Page 1

Basilius Hoffmanen Mundu Sekretua

Amets-lapurra Fernando M. Cimadevila


Ritarentzat, egiazko Rivka, berak erakutsi baitzidan nire mundu sekreturako atea.


Hasieran amets bat egon zen, dena, txiki edo handi, amets batekin hasten baita. Kartografoaren egunkarian aipatua


Katuek amets egiten dutenean, bakardadean pausatutako esfingeen jarrera agurgarria izaten dute, eta amets amaiezin batean murgilduta daudela dirudi; txinparta magikoak ageri dira haien oin bigunetan eta hondar fina bezalako urrezko partikulek haien beginini misteriotsuak betetzen dituzte. Baudelaire

1. kapitulua Yidakia Gabonak heltzeko astebete falta zenean jakin zuen Peterrek opor haiek ezberdinak izango zirela. Arratsalde hartan, gurasoek seietan bere bila joango zirela hitz eman zioten, ikasten zuen barnetegiaren atera. Baina, ohikoa zenez, ez zuten haien hitza bete. Luzez itxaron zuen, beste ikasle guztiak nola joaten ziren, burdinazko hesi zaharra nola ixten zen eta gauak bere mantua nola hedatzen zuen ikusten zuen bitartean. Ez zen parkean paseatzeko arratsalde atsegin horietako bat, baizik eta neguko arratsalde heze eta hotz bat, iluntasunak eguna espero baino lehenago irensten duen horietakoa; honelakoetan, munduko txokorik gozoena etxean egoten da, berogailuaren ondoan. Peter banku batean egon zen zain, maleta ugariz inguratuta; hotzak uzkurtzera behartu zuen, eta sudurrean erori zitzaion ur-tantak eurizaparrada baten hasiera ez izatea erregutu zuen. Azkenik, familiaren luxuzko limusina iritsi zenean, ez zen ia gihar bat ere mugitzeko gai, eta hezurretaraino sorgortuta, autoan sartu zen, hortzek karraska egiten ziotela. Amak musu eman zion, eta berandutzea ohiko aitzakia batekin justifikatu zuen, baina Peterrek ez zion kasurik egin. Egiatan, berdin zion amaren aitzakiak: hiru hilabete baino gehiago igaro ziren elkar azkenekoz ikusi zutenetik, barnetegian lehenengoz sartu zenetik, alegia. Sarritan, “barnetegi� hitza entzutean, eraikuntza gris bat datorkigu burura, bunker edo gazteentzako presondegi baten itxurakoa, baina ez dira horrelakoak izaten. Peterren barnetegia eskola ospetsu bat zen, harri landuz eraikitako antzinako monasterio bat zen eta belusezko errezelak eta haritzondozko mahaiak zituen.

11


Hala ere, ez pentsa horregatik ordutegirik, araurik eta zigorrik ez zegoenik: belarrietan argizari gehiegi zuten irakasle harroputzak zeuden, baita soilik beren familiaren aberastasunaz hitz egiten zekiten mutilak ere, eta diziplina zorrotzenari neurri eta zentzu gabeko adeitasuna zioten. Ondorioz, neurri batean, Peter pozik irten zen barnetegitik, egun batzuetarako bazen ere, eta gurasoekin apur batez egongo zen. Une hartan, ezer onik iragartzen ez zuen ahotsaz, amak esan zuen: –Peter. Aitak eta biok premiazko bidai batera joan behar dugu. “Premiazko” eta “bidaia” bizitzan gehien entzun zituen hitzak ziren. Izan ere, Peterren gurasoek diru asko zuten, baina horren eraginez, denbora oso gutxi izaten zuten, gehienetan haien aberastasuna inbertsio oker batean edo negozio txar batean ez galtzea galarazten ematen baitzuten. –Zuretzat egokiena nire nebaren etxean gelditzea dela pentsatu dugu, osaba Basiliusen etxean –gehitu zuen amak. Peterren gurasoek, guraso gehienek bezala, ustez seme-alabentzat egokiena dena egiten dute. Peterren kasuan, “onena” etengabe bidaiatzea, eskolaz behin eta berriz aldatzea eta egunero bere logela hotel bateko gela ezberdin bat izatea zen. Horrek ez zion Peterren notei onik egiten; beraz, azkenean, erabaki zuten “Peterrentzat onena” denbora gehiena barnetegi batean ematea zela. –Osaba Basilius? –galdetu zuen atsekabetuta–. Ez dut inoren etxean gelditu nahi. Horretarako, hobeto nago eskolan. –Tira, Peter –esan zion amak tonu gozoa jarriz–. Ez al duzu oroitzen txikitan han zenbat dibertitzen zinen? Egun osoa ematen zenuen eskaileretan gora eta behera eta lorategian korrika egiten. Peterren ama emakume liraina zen; nahi zuena lortzeko, limurtzeko gaitasuna erabiltzen ikasi zuen, baina Peterrentzat aski ezagunak ziren amaren erretolika eta promes hutsalak, eta ez zuen erraz engainatuko. –Ama… hamabi urte ditut, eskaileretan korrika ibiltzea ez zait jadanik dibertigarria iruditzen. Gainera, nahiko arriskutsua da. –Uler gaitzazu, Peter, premiazko arazo bat konpondu behar dugu –erantzun zion amak, eztabaida amaitutzat emateko asmoz. –Baina ez dauka telebistarik! –egin zuen protesta Peterrek. –Telebista, diozu? –mintzatu zen aita, bere bibote txikia txosten batzuen gainetik altxatu bitartean; gutxitan egiten zuen horrelakorik. Ilea gominaz atzerantz orraztuta zuen eta beti muturtuta zegoela zirudien–. 12


Mutiko, ez duzu benetan sinetsiko eskolan izan dituzun emaitza txarrak ikusi ostean, telebista ikusten utziko dizugunik. –Aitak arrazoia du –baieztatu zuen amak, arreta gutxiz bere urre koloreko ile ikusgarria apaintzen zuela. Peterren aita, Hillman jauna, oso gizon zorrotza zen. Ez zituen ez ustekabeak, ezta bat-batekotasuna gustuko, denak jarraitu behar zuen aurretik ezarritako bidea, eta ezerk ez zuen sorpresek edo ustekabeek baino gehiago asaldatzen. Ondorioz, Peterren ikasketek edo beste edozerk berak esperotakoa betetzen ez bazuen, lehen baino lehen konpontzen zuen. –Badakizu zenbat diru balio duen zure eskola ospetsu horrek? Arreta berriz ere paperetarantz bideratu zuen, ez baitzuen erantzunik espero. –Uste nuen kartzelak Estatuak ordaintzen zituela… –marmartu zuen Peterrek isilka, baina oihuka esanda ere, ez ziotela entzungo iruditu zitzaion. Ondo zekien gurasoei bost axola ziela semeak pentsatu edo egin zezakeena. Bazirudien aita gehiago gogaitzen zela xahututako diruagatik, semeak azterketak ez gainditzeagatik baino. Bere gurasoek era eraginkorrean antolatzen zuten bizitza, Peterrentzat ona eta txarra zer zen erabakiz. Baina zer edo zer espero ez bezala jasotzen zen bakoitzean, erru guztia Peterri egozten zioten; nagi hutsa zela eta ez zela inor izatera helduko esaten zioten. Urteek aurrera egin ahala, haien arteko harremana asko aldatu zen, eta gurasoekin emandako pasieren eta etxean elkarrekin iragandako arratsaldeen oroitzapenak urruneko irudipenak besterik ez ziren. Amore ematea erabaki zuen. Limusinaren kristalean burua pausatu, eta alde zaharra osatzen zuten harrizko eta zurezko etxeei begiratu zien. Leihoak laranja antzeko koloreaz argitzen hasi ziren, eta mahaiak prest zeuden sutondoan afaltzeko. Handik ordu batzuetara, osabaren etxera heldu ziren. Peterrek ez zuen etxea oroitzen, aspaldi joan baitzen azkenekoz bisitan; eta ez soilik bere gurasoak oso lanpetuta zeudelako, baizik eta osaba Basiliusek ere asko bidaiatzen zuelako. Etxe hura arraroa zela pentsatu zuen. Lehen begiratuan, harrizko eta zurezko eraikuntza ohikoa zirudien, baina arretaz begiratuz gero, berezitasunak agerikoak ziren. Aspaldian etxetzar bat izan zenari balkoiak 13


gehitu zizkioten, baita leiho txiki eta biribilez hornituriko txapitulak, galeriak eta are zutabe batzuen gainean eraikitako logela berriak ere, zuhaitz batean egindako txabolak balira bezala. Urteekin etxe dotore hura zuhaitz bat bezala hazten zihoala zirudien, hain zuzen ere, bere adarrak zeru izartsurantz luzatuz. Peter bertan azkenekoz egondako aldia oroitzen saiatu zen, pozteko arrazoi baten bila beharbada. Haatik, jaki eta liburu batzuen oroitzapen lausoak besterik ez zitzaizkion bururatu. Gogoan zuen osabak mende erdia betetzean jai bat antolatu zuela, baina amaren arabera, urte ugari zeramatzan gauza bera egiten eta harrezkero, ez ziren berriz bisitan joan. Ordutik hona hiru edo lau urte igaro ziren, baina hori, Peterren adineko norbaitentzat, bizitza osoa zirudien. Etsituta, Peter limusinatik jaitsi zen eta lorategi zaindu bat gurutzatu zuen gurasoekin batera; mota guztietako ehunka landare ikusi zituen: fruta-arbolak, negua izan arren loredun zeuden espezie koloretsuak eta animalia desberdinen formako hesi harrigarriak. Haritzondozko ate erraldoira heldu zirenean, amak zilar koloreko kate txiki bati tira egin zion eta etxe barnean kanpaitxo batzuen soinua entzun zen. Atea Spinelli andreak zabaldu zuen, sukaldeko amantala jarrita zuela. –Ongi etorriak! Ordu-orduan heldu zarete! –esan zien bere azentu italiar kantariaz. Energiaz beteta zegoen emakume hura: masail gorriak eta aldaka zabalak zituen, eta ez zekien erretiroa zer zen. Batek daki zenbat urte zeramatzan bertan lanean: etxezaina, sukaldaria, jostuna eta mandataria izateaz gain, milaka betebeharrez arduratzen zen. –Heldu dira, Francesco! –egin zuen oihu etxearen barnealderantz. Francesco bere senarra zen, Spinelli jauna: lorezaina, gidaria, zurgina eta, orokorrean, konponketen arduraduna, eta bere laguntzari esker, Spinelli andreak ordena apur bat ezartzen zuen Basilius Hoffmanen bizitza xelebrean. Spinelli jauna korridorean poliki eta pausoak nekez emanez agertu zen. Urteek indarrez eraso ziotela zirudien: gizon garaia izan arren, denborak sorbaldak estutzen zizkion eta honen ondorioz, beherantz okertuta zegoen, sahats baten adarrak bezala. Panazko praka marroiak eta jertse gris bat zeramatzan. 14


–Bona sera, Hillman jaun eta andrea –esan zuen motelki–. Arratsalde on, gazte –gehitu zuen Peterri begira. –Presto! Igo fardelak eta emaiozu haien berri irakasleari –estutu zuen emazteak. Gidariak txanda askotan limusinatik sarreraraino eramandako maleta multzo handiari begiratu zion Spinelli jaunak, etsituta. Fardel guztiak aldi berean altxatu zituen, erraztasun aspertuaz, eta Peterrek aho bete hortz begiratzen zion bitartean, eskailerak igotzen hasi zen, pausuak nekez emanez. –Sar zaitezte. Ez gelditu atean, per favore –esan zien Spinelli andreak–. Egongelan itxaron dezakezue. Peterrek ez zuen toki hura oroitzen, eta zur eta lur gelditu zen inguruan zuen guztia ikustean. Etxeak itxura arkaikoa baina oso ondo zaindua zuen. Abileziaz konbinatutako tonu ezberdineko egurrez zegoen eraikita. Egongelari itxura erosoa emanez, alfonbrak eta ispiluak zeuden nonahi, baita argi ahul eta atsegin bat igortzen zuten lanparak ere. Sukaldetik, partida bat ematen ari zen irratiaren soinu indargabearekin batera, oturuntza gozo baten usaina iritsi zitzaien. Spinelli andreak egongela zabal batera eraman zuen Hillman familia. Aitak, tximiniaren alboan zegoen viktoriar garaiko jarleku eroso batean eseri, eta bere agenda kontsultatzeari ekin zion. Egongelan apalategi ugari zeuden, itxura zaharreko liburuez gainezka; izenburuak urrez eta zilarrez idatzita zituzten, eta liburu asko Peterrek ezagutzen ez zituen hizkuntzetan zeuden idatzita. Beste apalategi batzuetan, hamaika objektu ikusi zituen: zurezko eta buztinezko txirulak, danbor eta tinbalak, musika-tresna bitxiak, mota guztietako maskarak, pipa txiki eta handiak, hezurrez eta harriz egindako arma bakunak, Erdi Aroko ezpatak eta gauza ezezagun ugari. Hormetatik zintzilik, urruneko lurraldeen koadro, grabatu eta tapizak zeuden: basamortu suharrak eta elurtutako mendiak ikusten ziren, baita ilargiak argitutako basoak eta uharte tropikalak ere. Peterren arreta erakarri zuen larru marroi batez babestutako liburu zahar batek : sofa baten gainean erdi zabalik zegoen eta urre koloreko sagar bat zuen azalean; A bat zuen sagarrak erdian. Harritu egin zen disimuluz orri batzuk gainbegiratu zituenean, izaera eta garai desberdinetako orri solte ugari baitzituen. Batzuk, libreta batean eskuz idatzitako istorioak ziren; beste batzuk, ume batek eskolako margoekin marraztutako irudiak ziren, eta poemak, sepia 15


koloreko argazki degradatuak, eguneroko baten oharrak, erreferentzia eta eskalarik gabeko mapa zakarrak… Hitz batean, dokumentu ugari ziren, eta ez zirudien haien artean harremanik zutenik, ezta egilea ere. –Afaria ia prest dago –esan zuen Spinelli andreak, eta Peterrek liburua disimuluz uzi behar izan zuen–. Irakaslea nire senarrak ohartarazi orduko jaitsiko da. Barka iezaiozue, Australiara egindako bidai luze batetik duela ordu gutxi batzuk itzuli da eta nekatuta dago. Ziurrenik ez zuen kanpaia entzungo. –Entzun dut, Spinelli andrea, ez zaitez kezkatu –esan zuen osaba Basiliusek, une hartan egongelan sartzen zela–. Baina ez nituen nire ditxosozko zapatilak aurkitzen. Eta, Peterrek ikusi ahal izan zuenez, amore eman omen zuen, kolore desberdinetako zapatilak baitzeramatzan jarrita. Horrek are itxura xelebreagoa ematen zion. Osaba Basillius ez zen oso garaia, enbor zahar bat bezain mardula zen, eta tripa handia zuen. Laranja koloreko ilea buru soilaren bi aldeetan hazten zitzaion, eta brontze landuzko uztai txiki batekin batuta zeraman. Kolore bereko bizarra eta bibote luze bat zituen masail gorrituen azpian. Alkandora zuri bat eta txaleko marroi bat zeramatzan, eta honen gainean poltsiko-erloju baten urrezko katea nabarmentzen zen; prakak beltzak eta marradunak ziren. Amaitzeko, bere janzkera xelebrea tximeleta-begizta gorri batek osatzen zuen. –Pozten naiz zuek berriz ikusteaz –esan zuen, Peterren ama besarkatuz, azken honek besarkada gogo gutxiz itzuli bazion ere. Ondoren, sorbaldetatik heltzen zuela banandu ziren, eta bere begi urdin sakonekin begiratu zion; urteekin hainbeste aldatu zen bere arreba izan zen neskatoaren bila zebilen, beharbada. Hillman jaunari eskua eman ostean, Peterri begietara begiratzeko makurtu zen. –Mmmm… zure adinerako ez zara oso garaia –esan zion, denak zur eta lur utziz–. Benetako Hoffman bat zara, bai horixe. Txokolatezko eta bananazko tarta egin du Spinelli andreak. Zure gogokoena da, ezta? –E… bai, mila esker –esan zuen Peterrek harrituta, norbaitek bere gustuei buruzko xehetasun bat gogora zezakeelako. Spinelli andreak jaki zoragarriak egin zizkien: kuia krema ogitxigorkiekin, hegaluzezko enpanada, oilaskoa txanpinoiekin eta esnegain saltsarekin, eta jakina, hitz emandako txokolatezko eta bananazko tarta, merenge oso gozoz estalia, mendi elurtu bat balitz bezala. 16


Afalostean, osaba Basilius Australiara egindako bidaiatik ekarri zuen musika-tresna berria erakusteko tematu zen. Peterrek sinesgogortasunez begiratu zion, eta gurasoek, mesfidati, presaka zebiltzala esan zioten arren, apur batez bertan gelditu zitezen konbentzitu zituen. –Spinelli jauna, nire azken erosketa ekarriko diguzu? Segidan, Francesco zaharra eskuetan objektu zinez xelebrea zuela itzuli zen. Musika-instrumentua bi metro luzeko egur zurizko enbor bat besterik ez zen, emeki sigi-saga tronpeta bat bezala zabaltzen zena. Arreta handiz leunduta zegoen eta zeinu ulertezin batzuk zituen idatzita. Osabaren arabera, “yidaki” izeneko musika-tresnaren bertsio berezi bat zen, australiako aborigenek darabilten tresna batena, hain zuzen ere. Bere azalpenak jarraituz, argi guztiak itzali zituzten, egongela tximiniako suak besterik argitzen ez zuela. Osaba Basiliusek airea sakon hartu eta mutur estuenetik putz egin zuen. Soinu iraunkor eta baxu bat entzun zen, adar erraldoi batek sortuko lukeenaren antzekoa, eta Peterri iruditu zitzaion lehenengo urrundu egin zela, oihartzun baten moduan berriz itzultzeko. Begiak itxi zituen. Haizea bortitz bat orroka sumatu zuen bere inguruan, belarrira xuxurlaka zebilkion haize fresko eta indargarri bat. Nota berriak entzun ahala, mendi garai batzuen artean zegoela sentitu zuen; bertan soinua labar sakonetatik behera erortzen zen eta sakonean durundatzen zuen. Orduan, dena desagertzen zela sentitu zuen. Amets batean bezala. Mendi garai haien tontorrean zegoela iruditu zitzaion, ia zerua ukitzen zuela, eta bere presentzia besterik ez zuen sumatzen, bere pentsamendua; inork ezin zuen esku hartu zer egin eta nola egin behar zuen esanez, eta libre sentitu zen. Horrelaxe egon zen, azken notaren oihartzuna desagertu arte urrundu eta haizea baretu zen arte. Begiak zabaldu eta berriz ere egongelan zeuden. Hillman senar-emazteek segundo batean esan zuten agur, berokiak hartu eta, atera iritsi zirenean, Peterren aitak denbora ikasten eta gainditzeko zituen ikasgaiak prestatzen eman behar zuela gogorarazi zion. Amak semeari musu eman zion eta Gabonetarako itzultzen saiatuko zirela hitz eman zion. Peterrek begietara begiratu zion eta amaren barnean gauza ñimiño bat aldatu zela sentitu zuen, bidaiara ez joatea eta bertan gelditzea nahi zuela, baina indartsuagoa zen beste zerbaitek betebeharrak konplitzera bultzatzen zuen. 17


–Beno, Peter, yidakia jotzen ikastea gustatuko litzaizuke? –esan zion osaba Basiliusek gurasoek alde egin orduko–. Edo nahiago duzu nire bidaietako oharrez eztabaidatzea? Zuk zeuk aukeratu. Zer egin nahi duzu? Egun penagarri hartan behar zuen azkena, bere osabaren istorioak entzun behar izatea zen, beraz, azkar erantzun zuen: –Mila esker, baina nekatuta nago eta nahiago dut ohera joan. –Bai, jakina. Bidaia luzea egin duzu hona etortzeko… Ados, berreskuratu indarrak biharko. Ziur gustatuko zaizun zerbait prestatu dut. “Itzel”, pentsatu zuen Peterrek, “hirugarren adinaren abentura miresgarriak entzun behar izatea besterik ez nuen behar”. –Ez dakit… etxerako lan asko ditut –zuritu zuen Peterrek bere burua, konpromiso hura saihestu nahian. –Hara, sentitzen dut, bada –esan zuen osabak tristeki–. Ikasketak dira zure betebehar nagusia. Peter logelaraino lagundu zuen, goiko solairu batean zegoena. Ez zen handia, baina bai erosoa. Logela osoa egur ilunez zegoen egina. Edredoi lodi batekin estalitako ohea, armairu bat, esekileku bat, gorputz osoa ikusteko ispilu zahar bat eta luxuzko idazmahai bat zituen. Horretaz gain, teilatuarekin bat egiten zuen hormetako batean, leiho zabal bat zuen eta alboan, jarleku txiki bat zegoen, ikuspegiaz gozatu ahal izateko. –Dena zure gustukoa izatea espero dut. Zerbait behar izanez gero, ohe ondoko kateari tiratu besterik ez duzu. –Eskerrik asko, atseden hartu nahi dut, besterik ez –erantzun zion Peterrek. –Hartu atseden, orduan –eta atea itxi baino lehen gehitu zuen–: Aizu, Peter, zer sentitu duzu yidakia entzutean? Peterrek erantzuna pentsatzeko segundo bat behar izan zuen. Ez zuen horrelako galderarik espero. –Bada… ez dakit. Zama izugarri bat gainetik kendu izan balidate bezala sentitu naiz, nire… nire kezka guztiak desagertu izan balira bezala, uste dut erlaxatu egin nauela. –Ulertzen dut –esan zuen osaba Basiliusek, pentsakor–. Zure gurasoek ere hori sentitu dutela uste al duzu? –Ez dakit, amak beharbada bai… Uste dut aita erlaxatzeko kloroformoa erabili beharko genukeela –erantzun zion Peterrek, bere txantxarengatik barrezka. 18


–Zure amak… ados. Ez dizut gehiago eragotziko, gabon. Logelako atea itxi zuen. Peterrek bere burua bakarrik ikusi zuen ispiluaren aurrean. Oraindik jantzita zeraman barnetegiko uniformea. Ispilutik begirada urrundu eta objektua hormarantz biratu zuen. Ez zuen bere burua ikustea atsegin. Egiatan, bere gorputza ez zen lerdena, eta bazekien “lodikoteen” kategorian sartzeko arriskuan zegoela. Ile gorrixka eta polita zuen, baina begien gainean erortzen zitzaion. Eta hori gutxi balitz, osabak “bere adinerako baxua” zela esan zion. Azkar batean, hainbeste gorroto zuen arropa kendu eta pijama jarri zuen. Ondoren, ohe gainean buruz gora etzan zen. Urrunean, bere osabaren yidakiaren notak beheko solairuan entzun zituen, leihoaren beste aldean izarrek eta ilargiak beste etxeen teilatuetan dir-dir egiten zuten bitartean. Loak hartu zuen, gau hartan bere bizitza betiko aldatuko zela jakin gabe. Peterrek Basilius Hoffmanen etxean igaro zuen lehenengo gauean, gertakari zinez arraroak jaso ziren, irakaslearen bizimodua ezagutzen zutenentzat nahiko ohikoak ziren arren. Peter lo seko zegoen eta ez zuen bere leihoaren bestaldean agertutako irudi txikia sumatu. Ohartzekotan, azazkal zorrotz batekin kristalean zirkulu bat marrazten ikusiko luke, kristala gurina balitz bezala moztuz, ondoren hanka iletsu bat logelan sartu eta krisketa zabaltzeko. Segidan, kontu handiz eta inolako zaratarik egin gabe, logela barrura bizkortasunez salto egin zuen, kantuen moduko bere hankatxo bigunen gainean pausatuz. Izakiak belus itxurako arropa urdin ilunak zeramatzan jantzita, eta bi hankaren gainean bazebilen ere, ez zen metro erdia neurtzera iristen. Isil-isilik, izakiak sorbalda gainean zeraman larruzko zorro bat zabaldu zuen eta bertatik purpura koloreko oihalezko zakutxo bat atera zuen. Zakuaren lokarria nasaitu, erpe txikia zakuan sartu eta harearen itxurako zerbait atera zuen. Ondoren, airera irmoki jaurti zuen eta urre koloreko partikulez osatutako hodei bat Peterren ohearen gainean flotatzen hasi zen. Hodeian islatuta, irudi bat agertu zen, zinemako proiektore ikusezin batek erakutsiko balu bezala: Peter zen, eta zaldi baten gainean trostan, baso bat zeharkatzen ari zen. 19


Katu begi txiki batzuek dir-dir egiten zuten logelaren iluntasunaren erdian eszena ikustean eta marru ahul bat egin zuen, dena ondo zihoala adierazteko. Segidan, oihal batekin estalitako aparatu bat atera zuen; zilar koloreko xiringa erraldoi bat zirudien. Xiringaren orratza hodeirantz bideratu eta hodeia xukatzen hasi zen, objektuak distira urdinxka bat bereganatzen zuen bitartean. Prozesua amaitu eta tresna gordetzear zegoen unean, atea kolpe batez zabaldu zen. Peter asaldatuta esnatu zen, ingurura begiratu eta osaba Basilius ikusi zuen logelan sartu berri. Eskuineko eskuarekin zerbaiti abiada bizian eragiten zion, eta bere begiek logela goitik behera ikertu zuten, arrotzaren bila. Sakontasunean forma misteriotsua ikusi orduko, irmotasunez objektu bat jaurti zion. Soka batez lotutako zituen bi metalezko bola Peterren aurretik igaro ziren, bere ohe alboan zegoen itzal baten norabiderantz. Baina ez zuten izaki misteriotsua harrapatu. Katu haserre batek bezala ufaka, izakiak azkar atzerantz salto egin zuen, eta hormaren, sabaiaren eta lurraren kontra salto egin ostean, leihotik ziztuan alde egin zuen, osabak jaurtitako bolak esekilekuan korapilatuta utziz. ­­–Madarikatua! –egin zuen protesta Basiliusek, forma misteriotsua azkenekoz harrapatu nahian, baina izaki hura jada gauaren iluntasunean murgilduta zegoen, teilatutik teilatura saltoka. Peterrek lanparatxoa piztu zuen, osabak leihoa ixten zituen bitartean. –Zer gertatu da?! Zer zen gauza hori?! Zer…? –Lasai, Peter, lasai. Ez da ezer gertatzen –moztu zuen osaba Basiliusek. –Baina zer zen hori? –errepikatu zuen. –Mmmm… egian esan, ez dakit, baina argituko dut. Presaz hau erori zaio –esan zuen Basiliusek, eta lurretik metalezko objektu misteriotsua jazo zuen. –Eta zer da hori? –galdetu zion Peterrek ohetik jaikiz. Hurbildu egin zen eta aurpegia argitu egin zitzaion objektuaren argitasun urdintsuaren eraginez. –Ez dakit –erantzun zion osabak, zapuztuta–. Hau ez da objektua ikertzeko tokirik egokiena. Goazen nire estudiora. Peterrek txabusina eta zapatilak jantzi zituen, etxe hartan beti bero atsegina egiten zuen arren, eta osabarekin batera estudiorantz abiatu zen. 20


–Aizu, osaba Basilius. Nola jakin duzu norbait nire logelan sartu dela? –galdetu zion pentsakor jakin-minez. –Erraza da. Zatoz, erakutsiko dizut. Irakasleak bere logelaraino eraman zuen eta bertan osabak berak sortutako alarma-sistema bat aurkitu zuten. Etxeko toki ezberdinekin izendatutako kanpaitxo txikiak zituen, eta kanpaitxo bakoitza ate eta leihoekin lotuta zegoen, nylonezko hari txiki batzuen bidez. –Inoiz ez jakiten nork sartu nahiko duen etxean, ezta nondik sartuko den ere. Peter ez zen batere harritu, han barruan balio handiko gauza asko baitzeuden. Estudiora heldu zirenean, etxearen gelarik goi-goian zegoena, osaba Basiliusek bere idazmahaiko lanpara piztu zuen eta objektua argi azpian jarri zuen. Erlojugileek erabiltzen duten lupa bat monokulo xelebre bat bailitzan begi aurrean jarri eta, arreta handiz, objektua aztertzen hasi zen. Bien bitartean, Peter gela kuxkuxeatzen saiatu zen, baina lanpararen argi ahulak ez zion mahaitik hiru pauso baino urrunago zegoen ezer ikusten uzten. Leku zabala zela iruditu zitzaion eta etxearen ganbara ia osoa izango zela pentsatu zuen. Ilargiaren argi ahula sabai-leiho txiki batzuen bidez sartzen zen, eta argitasun horrek agerian uzten zituen aldara garaiak eta tramankulu arraroak. Iluntasunean galtzen ziren eskailera batzuk ere ikusi zituela iruditu zitzaion. –Aja! –esan zuen irakasleeak, Peterren azterketa etenez. –Badakizu zer den, osaba Basilius? –Egia esan, ez. Ez dakit zertarako balio duen, baina barnean zerbait duela uste dut, eta hemendik bultza eginez gero, zer den jakin ahalko dugu. Mekanismoa emeki bultzatu zuen eta harea apur bat erori zen idazmahai gainera. Berriz ere lupaz aztertu zuen eta gutun-zabaltzeko batekin eragin zion. –Zein arraroa…! –xuxurlatu zuen osaba Basiliusek–. Harea besterik ez dirudi, baina urre koloreko dir-dira hau ez da ohikoa. Atzamarrekin harea apur bat ukitu zuen. –Harrigarria! Begiratu, Peter –gehitu zuen–. Partikulen artean magnetismo moduko bat dagoela dirudi. Harea bi multzotan banatu zuen, bata bestearengandik hurbil jarri zituen, eta aho bete hortz ikusi zuten nola mugitzen ziren harea partikulak erdibideko puntu bat bilatzeko, multzo bakar bat osatu zuten arte. 21


–Probatzen utziko didazu? –galdetu zion Peterrek. –Nola ez –erantzun zion osabak, une batez arriskutsua izan zitekeen hausnartu ondoren–. Bi pertsonek batek baino gehiago pentsatzen dute. Peterrek harea ukitu orduko, dir-dir egiteari utzi zion. –Hara! –esan zuen irakasleak harrituta–. Zer gertatu da? Peterrek begiak zabal-zabalik zituen, garrantzi handiko zerbait gogoratu izan balu bezala. –Peter, ondo zaude? –Bai… bai. Bat-batean, kamera baten flasharen moduko zerbait sentitu dut. Baina ez du garrantzirik. –Agian bai. Pentsa ezazu nola sentitzen zaren, burura zer datorkizun. Esan bururatzen zaizun lehenengo gauza. –Bada… Gogoratu dut gaur zaldi batean igota nengoela amestu dudala, baina ez dakit zer zerikusi duen. –Amets bat, diozu –hausnartu zuen osaba Basiliusek. Harea apur bat gehiago bota zuen idazmahai gainean–. Uki ezazu berriz ere, Peter, eta kontzentra zaitez. Peterrek eskua hurbildu zuen, eta begiak itxiz, atzamarra hauts distiratsu hartan barneratu zuen. Lehenengo saiakeran bezala, hareak bere dirdira galdu zuen. –Bai! –esan zuen Peterrek urduri–. Berriz gertatu da, orain baso batean nengoela oroitu dut. Basiliusek ez zuen zalantzarik izan. Tramankulu barruan zegoen harea guztia atera eta Peterri berriz ukitu zezan eskatu zion. Mutilak atzamarra harean sartu zuen eta aurpegia argitu zitzaion. –Sinestezina da, osaba Basilius. Orain ametsa osorik gogoratzen dut. Txoriak txioka ari ziren… Itsasora heldu eta olatuen gainean trostan nenbilen… ez dakit nola ahaztu dudan. –Ez duzu ahaztu, Peter –esan zuen irakasleak, kezkatuta–. Oroitzapena lapurtu dizute –eta hareari berriz ere eraginez, gehitu zuen–. Hareak erakarpen-gaitasuna galdu duela dirudi. –Lapurtu? Zer esan nahi duzu? Ezinezkoa da…! –oihukatu zuen Peterrek, eta osabari jarraitu zion, lanpara eskuan zuela apalategi batean zerbaiten bila baitzebilen. –Hemen dago –esan zuen, larru beltz batez babestutako liburu bati helduz. 22


Lanpara Peterri eman zion. Argia libururantz hurbiltzean, izenburua irakurri ahal izan zuen: Kondaira anglosaxoien laburpena. Irakaslea orrialdeak pasatzen hasi zen; izaki eta leku misteriotsuen marrazkiz beteta zegoen. –Hori da… Hareazko gizona… –esan zuen irakasleak, orrialde batean geldituz–. Kondairak dioenaren arabera, pertsonaia honek harea magikoz betetako zaku bat darama; dirudienez, haurren begietarantz hareaz putz egiten du, amets gozoak emateko. –Ametsak emateko, ez lapurtzeko. Harea erabiliz bi gauzak egitea posible dela uste duzu? –galdetu zuen Peterrek. –Ez dakit. Baina argi dago izaki horrek ez zuela Harea Gizonaren antzik. –Ez –esan zuen Peterrek liburuko marrazkiari begira: gizon garaia eta mehea zen, ilargia bezain zurbila–. Izaki horrek… katu baten antza zuen. –Arrazoia duzu –adostu zuen osaba Basiliusek–. Bi hankatan zebilela eta katu baten bikoitza neurtzen zuela salbu, felido mota bat zirudien. Liburua itxi eta bere tokira itzuli zuen. Ondoren, erloju-poltsikoari begiratu zion, segundo batez hausnartu eta esan zuen: –Gehiago jakitera noa. Ezagutzen dut honen inguruan zer edo zer dakien norbait. –Orain? –galdetu zion Peterrek–. Ordu txikitan irtengo zara? –Orain da memento egokiena, hau gauez besterik ezin da egin. Jakin-minak Peter ziztatu zuen. Gertakariak logura kendu zion eta, benetan gertatu ez zela sentitzen bazuen ere, jakin-minak irrikatzen zuen eta aurrera jarraitzera bultzatzen zuen. –Utzidazu zurekin joaten, osaba Basilius –esan zuen Peterrek, eta bere burua ere harritu egin zen bere hitzen irmotasunarekin. –Ez dakit, Peter. Ez dut uste egokia denik. –Mesedez, ona izango naiz. –Ez da horregatik. Toki hau… –bere hitzak neurritu zituen, tentuz; ilobari begietara begiratu eta gehitu zuen–: Zure gurasoek ez lidakete baimenik emango. –Nire gurasoek inoiz ez didate ondo antolatuta, aztertuta eta aspergarria ez den ezer egiten uzten. Gainera, ez daude hemen, eta hemen zurekin utzi banaute, zertan ari diren jakin beharko lukete. –Kar, kar, kar! –Basilius Hoffmanen barreak gela bete zuen–. Zu bai bizkorra. Argumentu onak dira. Ados, baina nirekin etortzea erabakitzen baduzu, sekretu bat gorde beharko didazu. 23


–Sekretu bat? Zer esan nahi duzu? –Leku hau ez du ia inork ezagutzen, eta ezezaguna izaten jarraitu behar du, oraingoz behintzat. –Ongi… ez dut ezer kontatuko. Nire hitza duzu. –Benetako Hoffman bat dirudizu. Beharbada… bai, beharbada, patuak arrazoi batengatik eman dizu aukera hau –esan zuen Basiliusek, eta bere begirada sakondu egin zen, ilobaren buruan sartu nahi balu bezala–. Peter, badakizu zer?, toki honek zure bizitza betiko aldatuko du. Zure kezkak, zure arazoak, ez zaituzte gehiago estutuko. –Hori egia bada, zurekin joan nahi dut. Aspertuta nago beldurtuta bizitzeaz: beldur diet nire gurasoei, nire klase-kideei, nire kabuz erabakiak hartzeari. Aukera hori izan nahi dut, osaba Basilius. Agerikoa ez izan arren, Basilius Hoffmanek ondo zekien hura Peterren bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako bat izango zela, eta denborak besterik ez zituen erakutsiko bere erabakiaren ondorioak. –Ados, Peter. Jarri jaka: gau hotza dugu. Hamar minututan, egon zaitez prest. Ez zuen segundo bat ere behar izan bere logelara iristeko. Oraindik izkinan zeuden maletetako bat zabaldu eta bota marroi mardulak, eskularruak eta lumaz betetako beroki bat atera zituen. Jantzi ahala, toki misteriotsuan besterik ezin zuen pentsatu. Egiatan –hausnartu zuen–, osaba ez zen uste bezain aspergarria. Jantzi ostean, artilezko bufanda jarri eta korrika jaitsi zen. Osabak egin beharrekoa azaldu zionetik zazpi minutu eta zortzi segundo igaro zirenerako, sarreran zegoen, osabaren zain. Emandako epea amaitu zenean, eskailera goi-goitik ahots bat entzun zuen. –Zertan zabiltza hor geldirik? Mugi, igo. Gaua laburra da. Peterren jakin-mina are gehiago areagotu zen. Eskailerak igo zituen eta biak batera estudiora itzuli ziren. Osaba Basiliusek beroki lodi bat zeraman jantzita, eta bidea argitzeko, gas lanpara bat zeraman eskuan. Estudioa Peterrek irudikatu bezain zabala zen, eta argi ahul horrek itxura beldurgarria ematen zion. Esekileku baten ondotik igaro zirenean, Basiliusek oraindik gainean Australiako hautsa zuen zorro zahar bat hartu zuen. “Planetako beste puntatik iritsi berri da”, pentsatu zuen Peterrek, “eta jadanik, beste abentura batean murgiltzera doa”.

24


Laborategia zeharkatu eta apalategi baten aurrean gelditu ziren. Peterrek ingurura begiratzean, liburu-santutegi hark zuen itxura misteriotsua sentitu zuen, eta estutu egin zen liburu haiek guztiek ezkutatzen zituzten sekretuetan pentsatu zuenean. Osaba Basiliusek liburuki lodi bat tokitik kendu eta liburuak utzitako zuloan eskua sartu zuen. Klak bat entzun zen, eta ondoren, mekanismo bat sumatu zuten. Altzaria hondoratu egin zen, ezkutatzen zuen pasabide ezkutua agerian utziz. –Ez da diruen bezain erraza. Mekanismoa gaizki aktibatzen baduzu, agur besoari! –esan zuen Basiliusek goibelki. Pasabidea laburra zen, eta iluntasunean gora zihoazen barraskiloeskailera herdoiltsu batean amaitzen zen. Peter poliki-poliki igo zen, metalezko egiturak kirrinka eginez mehatxu egiten zuen bitartean. Gora heldu zirenean, atexka bat zabaldu zuten. Kaleko haize hotza iritsi zitzaion eta kanpora irten ziren. Teilatuaren goialdean zegoen dorre batean zeuden. Ez zuen inolako ezaugarri berezirik, egur zati batean zintzilik zegoen kuia baten tamainako kanpaitxo bat izan ezik. Peterrek bere ingurura begiratu zuen, lanbroak ezer gutxi ikusten uzten zion arren. Hiriak azpian teilatuz osatutiko ozena bat osatzen zuen. Haizeak eta miauka ari zen katu batek soilik apurtzen zuten isiltasuna. Osaba Basiliusek lanpara izkina batean utzi zuen, eta zorroan zerbaiten bila hasi zen; urre koloreko mailu txiki bat atera zuen, geologoek erabiltzen dutenaren antzeko, eta kanpaia jo zuen. Nota altu bat argi eta garbi entzun zuten, eta haizea emeki mugituz hasi zela zirudien, lanbroa baztertu zuena, harri-koskor batek urmael batean marrazten dituen bezalako uhinak sortuz. Berriz isiltasuna nagusitu zenean, kanpaia jo zuen beste behin; eta gero, berriz ere. Orduan, harrizko lurrean eseri zen eta hezurrezko pipa bat piztu zuen. –Orain, iritsi arte itxaron behar dugu –esan zuen Basiliusek, piparen keak zeru ilunean flotatu bitartean.

25


Profile for Rinoceronte Editora

Basilius Hoffmanen mundu sekretua. Amets-lapurra  

'Basilius Hoffmanen mundu sekretua. Amets-lapurra'. Fernando M. Cimadevila. Sushi Books, 2015. http://sushibooks.es/tenda_eus.php?op=ver&id=...

Basilius Hoffmanen mundu sekretua. Amets-lapurra  

'Basilius Hoffmanen mundu sekretua. Amets-lapurra'. Fernando M. Cimadevila. Sushi Books, 2015. http://sushibooks.es/tenda_eus.php?op=ver&id=...

Advertisement