191ap

Page 1

udal aldizkaria

Oinbusa martxan jarriko da, ikastetxeetara joateko mugikortasun ohituretan eragiteko

2018ko MAIATZA • 191. ZENBAKIA

ABARAXKA

Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxotik ikastetxeetara joateko bide seguruak markatu dira Ikasleak herriko hezkuntza zentroetara oinez joateko programa da Oinbusa. 2008/2009 ikasturtean, Udalaren, ikastetxeen eta guraso bolondresen ahaleginari esker, martxan jarri zen. Datozen asteetan, berriz martxan jarriko da proiektua Haurtzaro eta Elizaldeko ikasleen artean. Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta autoen erabilera murrizteko, haurren autonomia lantzeko eta bizilagunen arteko harremanak sendotzeko balio du Oinbusak. Helburua ohitura aldaketa sustatzea eta Oinbusa iraunkorra izatea da. Horretarako, Udalak bide seguruak markatu eta seinaleak jarri ditu Altzibartik, Iturrioztik eta Ugaldetxotik ikastetxeetara.

Guraso bolondresen laguntza HH eta LHko ikasleen kasuan, guraso bolondresekin batera antolatu dira Oinbusak. Era berean, LHko ikasle helduenak ttikiagoen arduradun egitea ere bultzatu nahi da, haurren autonomia lantzeko. Hain zuzen ere, DBHko ikasleak dagoeneko autonomoak direlako, Oinbusaren filosofia azaltzeko eta bide seguruak non dauden azaltzeko bilerak egin dira Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko ikasle ordezkariekin -gero ikaskideen artean informazioa zabaltzeko-. Gainera, Haurtzaroko eta Elizaldeko ikasleek Udalari bide seguruak markatzen lagundu diote ibilbideetan zehar.

Haurtzaro Ikastolako DBHko ikasleak margoketak egiten. Elizalde Institutuko DBHko ikasleekin bilera.

Altzibar-Iturriotz espaloia konpontzeko lanak 186.000 €ko inbertsioa egingo du Udalak oinezkoen bidea txukun jartzeko Altzibar eta Iturriotz arteko espaloia konpontzeko lanak egingo dira. Agerre-alde etxaditik Ziara kale arteko oinezkoen bidea konponduko da. Lanak, Altzibartik hasiko dira datozen egunetan.

ABARAXKAREN AZKEN HILABETEA Urte bat gehiago bizitu dugu Abaraxka ludotekan erletxoekin eta gure ekintzetan parte hartu duten eragile eta norbanakoekin. Ikasturteko azkeneko hilabetean murgildu gara eta konturatu gabe gainera! Ziztada goxoak bailitza pasatu zaigu ikasturtea, ziztu bizian. Ekintza batetik bestera eta herrian barrena jolasean hegan izan gara: ludotekan lagunekin, Gau Beltzean beldurrez, Soinuenekoekin tailerretan, Torri Gukinekoekin elkarlanean, gurasoekin kafe tertulietan, Petra Lekuonan jolasean, Laborekoekin paperezko ametsetan… Zenbat hegaldi eta egonaldi ezberdin egin ditugun, astean zehar, asteburuetan, opor partean...! Urteari bukaera emateko ekainaren 1ean, ostirala, gero arte jaia eta Abaraxka Ludotekaren itxiera ospatuko dugu. Gurekin parte hartu duten herritar eta eragileak eskertzeaz gain, jolasak, meriendatxoa eta musika zuzenean izango dugu. Bai, bai, adin ezberdineko herritarrok dantzan eta algaraz gozatuko dugu azken egun hau. Gainera, Hernaniko gaztetxo talde bat izango dugu gurekin arratsaldea girotzen eta alaitzen. Esan bezala, ekainaren 1a izango dugu Abaraxkan erletxoekin egoteko azken eguna. Herritar guztiak gonbidatuak zaudete itxiera festa ospatzera. Adi egon, eguna iragartzeko kartela eta berriak egingo ditugu, ordutegiak eta zehaztuaz. Urrian berriz irekiko ditugu hegoak eta berriz gure Abaraxka erletxoz beteko dugu orain arte bezala. Ekainaren 4tik aurrera hezitzaileok buru-belarri udalekuetan murgilduko gara, uztailean herria erletxo txikiz beteko baitugu. Edonon ikusiko gaituzue lorez lore, parkez parke eta auzoz auzo korrika eta saltoka, herritarrei eta herritarrekin ziztada goxoak partekatuz.

Hamar asteko aurreikuspena dute lanek eta 186.000 €ko inbertsioa egingo du Udalak espaloi hau konpontzen. Altzibarren eta Iturriotzen, bi auzoetan jasotako eskaera izan da bide hau konpontzea. Orain, lan hauekin auzotarren eskaerari irtenbidea emango dio Udalak eta mugikortasun iraunkorraren aldeko urrats aproposa izango delakoan ere bada, oinezkoentzako bide seguru eta egokiak jarrita.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia

Tximeleta elkarteak Oiartzungo Udala saritu du

‘Euskara saltsan’, jatetxeak euskalduntzeko

Udako kirol jardueretan izen-ematea, irekita

Silo plastikoaren bilketa egingo da hilaren 24an

Errenta aitorpena egiteko epea irekita dago ekainaren 30a arte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun sailarekin herritarrek duten betebehar hau euskaraz betetzera animatu nahi ditu Udala aurten ere oiartzuarrak. Iaz, errenta aitorpena euskaraz egin zuten oiartzuarren kopurua pixka bat jaitsi zen (%0,44) eta aurten berriz kopuru hori igotzea da gure erronka. Oiartzuarrok behin baino gehiagotan adierazi dugu euskaraz bizitzeko nahia eta jardun ekonomikoan ere hala egiteko pausoa ematera animatu nahi ditugu.

Tximeleta Elkarteak Oiartzungo Udala saritu du Anoetako Belodromoan egindako Gimnasia Erritmikoko II. Eskolarteko Jaialdian, “Oiartzungo Udalak sustatzen dituen balore hezitzaileengatik”. Enekoitz Markos Kirol zinegotziak jaso zuen aipamena ekitaldian. Oiartzungo Udalaren izenean, sariarengatik eskerrak eman zituen Markosek “eta kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez balore hezitzaileak lantzen laguntzen duten kirol-elkarteen lana” errekonozitu zuen; tartean, baita ere, Tximeletak herrian gimnasia erritmikoaren bidez egiten duena.

Aurten, jatetxeen gremioan euskararen erabilera sustatzeko lanketa martxan jarri du Oarsoaldeako Euskara Batzordeak, Euskara saltsan izenarekin. Orain arte, jatetxeetako menuak euskaratu dira. Udazkenean, bezeroen artean 50 €ko sei sari banatuko dira herri bakoitzean eta eskualde mailan, Zuberoa jatetxean bi lagunentzako otordua. Oraingoz, Oiartzungo 24 jatetxek hartuko dute parte egitasmoan, baina interesatuak daudenek Ttur-Tturreko merkatariostalari@tturttur.eusera idatz dezakete.

Eskualdeko lau udalek elkarrekin antolatu dituzte udako kirol jarduerak. Dagoeneko izen-ematea irekita dago, Oiartzungo kasuan, Elorsoro kiroldegian. Oiartzunen 12 jarduera egiteko aukera izango da ekainaren 25etik irailaren 9a bitartean; lau urtez gorako haur eta gaztetxoentzat izango dira guztiak. Hala ere, lau udalen arteko elkarlanean antolatutako egitasmo honi esker, haur eta gaztetxo oiartzuarrek Errenterian, Lezo eta Pasaian antolatu diren jardueretan ere parte hartzeko aukera izango dute.

Silo plastikoaren bilketa berezia egingo du Udalak hilaren 24an (osteguna). Aurreko bi egunetan -hilak 22 eta 23utzi beharko da belar bolak biltzeko erabiltzen den plastiko berezia bilketarako zehaztutako puntuetan: Ergoienen, Arbelaitz bidearen sarreran; Gurutzen, Bizardia Elkartearen aurrean; Karrikan, Gaintzabal bidearen hasieran; eta Ugaldetxon, Txaparreko zintzilikarioen ondoan edo Zerradi poligonoko aportazio gunearen ondoan. Baserrietan tarteka sortzen den hondakin berezia da plastikoa eta urtean bi bilketa antolatzen ditu Udalak hondakin hau egoki kudeatzeko.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.