22. ZENBAKIA
Dirua morroi ona baina nagusi txarra!
0. AZALA Badakizue aldizkaria nahi duzuen moduan irakur dezakezuela, ezta? Hau da, edo hasierako orrietatik amaierara arte, edo goitik behera, edo behetik gora… Zuen eskuetan dago nola garatu irakurketa! Guk ez dugu inolako araurik inposatzen! Eta, beraz, zeuen buruari ere, irakurtzeko nolakotasunari begira, askatasun puntu bat eskaintzea onuragarria izango litzatekeela uste dugu! Izan ere, seguru gaude irakurketaz gehiago gozatzea lortuko duzuela! Eta zuen sormenari bide emanez irakurtzeko bide berriak eraikitzen hasiko zaretela! Beraz, izan sortzaile irakurketaz eta ez galdu monotonian! Ea ba! Zenbaki honetako azalean, mutil bat ageri zaigu poltsikoak eskuan dituela, ezta? Mutikoaz gain, zer gehiago ikusten duzue bertan? Aldizkarian barneratzeko, honako hau egitea proposatzen dizugu: Azalean ikusten dituzuen ekintza guztiak deskribatu beharko dituzue, banan-banan, adibidez:
Zuetariko batek: “Txerri bat buruan galdera marka bat duela mutikoari begira dago”. Beste batek: “Igel bat irten da mutikoaren poltsikotik”. …
Ea zenbat ekintza aurkitzeko eta adierazteko gai zareten… zenbat eta gehiago aurkitu, hobeto! Horretarako ere, sormenari bide askea eman ahal diozue, eta ekintza horietan istorio txiki bat asma dezakezue, adibidez:
“Igela mutikoaren poltsatik irten da poltsak usain txarra zuelako…”. “Txerria galdera marka bat gainean duela dago, ez dakielako zer egin: lurrera salto egin edo bertan gelditu…”. Horrelako ekintzek imajinazioa eskatzen dute, eta imajinazioa erabiltzea sekulako tresnaz baliatzea da! Beraz, imajinatu eta gozatu!
[Gida_ 22_dirua morroi ona baina nagusi txarra]
Orria 1/7