editoriala
h
emen ditugu Xanistebanak! Urtero legez, oiartzuarrokin daukagun hitzordura iritsi gara. Komunikazio bide egoki bezain mamitsu honekin gatoz zuengana. Berrogeita laugarren alearekin, alajaina!
1956. urtean sortu zen OIARTZUN urtekaria, Santiago Aizarna, Benjamin Alvarez, Adolfo Leibar, Juan Mari Lekuona, Jose Antonio eta Miguel Irigoyen, Julio Barrutieta, Paul Urreolabeitia, Pablo Michelena, Dionisio Martiarena, Ayalde eta beste hainbaten lanei esker. Haiek jarri zuten lehen hitza, garai aski zailetan. Halere, lau urtez jarraian OIARTZUN urtekaria leialki iritsi zen Xanistebanekin batera. Gizon haien meriturik handiena komunikabide hau sortzea izan zen. Gure lana izan da, besteak beste, haien eginahalari jarraipena ematea. OIARTZUN 2014 urtekariak, aurrekoetan bezalaxe, gure haranean izan den dinamika guztia jasotzen du aurtengoan ere gure historiarako. Kultur ekintzak, kirolak, herri eragileak, irakaskuntza… jaso eta bildu egin ditugu.
Eta OIARTZUN 2014 aldizkariaren atarian gaudenez, gure iritziz, adierazgarrienak diren gaiak aipatuko ditugu:
• Aurten, elkarrizketa nagusiaren lekua Juanito Galdos Arbide jaunak bete du. Gurutzeko semeak oso gaztetatik lanean hasi beharra izan zuen, eta Galdosene tabernako mostradorearen atzean makina bat pasadizo bizi ondoren, bere garaiko bizimoduko kontu interesgarri batzuk guri kontatzeko aukera eskaini digu.
• Seme-alaben atalean, Koxme Lizaso bertsolaria ekarri du gogora Arkaitz Goikoetxeak, oroitzapenei hitzak jarrita. Ederki azaltzen du harenganako sentitzen zuen/ duen irrika-errespetu-jakin min-estimuaren arrastoa. • Historia sailean, Lartaun Abesbatzaren 50. urteurrena azpimarratu behar da. Yon Oñatibia musikari oiartzuarrak sortu zuen, Pedro Mitxelena eta Jesus Mari Nuñezekin batera. Bestalde, Soka dantzak 20. urteurrena du aurten, eta hori dela eta, haren historia eta esanahia azaltzen da urtekarian.
• Eta urteurrenekin jarraituz, kirolean Haurtzaro Atletismo Taldearen 30. urteurrena azpimarratu da. Periko Sanromarekin sortu zen lehen taldea, 1984an, eta bien bitartean milaka entrenamendu, proba eta lasterketa bizi izan ditu taldeak. Bestalde, Oiartzunek iaz irabazitako Herriarteko Eskuzko Gipuzkoako txapelketa aipatzen da.
• Ikurrinaren historia Oiartzunen ere jaso du urtekariak. Izan ere, oiartzuarrok bat egin zuten ikurrinaren alde herrian antolatutako festa handiarekin eta Espainiako bandera jartzeko inposizioaren aurka.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gure urtekari honen laguntzaileei eta irakurleei, guztien artean, egunetik egunera, gure herriko historiaren zatia izango dena osatzen ari baikara. Azkenik, oroimen eta agur bero bat hainbat arrazoi direla-eta gure haranetik kanpo dauden oiartzuarrentzat. Eta denontzat,
XANISTEBAN ZORIONTSUAK!