recorrer mundo porque tío, las lecciones de la vida no estan todas en clase. Hazme caso. – “Pues no se si hacerte caso o meterte una hostia… Egunen batean ile-apaintzaile edo gasolindegiko langile ez izatea bakarrik espero dut…”. -Joder, pues vaya vida, ¿no? ¿Y eso quién lo paga? – Galdetu zion Txominek barruan zuen puta-kumea askatuz. -Mi padre – Munduko galderarik aluena egin baliote moduan erantzunez – El esta empeñado en que curre en la empresa pero esa no es mi vida tío… - “Pero te la paga no te jode…” Bere pentsamenduetan murgildu zen Macacoren espirituak hartutako gaztea une batez eta Txominek leihora begira jartzeko probestu zuen despistea. Gazte jakintsuaren bizitza irakaspenak jasotzen zituen bitartean egunak erabat argitu zuen eta goizeko hirurak jota zirela konturatu zen. Reikjavik barnean bueltaka zebiltzan eta geldialdi bakoitzeko jende gutxiago geratzen zen autobusean. Konturatzerako, gazte tximazulea, bikote bat eta Txomin besterik ez zeuden bertan “Ezin zian hire zelaie lehendabizitakoa egon ezta?”. Bira eta bira artean, Hallgrímskirkja eliza ikusten zuen noizean behin eraikinen artetik eta bere helmugara iritsi zela sentitzen hasi zen “Hasiera helmuga baino gehiago”. Halako batean, alboan zuen gaztearen txanda iritsi eta agurtu aurretik, aurkeztu eta bakarrik bidaiatzearen inguruko zentzurik gabeko gomendio pare bat oparitu zizkion Txomini “The Hivesen Walk idiot walk hiretzat. Segi zak aurrera…” Autobusa hiritik ateratzen hasi zen orduan eta ordura arte nagusi ziren hotel eta bankuak ziruditen etxe-orratzen

69


ordez, Europa iparraldeko ezaugarri diren etxe txiki koloredunez osatutako auzoak hasi ziren. Berde eta urdinez margotuta zeuden gehienak baina gorriren bat ikusteko aukera ere izan zuen. Lasaitu egiten zuen paraje hori ikusteak soilik eta kale horietan zehar ibiltzen hasteko gogoa piztu zitzaion. Futbol estadio handi bat barnean zuen kirol gune bati begira zegoela txoferrak aspaldi entzun nahi zituen hiru hitzak oihukatu zituen: “Reykjavik City Hostel!”. Autobusean geratzen zen bikotea eta txoferra agurtu eta bere bi motxila maiteen bila joan zen maletategira. Autobus geraleku batean utzi zuten baina ez zitzaion gehiegi kostatu aterpetxea topatzea. Bi motxiletatik begirada altxatu eta Hostelling International guztietan ohikoa den bandera ikusi zuen atari batean. Metro batzuk egin eta panel zuriz estalitako erakin aurrefabrikatua ikusi zuen. Bi solairu zituen eta belardi eder bat sarrera parean. Gustatu zitzaion lekua eta mugikorra atera zuen zein ordu zen begiratzeko. Oraindik ez ziren goizeko bostak eta eguzkia indarrez jotzen hasia zen. Hala ere, behin baino gehiagotan irakurri eta desio izan zituen hamalau graduak ez ziren inondik ageri. “Hotza!”. Motxilak gainean hartu eta aterpetxeko atera zuzendu zen. Barruko argiak itzalita zeuden eta islandiarrak eguzkiarekin batera esnatuko ote ziren edo eguzkia ahaztu eta ordutegi arrunta jarraituko zuten galdetu zion bere buruari. Ingurura begiratu eta kalean arima bakar bat ez zegoela ikusi zuen. Txirrina jo eta ate bat ireki zen atetik pare bat metrora. Gelatik zetorren argiarekin batera neska gazte zein eder bat gerturatu zitzaion atea irekitzera “Egia izango da islandiarrez kontatu didatena”. Irribarre batekin agurtu zuen Txomin eta barrura sartzeko gonbitea egin zion. Barrura sartu eta argiari ihes egiten uzten zion atetik sartu zen neska Txomini beste aldera joateko keinua egiten zion bitartean. Iristean, harrera barra luze baten parean agertu zen Txomin. Barraren beste aldean agertu zen neska liraina.

70


-Gud mornin! – Bota zion irriparre batekin. – Ai am bukin jier for for deis “Buruz ikasia nekarren kar kar”. Egun onak itzuli eta irribarre batez identity card-a eskatu zion. Ordenagailuan begira hasi eta lau egunerako ezetz, eskaera hiru egunerako egina zuela esan zion. Ulergarri hitz egiten zuen eta bihotzez eskertu zuen Txominek “Ea guztiek horrela hitz egiten duten” -Sorri, ai jaf txu diferent bookins. Ferst bukin is of zri deis an secon jaf guan– Lehena hiru egunekoa izan zen Akureyrin egun bat gehiagoz egon nahi zuelako baina azken hau jendez lepo zegoenez, egun bat gehiagoz luzatu behar izan zuen Reykjavikeko lehen egonaldia. – From zri of august to seben of august. – Azpimarratu zuen eskuekin zenbakiak adieraziz. Ordenagailuan bila hasi zen berriz ere jainkosa bikingoa eta topatu zuen Txominek azaldutakoa. Barkamena eskatu zion eta azken egunean gelaz aldatu beharko zela jakinarazi zion. -Nazin els maders – Bota zion lasai egoteko eta ezer gertatzen ez zela agertu nahian. “Zenbat ingeles ikasi dudan musikari esker! Nais tu nou yu, Its a long guei tu de top…” – Irribarre arraro batekin onarpen keinu bat itzuli zion neskak. Ordenagailuari begira jarraitu zuen eta neska hark erabat sorginduta zuela konturatu zen. Ez zen ohiko islandiarra, edo ez berak espero zuena behintzat. Azalez zuri antzekoa zen baina ile marroi eta luzea zuen. Zintzotasun zein goxotasun izugarri bat iradokitzen zuen begiradarekin eta halako neskek zergatik ez zuten sekula berarekin amaitzen galdetu zion bere buruari. “Ba kasu honetan bi arrazoia izan daitezke. Lehena, nire txisteko ingelesa eta bigarrena, ahoa erdi zabalik eta untxi txiki baten begiekin begira nauela. Zuzendu hai demontre!”. Bila eta bila jarraitzen zuen ordenagailuan begirada hipnotikoko neskak. Eskuekin kopeta parean zuen ilea baztertu eta bere begi marroi ederrak kolpez ireki ziren “Zalantzarik gabe kantu eder bat izan behar du zureak. Coldplayen Warning Sign aspaldi nuen gordeta norbaitentzat. To, zuretzat”. Txominen arazoa

71


konpondu omen zuen. Lehen egunetik gelaz aldatuko zuten eta horrela, azken egunera arte ez zuen gelaz aldatu beharrik izango. -Zenkiu beri matx! – Esan zion Txominek beste irribarre batez. “Honek dagoeneko subnormala naizela pentsatzen du…”. Hamaikagarren gelako txartela eman eta lehen solairuan zegoela azaldu zion eskuarekin eskailerak seinalatzen zizkion bitartean. Ulertu zionagatik gela barruan txartela ez uzteko eskatu zion. “Bai, subnormala naizela pentsatzen du”. Motxilak hartu eta eskaileretan gora jo zuen ingelesez hitz egitea txupatua zegoela pentsatzen zuen bitartean baina neskak oihu itzali bat bota zion. Harrerara gerturatu eta neskak txartelarekin ordaintzeko tramankulua erakutsi zion. Zirudienez, iritsi bezain pronto ordaindu behar zen egonaldi osoa. Bankuko eta aterpekide txartelak atera zituen barkamena eskatu ostean “Subnormala eta lotsagabe hutsa…”. Lehen eta azken pisura igo eta komunak bertan zeudela konturatu zen. Hala ere, kartel batean jartzen zuenagatik dutxak -1 solairuan zeuden. Txartela ateko zuloan sartu eta barrura sartu zen kontu handiz hotsik ez egiteko intentzioarekin. Lehen kolpean gortina handi batzuk ikusi zituen leihate osoa estaltzen. “Beti entzun izan dut ba iparraldean ez zutela gortinarik erabiltzen…”. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta gortinaren zirrikituetatik nahikoa argi sartzen zen inor zapaldu edo ezer lurrera bota gabe ibiltzeko. “Ez, pertsianak dira iparraldean erabiltzen ez dutena?”. Gelak hiru ohartze pare zituen baina bi pertsona besterik ez zeuden bertan. Bat ederki zurrunka egiten ari zen eta bestea zakuaren barruan zegoen azken ile puntara arte tapaturik “Zurrunketatik ihesi? Ba bizilagun txarra etorri zaik…”. Leiho ondoan libre zegoen beheko ohia aukeratu zuen inor ez gogaitzeagatik gehienbat eta behin ohean eserita, zer demontre egin pentsatzen hasi zen. Ez zuen lotarako gogorik baina goizeko bostak ziren dagoeneko. Azkenean, eta gainean zuen izerdi usainaz

72


konturatzean, dutxa bat hartzea erabaki zuen. Toalla eta barruko arropa joko garbi bat hartu eta lur azpiko lehen solairura zuzendu zen “Barruko arropa joko bat bi eguneko… Aztiago ibili beharko naiz kontu honekin hemendik aurrera”. Bertan, garbigailu gela bat topatu zuen. Alboan, garbigailua lanean dabilela denbora errazago pasatzeko edo, mahai tenis mahai bat topatu zuen “Nire kirola! Beste ezertan ez diet sekula lagunei irabazi! …Ze tristea…”. Korridorean aurrera jarraitu eta dutxak aurkitu zituen. Lauko ilara bateko azkenekoan sartu eta atea itxi zuen. Arropa guztiak atearen atzealdean zegoen zintzilikario batean jarri eta ura ireki zuen. “Kaka! Ez dut xaboirik! Beno, ez zait gaizki etorriko ur kolpe bat bada ere”. Ura erortzen hasi bezain pronto ordea, aldamenetara begira hasi zen. “Ze usain mierda da hau?!”. Atzera egin eta atearen aurka erori zen. Irrist egin eta lurrera joan zen ia baina atearen goialdeari indarrez heldu eta zutik jarraitzea lortu zuen. Usain hark Ormaiztegiko frontoi parean dagoen Urbeltz iturriko usaina ekarri zion gogora “Hau arrautza ustel usaina!”. Ura itxi eta harrerara zer demontre pasatzen zen galdetzera joatea otu zitzaion baina nekatuta zegoen eta badaezpada ere, ez joatea erabaki zuen. Ez zuen berriz ere hanka sartu nahi aste beteko pelikulak hornituko zizkion neskatoarekin. “Nahikoa artaburu itxura eman dut dagoeneko…”. Ura berriz ere ireki eta lasai erortzen utzita, usaina desagertzen joan zen pixkanaka “Edo joan da, edo ohitu naiz…” Xaboirik ez izan harren, ikaragarri eskertu zuen dutxa eta gelara abiatu zen berriz ere “Hegazkinetan xaboia sartzen utziko balute…”. Gelan sartu zenean gelakideek lo jarraitzen zuten. Ohean eseri eta lotarako gogorik izan gabe jarraitzen zuela konturatu zen. Berriz ere islandiarren ohituretan pentsatzen hasi zen. “Nola demontre egongo dira ohean orain bi ordu argitu du eta! Hauek ziur gosalduta daudela dagoeneko!”. Quechua txikia hartu, hustu eta Reykajavik ezagutzen hasteko behar zuena sartu zuen bertan: Gidak, argazki kamera, karpetatxo berdea, “El Ocho” mardula, egunerokoa eta boligrafoak. Kalera atera eta Reikjavik City Hostelaren sarreran zegoen zelaian zehar hamar bat metro egin

73


zituen errepide ondoko banderetara iritsi arte. Inguruan zuena begiratu eta abentura hastear zegoela konturatu zen. Arnasa indartsu hartu... Eta lotara itzuli zen. “Nora hostia noa ni goizeko seiretan�.

74


Logelako beste aldean entzuten zen botila hotsak esnatu zuen Txomin ordu batzuk lehenago Reikjavik City Hosteleko harrera gelan ezagutu zuen neska zoragarria protagonista zuen ametsetik. Egun luzea izan zen aurrekoa baina deskantsatuta eta abenturari ekiteko prest sumatu zuen bere gorputza. Begiak ireki eta gortina luzeek uzten zuten zirrikitu batetik kanpora begiratu zuen. Reykjavik City Hostelera iritsi zenean bezain eguraldi ona egiten zuen eta bere buruari jaikitzeko garaia zela agindu zion. Gortina atzean, eta leihoaren azpian zegoen irtengunetik lotara sartu aurretik kargatzen utzi zuen mugikorra hartu zuen ordua begiratzeko. Goizeko 08:52ak besterik ez “Joder, hiru ordu puta besterik ez ditut lo egin..”. Botila hotsak bere horretan jarraitzen zuen logelaren beste aldean eta mediterraneo itxura zuen mutil bat ikusi zuen ginebra eta whisky botila pare bat barnean zituen plastikozko poltsa zuri bat ohe azpitik ateratzen. Goizean logelara iritsi zenean zurrunka ari zen gaztea zela konturatu zen. Beste aldera begiratu eta zurrungez babesteko zakua goraino zuen gelakidearen ohea hutsik zegoela ikusi zuen. “Hiru ordu besterik ez…” errepikatu zion bere buruari. Arreta asko eskaintzen zien beti bere lo orduei Txominek. Bilbon bizi izan zenetik, lotarako zenbat ordu zituen kalkulatzen zuen ohera joan aurretik. Nahi baino gutxiago izanez gero, urduri jarri eta gehiago kostatzen zitzaion lo hartzea. Zortzi ordu zen kopuru egokia, bederatzi ikaragarria, zazpi onargarria eta hortik behera, kaka zaharra. Asko zaintzen zuen kontu hori eta bere osasunerako berebizikotzat jotzen zuen. Aldi berean ordea, kontziente zen ardura hura kontraesanean zegoela

77


zeraman gautxori bizia janzten zuen kulpa ezarekin. “Konpentsatzeko…” esaten zion bere buruari “Lemmy gutxiago zaindu zen eta begira nola dagoen…”. Aprensiboa zela esaten zuen hipokondriako hitza gehiegi gustatzen ez zitzaiolako. Behin, hiztegian ere begiratu zuen bi hitzen esanahia eta identifikatuago sentitu zen lehenarekin. Aprensiboa: leku guztietan bere osasunarentzat arriskuak ikusten dituen pertsona. Hipokondriakoa: nahiz eta medikuak ondo dagoela esan, zerbait gertatzen zaiola pentsatzen jarraitzen duena. “Aprensiboa hobe, nahiz eta arriskuak antzematen nahikoa selektiboa naizen…”. Hori gutxi balitz, ikaragarri eragiten zioten ingurukoen gaixotasun edo heriotzek eta berak ere halako zerbait izango ote zuen pentsatzen hasten zen segituan. Sintoma hau izan zuen, edo bestea… Beti topatzen zuen baten bat bere gorputzean. Stieg Larsson berrogeita hamar urtera iritsi berri zela bihotzeko batek jota hiltzeak ere ez zuen gehiegi lagundu. Millenium idazten ari zela, egunean lau ordu besterik ez omen zuen lo egiten eta esna zegoen denbora, bi tabako pakete eta hamaika kaferekin laguntzen omen zuen. Horri, lanera joan zen egun batean igogailua izorratuta zegoela gehitu ezkero, eskailerak igotzen amaitzean jasan zuen bihotzekora iristen gara. Txomin berak ere “obra handi zein antologiko bat” idatzi behar zuen baina ez zuen halakorik gertatzerik nahi. “Saga amaitu gabe joan zitzaigun gainera… Eta Lisbeth zer?”. Ohetik altxa eta Suncamp handia atera zuen ohe azpitik. Barruko arropa joko berri bat hartu nahi zuen bertatik baina erabat ahaztua zuen kremailerako giltzarrapoarekin topatu zen. Abiatu baino egun batzuk lehenago erosi zuen herriko burdindegi batean balizko lapurrak kikiltzeko asmoz eta giltza diru-zorroan zuela gogoratu zuen. Prakak koltxoi azpitik atera, giltza txikia hartu eta giltzarrapoa zabaldu zuen “Total, kremailera apurtzea kostatzen denarekin…”. Behin Suncamp handia zabalik, goizeko dutxa kirasdunaren ondoren barruko arropa aldatu zuela gogoratu zen. Giltzarrapoa itxi eta giltza diru-zorrora itzultzean, ezkutuko zorroan ehun euro besterik ez zituela oroitu zuen. Oporrei ekin baino bi aste lehenago bankura joan zen króna batzuk lortzea posible ote zen jakiteko asmoz

78


baina txanpon hori ez omen zegoen erabiltzen zituztenen artean. Ez zuen gehiegi konbentzitu azalpenak baina krónarik gabe irten zen sukurtsaletik “Funtzionarioak eta bankuetako langileak. Eguneroko lan errutinatik ez ateratzeagatik edozein gauza”. Bankuan kasu egin zion neska gazte panpox zein lehorrak, dirua Islandiara iritsi bezain pronto ateratzea gomendatu zion ohikoa zuen mespretxuarekin “Zein pentsatuko ote du honek dela? Nahiago nuke zure ordez Eroskiko kajera bat egongo balitz, askoz atseginagoak dira… Egunen batean kexa bat jarri behar dut…”. Chiquilín pakete bat baino lehorragoa zen bankuko langilea burutik kendu eta arropa janzten hasi zen. Reykjavik ezagutzen hasteko ordua zen. “Dirua atera. Horixe da nire lehen misioa Islandian”. Kamiseta jantzi zuen dirua non atera harreran galdetuko zuela erabakitzen zuen bitartean. Burua lepotik ateratzean botilekin jolasean ari zen gazteak egun onak eman zizkion. -Gud mornin! – “Joder, hau ni bezalaxe dabil ingelesarekin…” -Espanix? – “Ingeles horrekin ezin da oso urrutikoa izan. Espainiarra edo frantziarra”. -Italian – “…edo italiarra”. -Bonjorno! -Buon giorno – Erantzun zion italiarrak irriparre batez Mai neim is Lorenco -Laik de outsaid! –“Kanpoaldean gogor jotzen ari dekena! Harrapatu dek? Ona izan dek!”. -Guat? – Higgsen Bosoiaren teoria azaltzen ariko balitzaio moduan.

79


-Nazin els maders – Eskuarekin ahazteko keinua eginez. “Ez egin txisteak ingelesez Txomin. Nahikoa duzu komona non dagoen galdetzen asmatzen baduzu...” -Jaf yu a parti jesterdei? – Ohe azpian zituen botilak seinalatuz. Baietz erantzun zion, hutsik zeudela. Oporraldiko azken gaua zutela eta parranda ederra bota zutela aterpetxe inguruan. Bere arrebarekin egin omen zuen Islandia osoko buelta. “Batzuk amaitu eta besteak hasi”. Lehen eskuko informazioa eskuratzeko baliatu zuen Txominek parada eta Islandiaren inguruan galdetu zion Lorencori. Italiarrak ordea, beste leku batean zuen zentratua bere interesa. Parranda eta alkoholaz besterik ez zion hitzik egin. Alkohola oso garestia zela Islandian eta lokal espezializatuetan besterik ezin zela erosi. Horretaz gain, garagardo marka ezberdinak gomendatu zizkion eta Brennivín izeneko edari batekin kontuz ibiltzeko ohartarazi zuen. Oso gogorra zela eta burura oso azkar igotzen zela. Harrituta geratu zen Txomin Lorencok alkohola eta festarekiko zuen obsesioarekin. Urte batzuk lehenago, berak ere ez zuen askoz gehiago buruan baina disimulatu egiten zuen behintzat, edo hori iruditu zitzaion une hartan. Ikaragarria iruditu zitzaion Islandia bezalako leku batera joan eta hori baino helburu edo erronka gehiagorik ez izatea. Ibili, lekuak ikusi, kultura ezagutu, harreman berriak egin… “Baina zer koño ari naiz esaten?!” Bere bizitza osoan zehar, halako helburuak zituen lehen aldia zela konturatu zen une hartan Txomin eta lotsa eta harrotasunaren arteko zerbait sentitu zuen. “Flogging Mollyren Drunken Lullabies Ekhirentzat! Joder… Eta txiste hauek ez ditu inork entzun behar benetan? Alkoholaren inguruko monografikoa amaitu eta bere arrebaren bila joan behar zuela aitzaki, logela utzi zuen Lorencok italiarrengan ohikoa den hezierarekin. Mendiko botak jantzi eta goizean goiz espedizioan ateratzeko prest utzi zuen Quechua txikia bizkarrera bota zuen egunari ekiteko asmoz.

80


Suncamparekin zer egin pentsatzen hasi zen orduan eta ez zitzaion gehiegi gustatu maleta handi hura guztien bistan uztearen ideia. Logelan lockerrik ote zegoen begira hasi zen baina ez zuen topatu. Gainera, halako maleta puska bat sartzeko etxeko armairuaren tamainako locker bat beharko luke gutxienez. Buruari buelta batzuk eman ostean, mesfidantza alu horiek alde batera utzi eta fardela ohea azpian sartzea erabaki zuen “Ez dut arropa besterik barnean. Nork lapurtuko dit ba? …Mekaguendios lapurtzen badidate!”. Gelatik irten eta eskaileretara bidean abiatu zen. Komunenetara iristean ordea, hortzak garbitzeko monoa zuela konturatu zen. Egunean hiru aldiz garbitzen zituen eta beharra, menpekotasun izatera iritsi zen ia-ia. Irailaren 11a geroztik arauak aldatu zituzten hegazkinetan eraman zitezkeen likidoen inguruan eta arau horiek ongi ezagutzen ez zituenez, ez zuen ezer eramaten sekula “Badaezpada ere… Xaboi eta xanpuarekin batera erosiko dut hortzetarako pasta tutu bat”. Komunetako ate parean locker sorta eder bat topatu zuen eta Suncamp handia bertan sartzen ez bazen ere, egun amaieran giltza bat izateko zer demontre egin behar zen galdetzea erabaki zuen baliozko gauzak behintzat bertan sartzeko “bat ezin da egun batetik bestera erabat aldatu… Pixkanaka”. Eskailerak jaitsi eta harrerako gelara iritsi zen. Ez zirudien goizean ezagutu zuen gela berbera. Goizeko iluntasuna leihate handietatik sartzen zen argiak jan zuen eta alde batetik bestera edo harrera pareko sofetan tertulian zegoen jendeak biziz beteriko leku batean bilakatu zuen. Eskaileretatik zetorren korridorea amaitzean, gela goizean iruditu zitzaiona baino handiagoa zela konturatu zen gainera. Irtengune handi bat zuen kanpora ematen zuen leihate handiaren kontra eta bertan bost bat ordenagailu topatu zituen. “Badut interneta non erabili. Arazo bat gutxiago”. Harrerara gerturatu eta ilaran zain denbora apur bat egon beharko zuela ondorioztatu zuen “Ez naiz galduta dabilen bakarra…”. Barrura begiratu eta lotako ametsean lagun baino

81


gehiago izan zuen eztizko begiradadun neskaren bila hasi zen “Lastima”. Bere lekuan, Kathy Bates gazte bat gogoratu zion emakume handi bat zegoen. Goxotasun zein interes guztiarekin ari zitzaion azalpenak eskaintzen parean zuen neskari “Ondo moldatu behar naiz emakume honekin”. Ez zen lodiegia ere baina bai oso handia. Metro eta laurogei neurtuko zuen gutxienez eta lehen kolpean antzeman zitekeen guztian, lasaitasuna iradokitzen zuen. Buru atzetik hogei bat zentimetro erortzen zitzaion Ile-motots sinple batean zeraman bildua ile hori indartsua. Ez zuen inolako makillajerik eta arropa ere begiradan sumatzen zitzaion praktikotasunarekin aukeratua izan zen. Ilaran aurretik zituenak beraien kontsultak amaitu bitartean, erakusleihoko barran ederki ordenatuta zeuden informazio liburuxkei gainbegiratu bat ematen hasi zen. Gullfoss eta geyserrak, Detifoss, Mivatneko lakua, Vatnajökulleko glaziarra, rafting saio bat… Hortxe zeuden haurtzaroko gelakideak gomendatutako leku guztiak eta gehiago. Bazirudien pertsona egokia aukeratu zuela Islandian ikusi beharrekoaz itauntzeko. Hamabost egun zituen aurretik Islandia osoa ezagutzeko eta bazekien denbora gutxi zela. Lehen egun hura Reykjavik ezagutzeko baliatu behar zuen baina Reykjavik City Hostelean pasa behar zituen gainontzeko egunetan zer egingo zuen erabakitzen hasi beharrean zen. Liburuxkak sakonago aztertzen hasi zen hurrengo egunean zer egin zezakeen pentsatzen hasteko eta txango gehienak, day tourrak zirela ikusi zuen. Bazirudien gainera, aterpetxean bertan kontratatzen zirela eta bertan jasotzen zintuela autobusak. “Ez da oso Indiana Jones baina tira, erosoa bai behintzat…”. Liburuxka eta liburuxka artean begira, ezagutzen ez zuen eta aho bete hortz utzi zuen leku bat topatu zuen. Argazkiek erabat txundituta utzi zuten. Probatzeko hainbeste gogo zuen ur-berodun igerileku horietako bat zirudien baina ez zuen inolaz ere igerileku publiko arrunt baten antzik. Ezerezaren erdian zegoela zirudien eta azaleratik ateratzen zen kearen artean, kas limoi kolore bitxi bat antzematen zitzaion urari. Leku hark Eraztunen Jauna edo Amaigabeko istorioa gogoratzen ote zion erabakitzen ari zen

82


bitartean, liburuxka karpeta berdean sartu zuen hartu zituen beste lauekin batera. Liburuxkaren azalean jarri zuen begirada: Blue Lagoon. “Hor bainu bat hartu behar diat bai ala bai!” Karpetatxo berdea ixten ari zela bere txanda iritsi zen. Kathy Bates islandiarrak irribarre batez itxaroten zuen Txominen galdera. -Gud morning! - “Educación ante todo!” -Good morning – Erantzun zion irribarre zabal batekin. Hala ere, bota zion irakasle zintzoaren begiradak garbi utzi zuen Kathyk jakin bazekiela Txomini behar zuena azaltzeko, ordura arte baino lan handiagoak behar izango zituela. -Okei, kan ai bui dis dey turs here? -Yes sure – Buruarekin onarpen keinu bat eginez eta irribarre amatiarra galdu gabe. -Okei… - Liburuxkei begira bost bat segundo pasa zituen biharamunean egin nahiz zuen txangoa aukeratzeko. Azkar egin zituen kalkuluak. Detifoss eta Mivatn ikusteko gogo ikaragarria zuen baina Islandia iparraldean zeuden eta egokiagoa iruditu zitzaion txango hura Akureyritik egitea. Vatnajökulleko glaziarra ere ikusi nahi zuen baina gehiegi izan zitekeen lehen egunerako. “Seyðisfjörðurren lotarako lekua bilatu izan banu…” - Ai guont go to Gullfoss an jeisers dei tur tumorrou. Jau matx it kost? -9.000 króna Islandiara joan aurretik króna batek zenbat euro balio zituen begira ibili zen sarean eta bere harridurarako, ia ahaztua zuen pezetaren pareko zebilela jakin zuen. Euroa ehun eta hirurogeita zortzi pezetaren pare zegoen txanpon hura gure bizietatik desagertu zenean eta króna, ia balio berdinean zegoen 2010eko uda hartan, ehun eta hirurogei zehazki. Euroaren lehen urteetan hainbeste erabilitako kalkuluei

83


herdoila kendu beharrean zen . “9.000 króna, 9.000 pezeta eta 9.000 pezeta, 60 bat euro. Ez da ba merkea ez Islandia. Ez jauna…” -Okei, ai guont dis dei tur – Irribarre zabal batez – Kan ai pei guiz target? -What? – “Guiz target joder! Bankukoa!” Txartela atera zuen Txominek diru-zorrotik eta eskuarekin altxatu zuen Kathy Bates gazteak ikusi ahal izateko. -Ah! With credit card you mean – Ariketa bat gaizki egin duen ikasle artaburuari andereñoak itzultzen dion errieta begiradarekin. -Jes, sorri. Mai inglix is beri limitid – Lotsak eragindako barre algaratxo batek ihes egin zion “Joder, ederki hasi naiz” – Bat ai trai! – Bota zion konplizitate bila. -Kar kar kar – Egin zuen barre Kathy islandiarrak txartelarekin ordaindu ahal izateko trastea erakusleiho azpitik ateratzen zuen bitartean. Lehen 9.000 krónak xahutzen zituen bitartean Blue Lagoonaren inguruan galdetu zion Txominek. Reikjavik eta Keflavikeko aireportuaren artean omen zegoen eta jendeak etxera itzultzean egiten zuen azken parada izaten omen zen. Flybusa bi modutara eskatu omen zitekeen. Lehena, Keflavikera zuzenean eramaten zintuena eta bigarrena, Blue Lagoonen geldialdia egiten zuena. Eskerrak ema zizkion azalpenengatik txarteleko pasa-hitza trastean sartzen zuen bitartean. “Ez da plan txarra ez azken egunerako…”. Bide batez, Reikjavik ezagutzera joan nahi zuela kontatu zion emakumeari eta autobusa non hartzen zen galdetu zion. Munduko lasaitasun guztiarekin eman zizkion azalpen guztiak eta nahiz eta bere ingelesa oso ulerkorra izan, Txomin galdu egiten zen noizean behin. Txominek zerbait ulertu ez zuela konturatzen zen bakoitzean, azalpena geldoago errepikatzen zion. Hori guztia,

84


irribarrea galdu ere egin gabe “Ez dakit Reykjavikekoa izango den baina Bartzelonakoa ez da behintzat…”. Autobusa aterpetxe parean baina errepidearen beste aldean hartzen zela erantzun zion eta horretarako bai, dirua beharko zuela. Orduan, dirua non atera zezakeen galdetu zion Txominek eta emakumeak Reykajavikeko mapa bat atera zion erakusleiho azpitik “Zer ez ote du izango emakume honek hor azpian…”. Aterpetxea non zegoen adierazi zion eta iparraldera jotzeko esan zion. Hamar minututan topatuko omen zuen banku bat baino gehiagoko zonalde bat. Gero, aterpetxera itzuli eta berak emango omen zizkion kanbioak autobuserako “Munduko leihatila guztietan daudenak holakoak izango balira…”. Bost minutuan zortzi milagarren aldiz eskerrak eman ondoren, hurrengo egunerako day tourrerako tiketa hartu eta harrera gunetik urrundu zen Bates andereak eman zion Reikjavikeko mapa karpetatxo berdean sartzen zuen bitartean. “Bon Iverren Skinny Love zuretzat Kathy”.

85


Udaletxeko ordenagailu batean inprimatu nuen hegaldiaren xehetasunekin posta elektronikora iritsi zitzaidan agiria. Erabakia hartua zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Islandian bakarrik pasa behar nituen 2010eko oporrak. Irudikapenak alde batera utzi eta bidaia prestatzen hasteko ordua zen. Islandian egon zen jende ezberdina topatzen saiatu nintzen ezagunen artean alde batetik eta interneteko foroetan bestetik. Zerbitzuetako teknikari baten anaia bi urte lehenago egon zen lagun batzuekin bertan eta telefonoa eskatu nion kafe bat hartu eta Islandiaren inguruan ahal bezain beste informazio eskuratzeko. Harren bidez jakin nuen beraiek egon ziren uda berdinean Islandian bi aste pasa zituen beste beasaindar baten berri. Taldean joan ziren bi espedizioak eta ados egon ziren Islandia ezagutzeko modurik egokiena, auto bat alokatzea zela esatean, 4x4 bat ahal izanez gero. Nik ordea, bakarrik egin behar nuen oporraldia eta auto bat alokatzearena ez zen aukera bat. Aurrekontua ikaragarri igoko zuelako alde batetik, eta bakarrik joatearen alde onetako bat, aterpetxe eta bidaia ezberdinetan jendea ezagutzea zelako bestetik. Auto batean bakarrik ibiliko banintz alde batetik bestera, oso bidaia bakartia izaten amaituko luke eta ez nuen hori nahi inondik inora. Bakarrik joan bai, baina bakarrik egon, ez. Aspaldi ikasi nuen bakardadea eta ni ez garela adiskide onak. Hiri batetik bestera mugitzeko garraioen inguruan galdetu nien orduan baina ez zuten horren berri. Han topatu zuten jendearen artean ba omen ziren autobusez mugitzen zirenak baina ez zekiten ez non hartzen ziren, ez noiz eta ezta preziorik ere. Hala ere, bakarrik joanez gero, auto bat alokatzea

86


baino merkeago aterako litzatekeela iruditzen zitzaien. Gainera, autobus askorekin egin omen zuten topo errepidean. Trenik ba ote zegoen ere galdetu nien eta zerbitzuetako teknikariaren anaia, galdera horren zain zegoela iruditu zitzaidan. “Islandia osoan ez dago trenbide bakar bat ere!”. “CAFekoi abisatu beharko diegu” erantzun nion. Ikusi beharreko lekuez galdetu nien eta bai aurrez aurre izan nituenak eta baita foroetan erantzun zidatenek ere, leku berberak gomendatu zizkidaten. Gainera, guztiak bat zetozen bidaia egiteko moduarekin. Egokiena, Reykjaviketik irten, iparraldera abiatu eta irla osoari buelta ematea omen zen. Reykjavikeko egonaldia Gullfosseko ur-jauzia eta geyserrak ezagutzeko probestu zitekeen eta Akureyrikoa, Detifoss eta Mivatneko lakua ezagutzeko. Vatnajökulleko glaziarra, Islandiako guztietan handiena hego-ekialdean zegoenez, itzuli amaieran Reykjavikera bueltan ikusi zitezkeen. Langjökull eta Hofsjökull glaziarrak aldiz, Reykjavik eta Akureyri artean zeuden irlaren erdialdean. Bidaia forma hartzen ari zen pixkanaka eta googletik atera nuen Islandiako mapak zirriborro gehiago zituen gainean egunero. Hala ere, hiri bakoitzean zenbat gau pasa behar nituen zehazten hasi beharrean nintzen. Ezer lotua izan gabe Islandiara joateak, deseroso sentiarazten ninduen oraindik. Are gehiago, elkarrizketatuek kontatutakoa eta gero. Hotelak ikaragarri garestiak zirela azaldu zidaten. Euskal Herritik joandako batentzat, aterpetxeak omen ziren aukera bakarra beti ere, kooperatiba bateko edo CAFeko langile ez bazinen behintzat. Aterpetxeak ordea, azkar betetzen ziren udan eta erreserbak aurretik egitea komenigarria zen. Zinegotzi aluak mahai azpian zituen hamaika kaxetako batetik Beasaingo Udalak urtero ateratzen zuen egutegietako bat lapurtu eta abuztuko orria kendu nion. Hortxe idatziko nuen nire ibilbidea. Interneten begira hasi eta Islandiako aterpetxe gehienak Hostelling International katekoak zirela ikusi nuen. Urte batzuk lehenago, koadrilakoekin Portugalera joateko atera

87


nuen aterpekide txartelaz gogoratu nintzen orduan. Etxeko tiraderetan begira hasi eta topatu nuen azkenean baina iraungita zegoen dagoeneko. Horrelakoak egiteko Ordiziako Gazte Bulegora joan behar zen garai hartan eta bertan atera nuen berria. Txartel hau ez da beharrezkoa Hostelling International aterpetxeetan lo egiteko baina eduki ezkero, kontuan hartzeko moduko deskontu bat egiten dizute. Hostelling international katearen webgunean sartu eta aterpetxeak begiratzen hasi nintzen. Reykjaviken bi atera zitzaizkidan: Reykjavík Downtown eta Reykjavík City Hostel. Lehena hirigunean zegoen eta bigarrena erdigunetik hamar bat minutura autobusez. Reykjavík Downtownek itxura ederra zuen baina gau bakoitza hogeita zortzi euro inguruan zebilen. Reykjavík City Hostelean berriz, gau baterako ohea hamazazpi euroren truke eskuratu zitekeen. Hamalau gau igaro behar nituen Islandian eta askoz erakargarriagoa egin zitzaidan bigarrena. Zer dira gainera hamar minutu autobusean? Zenbat egun beharko ote nituen Reykjavik ondo ezagutzeko? Eta bertatik egin beharreko txangoak burutu ahal izateko? Reykjavík, Gullfoss, geyserrak… Vatnajökull? Islandia handia zen eta denbora gutxi nuenez, Reykavíken lehen hiru gauak pasatzeko hautua egin nuen. Nahiz eta Beasaindik abuztuaren hiruan irten, iristerako abuztuaren laua izango zen. Lehen egunak ez zuen ezertarako balioko. Laua hiriburua ezagutzeko eta bosta, ikusi beharreko leku horietakoren bat ezagutzeko baliatzea erabaki nuen. Bakarrik joanda ez nuen arazorik izan Reykjavík Cityn ohea topatzeko eta egutegian lehen zehaztapenak idatzi nituen: Abuztuaren hirutik seira Reykjavíken. Esan bezala, ez nituen egun gehiegi. Hegaldiak begiratzen hasterakoan, oporraldi hauei merezi zuten garrantzia eman nahi izan nien eta hamabost egun denbora nahikoa iruditu zitzaidan Islandian igarotzeko. Are gehiago bakarrik joanda. Hala ere, ibilbidea antolatzen hasi bezain pronto, irla osoa ezagutzeko hamabost egunak motz geratuko zitzaizkidala

88


konturatu nintzen. Hori dela eta, ReikjavĂ­ketik Akureyrira jauzi egitea erabaki nuen zuzenean. Iparraldeko hiriburua deitzen diote Akureyriri inguru haietan eta ReikjavĂ­keko zonaldetik kanpo, herrialde osoko biztanleria gehien duen hiria da, 17.000 bizilagun. Datu hura irakurtzean, hiri hura gustuko izan behar nuela jakin nuen. Herri handi bat niretzat Islandian ere. Akureyriko argazkiak begiratzen aritu nintzen interneten eta ikaragarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Ez dago erabat kostaldean baina itsas sargune baten amaieran kokatzen da. Ikusi nituen argazkietan, bi lur zati erraldoien artean harrapatutako laku amaiezin bat zirudien itsasoak. Portuan aldiz, transatlantiko ezberdin bat zegoen hondartuta argazki bakoitzean. Ez zen oso hiri handia eta argazki gehienetan kale berdina ageri zen. Kafetegiz beteta zegoen eta jende mordo bat ageri zen kanpoko mahaietan eserita. Kalearen ahoan, teleaulki bat zirudien eserleku bat zegoen eskultura moduan jarrita. Argazkietan ageri ziren gehienek liburu bat zuten eskuan eta ez dakit zer arituko ziren irakurtzen baina irribarre bat zuten guztiek ahoan. Gidaren baterako nahita ateratako argazki sorta bat zela ere pentsatu nuen baina ez nituen burutazio haiekin argazki eder haiek izorratu nahi izan. Konturatzerako, sekula zapaldu ez nuen leku hartaz maitemindu nintzen. Lasaitasuna iradokitzen zuen eta hausnarketarako leku egokia zirudien. Horixe zen bidaia honetan bilatzen nuena. Hori gutxi balitz, Islandia iparraldean ikusteko moduko leku eder mordoxka bat zeudela irakurri nuen han-hemenka eta Akureyri txikia txango horiek guztiak egiteko leku egokia izan zitekeen. Aterpetxe bakarra zuen hiriak oraingo honetan eta horrek, ohea bilatzea arazo bilakatu zuen. Iparraldeko hiriburua turista guztien derrigorrezko geldialdietako bat zen eta nire beldurrak egi bilakatu ziren erreserba egiterakoan. Abuztuaren seitik hamarrera hartu nahi izan nuen ostatu bertan baina ezinezkoa zen. Konbinazio ezberdinekin saiatu eta arazoa, abuztuaren seiko gaua zela konturatu nintzen. Full zeuden egun hartan eta hasiera batean, Akureyrira iritsi eta lehen gauerako ohe bat bilatzen hastea burutik pasa zitzaidan. Ez nekien zer

89


topatuko nuen han eta bertan behera utzi nuen azkenean ideia. Burura etorri zitzaidan konponbide bakarra Reykjavíkeko egonaldia egun batez luzatzea izan zen. City Hostelean ez zegoen batere arazorik egun bat gehiagoz bertan geratzeko eta hori izan zen azkenean nire aukera. Hirutik zazpira Reykjavíken eta zazpitik hamarrera Akureyrin. Beldur nuen ez ote zen denbora gutxiegi izango Akureyrin igarotzeko‌

90


Bates anderearen adierazpenak buruan behin eta berriz errepikatzen ari zela Reykjavík City Hosteletik atera eta aterpetxe kanpoan zeuden bi egurrezko eserlekuetatik libre zegoen bakarraren parean geratu zen Txomin. Euskal Herriko edozein askaldegitan topatu zitezkeen mahai eta banku berdinak ziren eta irribarre batek ihes egin zion. “Honaino etorri eta Oainguko mahai berdinak topatzea ere…”. Quechua txikia mahai gainera bota zuen karpetatxo berdea bertan sartu ahal izateko. Motxila bizkarrean hartu eta aterpetxeak atarian zituen bi zelai ederren artetik igarotzen zen bidetik errepidera iritsi zen. Auto gutxi zebilen eta zebrabide bat bilatzen denborarik galdu gabe, korrika txikian pasa zuen errepidea aldenik alde. Korrika zihoala, nerabe garaietan koadrilakoak Donostiara joaten ziren bakoitzean errepikatzen zuten balentria alua gogoratu zuen. “Nork ez du hiri handi batean errepide bat behar ez den lekutik korrika igaro abarkadun hutsa naiz eta harro nago oihukatuz?”. Bere obra handian sartzeko moduko egoera bat iruditu zitzaion “Bitxia da. Gero gure herrian semaforoa berde jarri arte itxaroten dugu…”. Errepidea gurutzatzen amaitzean egunerokoa Quechua txikitik atera eta ohar moduan apuntatu zuen burutapena. Bi norabideko errepide zabal bat zen korrika igaro berri zuena, bi bidekoa bakoitza “Joder! Autobia bat ia-ia…”. Beste aldera iristean topatu zuena ordea, beste kontu bat zen. Handik aurrera etxe txiki eta bide estuak besterik ez zituen ikusten. “Kale garrantzitsu bat izango da agian”. Kalearen izenaren bila hasi eta azkar bilatu zuen kartela: Sundlaugarvegur. “Harrapa zak! Ea ez dudan inori non dagoen galdetu beharrik…”.

91


Kale estuetan zehar eta mapari begira iparraldera jarraitzen zuen bitartean, etxera deitzeko garaia zela pentsatu zuen. Aurreko eguneko goizeko zortzietan atera zen Beasaindik eta etxekoek ez zuten bere berri oraindik. Pausua gelditu gabe, mugikorra poltsikotik atera eta etxera deitu zuen. -Bai? – Galdetu zuen amak. -Egunon! – Oihuka ari zela konturatu zen. Barnean zuen alaitasun eta abentura grinaz kontziente izan zen une hartan eta horrek barruan zuen zirrara areagotu zuen. -Bueno! Gustura zaude behintzat! – Erantzun zuen amak kezka guztiak gainetik kendu izan balitu moduan. -Ba bai ama! Hau zoragarria da! Oraindik ez dut ezer ikusi baina zoragarria da! - “Noski baietz! Ea nork esaten didan ezetz!” -Zer moduz joan zen bidaia? Pentsatu bezain arriskutsua izan al zen Bartzelonako egonaldia? – Galdetu zion amak gaiztakeriaz. -Ja, ja, ja – Trufaka – Gustura ikusiko zintudan zu Bartzelonan bakarrik hegazkin bat hartu nahian – gaiztakeria itzuliz. -Baina zu izan zara joan dena – Erantzun zion umore onez. Deia jasotzeaz gustura zegoela sumatu zuen Txominek – Beno! Eta Islandia? Zer moduzkoa? Erraz topatu zenuen aterpetxea? -Ba bai! Aireportutik zuzenean eraman ninduten bertara beraz ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Oso ondo dute antolatuta guztia. Badakizu eskandinaviar hauek nolakoak diren…

92


-Pozten naiz ba! Zein ordu da hor? Bi ordu gutxiago esan zenuen ezta? -Bai, hamarrak laurden gutxi inguru hemen… -Zu gosaldu berri eta ni bazkaria prestatzen! – Oihukatu zuen irribarre bat askatuz. “Zure bazkariak faltan botako ditut…” -Izugarrizko eguraldia dago hemen ama! Hamalau gradu eta zerua aratz. Gustura egongo zinateke hemen! -Bueno bueno… ondo nago ni nagoen lekuan. -Kar-kar. Hor al dabiltz aita eta Martin? -Aita lanean dago eta Martin hemen, ordenagailuan. -Beno, ba eskumuinak eman nire partez ados? -Emango dizkiet bai. Noiz deituko duzu berriz? -Telefono deiak oso garestiak dira hemendik ama. Emailez hitz egingo dugu hobeto. Aitak esan zidan egunero begiratuko duela. Hala ere, aspertuta banabil deituko dizuet ados? -Aspertuta zaudenean bakarrik? Oso ondo! Oso polita! – Gehiegi haserretu gabe. -Kar-kar. Beno ama, izango duzue nire berri ados? -Hori espero dut. Asko disfrutatu eta kontuz ibili mesedez! -Bai ama, lasai. Badakizu zein mesfidatia naizen – Ama lasaitu nahian. -Beno, zerbaitetarako balio du horrek behintzat kar-kar

93


-Beno ama! Eskuminak aita eta Martini! Ondo izan! -Zaindu! – Esan zuen amak Txominek deia mozten zuen bitartean. Mugikorra poltsikoan sartu eta kalearen beste aldean aitona bat begira zuela konturatu zen. Harridura aurpegiz begiratzen zion eta Txominek ez zuen azalpenik behar izan arrazoiaz jabetzeko. Oihuka hitz egiten zuen beti mugikorretik baina bera ez zen errealitate horretaz kontziente izaten norbaitek zerbait esan arte. Mugikorrik gabe ere ozen hitz egiten zuen, mundu guztiarentzat arituko balitz moduan. Hori gutxi balitz, mugikorra bere bizitzan sartu zenetik, joera hori beste dimentsio batera eraman zuen “Bazpare, urruti dago eta…”. Udalean lanean hasi zenean derrigor ikasi behar izan zuen ahapeka hizketan eta behin lezioa ikasita, ordura arte izan zuen hizketarako modua zein gogaikarria zen konturatu zen. Hala ere, eta orokorrean hizketarako bolumena jaitsi bazuen ere, mugikorretik ari zenean bozgorailuak martxan jarraitzen zuen, ezin zuen ekidin. “Aitak esaten didan bezala: No sé para que quieres un móvil. Sal al balcón”. Aitona irribarre batez agurtu eta aurrera jarraitu zuen. Islandiar bizitegi-auzo arrunt zein bereizgarri bat zena igarotzen ari zela erabaki zuen. “Nik esaten dudalako. Inorrek badu zerbait kontran?”. Aurreko gauean City Hostelera bidean ikusi zituenak bezalako etxe familiabakarrak zituen bi aldeetan. Bakoitzak bere zelaitxoa zuen ate nagusiaren parean eta harritu egin zuen bat baino gehiago nahiko gaizki zainduta zeudela ikusteak “Hauek ez dira islandiarrak izango ziur…”. Deigarri gertatu zitzaizkion pare bat zelaitxotan ikusi zituen ohe elastikoak “Batak jarri eta beste inbidiaz. Azkenean, leku guztietan txakurrak oinutsik…”. Noizean behin denda txikiren bat ere ikusi zuen eta halako batean, arropa denda baten erakusleiho parean geratu zen. Emakumeentzako arropa saltzen zuten denda txikian eta Beasain edo Ordiziako erakusleihoetan topatu zitzakeen maniki berberak topatu zituen bertan. Hala ere, ez zen hori izan erakusleiho parean geratzera eraman

94


zuena. Kristal osoan zehar hitz berbera zegoen errepikatuta behin eta berriz eta esanahia, merkealdiak edo horrelako zerbait izango zela pentsatu bazuen ere, irribarre bat lapurtu zion: útsala. “Moda denda batean hutsala hitza behin eta berriz. Hau ere apuntatu behar dut ba. Sakona izan daiteke oso hausnarketa… Joder! Inspiratuta esnatu naiz gaur!”. Erakusleihoari argazki bat atera eta aurrera jarraitu zuen. Pixkanaka, bizitegi-auzotik irteten joan eta eremu ireki batera iritsi zen. Han, ez zen etxe berde zein urdin haiek iradokitzen zuten berotasunaren izpirik ere geratzen. Etxe orratzak ziren nagusi eta deigarri egin zitzaion guztiak zuriak izatea “Elurrik ez dagoenean ere zuria atsegin dute hauek gero…”. Etxe orratzen gainean, enpresa ezberdinen ikurrak ikusi zitezkeen eta bankuen zonaldera iritsi zela pentsatu zuen. Bizitegi-auzoa atzean utzi eta etxe orratzetara iristeko jaitsi behar zuen aldapari ekin zion. Aldapan behera zihoala etxe orratzen atzean itsasoa zegoela konturatu zen. Barku ezberdinak zeuden hondartuta bertan, erraldoiak guztiak. Laino moduko batek estaltzen zituen badia eta itsasontziak. “Kea darion badia. Ederki jarri zioten izena Reykjaviki”. Aldapa amaitu eta parean zuen etxe orratz altuenera jo zuen zuzenean. Ate nagusia itsasoari begira zuen eta buelta eman behar izan zion eraikin erraldoi zuriari. Bertara iristean bulego eraikin bat zela konturatu zen. Atea itxita zegoen eta ez zuen batere itxurarik barruan kutxazainik izateko “Kale!”. Eraikinetik apur bat urrundu eta aldamenetara begiratu zuen. Handik ez oso urrun NBI hizkiak letra gorriz idatzita zituen beste etxe orratz bat ikusi zuen. Gerturatzean, sarreran jendea zebilela ikusi eta misioa amaitzeko zuen grinak eraginda edo, ate gainean zuen eta “L” oker bat zirudien ikur gorri hark banku batena izan behar zuela pentsatu zuen. Zortea izan zuen eta bigarrengo saiakeran asmatu zuen. Sarreran bertan kutxazain bat topatu eta harro sentitu zen bere buruaz “Inork ikusiko banindu… Zein gutxi behar dudan nire buruaz harro egoteko…”

95


Bera baino altuagoa zen emakume bat ari zen kutxazaina erabiltzen eta itxaroten zuen bitartean diru-zorrotik txartelak ateratzen hasi zen. Kreditu eta zor txartel bana zituen. Banku batean lan egin zuen lagun batek Islandiara biak eramateko gomendatu zion. “Kreditukoa ordainketak egiteko eta zorretakoa dirua ateratzeko” esan zion. Beste gomendio bat ere eman zion baina belarri batetik sartu eta atera zitzaion “Zertarako nahi dut Visaren limitea igo? Diruarekin ordainduko dut guztia eta listo!”. Emakume zahar zein altuak bere gestioak amaitzean Txominen txanda iritsi zen. Ez zuen diru gehiegi gainean eraman nahi baina egunero dirua ateratzen aritzearen ideiak ere ez zuen gehiegi erakartzen. Aterpetxea ordaindua zuen dagoeneko eta baita hurrengo eguneko txangoa ere. Azkenean, 15.000 króna ateratzea erabaki zuen. 7.000 poltsikoan zuen diruzorroan sartu zituen. Ondoren, dirua non gordetzen zuen inork ez ikusteko asmoz eta bere disimulu gaitasun guztia martxan jarriz, gainontzeko 8.000ak galtza eta izterraren artean zuen zorroan sartzen hasi zen. Kutxazainaren kontra jarri zen lehendabizi inguruan zituenen ikusmena oztopatzeko. Aldamenetara begiratu eta eskuineko eskua hankartean sartu zuen larru beltzezko zorroaren bila. Gerrikoa indarrez lotua zuen eta dezente kostatu zitzaion harrapatzea. Lortu zuela iruditu zitzaionean indarrez tira egin eta kremaileraren punta ezkerreko potroan trankatu zitzaion. Min oihu estu batek ihes egin zion eta 8.000 krónak lurrera erori zitzaizkion. Mina pasa arte, bost bat segundo pasa zituen uzkurtuta eta burua kutxazainaren aurka zituela. Bere trebezia madarikatzen ari zela ordea, bi emakume hizketan entzun eta atzera begiratu zuen. Ahoa estaltzen zuten eskuarekin eta bata besteari azkonar bati atzetik ematen ari zaion bati begiratuko baliote moduan begiratzen zuten. Geratzen zitzaion duintasun guztiarekin 8.000 krónak lurretik jaso, dagoeneko gerrikotik zintzilika zuen zorroan sartu, arnasa hartu, tripa sartu eta hankartera itzuli zuen

96


-Egunon andereak - esan eta kutxazainetik urrundu zen “Mission one, done”. Bankuetara iristeko egin zuen bide berdinetik itzuli zen Reikjavík City Hostelera eta eguneko hirugarren zigarroa pizteko baliatu zuen ibilaldia. Lehen zupada ematean, Kerobiaren Rose Scargot entzuteko gogo ikaragarria sartu zitzaion. Ipoda martxan jarri eta aterpetxera bidean jarri zen. “Ez dut Isburt ezagutzen baina Reykjavik zoragarria da”.

97


Tolosako inauteriak dira eta kalea jendez lepo dago. Goizeko laurak inguru dira eta koadrila bat taberna kanpo batean dago tabernara sartu aurreko azken zigarroa apuratzen. Gure protagonista, Aitor, 23 urteko ikaztegietarra, ginkas urtu bat eskuetan duela eztabaidan dabil Xabier Arzallus eta Dark Vaderren arteko borroka bat nork irabaziko ote lukeen. Hau guztia, Jaiaken erositako Pipi Lastrumen mozorroa soinean daramala. Halako batean, zerua argitzen da kolpez eta kalean dagoen jende guztiak burua altxatzen du. Batzuk txaloka hasten dira su artifizialak diruditen horri begira. Beste batzuk aldiz, begiak zabal-zabalik dituzte. Azken hauetako bati kuba-rona lurrera erortzen zaio harriduraren harriduraz lurraren aurka hautsi arte. Une horretan bertan su bola erraldoi batek ondoko etxea jotzen du eta dena hegan irteten da. Kalea kaosean murgiltzen da eta su bola erraldoiek Tolosako kale zein etxeetan jotzen jarraitzen dute guztia suntsituz. Zerutik, tximistez inguratutako laino beltz arraro bat gerturatzen da pixkanaka. Bat-batean, gure protagonista trantze moduko batean sartzen da. Dardarka hasi da berak ere kontrolatu ezin duen indar batek hartuta. Energia aura ikaragarri bat pizten da bere inguruan eta tximista modukoak sortzen hasten dira aura eta

98


bere gorputzaren artean. Hala ere, ez da bakarra. Ehun bat metro atzerago neska bati antzeko zerbait gertatzen ari zaio. Su bolek erortzen jarraitzen dute dena suntsituz eta Aitor eta neska hartu dituen energia aura lasaitu egiten da. Bata besteari begiratzen diote eta beste inork ulertu ezin duena ulertu dutela dirudi. Bitartean, laino iluna zirudiena forma hartzen doa eta iluntasunetik espazio-ontzi estralurtar bat ateratzen hasten da. Batak besteari onarpen keinu bat egin eta hegan ateratzen dira espazio-ontzirantz. Bi heroi euskaldunak espaziora iristen dira eta espazioontzi amaz gain, zientoka espazio-ontzi txiki daudela konturatzen dira. Beraien eskuetatik kamejame antzekoak botatzen hasten dira estralurtarren laserrak saihesten dituzten bitartean. Hala ere, ez daude bakarrik. Beraiek bezalako ehunka daude estratosferan erasotzaile interglaktikoen aurka borrokatzen (zati honetan, akzion a kaskoporro eta hostias komo panes). Borroka latza da baina lurtarrak terrenoa irabazten ari dira pixkanaka. Espazio-ontzi estralurtarrak erortzen doaz eta heroi lurtarrek espazioan murgiltzen jarraitzen dute ama-ontzira iritsi arte. Halako batean, Aitorrek bere ondoan borrokan ari den neska batean jartzen ditu begiak. Edertasun hawaiiar bat da eta euskaldun baten berezigarri den artaburu aurpegiarekin berari so dagoela, espazio-ontzi txiki bat ondotik pasatzen zaio gorputza urratu eta Pipi Lastrumen mozorroa apurtuz. Bere harridurarako, bi motosdun ileorde gorriak bere lekuan jarraitzen du. Azken erasoa gauzatzen hasten dira baina segundoro lurtarrak erortzen doaz, uneoro gutxiago geratzen dira baina oso gutxi falta zaie borroka irabazteko. Gure protagonistarekin batera abiatu zen neska ere erori da laser baten ondorioz (kamera geldoan, tragiko tragiko...). Aitor zuzen zuzenean abiatzen da ama-ontzira eta deputamadreko kamehame batzuk

99


botatzen dizkio. Ez da konturatzen ordea, atzetik, espazio-ontzi txikietako bat (milaka daude) gerturatzen ari zaiola. Indarrak biltzen ari da kamehame ikaragarri bat botatzeko asmoz baina atzetik gerturatzen jarraitzen du espazio-ontzi txikiak. Energia bola botatzeko keinua egiten du eta gainean du dagoeneko. Halako batean, norbait agertzen da bere atzean eta espazio-ontzi estralurtar txikia suntsitzen du. Aitorrek kamejamea botatzen amaitu eta ama-ontzia desegiten hasten da su bola ikaragarri batean bilakatu arte. Kaza moduko espazio-ontzi estralurtar txikiak desagertzen hasten dira orduan eta Aitorrek atzera begiratzen du. Neska hawaiiarrak libratu du eta honek, irribarre bat bota eta alde egiten du. Ingurura begiratzen du Aitorrek orduan eta lurtar gutxi geratzen direla ikusten du. Bat, bi, hiru‌ Hamar besterik ez. Ehunka ziren borroka hastean baina gehienek bizia galdu dute gure lurra defendatzen. Arnasa hartu, Pipi Lastrumen mozorroa ahal bezala lotu eta hamarrak lurrera abiatzen dira, elkarrekin. Lurrera gerturatzen ari direla, orube bat ikusten dute hiri batetik gertu. Ez dakite non dauden baina orubearen erdian hartzen dute lur jarraian ingurura begira hasi eta non dauden jakiteko asmoz. Aitorrek kartel bat ikusten du hondakin erromatarrak diruditen harri puska guztien artea. Iruùa-Veleian daude.

100


Berrogei bat minutu behar izan zituen dirua ateratzearen misioa gauzatzeko. Itzulerako bidean eta eldarniozko istorio bat asmatzen ari zela, oraindik kleenex beharrik izan ez zuela konturatu zen “Hemen ez dut pa alergiarik!”. Iparraldeko klimak ederki egiten ziola pentsatzen hasi zen “Erdi Bikingoa, esaten dut ba nik…”. Kathy Bates gazteak gomendatu bezala, City Hostelera sartu zen kanbio bila. 1.000 krónako billetearen truke 500eko billete bat eta txanpon mordoxka bat itzuli zizkion. Hirigunerainoko autobus bidaiak 220 króna balio zituela esan zion eta baita beste zerbait ere baina Txominek ez zuen ulertu. Buruarekin baietz esan eta aterpetxetik irten zen. Hirigunerako autobusa hartzeko, errepidearen beste aldera pasa behar zuen lehendabizi eta hogei bat metro kalean gora egin ondoren. Oraingo honetan, zebrabidetik pasa zen. Autobus geralekura iritsi zenean neska bakar bat zegoen bertan zain. Txomin baino pare bat urte gazteagoa zirudien. Ile luze eta leuna zuen eta ia aurpegi osoa estaltzen zioten betaurreko handi batzuek atzean zituen begi txikiak ezkutatzen zizkioten. Betaurreko handiek ordea, ez zuten ia beraien tamaina berdinekoa zen hortzeria disimulatzen. -Gud mornin! – Esan zion Txominek heziera keinu batez -Good morning!- Erantzun zion irribarre zabal batez – Are you spanish? -Nou… Bueno… Ai am bask – Erantzun zion Txominek Euskal Herritik ateratzen zen bakoitzean bizitzen zuen egoera deserosoari automatikoki ematen zion erantzunarekin.

101


-¿Pero hablas castellano? – Galdetu zion azentu frantziardun neskak irribarrea milimetro bat ere mugitu gabe. -Si – Irribarrea itzuliz – ¿Eres francesa? -No, soy de Bruselas, Bélgica. -Pues hablas muy bien castellano. Mejor que yo inglés – “Y castellano…” Eskua buru atzera eraman zuen hazka egiteko lotsatzen zen bakoitzean egiten zuen bezala. -Kar kar – egin zuen barre Bruselaseko neska hortz handidunak – Bueno, todo es intentarlo. Seguro que aquí tienes la oportunidad de mejorarlo. ¿Que vienes? ¿De vacaciones? -Pues sí, acabo de llegar. Es la primera vez que voy al centro. ¿Y tú? ¿De vacaciones también? – Galdetu zion Txominek. Islandiara iritsi berria zen baina dagoeneko ezagutzen zuen hizkuntza batean hitz egiteko beharra zuela konturatu zen. “Ezagutzen dudan hizkuntza batean edo hitz egiteko besterik gabe… Nik ingelesez egiten dudana oso urrun dago hitz egitetik…” Autobusa agertu arte aritu ziren hizketan. Oso neska atsegina zen Lily eta bere bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion. Itzulpengintza ikaslea zen eta hori dela eta hitz egiten zuen hain ongi gazteleraz. Frantsesa, ingelesa eta gaztelera ziren bere lan hizkuntzak. Hala ere, Erasmuserako proposatu zizkioten hiri ezberdinen artean aukeratzeko ordua iritsi zenean, Reikjavíken alde egin zuen apustu. Irailean hasi behar omen zuen bertako unibertsitatean ikasten eta pisu bila hiru egun zeramatzala kontatu zion. Goiz hartan ere etxe bat ikustera omen zihoan zentrora. Ikasketez eta hauek amaitzen diren garaiaz aritu ziren orduan. Txominek ederki asmatu zuen eta Lily, ez zen bera baino urte bete gazteagoa besterik. Frantziar filologia ikasi zuen lehendabizi baina amaitzean, erabat arrotz egin zitzaion bere titulazioak lan merkatuari begira eskaintzen ziona. Hori dela eta, itzulpengintzarekin hastea erabaki zuen. Oso gustura omen zegoen erabakiarekin. Erabat identifikatua

102


sentitu zen Txomin Lilyk kontatu zionarekin baina berak beste bide bat aukeratu zuela aitortu zion. “Nik berdina egin izan banu…”. Hala ere, Txominen egoerak inbidia apur bat ere sortzen ziola aitortu zion Lilyk. –Tu dinero, tu vida… - “Euria edo eguzkia, beti dugu arazoren bat”. Autobusa iristerako beste lau bat pertsona bildu ziren geraleku inguruan. Ateak irekitzean Lily sartu zen lehendabizikoa. Atzetik sartu zen Txomin eta zebrabideko zuria baino zuriagoa zen txoferra “center” lakoniko batez agurtu zuen. Heziera askokoa izaten zen normalean baina urduri zegoen non jaitsi behar zen ideiarik ere ez zuelako. -Plis. Gud mornin! – “Konpondu diau…”. -Good morning! – Ia barre algara bat izatera iritsi zen irribarrearekin. “Subnormala naizela pentsatuko duen beste bat…”. – The ticket to the city center costs 220 krónur but once you’ve got it, you can take another bus within the next 40 minutes without paying more. –Ingeles zantzu guztiak desagertarazten zituen azentu itxiarekin. -Aha, aha… - “Pintto pintto, gure txakurra data…”. -Once the time ends you need to buy another ticket. If you are out for the whole day it is worthless but if you go for an errand, it is ok. – Konplizitate irribarre batekin eta ezertxo ere ulertu gabe. -Aha, aha… - “Lanroberra, popopopopo…” -Have a nice day! Bless! Irribarre zabal batekin eman zizkion azalpen guztiak baina Txominek ez zion tutik ere ulertu. Geratu zitzaion artaburu aurpegiaren ezinbesteko laguntzaz eskerrak eman eta barrura sartu zen. Lily bilatu zuen begiradarekin txoferrak zer demontre azaldu zion argitzeko asmoz eta autobusaren amaieran topatu zituen betaurreko handiak. Eskuarekin ondoko

103


eserlekua libre zegoela adierazten zion baina ikusi zuenerako, alboan zuen amona batek eskutik heldu zuen. -You haven’t understood anything, right? Don’t worry, I’ll explain you. – Eskutik helduta goxotasunez tira egin zion Txomini bere aurreko eserlekuan eser zedin “Kaka, betaurrekoek berotzen nautenarekin”. Laurogei urtetik gora zituen baina oso ondo zahartu zen. Ile orrazkerak zein arropak Segurako edozein Margari edo Ortentxi gogoratu zezaketen baina bere aurpegiak izaera berezi bat eskaintzen zion. Ilearen kolorea sekula ikusi ez zuen zuritasun batekoa zen. Bizi on bat iradokitzen zuten zimurrez jantzia zuen aurpegia eta sudur zorroztu baten gainean harri bitxiak ziruditen bi begi urdin txiki zituen. -You have difficulties speaking English, don’t you? – Irribarre gozo batez eta eskua askatuz. – Pétur is a kind man but he speaks like fishermen from the north of Iceland. – Bi harri bitxiek distira egin zuten barre algara batek ihes egin zionean . Oso garbi hitz egiten zuen ingelesez eta nahiz eta hitzen batek ihes egiten zion, arazorik gabe ari zitzaion Txomin guztia ulertzen. Buruarekin onarpen keinu bat itzuli zion orduan eta irribarre batez, eta eskuez lagundurik, azalpenarekin jarraitzeko eskatu zion. -The ticket you’ve bought lasts for 40 minutes. Until then, you can take any bus without buying any new ticket. Ok? – Oso geldo hitz egin zion eta eskuekin lagundu zuen azalpena. -Ok, zenkiu beri matx – Erantzun zion Txominek azalpena bihotzez eskertuz “Zein adeitsua den jendea hemen. Horrela gustua ematen du…”. Ez zekien non geratu behar zuen eta autobusetik Hallgrímskirkjako elizaren bila hasi zen leihotik. Irakurri zuenagatik, ia Reykjavik osotik ikusi zitekeen beraz horrek izan behar zuen geralekua aukeratzeko bilatu beharreko erreferentzia. Horixe zen ikusi nahi zuen lehen lekua. Horixe zen azken asteetan buruan bueltaka izan zuen irudia. Horretarako, non jaitsi behar zuen amonari galdetzea ere pasa zitzaion

104


burutik baina bere burua Hallgrímskirkja esaten irudikatzean gogo guztiak kendu zitzaizkion. Pixkanaka, hiri kanpoaldeko errepide zabalak atzean utzi eta hirigunea izan zitekeela iruditu zitzaionean murgiltzen hasi ziren. -Don’t worry, there are four more stops before you arrive to the city center. I’ll get off at HIemmurre but you need to go on. – Azaldu zion elur-ilezko amonak poliki-poliki. “Ikaragarrizko tonto konplexuarekin itzuli behar naiz etxera…”. -Zenkiu beri matx agen – Erantzun zion Txominek Islandiara iritsi zenetik ahoan zizelkatua zeraman irribarrearekin – Jau sei zenkiu in aislandik? -Takk! – Erantzun zion amonak Txominen interesa eskertzen zuen harridura aurpegi batekin “Joño! Orain badakit zer esan nahi duen Sigur Rosen diska antologiko hartako izenburuak!”. -Ttak! – Bota zion Txominek ozentasuna nahi baino gutxiago kontrolatuz.

bere

ahotsaren

Txalo bat eman zuen airean orduan emakumeak poztasun oihu batekin batera. Keinu hori munduko amona guztiek errepikatzen zutela pentsatu zuen Txominek. “Lastima biloba jaioberriak edo zakurrak zerbait berria ikasi dutenean egiten duten…”. Hirigunean barneratzen jarraitu zuten eta autobus geltoki bat zirudien eraikin txiki batera iritsi ziren. Hiri itxura zuten eraikinez inguratu zegoen eta geltoki bat baino gehiago, autobideetako atseden guneetan zerbait jan nahian topatu ditzakezun ezleku horietako bat gogoratzen zuen. -So, I get off here. It’s been a pleasure. – Esan zion amona zoragarriak hamasei urteko neska baten erraztasunarekin eserlekutik altxatzen zen bitartean – Enjoy your stay in Reykjavik. – Esan zion Barbara Goenagak ere beretzat nahiko lukeen dotoretasunarekin.

105


-Ttak! – Errepikatu zuen berriz Txominek lezioa ondo ikasi duenaren aurpegiarekin. “Begira zer ikasi duen gaur zakurrak! Gailetarik?”. – Gudbai! -Bless! – Eskuarekin agurtuz eta hitz berri bat erakusten ari zitzaiola adieraziz. “Beste hitz bat txakurrarentzat. Kaixo bakarrik falta zait oinarrizko hirukotea osatzeko”. Euskalduna izateak beste hizkuntzekiko interesa izatea itsatsita zeramala pentsatu zuen beti. Hizkuntza txiki bat hitz egiten zutenek jaiotzez atxikia zeramaten zerbait iruditzen zitzaion eta mundu osoak jarrera hori izanez gero, guztia errazagoa izango zela pentsatzen zuen “Agian arrazoi berberagatik gorrotatuko dut hainbeste ingelesa…”. Hori zela eta, atzerrira joan eta hizkuntza berriren batekin topatuz gero, beti saiatzen zen gutxienez kaixo, agur eta eskerrik asko bertako hizkuntzan nola esaten zen ikasten. Interes berezia zuen eskerrik asko terminoarekin eta zortzi hizkuntza ezberdinetan zekien esaten “Bederatzi honekin! Peter Brodericken And It’s Alright amona adeitsuarentzat!”. Autobuseko atera begiratu zuen amona arinak lurrera salto nola egiten zuen ikusteko eta Lily ere parada horretan jaisten zela ikusi zuen. Irribarre batez agurtu zuten elkar “Nik uste gustuko nauela… Eta nik bera? Nire buruari galdetu behar badiot ez gehiegi… Bigotten Cool Single Wedding zuretzat Lily” Hlemmurreko geltokia atzean utzi eta Reikjavíken barneratzen jarraitu zuen autobusak. Hala ere, metro gutxi barru, eremu ireki batean agertu ziren berriz ere “Eraikin dentsitate gutxiko hiria da hau…”. Zerumuga zabal hartan inguruetara begira hasi zen harri zurizko eliza desiratuaren bila. Halako batean, hantxe topatu zuen. Reykjavík altueretatik zaintzen ari zen bere muinotik. Bi segundoz erabat lelotuta geratu zen hainbeste denboran jomuga izan zuen eraikinari begira. Une hartan, harri zurien artetik argi berezi bat barreiatzen zuela ere iruditu zitzaion. Ez zekien hori ote zen amona begi urdin zein adeitsuak gomendatutako geralekua baina eserleku gainean zuen botoi gorria sakatu zuen autobusa

106


geraleku horretan bertan geratu zedin. Hamar bat metrora ikusi zuen hurrengo geralekua. Jauzi batez eserlekutik jaiki eta autobusaren atzeko atera jo zuen. Atea erabat zabaltzerako, Snorrabraut kalea zuen mendiko boten azpian eta zuzenean elizara bidean jarri zen. HallgrĂ­mskirkjaren atzealdean zegoen. Ingurura begiratu eta bertara iritsi ahal izateko, eraikin ezberdinen artean igarotzen zen aldapa eder bat igo beharko zuela konturatu zen. Beste ezertan pentsatu gabe aldapari ekin zion begirada dorre zuriaren puntatik kendu ere egin gabe. Etxe txiki batzuen artean sartu eta bistaz galdu zuenean, korrika zihoala konturatu zen.

107


-Islandiara hoa oporretan? – Galdetu zidan Sishak oporretara bere herrira joango banintz moduan – Koadrilarekin? -Ez, bakarrik – Erantzun nion azkenaldian ohikoa nuen harrotasun eta lotsa arteko sentimendu arraro hark hartuta. -Nire lagun min bat han bizi dek! Abelardo! Sisha gu baino hiru-lau bat urte zaharragoa zen. Eskola berdinean ikasi genuen eta bere anaia txikia gure kintoa zen. Ez genuen tratu gehiegi izan sekula baina Beasain bezalako herri batean guztiak ezagutzen gara gutxi gorabehera. Are gehiago, eskola berdinean ibilitakoak izanik. Gainera, Sisha tipo hiztuna zen eta gure adin inguruko jende gutxi izango zen Beasainen berarekin sekula hitzik egin ez zuenik. -Bai? Eta nolatan? – Galdetu nion elkarrizketa hark probetsuzko ezer ekarriko ez zidala aurreikusiz. -Andrea, bere neska, hangoa duk eta bertan bizi dituk! Reykjavíken! Sisha Bartzelonan bizi zen urte batzuk lehenago lan kontuengatik herria utzi ostean. Ondo joan zitzaion eta bertan geratzea erabaki zuen. Hala ere, maiz itzultzen zen herrira etxekoak eta lagunak ikusteko asmoz. Haietako egonaldi batez gozatzen ari zen taberna kanpo hartan elkar topo egin genuenean. -Eta bera? Nongoa adeitasunagatik gehienbat.

dek?

Jarraitu

nuen

108


-Argentinarra da. Mendozakoa. Gure etxean bizitzen aritu zituan denbora batez. “Argentinar bat islandiar batekin” pentsatu nuen, ez dago hauek engainatuko ez dutenik. Pisukideak izan zituen Abelardo eta Andrea lan kontuengatik Bartzelonan igaro zuten garai batean. Harrezkero, tratua mantendu zuten eta ahal zen neurrian, elkar ikusten zuten urtean behin gutxienez. Aurreko udan, Sisha bera Islandian izan omen zen bisitan eta benetan merezi zuen leku bat zela aitortu zidan. -Esango zioat bahoala! Ingo dik lekutxo bat etxean! -Ez da beharrezkoa, lasai. Aterpetxe gehienak lotuak ditut gainera… - Bota nion zentzurik gabeko elkarrizketa hura amaitu nahian. -Ba hiria ezagutzen laguntzeko bada ere. Konpainia ederra da Abelardo! Ez zaik gaizki etorriko. Are gehiago bakarrik joanda! Egun horietan beraiek han zereken jakin beharko nian lehenago… Noiz hoa? -Abuztuaren hirutik hamazortzira – Erantzun nion aho bete hortz. Beste baten laguntza eta etxea errazegi eskaintzen ari zela iruditu zitzaidan. Ondo erortzen zitzaidan Sisha baina tipo ona zenaren zalantzarik ez banuen ere, nahiko ahozabala zela pentsatu izan nuen beti. Esan bezala, ez nuen konfiantza gehiegi berarekin eta sinestezina iruditu zitzaidan eskaintzen ari zitzaidana. Beroaldian esaten diren gauza horietako bat zela pentsatu nuen eta ez nion batere baliorik eman. Garagardoa amaitu eta koadrilak tabernaz aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Sisha agurtzean Islandian ondo pasatzeko esan zidan “Flipatu” egin behar nuela, “Eta neskak! A ze neskak!”. Abelardorekin hitz egingo zuela eta egun haietan han bazebilen, ziur bere berri izango nuela. Eskerrak eman eta beste taberna batera abiatu ginen. Inondik inora ez nuen

109


pentsatu elkarrizketa hark ondorio errealik izango zuenik. Tabernetan, errugbi partidetan bezalaxe, zelaian gertutakoa zelaian geratzen baita normalean. Hala ere, eta nire harridurarako, uztailaren 17an Sisharen adiskidetasun eskaera bat jaso nuen facebooken. Lau bat minutu behar izan nituen eskaera egin zidan Mikel Alustiza hori Sisha zela konturatzeko. Ohikoa da ia jaiotzetik ezizen bat hartzen duenari halakoak gertatzea. Eskaerarekin batera, mezu bat zetorrela ikusi zuen: Conversation started 2010.eko Uztailak 17

Mikel Alustiza Aupa hi! Abelardokin hitzein diat eta lasai deitzeko esaten dik! Hau dek bere zenbakie: 7****** Eskuminek emaizkiok nere partez! Aio!

Erabat zentzugabea iruditu zitzaidan guztia eta lanak izan nituen nire ikuspuntutik gertatzen ari zena normal moduan ikusteko. Ia ezagutzen ez ninduen tipo batek, nire berri sekula izan ez eta munduaren beste aldean bizi zen beste tipo bati, nitaz kargu egiteko eskatu eta baiezkoa erantzun zion. Eta halako mezu sinple batekin kontatzen dit gainera! Normala izango balitz moduan! Abelardo hori burutik jota egongo ote zen ere pentsatu nuen eta Sisha apur bat ezagututa ez zen harritzekoa izango. Nire buruari galdetu nion ea halako zerbait egingo nukeen ezagutzen ez dudan norbaitengatik eta bizkor zein ozen jaso nuen erantzuna, niporelputoforro. Hala ere, eta bakarrik joateak sortzen zidan mesfidantza zela eta, Abelardoren zazpi zifrako zenbakia mugikorrean gorde nuen, badaezpada ere. Bakarrik egin behar nituen hamabost egun Islandian eta ez zitzaidan gaizki etorriko

110


egun batez bazen ere, hiria ezagutzen zuen norbait eskura izatea. Zalantzak ere izan nituen nire bidaia helburuekin bat ote zetorren gida moduko bat izatea baina azkenean, Islandian kontaktu bat izatea ongi etorriko zitzaidala erabaki nuen. Eskerrak eman nizkion Sishari eta ekainean taberna kanpo hartan izandako elkarrizketa harrengan batere konfiantzarik ez nuela aitortu nion. Egunak pasa ziren eta zazpi zifrako telefono zenbaki hura mugikorreko agendan galdu zen. Alde batetik, nahiko arraroa iruditu zitzaidan mugikor zenbaki batek zazpi zifra besterik ez izatea eta beste batetik, Islandian galduta nebilela ezagutzen ez nuen tipo bati nirekin geratzeko deitzea oso arraro zein tristea iruditu zitzaidan. Sisharekin ikaragarrizko konfiantza izan banu agian, baina horrela? Gizon egingo ninduten oporrak hasteko prest nintzen eta laguntza eskatzen hasi behar al nuen bidaia? Abelardori deitzeko aukera puntuak galtzen joan zen abuztuaren hirua gerturatzen zen heinean baina aldi berean, lasaitasun apur bat ematen zidan Islandian zerbait gertatuz gero, bertan bizi zen norbaiten telefonoa izateak. Gauzak horrela, lana amaitu eta oporrak hartzen nituen eguna iritsi zen. Etxera iritsi eta facebookeko adiskidetasun eskaera berri bat topatu nuen mezu eta guzti: Conversation started 2010.eko Uztailak 30

Abelardo Rossini Charpentier Hola, Soy Abelardo, amigo del Mikel.... estoy por acĂĄ por hielolandia. No seas tĂ­mido jajajaj y contactame pa'lo que sea, me dijo el Mikel que estarĂĄs por Islandia asĂ­ es que venga!! Te llevo a comer pintxos de ballena. Un saludo, Abelardo.

111


Mezuarekin amaitu ostean, irakurtzean sentitu nuen lehen gauza poza zela konturatu nintzen. Jatorra ematen zuen argentinar islandiarrak eta bale haragia jatearen kontua oso erakargarria egin zitzaidan gainera. Beldur eta aitzakia guztiak albo batera utzi eta bakarrik ezagutuko ez nuen Islandia bat ezagutzeko aukera bikaina izan zitekeela erabaki nuen. Bidaia hark berebiziko garrantzia izan behar zuen nire bizitzan eta helburu nagusia, ordura arte egiten nituen gauza asko egiteari utzi eta egiten ez nituen beste batzuk egiten hastea zen. ReykavĂ­ketik bale pintxo bat jateko aitzakiarekin ezertaz ezagutzen ez nuen argentinar bati deitzea, sekula egin ez nuen gauza bat zen zalantzarik gabe.

112


113


Finlandia  
Finlandia  

Duela hiru urte eta erdi edo hasi nintzen nobela hau idazten bere horretan. Duela urte bete inguru erabaki nuen online izango zela “nobela”...

Advertisement