2016 urtekaria

Page 7

editoriala Urtero agendan borobildutako fetxak dira abuztuaren 2tik 6ra doazen horiek oiartzuarrontzat. Herriko festetan adin guztietako oiartzuarrek izaten dute zitaren bat, galdu nahi/ezin dutena. Berdin du adina: erretiratuen bazkaria dela edota bilobak danborra jotzen txaloka animatzea batzuentzat; idi-apostuak eta sagardo dastaketa beste batzuentzat; pintxo lehiaketa; auzoen arteko sokatira tiratzaileentzat eta norbere auzotarrak animatzera doazenentzat; barrakak ttikienentzat; edo sokamuturra abuztuaren 2ko gaupaseroentzat…

Eta, bakoitzak jai egitarauan irrikaz itxaroten dituen ekimenak egon badauden bezala, Urtekari Batzordea egiten dugun lantaldean pentsatu nahi dugu badirela oiartzuarrak Oiartzun 2016 urtekariaren zain ere irrikaz daudenak. Lauzpabost hilabeteko lana izaten du Urtekari Batzordeak azken urtean gure herrian aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak, urteurrenak… biltzeko. Aurten ere, horretan aritu gara. Oiartzun 2016 urtekarian, besteak beste, gai hauek topatuko ditu irakurleak:

• Elkarrizketa nagusia JUANITO AROZENA EGIMENDIAri egin diogu. Hamaika kontu kontatu dizkigu: txistulari gisa egindako ibilbidea; euskarazko antzerkigintzan pasatako urteak; lan-bidaiak; udalgintzan pasatako legegintzaldia…

• BERTSOLARITZAk ere toki berezia du aurtengo zenbakian: Koxme Lizasori egindako omenaldian hari buruz esandakoak eta herriko bertsolaritzaren historia laburtua; Gipuzkoako Txapelketa Nagusian finalera iritsi diren Alaia Martin eta Arkaitz Oiartzabal Xamoaren bizipenak; eta, harribitxi gisa, ahazturatik berreskuratu ditugun Oiartzungo hiru emakume bertsolari: Sabina Elizegi Maiz, Lukasia Elizegi Baraibar eta Martxelina Lopetegi Olaiz. • Altzibarko Sotereneko TIBURTXI ADURIZi egindako elkarrizketa, bere bizimodua jasoz.

• Urte hasieran hil zen JOXE LASA ‘AXEIGORRI’ trikitilaria ere gogora ekarri nahi izan dugu, in memorian.

• URTEURRENEK ere badute bere txokoa 2016 honetan: Ituriozko ITURRI BERRI eta ALTZIBARKO BILLERA elkarteek 50na urte bete dituzte eta haien historiari errepasoa eman diegu. Kirol arloan, berriz, GIRIZIA MENDI TALDEA 30. urteurrena ospatzen ari zaigu eta GIRIZIA SOKATIRA Taldeak Munduko Txapelketa irabazi zuela 25 urte bete dira. Kenpoko HONBU Elkarteak ere 30 urte bete ditu.

Urtekari hau osatzea ezinezkoa izango litzateke kolaboratzaileen eta herriko eragileetako ordezkarien laguntzarik gabe. Horregatik, aurtengoan ere Urtekari Batzordearekin elkarlanean aritu diren horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta oso bereziki Lierni Alkorta, Andoitz Antzizar, Onintza Etxebeste, Antton Kazabon, Suberri Matelo, Mirari Martiarena, Inazio Retegi eta Aintzane Toledori.

Aurtengoan, bereziki gogoan izan nahi dugu ADOLFO LEIBAR AXPE, urte askoan Urtekari Batzordeko kide izan dena eta baita herriko kulturgintzako eragile nabarmena. Joan den maiatzaren 8an hil zen, 93 urte zituela. Urte hauetan guztietan egindako lana eskertu nahi diogu Urtekari Batzordetik, eta gogora ekarri nahi dugu, oiartzuar guztiek jakin dezaten, argitalpen hau ez zela existituko haren borondaterik gabe (2005. urtean elkarrizketa nagusian kontatu zigun bere bizimodua eta 2014an Xanistebanetako omendua izan zen). Urtekari Batzordeko kideon izenean, eskerrik asko egindako lan guztiarengatik, Adolfo. Beraz, Oiartzun 2016 gustura irakurtzea espero dugu, eta gure herriari buruz zertxobait gehiago jakiteko baliagarri izatea. Bukatzeko, oiartzuar guztiok batzen gaituen aldarria egin nahi dugu…

GORA XANISTEBANAK! GORA OIARTZUN!


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.