Berariazkoa

Page 1

IRALE, 2013-14 IKASTURTEA LEHENENGO TXANDA IBARGI TALDEA IKASLEA: IZASKUN LINAZASORO GENUA BERARIAZKO LANA: “SUBEKANDRAREN NEGUA” ( narrazioa)


ATALAK: 1-AITZIN SOLASA 2-SARRERA 3-AGIAN HASIERAN BERTAN EKIBOKATU GINEN 4-HATS TRISTEKO MINTZOA 5-AZPISUGEAK 6-ANAIA TXIKIA 7-IRRAZIONALKERIAK 8-AMAITZEKO.


AITZIN SOLASA “ Zorionak ez du gehienetan zoritxarrak adinako gogorik ematen idazteko�. Esaldi hau, euskal idazle omentsu batek idatzitako ipuinetik hartu dut. Beste hainbat artistari ere, antzeko baieztapenak entzun izan dizkiet. Sormen lanak gogo-aldarte jakin bat behar omen du; une zehatz batean barrua hustutzeko gogoa, buruhausteak eta koropiloak askatzeko nahia; zauriak osatze aldera kontatzeko beharra sentitzea; geure bizitzen parte izan direnekiko, bizitutako hondamendi batek eragindako ikuspuntu aldaketa adierazi gura izatea; edo pulunpatzen gaituen bizitzaren zirimola horretan norabide aldakuntza, etena, zein beste arranpa batean erori izanaren konzientziak sortarazten duen aztoramenduaren berri azaldu aiher izatea. Itsasoak, bare dagoenean, ez du barrunbea arinduko duen goragalea eragingo digun uhinik irazango; ez eta erroitzaren ertzean prantatu gaituztenean eskua kendu eta amildegian jausten hasteak ematen digun bertigoaren bizipen larderiatsuak mintzaraziko. Egokiera horietan isurtzen dira karramisto saminenak, inoiz espero izan ez diren desengainu handienek eraginda. Aurreikus ezin zitezkeen jokaerek ekartzen dituzte dezepzio mingarrienak, bati bat,


Haren mila ehun eta bi mezu ditu posta elektronikoz jasoak eta karpeta batean gordeak, eta berrehun eta piko sms. Hilabeteetan zehar whats app bidez izan dituzten elkarrizketak ere bai. Eta argazkiak. Eta abestiak. Berriro beste bati bidali dizkion abesti berberak. Ordenagailu berrian, begira-begira gelditu zaio irudi horri. Kontrol eta + teklak sakatu ditu, baina irudia, handitu ahala, lausotu egiten da. Bera al da?, “lankide bat, beste hainbat bezala, beste ezer ez�. Haren hitz horiek behin eta berriz dabilzkio buruan bueltaka. Hitzak ahoskatzean erabili zuen erdeinuzko keinua ere bai. Eta begirada izoztua. Zein zaila den errealitatea hain barneratua zuen huraxe ez zela konturatzea. Zein nekeza gezurrez inguratuta bizi izan zela onartzea. Zein sinesgaitza oker zegoela sinistea. Zein mingarria. Agian, arazoaren muina errealitate bakarra dagoela uste izatea da; norberak bere baitarako eraiki duena. Eta agian, errealidadea anitza da. Beharbada, kontzientziak ez du errealitate bakar batean baizik erreparatzen; eta, beharbada, ez zaie kontzientziaz haratago, intuizio, sentsazio, ametsen bitartez kamuflatzen diren zantzuei behar bezalako arretarik jartzen, ez eta behar bezala dekodifikatzen. Beharbada, Kafkak antzeko egoera bat bizi izan zuen, non imajinatu zuen bizitza nola aldatu daitekeen, erabat, egun batetik bestera. Nola zirkunstantzia batzuk suertatzen diren, zeinengatik egun batean ohetik jaiki, ispiluari so egin eta metaforsia hasi dela nozitzen duzun, baina halabeharrez, iragarpenik gabe, batbatean, zassss!!! Deblauki emandako zaplasteko bortitzak uzten duen garraztasunak bizitzaren zimenduak astindu eta, ezer zutik utzi barik, eraitsia utz dezake sendoa ematen zuen guztia.


AGIAN HASIERAN BERTAN EKIBOKATU GINEN Errakuntzarik handiena da, akats bat, zeinetik ez dugun ezer ikasiko. John Powell Bazar Handiko alfonbra denda hartan sartu bezain laster, eserleku baten bila hasi zen Irune. Leher eginda zegoen. Goiz osoa zeramaten Oihanak eta bidaian ezagututako Santanderreko bi ahizpek labirinto batean bezala, azoka erraldoia osatzen zuten kaleetan zehar ,dendaz-denda, kutxazain batera eta bestera, ia atsedenik hartu gabe, karterei eta diru txartelei izugarrizko astindua ematen. Dibortzio osteko lehen bidaia zen Oihanarekin egiten ari zen hura. Aurreko udan gertatu berria zen eta orduan Oihanak proposamen bera egin bazion ere, ahul sentitzen zen, oraindik sufritutako abortotik indarberritu ezinik, eta seguruenik, bikote ohiak haurdunaldiaren berri izatean agertutako jarrerak deboilatuta utzi izanaren ondorioz. Oihanak erabaki zuen bidaiaren helmuga. Istanbul ezagutzeko irrikitan zegoen, eta bide batez, bidaia-agentzian hala aholkatuta, Turkian barrena ibiltzeko aukera hautatu zuten, hamabost eguneko iraupena izango zuen ostera hartan. Hiriak, ezagutu baino lehen, lilura sortarazten zion. Literatura zalea da Oihana eta hainbat nobela irakurrita zeuzkan; Istanbulen girotuta zeudenak, azkenekoa, Orhan Pamukek idatzitako hiriaren izena zeramana. Bidaiari ekin baino aste pare bat lehenago irakurri zuen Irunek ere. Ez da gida turistiko bat, aitzitik, Nobel saria eskuratu duen idazle horrek, hiriaren erretratu panoramikoa batzuetan, baina intimoa eta pertsonala egiten du beste batzuetan. Pamukentzat Istanbul espazio melankoliatsua da, herentzia historiko loriatsua ate joka duen mundu moderno batean txertatzen asmatzen jakin izan ez duena. Erortzeko zorian dauden eraikin zahar eta dotoreak, etxe fantasmagorikoak, Tepebaşi, Cihangir, Galata, Fatih eta Zeyrekeko kale zulo sekretuak, fabriketako tximiniei darien ke grisa, egun euritsuetan builaka dabiltzan kaio andanak, Galata zubian ilara osatzen duten arrantzaleen kainaberak, Bosforo itsasertzeko uraren kolorea, kanpoaldeko auzoetako mezkita zaharren ondoan ageri diren denda ziztrin kalamastrak, garai bateko iturri zarpailduak, antzinako hilerriak, zipresak, hiriko harresiak, zinema aretoetako atariak, kaleetan noraezean dabiltzan egunkari saltzaileak, kale-argi zurbilak...horiek guztiek hiri erraldoiari tonu grisa, hitsa ematen zioten. Beharbada, Irunek eta bere lagunak bidaia egiteko sasoia zela eta, guztiz kontrako inpresioa jaso zuten erromatarren garaiko ekialdeko inperioaren hiriburuaz. Udako giroa maiatzatik urrirarte luzatzen da, eta abuztuko bigarren hamabostaldia izan zen lagunek aukeratutako tenorea. Biziki gozatu zuten Pierre Loti muinora egindako bisitaz. Bosforoko itsasartetik, zeruertz gorriztan, hilaran ikusten zituzten meskitak eta minareteak, eta eliza zaharretako kupulak, eguzkia jartzen den tenorean. Istanbul zaharreko “skyline” distiratsuak liluratuta utzi zituen, Urrezko adarra zeharkatzen duen itsasontzi-bidaztiak, urrezko ubera uzten duen eguzki-jartzeak nola. Europa eta Asia artean, Itsas Beltzetik Marmara itsasorako itsasarteak banatzen dituen megalopolisaren kultura-aniztasunak,bistariarengan sortzen duen erakargarritasuna izugarria da. Alfombra dendako saltzaileetako batek sagar-tea eskaini zien. Erretilu batean ekarri zituen lau edalontzi txiki, kristalezkoak, ertzak urre koloreko marrazkitxoez apainduta. Moñoñoak ziren oso. Etxerako joko bat erosiko zuen. Oihanak, alfonbra etxeko egongelarako nahi zuen. Tea ekarri zuen dendariak apenas ez zien solas egiten, ez zen beste hizkuntza batean moldatuko akaso. Gaztetxoa zen, nerabea. Beste dendariak espainieraz oso ondo hitz egiten zuen, ordea. Oso


guapoa zen. Oihanari alfonbra bat gustatu zitzaion bereziki, baina tamainaz txikiegia zen. Dendariak esan zion bazeuzkatela handiagoak, baina biltegi batean, nahi bazuela eramango ziola hotelera. Eta huraxe izan zen hitzordua egiteko aitzakia. Irunek baba zeriola, begiratzen zion turkiarrari. Dendako txartela eta eskua ematearekin batera bere ezaguera eman zien. Biloa laztu egin zitzaion, turkiarra eskua ematera gerturatu zenean. Keinu hark eragindako zirraraz txertatu ziren berriz labirintoko arranpara. Jendetzarekin nahastu ziren, trumilka irteera aldera abiatuz, eramandako maletetan sartuko ez ziren erosketak, plastikozko poltsetan sartuta. Horrela ezagutu zuten Hacik Manuel Yilmaz. Gaur horretan bertan, hotelera Oihanarentzako alfonbra ekarri eta azkeneko pisuko terrazan eserita, zer edo zer hartzen ari zirelarik, ama naparra zuela jakin izan zuten. Gurasoek Alemanian ezagutu zuten elkar. Banandu ondoren, bakoitza bere herrialdera itzuli zen. Bera Iruñan eta Istanbulen bizi zen, boladaka. Bazar Handiko dendaz gain, Atarrabian jatetxe bat zuen, Asiako sukaldaritzan espezializatua. Taldeak Istanbulen pasako zuen azkeneko gaua zen hura; ondoren, hurrengo egunean, Ankarara abiatuko ziren. Eta handik Capadociara eta Egeo itsas ertzeko hainbat tokitara. Alfonbrak saltzeaz gain, espainolezko klaseak ematen zituen Cervantes Institutoan. Berez, Bazar Handira asteburuetan soilik joaten zen, bere osabarena zen dendan laguntzera. Terrazako mahaiaren inguruan eserita zegoen bidaia taldeari elkartu zitzaizkienean, aurkeztu zuen Hacikek, bere lagun Murat. Muratek ez zekien espainolez, baina ingelesez nahiko txukun egiten zuen. Oihanarekin ari zen solasean, itxuraz, begiak eta eskuekin egiten zituen imintzioak zirela eta, elkarrizketa animatua gertatzen ari zen. Hacik, aldiz, isilago zegoen, soa hizketan ari zirenetara zeraman, batetik bestera, tarteka ezpainetan irribarrea marrazten zuelarik, solaskideen txantxa giroa zela eta. Santanderreko bi ahizpez gain, Gasteizko bikote batek eta Zaragozako laukote batek osatzen zuten terrazako taldea. Gaueko hamarretan, kamareroa etorri zitzaien, terraza ixtera zihoazela esatera. Ahizpetako gazteenak, atsekabe keinua egin zuen. - Azkeneko gaua da hiri estonagarri honetan-esan zuen kexati- eta ez gara bada hain goiz erretiratuko, ezta? - Baina bihar, goizean goiz abiatu behar dugu – erantsi zuen zaharrenak. - Gu, behintzat, nekatuta gaude, eta deskansatzera goaz- desenkusatu zen Gasteizko neska .Bihar arte denoi. Bueno, denoi ez, zuei hurrena arte! -esan zien Hacik eta bere lagunari. - Ni ere lotara noa -esan zuen Santanderreko ahizpa zaharrenak- zuek nahi duzuena egin ezazue. Logelako giltza baduzu, ezta?- errezeloz zuzendu zitzaion ahizpari. Zaratarik ez egin iristean. Aio. - Izan al duzue Istanbuleko alde modernoa ikusteko aukerarik? Taksim auzoan musika jartzen duten hainbat taberna ezagutzen ditut. Gaur larunbata izanik, berandu arte egongo dira irekita. Animatzen bazarete elkarrekin joan gaitezke. Ni, Cicerone lanak egiteko prest.-esan zuen HacikekZaragozako laukoteak taxi bat hartu zuen. Hacikek kotxean, Irune eta Oihanaz gain, Haciken laguna eta Santanderreko ahizpetako gazteena eraman zituen. Taksimeko plazan elkartuko ziren. Haciken Fiat Doblo gris metalizatuan italierazko abesti baten doinuaz egin zuten ibilbidea. - Oso abesti polita da hau, erromantikoa. Ezaguna egiten zait. Uste dut iragarkiren batean entzun dudala- Iruneri abesti italiarrak asko gustatzen zitzaizkion- nahiz eta ez dudan pitorik ulertzen...zerbait harmonika batena...eta organo bat ere aipatzen du...baina besterik ez dut harrapatzen. - “Il cielo in una stanza”. Mike Patton-en “Mondo Cane” diskokoa. Ez da gehien gustatzen zaidan bertsioa, baina tira, Mike Pattonen zale amorratua naiz, eta bai, oso erromatikoa da. “Nirekin hemen zaudenean, gela honek ez du hormarik, zuhaitzak, betiereko zuhaitzak baizik. Nere alboan zaudenean, ez da, ez, sabai morerik.


Zerua dakusat soilik eta gu biok, hemen abandonaturik munduan ez, beste deusik.” - Italiera bera oso hizkuntza erromantikoa dela iruditzen zait, esaten dena esaten dela, hitzen zolitasunagatik akaso, edo darabilten doinuagatik,edo niretzat Italiak iradokitzen duenagatik. Ikasketa amaierako bidaian han izan ginen, eta benetan liluragarria da. - Hori, Turkian egun gutxi eman dituzulako diozu, “aşkım”. Irunek galdera aurpegiaz so egin zion. - “Amore” esatea bezala. Kopilotu zihoan Irune, atzekoen elkarrizketaren berri jakin gabe. Axolarik ere ez. - Orain “ doña romántica” esaidazu egia, ez al da goxoagoa “aşkım”?- itaundu zuen gidariak. - Dudarik gabe! Gidaria zarenez, ez naiz kontrakoa esaten ausartzen!.Ez dut oinez itzuli nahi hotelera. Eta oinez itzuli zen hotelera, itzuli ziren, Irune eta Hacik. Edo Manu. Irunek ez omen zuen ondo ahoskatzen izen turkiarra. Beraz, hortik aurrera Manu izango zen soilik. Istiklal kale zaratatsuan sartu ziren. Kartel argidunak nonahi zeuden, kalearen arrasekoak ezezik, eraikinetako lehenengo solairu gehienetan, terrazak zituzten tankera anitzetako establezimenduak ikus zitezkeen. Gehienak ostalaritzakoak, tabernak, kafeak, jatetxeak...Kale luzean gora eta behera ibili ziren tarte batez. Musika tradizionala iragartzen zuten kartelek animatuta sartu ziren kafetegi batean aurrena. Yön-café-n. Hormen kontra, banku tapizatuak, lokal osoaren bueltan. Bankuen altuerako mahai lauki zuzenetan, urre kolorez edertutako kristalezko baso txikiak, urre koloreko metal landuko erretiluetan. Batzuk kafea hartzen ari ziren, beste batzuk tea, eta beste batzuk, egun batzuk lehenago Sultanhammeteko jatetxe hartan eskaini zieten likore tipikoa: raki-a. Gehienak gizonezkoak ziren. Ahots ederrez kantatzen zuen karteleko neska gazteak, abestiak oso ezagunak izango ziren antza, turista itxura zuen bikote batek izan ezik, beste ia denek ondo zekizkiten eta. - Badakizue kafea turkiarren hitza dela? Berez, kahve esango genuke guk. Kafe-etxe hau oso ezaguna da. Oso kafe goxoa egiten dute- azaldu zien Manuk-. - Kafea denontzat orduan?-mañoetako batek-. - Baina, kontuz. Kafea egiteko modua desberdina da. Ez dakit gustatuko zaizuen -Manuk- Ur zikina hartzera ohituta gaude jada -Oihanak- Hoteleko kafeak goragalea eman dit. Hura baino hobea izango al da hau, noski! - Baldinbaitere! -Irunek. Irune desoroso sentitzen zen bere lagunak estilo horretako komentarioak egiten zituenean. Maiz gertatzen zen hori. Janariarekin batez ere. Beti aurkitzen zuen ileren bat platerean, hori izan ezean, usain txarra, edo arraroa edo lehorra edo zozoa edo gaziegia edo pasatako itxura edo zer edo zer...beti bazuen kexaren bat. Jarrera horrek asaldatzen zuen Irune. Askotan pentsatzen zuen Oihanak maniaren bat edo beldurren bat izan behar zuela, pozoinduta hiltzekoa, hain zuzen ere.Eta antzinako agintari erromatarrek euren zerbitzariekin egin ohi zuten gisara, susmo txar guztiak uxatze aldera, Irunek dastatzen zuen aurrena. Baina Oihanaren edertasun eta liraintasunak komentario ezkor guztiak minimizatzen zituen. Haren ahotik ateratzen ziren purrustadak, oharkabean pasatzen ziren askorentzat, hitzik zitalenak ere, irribarre goxo engainagarriz esaten bazekizkien eta. Manuk kafea prestatzeko modua azaldu zien. - “Cezve” izeneko kobrezko ontzi batean egiten da, kafea azukrea eta urarekin nahastu egin behar da eta berotzen jarri, irekiten duen arte. Bi aldiz irekiten jartzen da, lehenbizikoz aparra ateratzen baitzio, eta aparra kendu ondoren bigarrenez, orduan, hartzeko prest dago. Kafea xehetxeko modua ere desberdina da, askoz xeheagoa uzten dute, testura fin-fina behar du; azukre-hautsak izan ohi


duenaren antzekoa. Manuren lagunak, Muratek, “ nargileâ€? edo ur-pipa hartu zuen eta mahaira gerturatu zuen. Erregaliz zaporeko tabakoa hautatu zuten erretzeko. Oihanari asko gustatu zitzaion kafe hura. - Kafe hondarrek zer dioten jakin nahi? - galdegin zion Manuk. Edalontzia esku batez hartu eta bestearekin platertxoa gainean jarri ondoren, zirkulo batzuk egin zituen airean, ontziaren hondoan pegatuta gelditutako kafe-hondarrak astindu nahian bezala. Ondoren, kafe edalontzia eta platertxoari buelta eman eta platertxoan irauli zuen edalontziaren barrukoa. - Ummmmmm ‌- Manuk bekozko iluna jarri zuen. - Zer?- Irune estuasunez. - Bada, hemen ikusten dudana...ez zaidala bat ere gustatzen... - Zer agertzen da, bada? - Irune urduritzen hasita zegoen. - Zatoz hona. Gertuagotik ikus dezazun. Oso begirada erakargarria zeukala iruditu zitzaion Iruneri. Kikilduta sentitzen ari zen, hain gertu zegoen eta. -Edalontziaren hondoa norberaren bihotza edo etxearen parekoa omen da. Begira zurea nola dagoen: hondarrak itsatsita gelditu dira. Hori ez da oso seinale ona, adierazten baitu, iraganeko atsekabeen zantzuak oraindik hor dauzkazula, zure barneari atxikituta. Alegia, gainditu gabeko arazoek bizirik dirautela. -Eta etorkizunari buruz, zer? Zer diote kafe-hondarrek? Horretarako non begiratu behar da? - Edalontziaren ertzetan bidaiak agertzen dira, noski! hemen dago orain egiten ari zaren bidaia, eta edalontziaren paretetan edo platertxoan irudiren bat agertzen ote den ikusi behar da. -Nola dakizu egungo bidaia den? -Ilargiaren irudia azaltzen delako. Eta zer agertzen da Turkiako banderan?


HATS TRISTETAKO MINTZOA Haurtzaroko bizipen zoriontsu eta pozgarrienak oporretako herri hartan igaro zituen. Baita triste eta samingarrienak ere. Herri horrekin lotutako sentipenak izango ziren, gerora, indar handienaz, oroimenean bizi-bizi iraungo zutenak. Inoiz izandako adiskide handienak, abentura kitzikagarrienak, barrabaskeria inozoenak, aurkikuntza harrigarrienak, txango entretenigarrienak, Jaunartzea egin zuen urtean joan ziren aurreneko aldiz. Urte hartan, anaiari asma diagnostikatu zioten. Sendagilearen aholkuari jarraituz, klima lehorreko toki baten bila hasi ziren gurasoak, oporraldiak pasa eta batez ere, neguko hilabeteak heltzean, anaiaren bronkioak hiriko hezetasunari aurre egiteko indartsuagoa egon zitezen. Gogoan du lehenbiziko bidaia hura. Pirinioetako herri bateko kanping batean zeuden, Torlan, egun batzuk pasatzen gurasoen lagun batzuekin, osabak amari hots egin zionean. Osabaren ezagun batek komentatu zion haren senitarteko batzuek heredatutako etxe bat saltzeko premia handia zutela eta aukera paregabea zela. Erriberako herriska horren izena ez zitzaion amari ezaguna egiten, baina tira, joango zirela ikustera. Lehenbizi, etxera itzuliko ziren, kanpingeko trasteak utzi eta osaba-izeba eta lehengusuekin, elkarrekin abiatuko ziren. Azkeneko momentuan aiton-amonak ere apuntatu ziren. Aitaren Seat 127 berde bizian, gurasoak, anaia eta neskatoaz gain, amona ere bai. Aitona osabaren autoan: sabai tolesgarria zuen Diane 6an. Garai hartan Azpiroz mendatetik pasa behar zen, asko jota, 20 km orduko abiaduran zihoazen kamioien atzetik, bihurguneek amaitezinak ziruditen. Amonak bidaia atsegin bihurtu zuen, isildu gabe egin baitzuen hiru orduko bidea. Amona “ patxangera” zen oso. Besteen amonekin inolako antzik ez zuen. Ez zen mezetara joaten adibidez, are gehiago, joaten zirenengatik gaizki esaka ibiltzen zen, “ beatorras” “meapilas” eta antzeko loreak dedikatuz. Emakume irtirina zen, zuen adina inoiz aitortzen ez zuen horietako edo esanez gero, gezur borobila botatzeko inolako konplejurik ez zuena. Garai zailak pairatu behar izan zituen: 1936ko Gerrate zibilean Frantziara ihes egin behar izan zuen, bere bi seme-alabekin, senar gudaria borrokan utzita. Gorriak ikusiko zituen zeuzkan lau xoxekin ezagutzen ez zuen beste hizkuntza batean ari zirenen herri horretan bizi irauteko! Zer ez zuen asmatu behar izan Laredoko kartzelara eraman zuten senarra ikusi ahal izateko!.


Gerra ez zen okerrena izan, guraso batzuek jasan dezaketen desgraziarik handienari aurre egin behar izan zioten aiton-amonek: alaba koskorra jaunartzea egin eta hilabete batzuetara, gaizki jarritako injekzio batek eragindako infekzioak eraman zuenean. Hala kontatzen zuen berak, behintzat, kontatzen zuen gutxitan. Neskatoaren ama jaio baino lehen gertatu zen hori, eta amari hildako alabaren izen bera jarri zioten: Maria Teresa, edo Maite. Eta hori, amarentzat beti izan da nolabaiteko zama, bera galdutako horren ordezko sentitu da, ez hain maitatua. Baina amona oso alaia zen eta aitonak ez bezala, oso gutxitan aipatzen zituen gerrako kontuak eta pasadizo tristeak. Oso umoretsu ibiltzen zen beti. Horrek isla zuzena zuen bere janzkeran adibidez, edo entzuten zuen musikan, edo burutzen zituen jardueretan. Ez zen etxean gustora gelditzen diren horietakoa. Ondo orraztu ( ilea horiz tintatuta eramaten zuen), ezpainak, begiak, azkazalak margotu, koloretea eman, kolore biziko arropak jantzi, belarritako eta lepoko handi dirdiratsuak jarri eta segi kalera! Zaharren egoitzara batzuetan, lagunekin parkera besteetan...inon ez zen oharkabean geratzen, bere hitz jarioa zela eta, txisteak kontatzen zituelako, kantatzea gustatzen zitzaiolako, bizi-bizia zelako. Etxean disko-jogailu bana zuten. Bata kalitate handiagokoa, musika jasoagoa entzuteko, hori aitonak erabiltzen zuen oso tarteka; bestea, sinpleagoa, musika “ patxangera” entzuteko, hau amonak erabiltzen zuen oso maiz: “ jotak”, “ zarzuelak” eta antzeko musika folklorikoa laket zuen, eta garaiko zenbait abeslari moderno ere bai. Gogoan ditut Julio Iglesias eta Mari Trini adibidez. Baina gehiena Demis Roussos gustatzen zitzaion, eta haren kantak bere erara abestuta kantari ibiltzen zen etxeko lanak egiten zituen bitartean, eta bilobei, ikaragarrizko grazia egiten zien eta parrez lehertzen ziren. Etxea, bi solairuko eraikin tipikoa zen, xumea. Zaharkituta egon arren, salneurria paregabea zuenez, etxetxoa erostea erabaki zuten bi familiek.


AZPISUGEAK Itxura txarra ematen omen du azkazalak jateak. “ Zu pertsona publikoa zara”. Akupuntura lagungarri gertatu zitzaion. Bakeroak eguneroko janzkeratik baztertu zituen. Zapi palestinarra ere bai, pertsona neutroa izan behar baitzuen, inongo ideologia politikorekin bat egingo zukeen pista nimiñoena iradoki lezakeen edozer alde batera utzita. Zigarretak erretzeari ere utzi beharko zion. Urtero, enpresaren kalitatezko kudeaketa bermatze aldera, beste gauzen artean, langileei asebetetze galdetegiak pasatzen zizkieten. Galdetegi anonimoak. Horietako batean, lankide batek erretzailea izateak enpresari itxura txarra ematen ziola leporatzen zion Iruneri. Egia berdadedora “Anonymous” horrena! Eta akupuntorearengana joaten jarraitu zuen, tabakoak, uztean ,sortzen duen antsietatea baretzeko asmoz. Orduan, gerri aldeko girgiluak nabarmentzen hasi zitzaizkion, eta dietistarengana ere joan zen baina aldi berean, akupuntorearekin jarraituz, dietak sortzen zion urduritasuna apaltzeko...akatsgabe bihurtuko zen. Azkazalak jaten ari zen neskatoa, etxeko atarian sartu zenean. Hasierako hamar mailak presarik gabe igo zituen, amak bazkaltzeko zer oten zuen iragarri nahian. Posta kutxatilak dauden eskailera burura iritsi zenean soilik konturatu zen gizon ezezagun hura han, bizilagunen izenetara begira zegoela. Izena nola zuen galdetu zion. Izen politta duzu gero, zu bezalakoxea. Zein pisutan bizi zara? Neskatoak hitz bakarrez erantzun zion. Laugarrenean. Ilea laztandu zion aurrena. Ze guapa zauden! Begi politt horiekin laxo urdin honek oso ondo ematen dizu... Orduan, atximur txikia egin zion sudurrean. Ez izan beldurrik, ondoren, besotik helduz eta bereganatuz. Tolestua zuen hankaren gainean eserrarazi zuen umea, bestea, lurrean belauniko zeukan jarrita. Inoiz ez zen inorekin gertakari hartaz mintzo izan. Ez daki oso ondo zergatik. Oroimenean gordeak ditu, pelikula bateko eszenak bailiran, ondoren gertatu zenaren irudiak. Nola gizon horrek eskua hankartean sartu zion; garai hartan, etxeetan kakorratzez egiten ohi ziren perlezko kuleroen azpitik. Eta nola sentitu zituen arrotz haren hatzak bere alua igurtzitzen. Izter gainetik jauzi egin eta arrapaladan igo zituen lau pisuak. Ez zuen etxean sartu behar izan amari kontatzeko; kasualidadez, ama, pareko bizilagunarekin hizketan ari zen. Dena kontatu zien arnas estuka. Atariraino jeitsi zirenerako, ospa eginda zegoen tipoa.


Beste gau bat lorik egin barik igaro du Irunek. Astebururako plana bertan behera gelditu da. Ez afari erromantikorik, ez zure besoez inguraturik esnatzeko aukerarik. Internet bidez jatetxe fin horretan afaltzeko erositako eskaintza ezeztatu beharko dut. Aitzakiaren bat jarri beharko dut, gezurren bat. Gezurretan, berriz. Orain ere, zuregatik asmatu beharko dut gezurren bat. Edo neregatik? Nik jada nitaz maiteminduta jarraitzen al duzun galdetu dizudalako. Horrek asaldatu zaitu, baina ideia hori dabilkit buruan azken egunotan. Irunek berriro begiratu ditu argazkiak. Tentazio askori aurre egiteko gai izan den arren, eta irudi horiek kalte besterik ez diotela egiten jakin arren, eternitatea diruditen tarteak pasatzen ditu argazkiei begia kendu ezinik. Ezinezkoa egiten zaio, halaber, Manurekin izan zuen elkarrizketa hura burutik kentzea. “Hi haiz, hi, tunttuna. Esan ninan, bada...Alaznek bere azken konkistari bidali nahi izan ziola mezua, eta nere izen bera zuenez, nahastuta, nere zenbakira bidali zunala. Lankide bat da, besterik ez. Beste hainbat bezalakoa.” Beste hainbat bezalako den horrentzat jarri al duzu facebook-en abesti hori? Batzuetan memoria ona edukitzea txarra da, eta memoria txarra izatea ona. Onekak “ kutre” deitu zizun kontatu nionean. “Kutre” eta putre ere bai. Harrapatu egin ninduzun, ez pixkanaka, baizik eta hasieratik. Garrantzitsu sentiarazi ninduzun, erakargarria, interesgarria, guapa, sexya. Oparitxoak ia egunero; gehienetan letra iradokitzaileak dituzten abestiak. Beste hainbat bezalakoa den horrentzakoa bezala, lehenago niri, eta auskalo beste zenbati bidalia. Horregatik zara hain zikoitza. Hain zitala. Ziur ez dakidana zera da: izatez halakoa zaren ala kokainak eraman zaituen gezurrezko zure mundu bilau horretara. “Tuntuna haiz, neska”. Oihanak tuntuna deitzen zion, ez tunttuna. “Hire burua martirizatu besterik ez dun egiten argazki horiei begiratuta. Bota itzan denak zakarrontzira derrepentian!” Onekak, noski, ezin zuen igarotzen ari nintzen amesgaiztoaren oinazea ulertu. Berari ere ez zitzaion Manu inoiz gustatu izan eta, behin porrota gauzatzen denean hainbatek esan duten bezala, berak ere bazekien harremana honela bukatuko zela. Koherentziaz eta inkoherentziaz aritu gara ezbaika gaurko afarian. “Gora Euskal Herri komunista!!” Oihu egin du Iñakik. Memento horretan hasi gara ika-mikan. Baina azkenean, beste batzuetan bezala, ondorio berera iristeko. Bueno, ni naiz beti ondorio horretara iristen dena: gizartearen sektore handi xamar batek ondo iritzitako etiketa batzuk geureganatzeko, ezker aldekoa, sozialista, komunista, aurrerakoia, anti-burgesa, hots, euskaldun jatorra, furgoneta baten jabe izatea, ezinbestekoa dela, alegia. Eta zalantza sortzen zait, furgoneta erosteagatik ez ote dieten mendian ibiltzeko arropa etxeren batek erosketa bonoak oparitzen. Geroz eta zailagoa egiten zitzaidan batzuen diskurtsoa interes minimo batekin jarraitzea, are gehiago, betiereko déjà vua bailitzan, bataren hitzak zein bestearen erantzunak igarri ditzakezunean, batek jarriko duen aspertu aurpegia, zein beste baten hitz aspertua, gertatu baino lipar batez lehenago aurreratu ditzakezunean. Tertuliari beste tonu bat eman nahian, saltzaile xelebre horrekin gertatu zaizun pasadizoa kontatzeko eskatu dizu. Ez zait gustatzen gauza bera behin eta berriz errepikatzea. Eta okerrena da nabari zaidala uste dudala. Aurrenekoan, gertatutakoak sorrarazten dituen emozioak bizi-bizirik dauzkazunez edo, kontatzeko modua ere biziagoa da, graziosoa. - Bulegora azaldu zait tipoa, ez dakit zein kimika-fakultateko ikaslea dela esanez. Karrera amaierako proiektua dela eta, produktu berri bat asmatu dutela, eta hura erakustera edo, hobeto esanda, saltzera etorri dela. Hitz-jario adiskidetsu eta amaigabeaz mozorrotutako jarrera oldarkorraz baliatuz, herriko hainbat tokitan produktua saldu izanaren frogak erakutsi dizkit: emate-agiriak....berritsukeriak utz ditzala eskatu diot, bazkaltzera ateratzeko zorian nengoela bera


iritsi denean eta ezin nuela behar bezala artatu. Bi minutu besterik ez zirela izango, froga txiki bat egin eta bazihoala...ea bolaluma utziko nion. Eta ri-rau! Bakeroetan zirrimarrak egin, belauniko jarri eta ez zait hasten bada mirarizko produktu hori esprai batekin bota eta izterra trapu zuri batekin igurtzitzen hasten? Ja ta aurpegia txikituko nion! Kabenzooooootzzzzz!!! Ez al dizut esan bazkaltzera nindoala??? Nora noa ni orain piura honekin??? Zakil moko alena! Hanketara begira eta hantxe neuzkan zirrimarrak erabat kendu gabe izter alde osoa bustita...Alproja, hankaoker besamotz hori akabatu egingo nuen!!! Hankamotz, besamotz dena-motz seguru! Bufoi halakoa! Dioooosssss lantokian nengoelako bestela... Amak deskantsu ederra hartuko zuen... - Kar kar kar...eta non zeuden kamarak? Galdetu zion Onekak. Annie, haserretzen den besteetan bezala, gorri-gorri eginda zegoen, baina irribarrea atera zitzaion beste guztiak algaraka ikusi zituenean. Soldatan sartuta dago hori ere, ezta? - Soldatan ez dakit, baina, karguan Lewinski bat izan behar zenuela argi dago. Erantsi du barrez leher eginda, malkoak masailetatik behera darizkiola. Oihanaren etxeak haren izakera islatzen du. Kultura handiko pertsona da. Punta-puntako pelikula, liburu nahiz musikaren berri badaki. Etxeko egongela da horren ispilu; liburutegi handian, era guztietako liburuak dauzka, literaturaz gain, moda eta dekorazio-katalogoak , alldizkariak, sukaldaritza-liburuak, argazkilaritza eta arte-liburuak...Kontzertuetako sarrerrez egindako kuadroak dauzka paretetan. Moko-fina eta mizkina da. Jatetxe batean, adibidez, janariagatik izango du erremuska aritzeko zer edo zer: beroegi edo hotzegi, gehiegi edo gutxiegi, zozoegi edo ali単atuegi...hori bai, gehiago edo gutxiago gustatu, inoiz ez du zerbitutakoa bukatuko: maniaren bat izango da akaso. Hitz bakar batean esateko, snob hutsa da. Ile motz-motzak, makillatu gabeko aurpegiak, belarritakorik inoiz ez erabiltzeak eta betaurrekoek, estilo intelektuala ematen diote. Oso polita eta erakargarria da. Ligatzeko kontuetan, hanka sartzeko abilezia berezia du. Kezkatuta dabil, aspaldi ez omen duelakoBere esanetan, azkeneko glaziazioa ezkeroztik, ez omen du mutilik dastatu. Eta horrek kezka eragiten dio, batez ere, berrogei urte bete dituelako jada, eta amatasuna ez duelako alde batera utzi nahi. In vitro ernalketaren posibilidadea badabilkio buruan. Bikoterik gabeko egoerari denboramuga jarri beharko dio,horrelako urratsa eman baino lehen. Kontu hauekin hasten denean, I単akik eta Manuk txantxetan hasten zaizkio, bolondres modura, mesede egiteko prest daudela esanez, are gehiago GKE-en ereduari jarraiki, fabore hori egingo lioketela bikoterik ez duten hainbat emakumeri. Behatz txikiko azkazalarekin hastear dagoenean, esaten dio sarreran zegoen ertzainak gela barrura sartzeko. Salatu nahi duzun gertakariari buruzko xehetasunak eskatzen hasi da. Etxetik eraman duten ordenagailuaren marka zein den esan diozunean, letraka esateko eskatu dizu. Harrapazan! pentsatu duzu, erabiltzen ari zaren ordenagailua aski ezaguna den marka berekoa da eta! Arratsaldean bi ertzain gerturatuko zaizkizula etxera, arrastorik edo utzi duten miatzera. Bi horiei ere, istorio bera kontatu behar izan diezu. Atzo lagun batzuekin afaltzera joan zinela, Manu etxean geratu zela, engantxatuta daukan joko batean ari zela ordenagailuan. Goizeko ordu biak aldera iritsi zinela, eta etxaldera sartzeko dagoen barrera, errotik birrinduta zegoela ohartu zinela. Besteren batean ere, hasieran, etxalderako sarrera auzokideentzat bakarrik izatea erabaki zutenean, gontz hidraulikoa zegoenean, batzuei kotxearen azpiak ondo karrakatuta gelditu zitzaizkien baldarkeriaz edo, argi gorririk ez zela piztu kotxearekin gainetik pasatzen hasi eta pibota goraka hasterakoan. Baina barrera...Nola demontre ez zuen ikusi aurretik eraman zuenak? Manu ez esnatzearren etxera sartu zinenean ez zenuela argirik piztu eta ahalik eta zarata gutxien atera nahirik oheratu zinela. Bai, esnatu zinela, jaiki ere egin zinela ateak ixtera, baina egun horietan zebilen hego haize zakarraren ufadei egotzi zenizkiela entzun zenituen ateen danbadak. Etxetik ordenagailua bakarrik eraman zuten. Ez zuten inolako txikiziorik egin. Ezta indarkeriarik ere erabili sartzeko. Oso iaioak dira. Atetik sartuko ziren ziur asko. Di-da batean irekitzen omen dituzte giltzapetuta ez daudenak. Eta badaudenak ere bai...esfortzu handixeagoz. Horrelakoak


ikustera ohituta gaude gu. Horrexegatik, aseguru etxea ez zen erantzule egin nahi izan. Ez badago indarkeriarik edo txikizio-zantzurik, ez dago lapurreta izan delako frogarik. Toma!!! Manuk lagundu dio Iruneri komisaldegian salaketa jartzen. Behin eta berriz ordenagailuaren inguruan galdetu diozunean, batzuetan izaten duen begirada hotz hori ikusi diozu. Laguntzearen aitzakiarekin eraman duzu zurekin komisaldegira. Eta han ere, hitz eta begirada berberak. - Niri umeen danborradan ateratzea gustatuko litzaidake. - Eta niri! esan zion neskatoak lagunari. - Baina niri, karrozan, erregina. - Eta niri! Zu ez, ez zara polita eta. Gainera, azkazalak jaten dituzu. Nafarroako Erriberako herriskara joaten hasi ziren bi familiak oporretan. Neskatoari asko gustatzen zitzaion lehengusuekin egotea. Herrira iritsi eta berehala egin zituen lagunak. Kale itsua zen, eskailerak zituena amaieran. Egunaren zati handi bat kalean egiten zuten bizilagunek: Helduak elkarri kontu-kontari, batzuetan hizketan soilik; besteetan, etxe barruan ere egin zitezkeen zereginak besteen konpainiaz disfrutatuz arinago burutuko zituzten esperantzaz, esparragoak zuritzen, baratxuriak txirikordetan lotzen... Bazkaltzeko orduan, gizonezkoak etortzen ziren baratzetatik. Ez zuten orturik, nahi ere ez! Zertarako? Beti ekartzen zieten jasotako uztaren laginen bat, garaiaren arabera, esparragoak Aste Santuan, gereziak uda hasieran haranak, pikuak, melokotoiak, udareak, piperrak... urte osorako mermelada egiten ere ikasi zuten. Eta barazkiak kontserba-potoetan sartzen. Umeak ere kalera ateratzen ziren jolastera, merendolak egitera, beste auzoko umeen kontra borrokak egitera... “ Los vascos� deitzen zieten. Zona horretako herrietako etxe tipikoa zen. Xumea. Bi solairukoa. Behean korridore luze baten eskubikoa aldera, komuna, jakitoki eta trasteleku modura erabiltzen zuten gela bat eta sukaldea. Sukaldeak patio batera ematen zuen atea zuen. Patio txikiaren beste aldean, garai batean ikuilu zena eta, gainean, aletegi deitzen ziotena. Bi logela handi zituzten: bata, kalera ematen zuena, neskatoaren familiarentzat, eta bestea, patiora ematen zuena, lehengusuen familiarentzat. Askotan edo, hobeto esanda, gehienetan, oroitzapenak usainei lotuta etortzen zitzaizkion burura neskatoari. Zeren usainak, sudurrean ez ezik, buruan ere izan ditzakegu. Bere anaia gazteenak jaioberritan zuen usain hura, esaterako. Usain hori grabatua zuen buruan. Eta ez du beste inoiz usain hori usaindu. Askotan supermerkatuetan, oharkabean irekitzen ditu ume txikientzako koloniak eta bainurako gelak. Batzuetan grabatua duen usain horren antzeko usainak sumatu ditu, baina ez usain berbera. Erriberako herri horri ere, usain berezia zerion. Akaso, bertako tipikoak ziren barazkiak eta zerealak hazten zituztelako baratzetan edo, agian, jakiak beste era batera prestatzen zituztelako edo bera bizi zen hirian ez bezala, han, astoak eta traktoreak baliatzen zituztelako herritarrek. Klima ere desberdina zen, askoz lehorragoa, bronkioetarako primerakoa. Denbora luzez euririk botatzen ez duen lekuetan, askotan behintzat, estolda-zuloetatik kiratsa ateratzen da. Arrazoi horiengatik, herriska horren usaina ere oso desberdina zen. Baina neskatoari gustatzen zitzaion. Gainera, bihotza margotua zuten harriak berarentzat baldin baziren bederen, baten batentzat ez zen itsusia. Eta hori ere gustatzen zitzaion. Han ikasi zuen bizikletan ibiltzen, gaztelaniaz hitz egiten, igeri egiten eta musu ematen... Musu, maiteminduta zaudenean ematen diren musu horietakoak. Igande arratsaldeetan, herriko plazan dagoen kioskoan, udal musika bandak jotzen zuen. Kioskoaren inguruan jendeak dantza egiten zuen. Gehienetan bikoteka dantzatzeko pasodobleak, baina tarteka gaztetxoentzako kalejirak ere. Horregatik, adin diferentetako herritarrak biltzen ziren bertan eta, jotzen zuten piezaren arabera, helduak ala nerabeak ateratzen ziren dantzara, ez denak batera. Litxarreria saltzailea ere plazara joaten zen. Hirian ohikoak ez ziren txutxeak saltzen zituen


Secunek: ozpinetan kontserbatutako pepinillo eta tipulinak, erregaliz-makila, erroskilak... Udara batean, modan jarri zen elastiko bati lotuta zeuden plastikozko pelota koloredun batzuk. Mutilek gomatik tiratu eta neskak jotzeko erabiltzen zituzten; jo, jo, ez; xaxatzeko batez ere, eta gustoko neskarengana hurbiltzeko. Dantzan baino gehiago korrika ibiltzen ziren neska-mutilak plazaren alde batetik bestera. Igande hartan, neskatoak, pelotaren elastikoari tira eginez, Rafa gainera tximista bezala zetorkiola ikusi eta begiak itxi zituen automatikoki, pelotazoaren zain. Musu eman zion ezpainetan. Musu motz eta indartsua. “ sabes a regaliz, me encanta” esanez, etorri bezala, airean egin zuen alde. Igande horretan azkazal guztiak janda zituen etxera iritsi zenerako. Belar dendara zekale-ogi bila joan zarenean ikusi dituzu erakusmahaian, poto batean sartuta. Makilgoxoak, erregaliza. Pare bat erosi dituzu eta dendatik atera bezain laster, tentazioari ezin eutsirik, zorrotik bat atera eta ahora eraman duzu. Eta horrelaxe iritsi zara etxera, eskuan zigarreta hartzeko modu berean makilgoxoa ahora eraman, miazkatu, eta automatikoki, erretzen ariko bazina bezala, airea gora botaz. Manu etxean da, jada. Sofan eserita, telebistako urrutiko agintea esku artean darabil, kanalak aldatuz, saioetan ematen ari direnari ia erreparatu gabe. - Arratsaldeon, zoragarri! Zer moduz? - Begira zer erosi dudan!!! Erosketa poltsak lurrean utzi eta bere gainean eseri zara, makilgoxoa ahoan duzula. - Falta zitzaizuna! Hori piura, hori! Makiltxoa ondo zurrupatu eta Manuri muxu eman diozu ahoan, erregalizaren zaporea dasta dezan berak ere. - Zein goxoa! Muxu eman diozue elkarri, muxu luze, heze, goxoa. - Zein goxoa zaren! Makiltxo listuaz ezpainen ertzak ferekatu dizkiozu. - Kilimak egiten dizkidazula!!! Makiltxoa sofa pareko mahaitxoan utzi eta mihiaz jarraitu duzu, ezpainak berriz, ahobarrura sartu gero, mingain biak korapilatuz. Elastikoaren azpitik sartu dizkiozu eskuak, bular aldea laztanduz. Manuk galtzetako kremailera jaitsi dizu. Eta zein ordenetan ez dakizu baina, elkar erantzi eta biluzik sofa gainean gorputzak kiribilduz joan dira, arnasak azkartuz, ahoak elkarren dena dastatuz...eztanda egin arte. - Zoragarria haiz. Liluratuta naukan. Hain ondo beti, hire ondoan. Ondoan edo gainean edo azpian, kar kar. Hain goxo. Esan al dinat inoiz inor ez bezala maite haudala? -Zer? Zer? Azkeneko hori ez diat ondo konprenitu. Berriz esatea nahi zuen. Inoiz horrelakoak esateari utziko balio, ez daki zer pentsatuko lukeen, susmo txarra hartuko lioke, zeren eta Manuk ez zituen hitz horiek sentimendu gabe esaten,ele zuriz Irune limurtzeko, nabari zitzaion txora-txora eginda zegoela. Benetan eta barru-barrutik ateratakoak zirela, begirada ere aldatu egiten zitzaion:” ez nazazula abandonatu” esan nahiko balute bezalako txakurkume belarri-luze maitagarri horien begirada erori berbera. - Ondo dakin zer esan dudan,“ Mari Sorgin”! Berriz entzun nahi? Kopeteko izerdia hatz potoloaz kentzen diozu. Kopeteko azala hain fina dauka, behin eta berriz pasatzen dizkiozu behatzak, amultsuki, kopetetik eta bekainetatik. Komuneko ispiluaren aurrean ezkerreko bularrari begiratzen diozu. Hatz erakusleaz titiburutik beso alderako zatia emeki-emeki haztatzen duzu. Koskortxoak hor darrai. Lehenengo edo bigarren udan agertu ziren etxeko patioan harri horiek. Errotuladore gorriz margotutako bihotz bat zuten. - Etxeko señoritak badu isileko miresleren bat, esaten zuen izebak neskatoari begiaz keinu eginez. - Itsusia naiz, ezingo nintzateke Donostiako danborradako erregina izan, eta gainera azkazalak jaten


ditut. Baina atariko gizon nazkagarriak politta deitu zion. Hiriko beste auzo horretara bizitzera joan zirenean, batzuetan zazpigarren pisuko bizilagunarekin topatzen zen igogailuan. Hark ere,beti, zein polita zen esaten zion. Baina ez zion kasu gehiegirik egiten hitz horiei, bizilaguna italiarra baitzen eta jakina da herrialde horretako gizasemeek emakumezkoak ele ederrez limurtzeko duten ohitura. Amari, ordea, izugarri gustazen zitzaizkion bizilagun italiarraren loreak. Ama-alabak ahizpak ziruditela eta antzeko lausenguak entzuterakoan poz-pozik jartzen zen emakumea. “Ez ezan azkazalik jan!” Esaten zion aitonak. Garai batean, jendea zorabiatzeko azkazalak hauts bihurtu eta alkoholarekin nahastuta egiten zuten edabe bat. Beraz azkazalak jatea txarra da; ez itxuragatik soilik, bestelako efektuak dituelako baizik. Erregaliza ere gauza batzuetarako ez zela hain ona esan zioten neskatoari, haurdun egonez gero, arriskuren bat bazegoela. Lehengusuen lagun egin zen mutiko hark eraman zituen aitonaren baratzeraino. Jesús izena zuen, gurasoak Frantzian bizi ziren, Parisen, baina bera aiton-amonekin bizi zen herriska hartan. Soroa, ibaiaren ibilguaren ondo-ondoan zegoen. Landareak zurtoinetik heldu eta indarrez tira egin behar zen sustraiak hartzeko. Lohiz betetako sustrai horiek, etxean urez garbitu eta tamaina egokian moztu zituzten. Lehortzen utzi eta listo! Negu osorako hornidura bazuten. Jesús ez zen hiriko mutilak bezakoa. Eta horrek nolabaiteko lilura sortzen zuen neskatoarengan. Kuadrila osatu zuten, neskatoak eta bere familiak, eta herriskako kale itsu hartan bizi ziren beste ume koskorrek; eta gehienetan Jesúsi okurritzen zitzaion planen bat. Jesúsen proposamenak tentagarriak ziren ia beti, ez baitziren betiko jolas inozo eta ohikoenak izaten. Arrisku kutsua zuten. Are gehiago, ekintza batzuk legez kanpokoak ere baziren: debekatuta zegoen tokian arrantza egitea, baratzetatik fruta lapurtzea edo eraikitzen ari ziren etxeetan ezkutaketan jolastea. Bizi ziren kale itsuaren amaieratik, eskailera batzuk igo eta zelaigune handi batean txaletak egiten hasiak zeuden. Eraikitze-lanetarako erabiltzen zituzten egurrezko paletak baliatu zituzten etxola bat egiteko, Jesusek egin zuen, oso trebea baitzen eskulanetan. Han, “merendolak” egiten zituzten, masustak batzuetan, beste batzuetan hantxe bertan, sua egiten zuten, eta patatak erretzen zituzten. Ia egun osoa pasatzen zuten etxetik kanpo. Hori gustatzen zitzaion neskatoari gehien, hirian ez baitzuen horrelako aukerarik. - Igandean zinera etorriko zarete, ezta? -esan zion Jesúsek egun batean. - Bostetan hasten da pelikula, lehentxeago zuen etxetik pasako naiz elkarrekin joateko, konforme? Herriko neska-mutiko gehienak han zeuden, zinean, hantxe bertan erositako litxarreria poltsak eskuetan zituztela, ilaran, barrura sartzeko prest. Rafa ere han zen. Pelikularen erdialdera, hamar minutuko eten bat egiten zute. Berriz barrura sartzeko txirrinak jo zuen, eseri bezain laster, bere aldamenera etorri zen Rafa. Argiak itzali zirenean, Rafak ea ondoren berarekin parkera osteratxo bat ematera joango al zen esan zion belarrira. Neskatoak buruarekin ezetz esan zion. “Qué dura eres, tía” esan, eta alde egin zuen Rafak. Jesúsi ez zitzaion Rafa gustatzen. Harroputza zela esaten zuen. Eta ez zuela ulertzen zergatik ibiltzen ziren neska guztiak txoratuta berarekin. Rafa kirolzalea zen, herriko futbol taldean aurrelari aritzen zen. Jesúsek inbidia ziola iruditzen zitzaion neskatoari. Jolas-makinak zituen gazte-lokalera joan ziren zinetik atera ondoren. Musika-makina zegoen, txanpona sartu eta zerrenda bateko abestiaren ondoko tekla sakatuz gero, entzun egiten zen. “Los chunguitos” taldeko “No sé qué tiene tus ojitos que me vuelven loco” abestia entzuten hasi zen. Lehengusuak eta Jesús “petaco”an jolasten ari ziren. Rafaren ahotsa entzun zuen, abestia gustatu ote zitzaion galdezka, neskatoak ihardetsi baino lehen, “la de los Chunguitos” erantsi, eta alde egin zuen. Itxarongelan zaude, sakeleko telefonoa atera, eta, mezurik ez. Beste izen batekin daukazu gordeta haren telefono-zenbakia. Berak esan zizun horrela seguruagoa zela; zurea ere, lankide baten izenarekin dauka. Manu ez da iritsi. “Pin ball” jokoan sartu zara, entretenitzeko asmoz, urduri


baitzaude. Ez dakizu horregatik den ala litro eta erdi ur edanarazi dizutelako den, baina maskuria lehertzear duzula sentitzen duzu. Zure aurretik sartu denari ez zaio bukatzeko asko faltako. Azken saiakera eginen duzu, ea deiari erantzuten dizun. Atea zabaldu da. Erizainak deitu dizu, eta korridoreari azken begirada eman diozu. Badaezpada ere, ekografia-salara sartu zarenean, erizainari esan diozu tarteka itxaron gelan begiratzeko ea Manu iritsi den. Hotzikara sentitu duzu sabelaldean gela jarri dizutenean. Eta ondoren, ekografistak mikrofono antzeko hori, indarrez behin eta berriz presionatu duenean, botako zenukeen pixa errekari eutsi ezinik egon zara ia-ia. “Dena ondo dago� entzutean sakon hartu duzu arnasa, eta esku-ohetik zuzenean komunera joan zara, arrapaladan, erdi biluzik.

ANAIA TXIKIA Anaia txikia jaio zenean, ume izateari uko egin behar izan ziola iruditu zitzaion neskatoari. Alde handia zegoen bera eta anaia txikiaren artean: hamalau urte. Anaia gazteena jaio zen urtean, udako oporraldi osoa eman zuten Erriberako herriskan, amarentzat bizimodu lasaiagoa baitzen, gu beti kalean ibiltzen ginelako. Goizetan, amak bazkaria prestatzen zuen bitartean, anaia txikia paseatzera ateratzen zuen neskatoak. Askotan, Jesusekin topatzen zen, hura bizikletarekin eta neskatoa haur kotxearekin, kontu-kontari gustora ibiltzen ziren, askotan denboraren nozioa galduta, harik eta ume txikia esnatu eta gosez, negarrez hasten zen arte. Egun batean; Jesusek esan zion berak ere bazuela anaia bat, bera baino dezente gazteagoa zena, Frantzian, gurasoekin bizi zena. Jesusen gurasoak, biak, ziren herri horretakoak. Gazteak zirenean, Frantziara lan bila joateko erabakia hartu zuten. Herriko beste askok bezala, etorkizun hobe baten itxaropenarekin, lehenago joandakoen erreferentziak baliatuz, Parisera abiatu ziren. Garai hartan, ezkon gabeak ziren. Handik gutxira, Jesusen ama haurdun gelditu zen. Jesus jaio zenean, herrira ekarri zuten aiton-amonekin bizitzera, gurasoek lan egin behar baitzuten. - Parisen, bizimodua oso bestelakoa da -esaten zion-. Dena da zarata eta korrika ibiltzea. Eta arriskutsua da. Arratsaldeko azken orduetan ez da inor ibiltzen kaleetan. Ezta metroan ere. Hori bai, sexu kontuetan askoz modernoagoak dira. - Bai? - Bai, gure adinekoa ia denak dute bikotea, eta gurasoen etxeetan egoten dira lasai asko, badakizu...zertan...are gehiago, beren gurasoek ematen dizkiete anti-sorgailuak! - Bada, gure amak esaten du, antisorgailuekin ezin dela fidatu, begira bestela enano hau! Bizilagun


bati kontatzen ari zitzaiola, entzun nion hori esaten; gainera Frantziara joan omen zen ez dakit zer jartzera, eta dakit nola deitu zion...eta haurdunaldiaren hasieran, Frantziako mediku hark esaten omen zion ezinezkoa zela haurdun egotea, bestelako zer edo zer izango zela... eta begira! Eta Eiffel dorrera igoko zinen, ezta? - Ez. Ez eta ikusi ere. Periferian bizi dira gurasoak. - Peri zer???? - Kanpoaldean. Etxe altu, zikin eta itsusiak pilatzen diren auzo batean. Frantsesa entzuten ez den zona batean. Pentsa, gurasoek ez dute frantsesa ikasteko beharrik izan! Baina nire anaiak, espainolez baino hobeto egiten du, ikusiko duzu, abuztuan etortzekoak dira eta ezagutuko dituzu. Eta ez dakit nola moldatuko garen, zeren Bartzelonan bizi den izeba soltera ere badator oporrak pasatzera. Herriskatik hurrengo herrira zihoan bidea hartu zuten. Gereziondoek mugatzen zuten bide hori. Eraikin itsusi baten aurretik pasa ziren. - Harzuri fabrika da hori! -esan zion Jesusek. Begira, etorri hona. Pilatuta zeuzkaten harzuri pieza batzuk erakutsi nahi zizkion. - Akatsen bat duten piezak, bota egin behar izaten dituzte. Begira! -Jesusek eskuetan zuen hautsontzia erakutsi zion. Patioan agertu ziren bihotza marraztua zuten arrautza formako harrien itxura bera zuela konturatu zen. Marmolaren antzekoa, leuna, txuri zeharargia. - Ia oso osorik dago, hemen, beheko aldean koska txiki bat du, baina ondo dago, ezta? Haur-kotxeko azpiko bandejan sartu zuen eta berriz joan zen beste zerbaiten bila. Arin-arin igo zen pilaren goikalderaino, piezak hartu, begiratu, utzi...Halako batean, oihu lazgarri bat irten zen Jesusen eztarritik. Harri tontorretik behera jausi eta, lurrean eserita gelditu zen besoez ezkerreko belaunari eusten ziolarik. - Kaka zaharra! Ez dakit zer gertatzen zaidan azken bolada honetan. Baldar nabil. Futbolean ere, trakets. Portzierto, zure laguntxo Rafa horrekin pozik nago! Igandeko partidan sekulako ostikada eman zidan ezkerreko belaunean eta ezta barkamenik eskatu ere! Begira zein handitua dudan. Neskatoak eskua luzatu zion, altxatzeko lagunduz. - Ikutu hemen, koskorra nabaritzen duzu? Jesusen larruazalaren kolorea aldatu egin zen. Harzurizko pieza horiek baino zurbilago zegoen. Begitarteko keinuak oinaze handia jasaten ari zela adierazten zuen. Haur-kotxeko mutur batean eseri zen, hankatxoak ez zapaltzeko ipurdia erabat bermatu gabe, eta horrela eraman zituen neskatoak anaia txikia eta Jesus etxeraino. - Aurten, udako oporrak amaitu eta hirira itzuli baino lehen, hango helbidea emango didazu, ezta? Elkarren berri izan dezakegu gutunen bitartez. Neskatoari ideia ona iruditu zitzaion, eskutitzak idaztea laket zuen, eta jasotzea askoz gehiago. Itxarongelan lau emakume daude, Irune izango da gazteena. Erizainak irakurritako zerrendaren arabera txanda haren aurretik zuena sartu berri da. Hari musikalak ez dio lasaitzen laguntzen. Azkazal guzti-guztiak janda dauzka. Mamografia bat egingo diote estrainekoz. Beste bi emakumeek lasai dirudite. Beharbada, ohiko azterketa izango da haientzat. Izeba Maritxurekin gogoratu da. Hari ere kozkor bat atera zitzaion bularrean. Mezu hotsa, “pip�, Manurena . “Bilera luzatuinden, enaun iritsiko, sentitzeinat. Animo!� eta musua irudikatzen duen emotikonoa. Izeba Maritxu amaren ahizpa zaharrena zen. Ezkongabea. Txikitan oso tarteka ikusten zuten, Parisen bizi zelako. Donostian uda pasatzera etortzen zen familia dirudun batekin neskame hasi zen, haiek izebarekin oso gustura antza, eta Parisera beraiekin eraman zuten. Gabonetan etorri ohi zen, astebete pasatzera. Irune izebaren opariak hartzeko irrikitan egoten zen. Bereziak izaten baitziren. Gogoan du itsulapiko bat: formaz borobila zen, gaztatxo kaxaren antzeko tamaina, basetxe txiki baten aurrean, hesi baten barruan oiloak zizareak jaten ari ziren. Txanpona botatzearekin batera, oiloek mokoa gora lehenbizi, eta berriz behera, zizarea jateko keinua egiten zuten.


Igandeko egunkaria hartu eta, bizi den kaleko izena ikusi izan ez balu, atentzioa emango ez liokeen albisteak aztoratuta utzi du; bezperan gertatu zen, auzoko batek bizilagun baten etxera norbait leihotik sartzen ikusi, poliziari deitu eta hemezortzi urteko gaztetxo bat harrapatu zutela. Manuri kontatuko zion, beharbada euren etxeko lapurretarekin zerikusia izango zuen. Gaztatxo kaxa hutsa hartu eta barruan arroz aleak sartu zituen. Kaxa itxi, eta zelo paperez buelta osoa indarrez zanpatu zuen, kaxaren bi zatiak ondo itsatsita gera zitezen. Ondoren, oparitarako paperez forratu zuen. Txintxirrin errudimentario horrekin atera zuen anaia txikia paseoan. Jesusen amonarekin topatu zen kalera irten bezain pronto, eta harengatik galdetu zion. Antza ez zuen ezer larririk izango, baina badaezpada ere, medikuak froga batzuk egitea aholkatu zien. Iruñako ospitalera joateko txanda hartua zuten jada, hurrengo asterako. Zeta-harrak izan zituzten eskolan gaztatxo kaxatan. Andereñoak azaldu zien Txinako enparadore Huang Ti lorategiko morera zuhaitzak hosto gabe gelditzen ari zirela ohartu zen eta emaztea begiratzera joan zenean, hostoetan har batzuk zeudela konturatu zen, harrek kapuluak egin eta egun batzuetara tximeletak jaiotzen ziren. Emazteari, kusku horietako bat ura berotzen zeukan lapiko batera erori zitzaion nahi gabe. Kapulua desegin eta hari bihurtzen zela konturatu zen. Horrela asmatu omen zen zeta. Logela, anaia zaharrenarekin partekatzen zuen. Luzeenak ziren hormen kontra jarritako bi oheen arteko mesanotxe gainean uzti zuen gaztatxo-kaxa.Anaiari, sabaiko lanpara itzal zezan eskatu zion, nekatuta zegoen eta, lo egin naihi baitzuen. Anaiak mesanotxe gainean, perretxiko forma zuen lanparatxoa piztu zuen, komikia irakurri nahi zuen. “ El guerrero del antifaz”. Oheburutik zintzilik, etxean erabiltzen zuen txabusina barrubiguna zeukan. Arrosa. Txabusina hedatuz, lanpara txikiko argitasun mendrea baizik ez zitzaion iristen. Era horretara, giro goxo erromantikoa eratzea lortzen zuen ohantzean, pelikuletan ikusten zituen kortinadun dosel horiez inguratuta egongo balitz bezala. Har batzuk, ondo hertsita gelditu ez zen kaxaren goiko tapak uzten zuen zirrikitutik itzurtzen hasi ziren. Zango gainetik hasi eta buelta osoa emanez, izterretik hasi eta orkatilaraino, zeta-hariz lotzen joan ziren mugitu ezinik koltxoi gainean zetzan hanka hura. Hariak geroz eta estuago lotzen zituzten. Benetan mingarria izateraino. Halako indarrez bildu zuten hanka, ezen odolaren zirkulazioa eragotzita gelditu baitzen. Gizaki baten atala baino, labean sartzen diren “ roast-beef” horietako bat zirudien. Azala ubeltzen hasita zegoen. - Kirofanoa prestatu! Azkar! Ez zekien noren hitzak ziren, baina larritasun handia iradokitzen zuten. - Hanka moztu behar diogu! Zorabiatzen hasi zen. Ohetik jaiki nahi izan zuen, baina ezinezkoa gertatu zitzaion. Izerdi tantak nabaritu zituen, aurpegiko alde bietara isurtzen zirelarik. Oka egin aurretiko sensazio hori nozitzen ari zen. Aurpegia txingurrituta. Hotza eta kiskaltzerainoko beroa ia aldi berean. Oihu egin nahi zuen, baina ez zen hotsik ateratzen haren eztarritik. Halako batean, esku biak koltxoian jarri eta indar eginez, ohean eserita gelditzea lortu zuen. - Amaaaa! Botaka egin din! Anaiaren nazka aurpegia izan zen lehenik ikusi zuena. Eta ondoren, Jesúsen irudia, ohearen lastairara zeta-hariz josia. Gerora jakin izan zuen, amets iragarlea izan zela hura. Eta gerora ere, jakin izan zuen amets horiek tarteka izango zituela. Gehienetan lo zegoelarik, baina noizbait itzarrik. Amona hil zenean gertatu zitzaion, bazkal-garaian eskolatik etxera iritsi zenean, amak, atea zabaldu bezain pronto, egongelara sartzeko esan zion. Salako atera iritsi, eta amona sofan zetzala begitandu zitzaion. Ez zen horrelakorik baina. Amak, negarrari eman zion saminki: “ amona gaur goizean hil da, bihotzekoak jota”. Eta inoiz ez zuen konprenitu ahal, zergatik izaten ziren zorigaiztokoak “amets” haietan agertzen zirenak.


Hirira itzuli aurreko azkeneko larunbatean, agur-festa txiki bat egitea otu zitzaien udatiar gaztetxoei. - Aitonari baimena eskatu diot larunbateko festa etxabean egiteko -esan zuen Jesúsek- eta ez dit ezetz esan, uste dut grazia handirik ez diola egin, baina utziko digu. Harzuri fabrikako istipua ezkeroztik, herrenka zebilen Jesús. - Herriko lagun batzuk ere etorri nahi dute, badakizu Rafa eta horiek. Neskatoak bihotzondokoa izan zuen. Seguruenik, gorritu egingo zen, aurpegia kiskaltzen sentitzen zuen eta. - Etortzeko asmoa duen orori, jateko eta edateko zerbait ekartzeko esango diegu. Guk lokala txukundu, mahaia eta musika prestatu eta gero dena jaso eta garbitzeaz arduratuko gara. Jesús, herrenka zebilen harzuri fabrikan erori zenetik. Irailaren erdialdean Jesúsen lehenengo gutuna jaso zuen neskatoak. “ Aupa neska! Zer moduz ikasturte hasiera? Politeknikoan hasi naiz. Egun batzuetan huts egin dut, froga batzuk egin behar izan ditudalako. Odol analisiak. Eta biopsia. Badakizu zer den hori? Bada, nola esan nizun erori nintzenean, belaunean koskorra nuela? Ikutu zenuen, gogoratzen? Bada, handitu egin da. Eta medikuak esan dit koskor horretako zatitxo bat hartu behar dutela eta analizatu behar dutela. Odolarekin bezala. Bada, hori da biopsia. Uste nuen mina emango zidala, baina ke ba! Orratzaren ziztada, hori izan zen dena! Eta etorriko zarete festetara? Hilabete honetan dira, e? Azkeneko astean. Bueno, ea zuk idazten didazun. Agur. P.D: Agur-festako argazki batzuk sartu dizkizut .” Bera eta Rafa, barrez, eskuetan edalontzi bana zutela. Jesús, neskatoa, eta anaia eta lehengusuak beste batean. Festa-ordua baino lehenagoko, etxabearen argazkia: Gutuna bolaluma urdinez izkiriatuta zegoen. Jesúsen idazkerari narras samarra iritzi zion. Mutilen letra. Eskolako bere gelako mutilena bezalakoa. Trazu dardatiak, tinta orbanak, eta idazteko erabili zuen orria bera: koaderno batetik, ardura handirik gabe erauzitakoa, ertz horzdunek hala adierazten zuten. Argazkien ifrentzuan festa-eguneko data idatzi zuen.

Hirira itzultzeak oporren aurreko bizimoduari berriz ere lotzea suposatzen zuen. Herrrira eramandako ekipajeaz gain, udan zehar amak egindako kontserba potoak (mermeladak, tomatea eta piperrak), patata zakuak, baratxuri-txirikordak, mertxika-kutxak, hiruzpalau meloi eta sandia, klausurako mojek egiten zuten ezti potoak, eta herriskan zegoen petrikilo ospetsu batek anaiaren asmarentzat prestatutako edabeaz betetako botila batzuk, aitaren seat 127an zirrikitu nimiñoena ere okupatzen zuten. Itzuleran ez zen giro. Kopetilun eta mutu etxeratzen ziren, bi hilabeteetan zehar bizitutako pasadizoak oroimenean. Hiritik, itsasoa soilik gustatzen zitzaion neskatoari. Itsasoa usnatzen zen bizi ziren etxetik. Gela batzuetatik, saiheska, ikusi ere egiten zen, zatitxo bat. Eta entzun ere bai, gauetan uhinen lehorreratzeak sortzen zuen hots erritmikoak. Herriskan, goizean goizetik entzuten zituen elizen kanpai hotsak izango zituen miran, hala ere. Giro euritsua iragartzen zuten kaioen garrasi lazgarriek, ez zioten enaren txorrotxio alaia ahazten


laguntzen. Logelatik, ez zituen kaleko bizilagunen elkarrizketak entzungo,ez; leihoetako krsitaletan dardara sortzeraino iristen ziren motorren hotsak baizik. Bizilagunekin igogailuan topatuz gero, “ kaixo” eta “ agur”, eguraldiari buruzko esaldiren bat salbu, batzuetan. Kaleko atea giltzez eta kisketak itxita beti. Herrian, berriz, bisitari gogaikarriak- euliak- ekiditeko kortina besterik ez, atea zabal-zabalik. Izugarri aspertzen zen hirian. Lagunak, eskolako lagunak ziren, ez auzokoak. Horregatik, ez zen kalera joaten jolastera. Asteburuetan bai, baina astegunetan, etxetik eskolara eta eskolatik etxera. Herrian ez bezala, amak beti galdetu ohi zion ze ordutan itzuliko zen etxera eskolako lagunekin ateratzen zenean.

IRRAZIONALKERIAK “ Utopia zeruertzean dago. Urrats bi eginez urruntzen da bera. Hamar pauso aurrera egin nik eta zeruertzak hamar pauso haruntzago. Zertarako balio duen utopiak? Horretarako balio du: ibiltzeko.” ( Eduardo Galeano) Askotan agertzen zaizkio ametsetan ezagutu dituen hiruzpalau toki, era berezi batean. Itxuraldatuta azaltzen dira, errekonozitzen dituen arren. Ez denak, gehienak. Badago leku bat, existitzen ez dena, bizi den hiriko auzoa bailitzan agertzen baita, Buñuelen “ Las Hurdes” pelikula surrealistarako erabili zituzten kanpoaldea dirudiena. Ez daki horren esplikazioa zein izan litekeen.


Inkonszientearen misterioak. Duela gutxi, idazle espainol famatu batek zoriontsu izandako lekuetara itzultzea ez dela komenigarria esaten zuela irakurri zuen. Ez dabil oker. Ametsetan, Irune Istanbulera joaten da maiz. Behin baino gehiagotan izan de bertan, eta nahiko ondo ezagutzen du. Lo dagoelarik, hiria ezagutzen ez duten pertsonekin (batzuetan familia, besteetan lagunak) hara joaten dela amets egiten du. Irune, Cicerone gisa. Ezagutu ez zituen hiri moderno bateko hainbat parajetan zehar ibiltzen dira: auzuneak, kaleak, itsas-ondoko pasealekua eta abar... Egonaldia amaitzear dagoenean, larritzen hasten da, benetako Istanbuleko toki enblematikoak oraindik ez dituztelako bisitatu. Urduritasuna handitzen doa tokien oroitzapenak sortu ahala. Eta ametsa ametsgaizto bihurtzen. Nola alde egin Santa Sofia eliza ikusi gabe? Edo Bosforo itsasartean zehar bidaiatu barik? Topkapi eta Dolmabahace Jauregiak, Bazar Handia, Bazar egiptiarra, Ortakoy auzoa, Pera auzoko Galata dorrea eta Agatha Christieri hainbeste gustatzen zitzaion Palace hotela, eta Istiklal kale luze eta jendetsua...garai batean oroigarrien dendetan saltzen zituzten tokiko diapositiba txikiak zeuzkaten boligrafo horietan ikusten ziren bezala, ikusten ditu, klik eginez, azkar-azkar bata bestearen ondotik pasatzen. Beste batzuetan, toki horiek denak gune bakar batean kokatuta daude, parke tematiko batean bezala: tiketa hartzeko ilaran jartzen dira , baina ez dira inoiz barrura sartu ahal izan, aireportura abiatu behar baitute itzulerako abioia hartzeko... Amets horrek ezinegona sorrarazten dio, eta urduri iratzartzen da. Kontzientzia berreskuratzearekin batera, lasaitzen hasten naiz...eta garai bateko Constantinopla, geroxeago Bizancio eta egun Istanbul benetan den bezala gogoratzen du, hiri ederra, zoragarria. Xarma berezia ematen diote kalean builaka dabiltzan milaka eta milaka sailtzaileek, edozein kale kantoietan era desberdinetara prestatutako kebab saltokiek, negu gorrian salep eta kafe usaintsuen goxotasunak, Pierre Loti muinotik arrastiri apalean ikusten den su koloreko itsasarteak eta liburu oso batean kabituko ez liratekeen beste hainbat berezitasunek. Irunek menpekotasun arazo bat zuela jakin bazekien. Bere buruari onartzen zion, baina ez beste inori. Arrangura sentitzen zuen Manurekin zuen harremanaz pentsatzen zuenean. Demasa zen haren berririk ez izateak sortarazten zion kezka. Gehiegizkoa ezer txarrik gertatu izanaren beldurra. Demasa, haren erantzunik ez izateak ematen zion estutasunak. Batez ere, gauez baldin bazen. Manuk beti ematen zizkion azalpen sinesgarriak izan zitezkeen azalpenak: telefonoak estaldurarik ez, bateria agortu edo tabernako barran utzitako txamarra lapurtu egin ziotela. Halakoetan, neskaren artegatasuna txikiagotu asmoz, beti esan ohi zion, berak ondo entseatutako irribarre eztiz: “ Hi haiz, hi, ttunttuna. Badakin, ingelesez esaten den bezala; no news, good news”. Eta gero, amultsuki berarengana erakarriz: “ Hator ona, zoragarri. Bai, bazekinat, sakeleko telefono patatatzar hori aldatu behar dinadana. Baina hik lasaitzen ikasi behar dun, e?” Irunek Manurekiko zuen maitasuna irrazionala zela jakin bazekien. Victor Hugoren maitaleak esan zuen, oso zoriontsua zela, idazleak egiten zuelako zoritxarreko. Haiek elkarrekin izan zuten postatrukearen pareko izango zen, paperera pasa izan balira, hauek elkarri bidalitako posta elektronikoak, sms-ak eta whats app bidezko mezuak. Irunek, ez zion telefonoaren zenbakirik eman nahi izan haseran. Eta, gezurra baldin bazen ere, helbide elektronikorik ez zuela esan zion. Etxeko helbide eman zion, soilik. Pentsatu baitzuen, ez zela inoiz bisita egitera joango, ez eta eskutitz bat idazteko lanik hartuko. Erratu zen. Turkiatik itzuli eta hogei bat egunetara, etxeko posta kutxatik jasotako abisuarekin joan zen postetxera, jakin-gosez, utzitako orritxoan gurutze baten bidez “pakete” markatuta zegoelako. Oraingoan behintzat, trafiko-isun trazarik ez. Ez zekien, senaz edo, hala izatea nahi zuelako, baina Manurena izateko desira zuen. Hark bidalia zen, bai. Posta-bulego ondoko taberna batean sartu zen, kartoizko kaxan zetorrena ikusteko irrika biziz: kafe turkiarra egiteko “set” a zen. Kafe-ehotu zorroa, bi edalontzi txiki eta kobrezko ontzia. Kafe-zorroan “post-it” bat: “ noiz gonbidatuko nauzu kafe hartzera, fistik? Azaroan itzuliko naiz.” Telefonoa eta helbide elektronikoa ere jarri zizkion. Zer izango zen “fistik” hori? Etxean begiratuko


zuen, ordenagailuan. AMAITZEKO Lantxo hau, bukatu eta aurkezteko epea amaitzear dagoelarik, amaitzeko eta amaitzeke dagoela esan behar dut. Ikastaroaren hasieran otu zitzaidan idatzi nahi nuela. Beti izan dut idaztea gogoko, baina inoiz ez dut izan lan horri ekiteko denborarik edo adorerik. Maya Angelou poetak eta eleberrigileak zioen bezala, “There is no greater agony than bearing an untold story inside you�, hau da, isileko istorio bat barruan gordeta eramatea baino agonia handiagorik ez dago. Isilekoak ala ez, hainbat urteren bizitzare-ibilbidean, orri hauetara ekartzeko aunitz istoriotxo, bizipen, anekdota, kontakizun, pasarte, jazoera, bizipen, esperientzia...eta abar baneuzkala iruditu zitzaidan. Idazten den oro errealitateari lotuta egoten da. Lerro hauek baliatuz kontatu dudana fikzioa bada ere, hein handi batean, nere bizipen pertsonaletan oinarrituta dago. Kontakizun honetan agertzen diren lekuak, ezagutu ditut: Istanbul, erriberako herriska eta hiria. Azkeneko bien kasuan, izenik gabe agertzen dira, ez bainion kutsu autobiografikoegia eman nahi narrazioari. Pertsonaiei dagokienez, errealak diren lagun, ezagun eta senitartekoen ezaugarriak, narrazioko pertsonaiei egotzi dizkiet, baina pertsona erreal batenak fikziozko pertsonaia bati, osori, esleitu barik. Hau da, narrazioan agertzen diren pertsonaien karakterizazioan, pertsona diferenteen bereizgarriak batu izan ditut. Ez dut denbora nahikoa izan, kontatu nahi nuen guztia idazteko Esaldiak behin eta berriz errepasatu, hitzak beste batzuengatik ordezkatu, kontatutakoa era erakargarriz agertu nahi izan dut. Eta ez da erraza. Horregatik diot, lan hau bukatu gabe dagoela, lanak dituen atalak borobiltzen saiatu naiz, baina burututzat emateko, hainbat atal erantsi beharko nizkioke, atal horiek idazteko denbora luzeagoa beharko nuke. Lanaren helburua, handinahia balirudike ere, irakurzaleentzat literatura-lan apal bat sortzea izan da. Gustokoa izatea espero dut. Izaskun Linazasoro genua.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.