256
Psikopatologia
Dementzia baskularra diagnostikatzeko irizpideak (DSM-IV-TR, 2000) A. Ezagutza-gabezia anitz ditu, eta honela agertzen dira: A1. Oroimenaren endekapena (informazio berria ikasteko gaitasunaren endekapena edo aurrez ikasitako informazioa gogoratzeko gaitasunaren endekapena). A2. Ezagutzaren asaldu hauetako bat (edo gehiago): (a) Afasia (hizkuntzaren asaldua). (b) Apraxia (mugimen-jarduerak egiteko gaitasunaren endekapena, mugimena ukitu gabe badago ere). (c) Agnosia (objektuak ezagutu edo identifikatu ezina, zentzumenen funtzioa ukitu gabe badago ere). (d) Funtzio exekutiboen asaldua (adibidez, planifikazioa, antolamendua, sekuentziazioa eta abstrakzioa). B. A1 eta A2 irizpideetako ezagutza-gabeziek lan-jardueraren edo jarduera sozialaren endekapen esanguratsua eragiten du, eta aurretiko jarduera asko mugatzen ditu. C. Zeinu eta sintoma neurologikoak (adibidez, zuntzen erreflexu sakonen exajerazioa, oinazpia luzatzeko erantzuna, paralisi pseudobulbarra, ibileraren anormaltasunak, soin-adar baten ahultasuna) edo gaixotasun zerebrobaskularra gertatu dela iradokitzen duten laborategiko probak asalduarekin etiologikoki erlazionatuak daudela dirudi (adibidez, garun-azala eta substantzia zuria inplikatzen dituzten infartu anizkoitzak). D. Gabeziak ez dira agertzen delirium baten buruan bakarrik. Etiologiari dagokionez, garuneko eta odolbideetako nahasteak sortzen dituzten faktore berak dira dementzia baskularra sortzen dutenak: diabetesa, erretzea, gizentasuna, hipertentsioa, kolesterola; garuneko arterietako amiloide-pilaketak ere arrisku-faktore garrantzitsuak dira. Garuneko atake baskular anizkoitzen emaitza izaten da eskuarki dementzia baskularra; izan ere, garuneko atake baskular isolatu batek nekez sor baitezake dementzia bat; infartuak substantzia zuria eta grisa ukitzen dituenean, garuneko eskualde zabal bat ukitzen duenean edo lesioak hemisferio bietan antzeko eskualdeak ukitzen dituenean, orduan agertzen da dementzia; ongi zedarritutako asaldu batek afasia bat eragin dezake, baina dementzia baterako eskualde zabalagoa ukitu behar du anoxiak edo hipoxiak. Pertsonaren bereizgarri psikologikoek edo bizi-estiloak eragin dezakete dementzia, droga-kontsumoaren bidez. Era berean, bizitza sedentarioak, dieta desorekatuak edo bizitza estresatuak eragin dezakete dementzia baskular bat.