Edalontziak

Page 1

Kaixo, Iruñeko auzoetako jai batzordeak udalarekin elkarlanean edalontzi berrerabilgarriarekin ezarriko dugun sistema berria azaltzera etorri gara gaurkoan. Aurten lehenengo aldiz auzoetako jaietan edalontzi berrerabilgarriarekin ziklo osoa betetzeko aukera izanen dugu. Erosi, erabili eta itzuli hain zuzen ere. Noski, edalontzia itzultzearekin batera, fidantza moduan kobratutako euroa bueltatuko da ere. Hau da, edalontzia eskatzerakoan euro bat ordaindu beharko du fidantza moduan eta edalontzia gehiago erabili nahiko ez duenean itzuli eta euroa berreskuratuko du. Onurak guztiontzat izanen dira. Aspaldian egin dugu jai ekologikoagoen eta jasangarriagoen aldeko hautua Gora Iruñean! Aurten norabide horretan, auzoetako jai batzordeak udalarekin elkarlanean, beste aurrerapausu nabarmena ematen ari gara. Duela 11 urte hasitako bideak bere fruituak eman ditu lehen momentutik, edalontzi berrerabilgarria erabiltzen hasi ginenetik, hondakinen murrizketa nabaria izan zen, auzoa garbiago zegoen. Legegintzaldi honetan, Sanferminetan edalontzi berrerabilgarria ezartzeko eta gure kaleak zikintzen dituzten hondakin plastikoak murriztu nahian, udalarekin elkarlanean hasi ginen hainbat markoetan. Lan horren ondorioa da auzoetara zabalduko den sistema berri hau. Guri dagokigunez anitzak dira egindako lorpenak. Batetik alderdi ekologikoan, berrerabilpen eta birziklapen zikloak osatuko dira. Honek esan nahi duen guztiarekin: CO 2-ren isurketa murriztu, hondakin plastikoak murriztu eta berrerabilpena eta birziklapena indartu. Bestetik arlo instituzionalean, Sanferminak eta auzoetako jaiak maila berean jartzen dituzten politikak praktikara eramaten ari garelako, udal baliabideak herri mugimenduak markatutako norabidean erabiltzen ari direlako eta gure lana egiten jarrai dezakegulako, hau da, auzoak dinamizatu eta egutegia ekimen kulturalez bete. Udalak trabaren bat jarriko digun ala ez pentsatzen egon beharrean. Auzoei bizitza ematen jarraituko dugu, hau baita gure betebehar nagusia eta udalarekin elkarlanean askoz errazagoa eginen zaigu. Gaur fase berri bat hasiko dela esan dezakegu. Ostiral honetan Sanduzelaiko jaiak hasiko dira, Iruñeko lehen auzoa izanen da bere jaiak ospatzen. Eta hauen ondoren gainontzeko auzoen txanda izanen da. Beraz hemendik aurrera auzoetako jai feminista, euskaldun, parte hartzaile eta herrikoietan gozatzeko aukera izanen duzue, gure aldetik jaso ezazue bertaratzeko gonbitea. Ongi pasa!!

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an. Gora Iruñea!


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.