Issuu on Google+

Lander Garro Kontrarioa Juan San Martin Liburutegia

Antxon Narbaiza 2014/02/04


Lander Garro, Kontrarioa Garai zehatz bateko eleberri bat Demagun XX. mendeko azken urtean gaudela, 1999an sartzear, eta berarekin moneta berria, euroa badatorrela. Laster, krisiak gogor inarrosten hasiko duen Gipuzkoako herri industrializatu batean. Oreretan gaude, zehatz esateko. Bertan garatuko da eleberria. Jar ditzagun orain, kokagune horretan bertan, zenbait gazte. Eman diezaiegun bizia. Horra eleberri bipil eta errealista bat osatzeko lehengaiak. Nobelak gaur garena izaten, egoera horretan jarraitu nahi ez luketen pertsonaia batzuen borroka azaltzen du. “Orain� honek etorkizun askoz hobea merezi du.

Hasiera azkar bat eleberri bizi batentzako Protagonista nagusiaren lapurreta xume batek saltoki handi batean murgilduko gaitu nobelaren atmosferan. Lapurretaren ondoren etxera mozkortuta itzultzen den gaztea dugu berori. Mutil gazte horrek ez du orain dena izaten jarraitu nahi, eta, horren kontra ekin nahi dio borrokan. Ikusi egin behar bere lanabesak egokiak diren hala ez. Urte amaiera iristen ari da baina eleberri honetako pertsonaia ardatza den Raul Oliveirari ez zaio berriarekin batera bere bizimodua aldatuko ote zaion itxura handirik ageri. Nola iritsi ote da egoera horretara? Etxeko giroak eta kalekoak bat egiten dute Oliveiraren etsikortasuna bultzatzeko. Etxean, aita Isaias zena bihotz oneko mozkor hutsa zen, ama Maite, berriz, gogaiturik dauka semeak. Alferra eta mozkorra da. Kalean, berriz, ohiko jungla aurkituko du Oliveirak.

Raul Oliveiraren bizi-penak Lander Garroren opera prima dugu eleberri hau. Oliveira mutil gazte langabearen historia kontatzen du. Oliveira, zeinen izena –Raul–, oso gutxitan agertzen den, eta Oskar lagun minak dira. Oreretako bi auzotakoak: bata, Pontikakoa, bestea, Beraunekoa. Lagun bien bizitzak bere adineko gazte askoren antza du. Oliveirari dagokionez, familia xume bateko semea da, eskolaro hala moduzkoa izan du eta, orain, lan perspektiba handirik ez duten gazteen multzoan dabil, maiz, maizegi, carpe diem esatera behartuak eta, seguruenik, gauza gehienetan: edariari ez baitiote erreparorik jartzen ezta noizbehinkako drogari ere.

2


Juan San Martin Liburutegia Oliveiraren kasuan haren soslaiak badu beste berezitasun txiki bat: aitarik gabeko familia osatzen du. Arestian aipatu dugun Isaias aita, edanari emanda ibiltzen zen, eta, orain, amari familia aurrera ateratzea tokatzen zaio. Hori bai. Oliveira eta Oskarren denbora, denbora oparoa, xakean jokatzen igaro ohi da. Idazle ona izatea amets duen mutila

Oliveirak helburu bat, amets bat du, idazle izan nahi du, nahiz eta oraindik ez duen ezer idatzi. Egitura aldetik arazorik ez duen nobela da, emeki-emeki garatzen joango dena. Pertsonaiek ez dute asko eboluzionatzen, hori bai, Oliveirak lan prekarioa, halamoduzkoa topatzen du, baina han ere beretzat egoera txarrenak diren gertakariak aurreikusten dira. Lana topatu du: liburu saltzaile izango da, baina, bere ustez, horretan ere ez du asmatzen, saltzaile txar bat da, halabeharrez. Egia esatera, Oliveira amets baten fikzioan bizi da, baina gero eguneroko errealitate gordinera jaistean, frustrazioa datorkio, etsipenetik hurbil.

Helburu bat: ertainkeriatik ihes egitea

Baina bere jomuga nagusiaren bila doala, bere buruari baldintza nagusi bat jarri nahi dio protagonista nagusiak. Raul Oliveiraren gogoetek gaizki banaturiko mundua, gizartea, erakutsi nahi digute. Hain zuzen ere, buruan daraman temari dagokionez, ikusten du idazle ezdeusak gailurrean daudela edota, berak hitz aspertua izan duen hark bezala, (141-150), jarraitzaile ez gutxi dituztela. Okerrena da, bizitzaren beste hainbat esparrutan ere, maitasunarenean, adibidez, berak ezagun dituen gazte arrunt haiek bezala, “normalek” lau kanta lelo abestu eta neska multzo ederra atzetik dutela. Horregatik Oliveirak ez du etsi nahi, ertainkeria, mediokritatea, alegia, dio berak, ekidin egin behar da. “Izan ere, gizaki “normal” asko, gehiegi daude munduan barrena. “Ez ni horien barruan sar” esaten ari da. Utikan, bada, gizaki normalak “saldoka zeudek” (55). Hitza asmatu berri du nonbait narratzaileak “ertainkeria”, “erdipurdikokeria” ere erabiltzen du (48), seguruenik antzeko kontzeptuak adierazteko. Eta ertainkeriarekin batera, protagonista nagusiak errukia ere gaitzesten du. Behinola F. Nietzsche filosofoak baztertu beharreko joeratzat iritzi zion berbera.

3


Gazteriaren patua Biktimismo tanta askotxorekin bustita bada ere, Oliveirak gazte askoren arazoa plazaratzen du; hain zuzen, lan munduko prekarietatea eta baldintza eskasak eguneroko ogia dituzte. Hortik sortzen zaie seguruenik, hasieran aipatu dugunaren haritik, egunerokotasun gordinenean bizitzea, konpromisorik ez hartzearen aukera. Oliveira ez dago pozik tokatu zaion bizitzarekin, porrot handia bizi du, idazle izan nahi duelako baina inor gutxik egiten diolako jaramon. Hasteko, berak ere oso jarrera uzkurra duelako, ia inork ez baitaki bere benetako ametsak zeintzuk diren. Gainera, idazle deitzen duten batekin duen elkarrizketa ere nahikoa etsigarria suertatuko zaio, izan ere, hark inoren kontura bizi den pertsonaia dirudi, lau xelebrekeria esateagatik jendea berari begira ohitua daukan pertsonajetxoa.

Bekaizkeria frustrazioaren ondorioa Raul Oliveiraren bizitza bere ingurukoen ezkutuko inbidian elikatzen da: Oskarri bekaitz dio haren etxean askoz hobeto bizi direlako, eta, horretaz landa, bere laguna xakean oso ona delako. Laburbilduz Oskarrek “hitz gutxi egiten du baina estilo handikoa da”, eta, gainera, bere etxea hobea da (112). Ez Oliveirak bezala. Lagunak honela esaten dio: “Logela kutrea daukek, kutxitril puta bat, ukuilu bat.” (200). Baina gazte haien frustrazioen mundu hartan Oskar bera ere ez da libratzen. Narratzaileak dioen bezala, hark ere badu berea: “FIDEren lehia handiak jokatu, munduko txapelduna izan. Baina ikastolako maisua zen, letra larririk gabea” (20).

4


Juan San Martin Liburutegia Enekori, bere etxean musika estudio daukan mutil ligoiari berriz, zer esanik, bekaitz dio, hark daukan askatasunagatik, bakarrik bizi da, eta, gainera, aurreratu dugun bezala, neskatan txapeldun bide da.

Sarkina Eta, gauzak are gehiago zailtzeko, bere jatorrizko etxean ere, ez du aurki askatasunik izango, amak amorantea baitu: Pepelu izeneko gizaseme oso arrunt bat. Horrela bada, Raulen bizitza frustrazio mukuru bat bihurtuko da. Denak bizi dira bera baino hobeto, baina berak Paula eskuratu dezake.

Paula,

Gabriela

eta

Zarate

pintorea Etsipenezko horrelako bizimoduarekin amets egiteko bidea topatu nahi du gizabanakoak. Idazle izan nahia darama burmuinetan Oliveirak eta idazle sen hori bidean jartzeko hiru pertsonaia horien inguruan uste du gauzatuko duela. Eta nork hobeto bideratuko dio amets hori maite duen neskaren inguruak baino! Eta halaxe da; Paula, Gabriela eta honen senarraren, hots, gaixo ohean luzaro daraman J. Zarate margolariaren bilobak, Oliveiraren bihotza bereganatzen ari da. Paulak, Gabrielak eta haren etxeak, Oliveiraren itxaropen apurra islatzen dute. Gezurra badirudi ere, ustez esperantzarik gabeko mundu hartan, pintorea ohean datza heriotzaren zain, baina bertan izango dituen bi pertsonak berpiztu egingo dute gaztea. Familia hark amets egiteko hegoak zabaltzen baitizkio. Laua den perspektibarik gabeko bizitza hits hartara aire freskoa dakartenak. Gabrielak eta bere senarrak Oliveiraren ametsa beteko dute: gizonaren margolari bizitza idatzi nahiko du, eta, agian, ospetsu bilakatuko da. Baina hura egitasmoa baino ez da oraindik. Paula, berriz, bihotz barruraino sartu zaio eta tango goxo batean bezala bere besoen artean estutzeko irrikan dago. Baina horretan ere izango du ezustekorik. Izan ere, hain da handia Oliveirak duen asmoa idazle bihurtzeko Zarate harengan inoiz izan ez den margolari fama jartzen duela. Beste idealizazio bat.

5


Barnerakoitasunak pentsamendu bitxiak sorrarazten dizkio Eta, zer egin dezake, bizitzan deus onik lortu ez duen pertsona barnerakoi batek! Pentsatu, eta, bere pentsamenduetan gauzatu nahiko du, zeharreko baldintza handi batean bezala, berak zer egingo lukeen.... ausartuko balitz. Pentsamendu haietako batzuk bitxiak baino trukulentoak dira. Esaterako, Eneko DJ edo pintxadisko lagunari, xake taula hartu eta buruan apurtuko lioke kexatu egiten delako daukana daukalarik. Tremendismoak bere gailurra jotzen du, eta, nobela ixten, Oliveirak, Maite –bere amari izenez deitzen dio beti, oso gutxitan ama, harekiko urruntasun bat adierazi nahi balu bezala–, Pepelurekin etxean sofa eserita ikusten duenean, motoserraz haren lepotzarra erauzteko gogoa etortzen zaionean (201).

Autoestimurik gabeko bizitza: Autoestimua galdua duen pertsonaia Gure pertsonaia nagusia eta bere lagun mina den Oskarren bizitza lauaz aritu gara. Oskarrek sikiera badu bere autoestimua goratuko duen jarduera: xakea. Baina Raul Oliveiraren bizitza hondoa jotzeko unean dago. Aukeratu duen lanbidea hutsaren hurrengoa da beretzat. Hain zuzen liburu saltzaile izatea: “Kalean eskale ibiltzearen aurreko pausoa da atez ate ibiltzea” (183). Horretan laguntzen dio langintza hartan aurkituko duen zenbait jendek. Tino liburu salmentan daukan buruak apelatibo gaiztoenak bereganatuko ditu: “putakumea, bizkarroia, lapurra”...(186).

6


Juan San Martin Liburutegia

Nihilismoa: Bi edo&Oliveirak Oliveirak badaki pertsonaia kontraesankorra izaten. Esango genuke, behetik jota, bi Oliveira ditugula. Bata da izpirituari –eta ametsari– jarraitzen diona: “idazle izan behar duk” esaten diona, eta, bestea, haragikoia, zeina askoz gutxiagorekin konformatuko litzatekeen. Ezegonkortasun emozionala bizi du; dena den, Raulek, etsikortasuna azkar, azkarregi pizten baita bere baitan. Maite duen Paularekin dago, baina pentsatzen ari da zeinen arin amaitu daitekeen harreman hura. Horrelakoetan agian, norberaren jomugak apalagoak izatea hobe, pentsa lezake. Paulari berari gizaki izateko baldintzak laburbiltzen dizkionean bezala: “Musean eta xakean jokatzea, eta gauza ederrekiko interesa izatea” (134). Bestetan, dena galdu duenaren sentsazioa islatzen du Oliveirak: ezer ez doakio ondo. Etxea, teorian bere intimitatearen babesleku handiena izan behar lukeena, arrotz bihurtzen ari zaio. Pepelu, amaren amorantea sudurretaraino sartu zaio eta, horren ondorioz, han ere ez du, ezin du intimitaterik izan. Horregatik agian geroz eta gehiago Oskarren partidak eta tabernarik taberna ibili beharraren premia. Eta Paula... Era berean, bere ezintasun horrek arestian aipatu dugun nihilismora eramango du, gauzatzen ez zaizkion pentsamenduak lehertzen zaizkionean, arestian aipatu dugun Pepelurenganako intentzio ez oso onekin dabilenean, adibidez. Eleberrian maiz azaltzen den droga giroa (speed-a, anfetaminak), itogarria bilakatzen da.

Pertsonaiak Hirugarren pertsonan idatzia, narratzaile orojakilea darabil Garrok, zeina, tamalez, ez den protagonista nagusiaren hizkeratik urruntzen. Pertsonaiak izakeraz baino fisikoki nola diren maizago deskribatzen ditu. Adibidez, ez dakigu Oliveiraren lagun mina Oskar nolakoa den, xakelari bikaina izateaz aparte. Hona garrantzizkoenak:

7


Oliveira. Nahikoa aipatu dugu honen izaera lerro hauetan barrena. Antiheroi gaztea, oso irakurzalea, bere lekuaren bila dabil gizartean. Gure kaleetan maiz ikusten ditugun gazteen janzkera darama, seguruenik txandala soinean eta, txanoa, burua estaltzeko, hotz egiten ez duenean ere. Barnerakoia da, baina sekretuan gorde nahi du bere izakera. Esaterako, Paulak galdetzen dionean (175): “Zure burua ez daukazu tipo interesgarritzat”, eta Oliveirak gezur piadoso batez erantzuten dionean: “Horixe da arazoa, badaukadala, baina ez naizela”. Errukia sorrarazten du inoiz; halere, elitista ere bada, autobusean bidaiatzea ez zaio gustatzen, bertan dabilen jendaila ez du eta atsegin. Oskar. Oliveiraren aldean, Oskarrek bere lagunaren aldean, alegia, perspektiba, bizi-perspektiba hobeak dituela ematen du. Ez dirudi, hasiera batean, familia desegituratu bateko partaide denik: bere familiaren bizi maila hobea da, gainera, garaile ere bada Oliveiraren begietatik begiratuz, xakean esaterako; bere maisutza eskualde hartan behintzat aipagarria da. Halere, hark ere badu zamarik bere bizkarrean. Oliveiraren aita parrandazalea zen, baina “ondradua”; aitzitik, Oskarren aita, iruzurgilea, besteak beste, etxetik alde egina da; semeak gorrotatu egiten du: “sekulako herra zion Oskarrek (49).

Paula. Oliveirak maite duen neska atsegina, goxoa da, baina besterik gabe, izan ere: sudur okerra du; hori bai, ipurdi bikaina. Oliveirak emakumeen baitan, puntu erotiko nagusitzat jotzen duena. Eneko. Bekaitz dio honi Raul Oliveirak, berak amesten duen gehiena baitu: bakarrik bizi da, gurasoak etxetik bidali baititu, gustuko lana egiten du eta, gainera, arrakasta handia dauka nesken artean. Jose Zarate. Ustez, pintore bikaina izandakoa, orain elbarri bere etxeko logelan bizitza moduko zerbait jasaten duena. Gabriela. Aurrekoaren emaztea eta Paularen amona. Nahiz eta nagusia izan, gazteak oso ondo ulertzen ditu. Nobelako pertsonaia baikor ia bakarra. Oliveirari zuzentzen zaiola, honela diotso: “bera ere, Paulaz ari da, galduta dabil, zu bezala”. (157). Biloba beraren iritziz, amonak: “jendea enamoratzen du” (175). Emakume oso irekia eta abegikorra, bere senar gaixoa zaintzen urte asko darama. Bere bizitzak sekretu bat ezkutatzen du. Bizitzak pertsonak idealizatzea zelako ondorioak ekar liezazkiokeen protagonistari erakutsi nahi balu bezala. Txarli. Drogaren mundua ordezkatzen du. Ez dago berarekiko gure pertsonaien aldetik mespretxurik. Atxilotuta daramatela haren erruki direla ematen du.

8


Juan San Martin Liburutegia

Tino. Oliveirak bere liburu saltzaile ofizio berrian ugazaba izango duen gizona. Arestian irakurri dugun legez, seguruenik, Joxe Mari eta Pepelurekin batera, eleberrian apelatibo txarrenak bereganatuko dituen pertsonaia dugu. Laburbilduz, “zirkuko gizon miserablea” da (62). Etika eta horrelako kontzeptu abstraktoak erabiltzen ez dituena, haren ustez oihana bihurtu dugun mundu honetan praktizitateak izan behar baitu nagusi. Joxe Mari. Tabernaria. “Ganster bat” Oliveirarentzat (53). Izan ere, gure protagonistak lagunak oso lagun ditu, eta etsaiak oso etsai. Joxe Mari honek ez du esku zabaltasuna bere bertuteen artean. Maite, hau ere, semeak -Oliveirak, alegia-, gehienetan bere izenetik deitzen dio, bakanetan ama, harengandik halako urruntasun bat markatu nahi duela dirudi, seguruenik semearen begietan traizioa gauzatu duelako, bien intimitatea apurtu duelako. Ez dio bat bera ere barkatzen, semea mozkortuta etxera etorri izan baitzaio, ez behin bakarrik seguruenik. Raulek zer jan behar duen ere, arauturik dauka. Maite bada, ama ez baino, emakume arrunta bihurtuko da semearen begietan; gainera, “orain” “bata” bat jantzita dabil etxean zehar eta, telebista ikusten du gizaseme arrotz eta arrunt harekin: Pepelu. Pepelu. Gauzak berez gaizki doazkion Oliveirari, are gehiago izorratzeko, amaren amorantea den hura etxean sartzea, sarkin bat, intruso bat izatea suposatuko dio. Enpresaria, lana eskaintzen dio Rauli, baina

Sentimenduak Giro hain etsigarrian, gazte askoren kale bizitza ederki islatzen du gure ustez narratzaileak. Edonork irudika dezake hainbat gazteren jarrera: eurentzako tabernetan duten diru apurra ahitzen, droga zaharra: alkohola, berriekin txandakatuz ibiltzen direlarik. Gazte haien mundu hauskor hartan ez da harritzekoa, sexu azkarraren irudiak bat baino gehiago izatea. Horrelako egoeretan sentimenduak oso neurtuak ageri baitira. Eta gizakiaren alderdi arruntena ikusten da. Aurreratu dugun bezala, pertsonaiek larrutan automatikoki egiten dute, era irrazionalean. (115-116). Edota Paularen ipurdiaz egiten dituzten komentarioak. Taldean, haren ipurdia miresten dute (186).

9


Deskripzioak Eleberrian nagusi dira xake jokoaren inguruan egiten dira hainbat aipamen. Zehatz-mehatz jokoaren ezaugarri asko eskaintzen dira. Beste alor batean, pertsonen deskripzio fisikoak bat baino gehiago dira. Polita da estetikoki, erotismo finekoa, Mamen “laugarren solairuko emakumea”ri buruzko pasartea. Guri zelanbait Amarcord Felliniren pelikula bikina gogoratzen digu. Badirudi, garai batean, hark Oliveiraren sexuarekiko esnaldia bizitu zuela. Haren gorputza zer izan zen gogoratzen duela, lerro zenbaitetan azaltzen da gure pertsonaia nagusiaren bidaia iniziatiko sexuala (63). Beste horrenbeste pentsa liteke Nastassiaz ari dela. Polita da baita ere, Paula agurtu ondoren Oliveira haren atzetik irteten denean Errenteriako kaleetan zehar. Ez du harrapatuko. Eta joan doan maitasunaren metafora bezala, Volver tangoaren inguruan egiten duen kontakizun laburra. Ostera, deskripzioak zakarrak dira askotan, eta, apur bat eskatologikoak. Adibidez, Korori begira, Oliveirak daukan pentsamendua ipurtzuloa, uzkia aipatzen duenean (152-153). Orrialde bereko eta hurrengoan, mozkorraren estutasunak ederki deskribatuta daude. “Estiloa behar da edateko” (11) Xakeari buruzko aipamen asko (Cf. 13). Dena gustatzen zaio bertan: estetika bera ere (14). Xakelari handiak ere noski, aipatuak dira: Spassky, Fisher, Capablanca… Ugariak dira baita ere, idatzizko fikzio-munduari buruzko liburu aipamenak.

Aforismoak Narratzailearen luman uzten da sententziak, esaldi biribilak plazaratzeko ardura. Esaterako, maite-min kontuetan ari delarik, iraganeko amodio bat aipatzen duelarik, honako hau dio: “maitatua ez izatea baino askoz nahasgarriagoa zen ezin maitatzea” (14). Hurrengo orrialdean, ia parrafo osoan autu bertsuari oratzen dio: “utzia izateko atakak berdintzen gaitu izakiok”. Edota: “arrazoi bihurriak bilatzen ditugu arrazoi sinpleen tokian, ahaztu egiten zaigu garbantzu baten barruan kabitzen dela bizitza” (15) 161ean: “ezer ez da betiko ezta porrota ere”.

10


Juan San Martin Liburutegia

Gazteak: munduan beren lekua aurkitu ezinik Oliveira frustrazioak bizi badu, berak horrenbeste miresten duen Oskar lagun minak ere badu berea. Xakelari amorratua, zaletasun hartan nahikoa arrakasta duena, euren mundu txikian behintzat, hura ere Maisu Handia bilakatu nahi luke baina ikastolako maisua izaten konformatu beharko du. Eleberri honetan egon liteke agian halako mezu ezkutuko bat zeinak adierazi nahiko lukeen, gazteak, sisteman, ez da kapitalismoa ia inoiz aipatzen, integratzen ez bada, gaizki beharko duela. Onartu egin behar duela alegia, “gauzen” ordena normala, eta, orduan, agian, zerbait lortuko du. Egoerak presionatuta liburu saltzaile hasten denean protagonista, ofiziorik eskasena bere ustez, ia-ia eskale ibiltzea bezala kalez kale baita. Negozio hartan ohartuko da, “isilik egoteak zenbat balio duen”, poetak zioen bezala. Tino, saltzaileen burua, bere hurbileko nagusia, du adibide garbia.

Idazlea bihurtzea: absolutoa, Oliveirarentzat Raul Oliveira idazle izatearen ametsak biziarazten du. Absolutoa, erabat beteko lukeen lanbidea izango litzateke. Baina, idazle-gaia den bera, inspirazioa nahi du. Ez dirudi baina ofizio bezala ikusten duenik idazle bizitza. Idealizazioa datza hor. Mundu hura nolakoa izango litzatekeen irudikatzen du. Eta arrakasta. Ospea: “elkarrizketak egingo lizkidakete”(16). Bere buruari egiten dizkion “galdeketetan” dioguna berresten da: “idaztea nortasuna da, jarduna baino lehen” (17). Beraz, bokazioa ez omen da behar (ib.). Baina Oliveirak gogoko du kontraesanetan erortzea. Idazle izatea gailurra dela esan ondoren, ez omen ia ezertako balio, errealitatetik at ari dira idazleak: “politikarien antzekoak: hitzontziak eta dantzariak”(18). Ostera segidan, Oliveirari idealizazioak ez dio idazkuntzaren alderdi komertziala ikustea galarazten. Miravalles hotelean bere burua ikusten du “mundu” hartan, “lokaiztitik zerura” izendatuko lukete bere balizko idazle norabidea. Azken finean, Oliveirak idazle best seller irabazleen parodia egiten du, besteak beste.

11


Haluzinazioak Oliveirak “haluzinazioak” deitzen ditu bere pentsamendu haiek, bere ametsak, esaterako, autobusean doala, non bere burua Nobel sarirako lehen hautagai euskalduntzat ikusten duen (83,84).

Hizkera Esaldiak ez dira luzeak eta hiztegian ez dugu aparteko hitz berezirik aurkituko. Hori bai, badira gutxi erabiltzen diren terminoak: Aipaturik geratu den ertainkeria (161), oso egokia mediokritatea adierazteko. Elekeria (14, 183), euskaraz dugun -keria atzizkiari etekinari atereaz. Atelier (164): tailarra da. Txanbila 10. orr. Lokazti, beilegi, (18), bizarroa (27), ñañarroa (40), larua (41). Indarra frogatzen du zenbait adierazpidetan. Esaterako: “Ahoan katuarraina zuen jaikitzeko tenorean” (20). Oker darabiltza –eta joera hau aurkitu izan dugu orain arte irakurri ditugun beste idazle gazte zenbaitengan ere–, heldu eta eutsi aditzak, (11, 106, 112, 115, 173), Nor-Nork adizkia erabiltzen du, gure euskalkian ongi dakigun bezala, Nor-Nori-Nork direnean. Bestalde, 85. orrialdeko esaldiari (“argi izpi batetik kea zerion oparia”), zerbait falta zaio. Erakuslearen erabilera: ustel horrek (195), ustel horri (200), arraro egiten zaigu. -z instrumentalak lekuz kanpo dirudi: “Pijamaz jantzita” (121)

Estiloa Lander Garrok darabilen prosak ez luke arazorik sortu behar irakurlearengan. Hiperbolea, exagerazioa, darabil hainbatetan. Adibidez, ama Maite eta Pepeluren aurrean haiek afaltzeko ekarritako angulak “ipurdiko zizare” deitzen dituenean (98). Ez du alperrik narratzaileak gizakiaren anatomiaren alderdi atsegin hau!

12


Juan San Martin Liburutegia

Elipsia Ez da idazlea berau erabili-zalea. Oliveira…Oliveira, ia hurrenkeran jartzen ditu (60). Edota 122. orrialdearen hasieran: bera… bera. 126. orrialdean ere, astun bihur litezke horrenbeste: (…) “dirudi… dirudi…dirudi”. 148ko “kaka…kakaz…kakari” hitzek nahita jarrita dirudite indarra emateko narratzen ari denari. Komunztadura akatsa dago bestalde (121) Zenbait adierazpide desegoki: “Bi astean behin” (194) 141ean aditzak desegoki dirudi: (…) “muturra eta eskua garbitzen” Ergatiboa falta bide da: ”Beste puntako neska ere berdin”, 129an. Erratak edo badaude bestalde, 125, 162. orrialdeetan, adibidez. Estetika eta eskatologia Norbaitek pentsa lezake irakurketaren harian eta eleberriaren jitea ikusirik, irudi, esan dezagun “zikinak” nagusitu ez ezik halako kutsu eskatologikoa ere ematen diotela narrazioari. Haien ugaritasuna ukatu gabe ere, hona ekarri ditugun adibideak lekuko, ez da narrazioan lerro atseginik falta.

Umorea Bestalde, tragedia girotik oso urruti ez dabilen narrazioa (Oliveiraren etxeko giro gogorra, non ama-semearen artean maitasun izpirik ez den nabaritzen), Zaratetarren egoera latza eta, gazteen perspektiba gabeko giroa, besteak beste, irudi luke eleberriak ildo horretatik jarraituko duela. Hain zuzen, horrenbeste hitz “zantarren” artean (19, 86, 138, 139, 148, 152, 162. orrialdeetan gutxienez, kaka, puzker, ipurdi, ipurmasail, ipurtzulo, uzki eta horrelako hitzak paseatzen dira), pentsa liteke ez dela leku askorik geratuko bestelako prosa mota baterako. Oker dabil hori pentsatzen duenak. Hasteko ez dira umorezko pasarte politak falta. Adibidez, Eguberrietako janariak aipatzean, esaten da langostinoek eguberrietan sortutako espezieak diruditela: “Bazirudik plater baten gainean etzanda bizi izan direla beti” (87). Bestalde, bikaina da bere amaren amoradua etxean lehen aldiz susmatzean Oliveirak “pentsatzen” duen estrategia, xake-estrategia, noski (92-93).

Zer esanik ez, umore beltzaren barruan agian, sartuko genuke, amak arrandegi batean lan egiten duela eta, botetan itsatsirik darabiltzan ezkatak, lentejuelekin konparatzen dituenean (60).

13


Halaber, Miravalles hoteleko saioa mundiala da. Oliveirak idazle bihurtzeko izaten duen beste ametsetako batean non ezer ez den falta. Kuadroan hor dira: kazetari lodi bat, argazkilari maniatikoa, eta..‌ emakume eder bat zerbitzariarekin larrua jotzeko prest (18-19). Guztiak mikroerrelato bat bezala funtzionatzen du nobelaren barruan.

Eleberria laburbilduz Eleberria bada, protagonista nagusiaren ibileren inguruan mugitzen da. Narratzailea bera ere, orojakilea da guztiz eta, behar bada, nobela egileak ez du alderdi hori behar bezala zaindu, identifikatuegia baitago bere pertsonaia nagusiarekin. Islatzen duen gazteen munduak, berehalakotasunarena du ezaugarri nagusi (=inmediatez). Sexua da beroietako bat. Ez dago ageriko maite grinarik, sentimenduak, adierazi dugun bezala, barruan, oso barruan gordetzen baitituzte pertsonaiek. Atseginez irakurtzen den nobela dugu nahiz eta eleberri laua den, hau da, ez dago crescendorik, hots, ez gaude irrikan zer gertatuko denaren zain.

14


IDAZLEAREKIN HARIXA EMOTEN

http://www.bibliotecaspublicas.es/eibar http://liburutegiak.blog.euskadi.net/eibar http://liburutegiak.blog.euskadi.net/ eibarkoumeak

https://twitter.com/JSM_Liburutegia

https://www.facebook.com/ EibarkoJsmLiburutegia

http://pinterest.com/jsmliburutegia/

Juan San Martin Liburutegia Bista Eder, 10—1 20600 Eibar Tel. 943 70 84 37

15


Kontrarioa - Lander Garro