Prentsa Oharra 2016/04/11

Page 1

2016ko Sanferminetan herri guneak eraiki eta kudeatzera goaz Gora Iruñea!k hiri honetako bestelako eragileekin batera, Iruñeko herri mugimendu anitza osatzen duten horiekin alegia, azaroan abiatu zuen jai eredua eraldatzeko prozesua. Herri mugimenduko 34 eragilek parte hartu zuten azaroaren 7ko jardunaldietan. Bertan ateratako bi ondorio nagusiei jarraipena eman diegu eta ematen ari gara oraindik. Alde batetik, guk lantzen dugun jai ereduan bultzatzen ditugun baloreen gaineko hausnarketa eta proposamena osatu dugu. Sanferminak parekideak, euskaldunak, ekologikoak, parte hartzaileak, anitzak eta kulturalak izan daitezen proposamen zehatzak prestatu ditugu. Beste aldetik, herri mugimenduak protagonismoa berreskuratu behar zuela ondorioztatu zen. Sanferminetan herri eragileek gune bat(zuk) kudeatu behar zutela, alegia. Agindu horrekin hainbat izan dira orain arte eginiko bilerak, herri mugimenduarekin alde batetik eta udalarekin bestetik. Herri mugimenduak Sanferminetan hiriari egin behar dion ekarpena nolakoa izan behar duen adosten ari gara eta horretarako udalarekin elkarlanean ere aritu gara. Hori izan da urte luze hauetan Udaleko gobernuan egon direnekin egiten saiatu garena, elkarlana, baina ezinezkoa izan zaigu. Oraingoan, bestelako jarrera bat topatu eta horretan ari gara, hiria gobernatzen dutenekin batera datozen Sanferminen inguruan ideiak eta iritziak partekatzen. Prozesu luze honetan herri mugimenduaren eta udalaren arteko interlokuzioa egin du Gora Iruñea!k. Iruñeko jai eredua eraldatzeko helburuarekin, udaletik eta prozesuan parte hartzen ari diren herri eragileetatik, ahalegin ikaragarria egiten ari dira gune hau ahalik eta anitzena eta zabalena izaten. Jakin baitakigu Iruñea guztiona dela eta zenbat eta anitzago izan gunea, zenbat eta aberasgarriagoa izanen delako guztiontzat. Gure jai eredua esan bezala balore batzuen gainean eraikitzen da eta balore horiek aurrera ateratzeko prest dagoen eragile orok lekua izanen du balizko herri gune horretan. Norabide honetan lan egin nahi duenak ateak parez-pare ditu zabalik. Gauzak horrela, biharko deituta dagoen Sanferminetako mahai berezian, programazioan alegia, plaza ezberdinak kudeatzeko herri mugimenduak egin hausnarketa plazaratuko dugu, aurtengo Sanferminetan Jai Gune txikiak muntatzera baikoaz.

Gora Iruñea! Iruñean, 2016ko apirilean.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.