Berariazkoa

Page 5

AGIAN HASIERAN BERTAN EKIBOKATU GINEN Errakuntzarik handiena da, akats bat, zeinetik ez dugun ezer ikasiko. John Powell Bazar Handiko alfonbra denda hartan sartu bezain laster, eserleku baten bila hasi zen Irune. Leher eginda zegoen. Goiz osoa zeramaten Oihanak eta bidaian ezagututako Santanderreko bi ahizpek labirinto batean bezala, azoka erraldoia osatzen zuten kaleetan zehar ,dendaz-denda, kutxazain batera eta bestera, ia atsedenik hartu gabe, karterei eta diru txartelei izugarrizko astindua ematen. Dibortzio osteko lehen bidaia zen Oihanarekin egiten ari zen hura. Aurreko udan gertatu berria zen eta orduan Oihanak proposamen bera egin bazion ere, ahul sentitzen zen, oraindik sufritutako abortotik indarberritu ezinik, eta seguruenik, bikote ohiak haurdunaldiaren berri izatean agertutako jarrerak deboilatuta utzi izanaren ondorioz. Oihanak erabaki zuen bidaiaren helmuga. Istanbul ezagutzeko irrikitan zegoen, eta bide batez, bidaia-agentzian hala aholkatuta, Turkian barrena ibiltzeko aukera hautatu zuten, hamabost eguneko iraupena izango zuen ostera hartan. Hiriak, ezagutu baino lehen, lilura sortarazten zion. Literatura zalea da Oihana eta hainbat nobela irakurrita zeuzkan; Istanbulen girotuta zeudenak, azkenekoa, Orhan Pamukek idatzitako hiriaren izena zeramana. Bidaiari ekin baino aste pare bat lehenago irakurri zuen Irunek ere. Ez da gida turistiko bat, aitzitik, Nobel saria eskuratu duen idazle horrek, hiriaren erretratu panoramikoa batzuetan, baina intimoa eta pertsonala egiten du beste batzuetan. Pamukentzat Istanbul espazio melankoliatsua da, herentzia historiko loriatsua ate joka duen mundu moderno batean txertatzen asmatzen jakin izan ez duena. Erortzeko zorian dauden eraikin zahar eta dotoreak, etxe fantasmagorikoak, Tepebaşi, Cihangir, Galata, Fatih eta Zeyrekeko kale zulo sekretuak, fabriketako tximiniei darien ke grisa, egun euritsuetan builaka dabiltzan kaio andanak, Galata zubian ilara osatzen duten arrantzaleen kainaberak, Bosforo itsasertzeko uraren kolorea, kanpoaldeko auzoetako mezkita zaharren ondoan ageri diren denda ziztrin kalamastrak, garai bateko iturri zarpailduak, antzinako hilerriak, zipresak, hiriko harresiak, zinema aretoetako atariak, kaleetan noraezean dabiltzan egunkari saltzaileak, kale-argi zurbilak...horiek guztiek hiri erraldoiari tonu grisa, hitsa ematen zioten. Beharbada, Irunek eta bere lagunak bidaia egiteko sasoia zela eta, guztiz kontrako inpresioa jaso zuten erromatarren garaiko ekialdeko inperioaren hiriburuaz. Udako giroa maiatzatik urrirarte luzatzen da, eta abuztuko bigarren hamabostaldia izan zen lagunek aukeratutako tenorea. Biziki gozatu zuten Pierre Loti muinora egindako bisitaz. Bosforoko itsasartetik, zeruertz gorriztan, hilaran ikusten zituzten meskitak eta minareteak, eta eliza zaharretako kupulak, eguzkia jartzen den tenorean. Istanbul zaharreko “skyline” distiratsuak liluratuta utzi zituen, Urrezko adarra zeharkatzen duen itsasontzi-bidaztiak, urrezko ubera uzten duen eguzki-jartzeak nola. Europa eta Asia artean, Itsas Beltzetik Marmara itsasorako itsasarteak banatzen dituen megalopolisaren kultura-aniztasunak,bistariarengan sortzen duen erakargarritasuna izugarria da. Alfombra dendako saltzaileetako batek sagar-tea eskaini zien. Erretilu batean ekarri zituen lau edalontzi txiki, kristalezkoak, ertzak urre koloreko marrazkitxoez apainduta. Moñoñoak ziren oso. Etxerako joko bat erosiko zuen. Oihanak, alfonbra etxeko egongelarako nahi zuen. Tea ekarri zuen dendariak apenas ez zien solas egiten, ez zen beste hizkuntza batean moldatuko akaso. Gaztetxoa zen, nerabea. Beste dendariak espainieraz oso ondo hitz egiten zuen, ordea. Oso


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.