92
Psikopatologia
izan dira eskizofreniak. Ikerketa-arloan gehien erabiltzen den sailkapena DSM-IVTRk (APA, 2000) proposatutakoa da. Sailkapen horren arabera, bost eskizofrenia mota bereiz daitezke: paranoidea, desantolatua edo nahasia (hebefreniko ere esaten zaio), katatonikoa, desberdindu gabea eta hondarrekoa. – Eskizofrenia paranoidea. Eskizofrenia mota honetan ohikoak izaten dira eldarnioak edo entzumen-haluzinazioak, baina gaitasun kognitiboak eta afektibitatea ez dira oso kaltetuak gertatzen. Jazarpen-eldarnioak, handitasun-eldarnioak edo biak tipikoak izaten dira, baina beste gairen batekin lotura duten eldarnioak ere ager daitezke: erlijio-eldarnioak, eldarnio somatikoak, eta abar. Eldarnio anitz izan ditzaketen arren, eldarnio horiek guztiek elkarrekin lotura koherentea izaten dute, eta, eskuarki, haluzinazioek ere eldarnioen edukiarekin zerikusia izaten dute. Eskizofrenia paranoidea jasaten dutenak urduri, suminkor, herabe eta mesfidati ageri dira, eta besteekin eztabaidatzeko joera izaten dute. Eskizofrenia moten artetik pronostiko onena duena izaten da, pazienteek beren gaitasun kognitiboak berdintsu gordetzen dituztelako eta bizitzan beren kasa aurrera egiteko gai izaten direlako. – Eskizofrenia hebefreniko edo desantolatua. Eskizofrenia mota honen ezaugarri tipikoak izaten dira mintzaira nahasia, jokabide nahasia eta emozioen adierazpen desegoki eta eskasa. Hitz egiteko modu errepikatzailea, haurrena bezalakoa eta ulergaitza dutenez, normala da eskizofrenia mota hau dutenei ezertxo ere ulertu ezin izatea. Afektibitate desegokia agertzen dute: egoerari ez dagokion afektibitatea; diskurtsoarekin zerikusirik ez duten barreak, malkoak eta aurpegiko keinu bitxiak. Lagunengandik urrundu eta fantasietan babesten dira. Pentsamendu zatikatua agertzen dute, eldarnioen eta haluzinazioen arteko lotura koherenterik gabea. Abuliko ageri dira: eguneroko bizitzako ekintzetarako motibaziorik gabe; emozioen eskasia nabarmena agertzen dute, eta afektuak modu desegokian adierazten dituzte; portaera bitxiak eta manierismo bereziak agertzen dituzte. Eskizofrenia mota guztien artetik pronostiko okerrena duena izaten da, pertsonaren funtsezko hainbat gaitasunetan nabarmenki eragiten duelako eta bizimodu autonomoa izateko oztopo izaten delako. – Eskizofrenia katatonikoa. Asaldura psikomotor nabarmena agertzen du. Batzuetan jarrera finko eta zurrunean jarriko da, eta horrela egongo da, zirkinik egin gabe, argizariaren malgutasuna erakutsiz (harridura). Beste batzuetan guztiz aktibatua agertuko da, eta helbururik gabeko neurriz gaindiko mugimenduak (asaldura psikomotorra) egingo ditu. Gorputz-jarrera oso bitxiak edo desegokiak hartuko ditu, beste pertsonen mugimenduak imitatuko ditu (ekopraxia), haien hitzak errepikatuko ditu (ekolalia) eta keinu deigarriak egingo ditu. Uste gabeko bat-bateko bulkada bortxadunak eta besteen aginduekiko izugarrizko negatibismoa ager ditzake. Harrimen