PRENTSA OHARRA: INFORMAZIOA ETA BALORAZIOA, SAKANAKO MAHAIKO ETA MANKOMUNITATEKO ORDEZKARIEK TALDE PARLAMENTARIOEKIN ETA NAFARROAKO GOBERNUAREKIN IZANDAKO BILEREI BURUZKOA.
2011ko azaroaren 25ean, Sakanako Mahaiak prentsaurrekoa eman zuen publiko egiteko “DIAGNOSTIKO ETA JARDUERA ILDOETARAKO LABURPEN TXOSTENA” dokumentua – Mahaiak talde politiko guztien parte-hartzea izan zuen, sindikatu gehienena eta enpresako ordezkariena–. Dokumentu horretan jasota zeuden datozen lerrootan laburbildutako sei ekintza-lerro: •
Epe ertaineko eta luzerako garapenerako proiektu estrategikoa osatzea.
•
Sakanako bailararen ekonomia- eta gizarte-garapenerako tresna bat sortzea.
•
Nafarroako Gobernuari eskaera, Sakanari “Urgentziazko Berrindustrializazio Zonalde ” izaera edo parekoa emateko, eta sustapen ekonomikorako beharrezkoak diren neurriak gauzatzeko.
•
Lankidetza egonkorra Nafarroako Gobernuaren artean, eskualdeko mankomunitatearen eta, sortu ondoren, bailarako gizarte eta ekonomia-garapenerako entitatearen artean.
•
Nafarroako Parlamentuari eskatzea egitasmo horien sostengurako baliabideak sar ditzan 2012 urterako aurrekontuetan.
•
Gizartearen dinamizazioa bulkatzea, herritarren inplikazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko Sakanako bailararen garapen sozio-ekonomikoan.
Prentsaurreko horretan, konpromisoa hartu genuen informazioa emateko Nafarroako Gobernuarekin zein talde parlamentario guztiekin aurreikusitako bilera errondari buruz. Azaroaren 28a eta abenduaren 12a bitarte, bilerak egin ziren Nafarroako talde parlamentario guztiekin. Bilera horietan azaldu ziren Sakanako Mahaian gertatutako gogoeta-prozesua eta “DIAGNOSTIKO ETA JARDUERA ILDOETARAKO LABURPEN TXOSTENA” dokumentua. Halaber, eskaera egin zitzaien talde guztiei behar adinako partidak sar zitzaten, 2012rako aurrekontuetarako emendakin bidez, proposatutako ekintza-lerroak sostengatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu Izquierda-Ezkerra, Nafarroa Bai eta Bilduren talde parlamentarioei, gure eskera aintzat hartu eta gure beharrendako emendakinak aurkeztu izanagatik. Tamalez, agintedun taldeek –UPN eta PSN— ez zituzten kontuan izan emendakin horiek, eta errefusatu egin zituzten. Hala eta guztiz ere, baikor gara eta espero dugu gertatutakoa laster zuzenduko dela, eta Nafarroako Gobernuak babes finantzarioa emanen diela Sakanako bailaran garapena bultzatzeko eta enplegua sortzeko ekintza-lerroei.