JOAQUÍN DE YDOI (1806-1810) 1806ko otsailekoa da, baita ere, Agustín de Arratibel, Ignacio de Huizi eta Esteban de Huizi bizilagunek izenpetutako ohar bat. Haiek ziren mediku titularra hautatzeko batzordeko kideak, eta izendapena martxora arte (1806ko martxoa) atzeratzeko asmoa adierazi zuten ohar horretan. Izan ere, eginkizun agurgarri hura betetzeko hautagaiek zer-nolako baldintzak, zintzotasuna eta zientzia zeuzkaten aztertu nahi zuten. Halaber, mediku titularra hautatu artean Joaquín de Ydoik astean behin Bailarako gaixoak bisitatzea proposatu zuten110. Ez dugu inolako erreferentziarik aurkitu Juan Bautista de Izaguirrek utzitako postu hutsa bete nahi izan zuten hautagaiei buruz. Ezta Joaquín Ydoiren ibilbideari buruz ere, nahiz eta hura izendatu zuten. 1810ean hil zen, eta une hartan Oiartzungo mediku titularraren plazan zegoen; horra hor hura aukeratu zutela adierazten digun datu bakarra. PEDRO IGNACIO DE URIBE (1810-1824) Joaquín Ydoik utzitako plaza hornitzeko hautagaiei dagokienez, hautatu zutenaren berri bakarrik dauka, hau da, Pedro Ignacio de Uribe andoaindarraren berri. Eskabidean adierazi zuenez, Medikuntzako bi urte ikasi zituen Zaragozako Unibertsitatean, eta beste bi, Madrilgo Kirurgia Medikoko Errege Eskolan. Horrez gainera, bi urtez egin zituen praktikak Madrilgo Medikuntza eta Kirurgiako Errege Eskolan. Gero Gipuzkoara itzuli zen, eta sei urtez mediku titular gisa jardun zuen Pasaian. 1810eko martxoaren 26an izendatu zuten Uribe Bailarako mediku titular111. Uribe hil arte egon zen Bailaran. Ez zuen postua utzi, nahiz eta udalerriak zailtasun handiak izan zituen edonolako gastuei aurre egiteko. Hura mediku izendatu zutenean, Bailaran nabarmenak ziren Independentzia gerraren ondorioak. Hain justu 1811koa da Frantziako soldaduen agintariek Oiartzungo alkateari idatzitako gutun bat. Gutun hartan, gogorarazi nahi zioten osasun arloko profesionalek debekatuta zutela gerran zauritutako espainiarrei laguntzea: “Estoy informado que en varios pueblos los médicos, cirujanos y boticarios prodigan sus cuidados a los insurgentes heridos en las diferentes escaramuzas. Todos los Reglamentos de Policía imponen la obligación bajo las más fuertes penas a todo médico, cirujano y boticario de declarar a la autoridad del pueblo y esta última al Comisario de Policía el nombre, apellido, edad, pueblo de naturaleza, domicilio y profesión de todo individuo de uno y de otro sexo, que asistiesen por cualquier especie de heridas: deben además dar con el mayor detalle el carácter de la herida y la calidad de la arma que ha podido dimanar. Ynteresa mucho, señores, de celar severamente la execución de esta medida, que forma una de las bases del servicio de la policía. Os 110 OUA-AMO, A atala, 1. negoziatua, 75. liburua, 2. espedientea. 111 OUA-AMO, A atala, 1. negoziatua, 78. liburua, 3. espedientea. 121