__MAIN_TEXT__

Page 1

Kalleby

U

rrunean, muino berde eta leunetako zelaien artean galduta, Kalleby hiria dago. Kalleby ez da oso handia; egia esan, ez da benetako hiri bat ere. Etxe txiki eta oker batzuek osatutako taldea eta ahateen urmaelaren inguruan batutako baserrien gehikuntza besterik ez da. Kallebyk kale bat besterik ez du, eta kale hori ez da benetako kale bat ere, zuloz betetako lurrezko bide bat baizik. Euria ari duenean, zuloak urez betetzen dira, eta zalgurdiak eta autoak zarataka gainetik igarotzen direnean, ur zipriztinak norabide guztietarantz irteten dira. Kallebyn denda bakarra dago. Baina bertan ia edozer eros daiteke: emakumezkoentzako galtzerdiak, lapikoentzako estalkiak, gozokiak eta baita tabakoa ere. Bai, are gari zaku bat edo urdaiazpiko keztatu mamitsua eros daitezke denda txiki eta atsegin honetan, kafe, xaboi eta sagar ustel usaina duen amona baten sukaldea bezain erosoa dena. Baina Kalleby oso handia izan ez arren, eta kalea zuloz betetako lurrezko bide bat besterik ez izan arren, gauza on asko daude.

7


Lehenengo eta behin, lorategi ugari ditu, gereziondo lurrintsuz, eserleku zuriz eta haizea dabilenean kulunkatu egiten diren plastikozko zikoinez beteak. Ondoren, ahateen urmael biribila dago, eta belar ondu horiz egindako metak, uda guztietan txolarreek habiekin betetzen dituztenak. Simaurtegiak daude, urbonbak, kale-argiak eta esnez betetako ontzi zaratatsuak. Zakurrak, katuak eta txerriak daude. Txerriak zinez zikinak dira, beti ibiltzen direlako lokatz, asun eta azen zurtoin zimelduen artean iraulkatzen. Erreka arrainez eta animalia arraroz gainezka dago, eta ondoan zabortegia dago, egunkari zaharrez eta poto herdoilduz beteta. Eskolan Sakarias maisua dago eta elizan Emanuel artzaina, eta lautada berde bat ere badago; bertan, uda ia guztietan jolasparkea jartzen dute eta zaldiko-maldikoak, gozoki-postuak eta begi beltzeko ijitoak egoten dira. Eta, jakina, Kallebyn biztanleak eta haurrak daude. Ezin ditugu ahaztu, haiek gabe Kalleby leku triste eta aspergarria izango litzatekeelako.

8


Albert

A

lbert Kallebyn jaio zen. Astearte batean jaio zen, goizeko zazpietan, eta ama erditzen ari zenean, horrenbeste oihukatu zuen, ezen Kallebyko biztanle guztiek beren etxe txiki eta okerretatik korrika irten eta oihuak nondik zetozen ikustera joan baitziren. –Ziur Vølle errementeria izan dela; bere txerria hiltzen ibiliko da –esan zuen dendariak. Dendaria Kallebyko denda bakarraren jabea zen. Ia beti barrezka ari zen, gizon alaia baitzen, eta gustuko zuen garagardoa edatea eta abestiak abestea. –Txerri batek ez du horren ozenki oihukatzen –esan zuen Stampe andreak, Kallebyko emakumerik zaharrenak, alegia–. Hiri honetan bizitzen daramatzadan laurogeita hamazazpi urteetan, inoiz ez dut entzun txerri bat horren ozenki oihukatzen. –Hara –esan zuten zer gertatu zen jakiteko beren etxeetako ateak apur bat zabaldu eta burua kalera atera zutenek–. Zer ote da, orduan? –Agian zerbait arriskutsua da –esan zuen neska batek, eta bere amaren amantalaren atzean ezkutatu zen.

9


Orduan, Alberten aitak burua leihotik atera eta bere biriketako indar guztiarekin oihukatu zuen: –GORA! ALBERT JAIO DA! GORA! –Nor da Albert? –galdetu zioten batzuek, jakinguraz–. Ez dugu inoiz berari buruz ezer entzun. –Ez –esan zuen Stampe andreak–. Hiri honetan bizitzen daramatzadan laurogeita hamazazpi urteetan, ez dut inoiz Albert izeneko norbaiti buruzko ezer entzun. –Tira, ez da harritzekoa –esan zuen Alberten aitak–. Albert nire seme jaioberria da. –O, ez! –esan zuten denek, oso atsekabetuta, zerbait benetan zirraragarria izatea espero zutelako–. Hainbeste umerekin, laster ez gara hirian denok sartuko. –Ba! –esan zuen dendariak–. Ez da horrenbesterako. Hiri honetan umerik egongo ez balitz, asper-asper eginda egongo ginateke. Orduan, nork demontre egingo lituzke bihurrikeria guztiak? Baina zapataria gizon marmartia zen eta beti zegoen haserre; bere aurpegiak sagar zimurtu baten antza zuen, hain zegoen beti suminduta, eta ez zuen dendariak esandakoa entzun. Horren ordez, umeek nazka-nazka eginda zutela oihukatzen hasi zen, lorategian sartzen zitzaizkiola, errefauak lurretik ateratzen eta oiloak oilategitik askatzen zizkiotela. –Honela jarraituz gero –marmartu zuen–, egurrezko hesi garai bat eraikiko dut nire etxearen inguruan.

10


Orduan, atea kolpe bortitz batez itxi zuen, eta gutxigatik ez zuen sudurra ateaz harrapatu. Bere lantegiko izkina batean eseri eta marmarka, purrustaka eta hortzak karraskatzen hasi zen. Baina zapatariaren madariondoan eserita, madari heldugabeak jaten ari zen haur talde batek guztia entzun zuen. Elkarri begiratu, eta esan zuten: –O! Dirudienez, Albert haztean, oso iaioa izango da errefauak erauzten. Eta denborak arrazoia eman zien.

11


Profile for Rinoceronte Editora

Albert (euskara)  

Albert, Ole Lund Kirkegaard (Sushi Books, 2015): http://sushibooks.es/tenda_eus.php?op=ver&id=1382

Albert (euskara)  

Albert, Ole Lund Kirkegaard (Sushi Books, 2015): http://sushibooks.es/tenda_eus.php?op=ver&id=1382

Advertisement