2 minute read

NUP: Zure etorkizunak hemen du hasiera

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bederatzi jakintza-arloetako zenbait ikaslek Unibertsitatean izandako esperientzia kontatu dute

ALBERTO RODRÍGUEZ

Gradu Bikoitza Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan eta Ingeniaritza Biomedikoan

“Telekomunikazioko eta Biomedikuntzako Gradu Bikoitzeko lehenbiziko promozioko ikaslea naiz. Egia da gradu bakar bat ikasteko baino dedikazio handiagoa eskatzen duela, eta denbora ongi antolatzen ikasi behar dela, baina egin, egin daiteke. Hori bai: gustuko izan behar dituzu teknologia, gauza digitalak, zenbakiak”.

ANDREA UNZU

Gradu Bikoitza Datuen Zientzian eta EAZn

“Osasun Zientzien ibilbidea egin nuen, eta Matematika oso gustuko nuela ohartu nintzen. Beraz, karrera honetan, bai gizarte-zientzien arloan eta bai zientzienean ikasten ahal dut Matematika.

Praktika matematikoa eta programazioa ditut gustukoenak. Kontua ez da testuak buruz ikastea, baizik eta ariketak egitea eta ulertzea”.

XABIER CLAVER Gradua Erizaintzan

“Erizaintza aukeratu nuen besteei laguntzea maite dudalako eta irakasle izateko aukera ematen duelako, gauza zoragarria niretzat.

Osasun-laguntzako praktikak dira Erizaintzako karreraren alderik hoberena, dudarik gabe. Asko ikasten da horietan, baita ezagupen teoriko guztiak aplikatu eta sakondu ere, horixe baita erizain bilakatzeko bidea”.

IMANOL MINA

Gradua Nekazaritzako Elikagaien Ingeniaritzan (NELII)

“Egia esateko, zalantza asko izan nituen karrera aukeratzeko orduan. Bi arrazoi nagusik eraman ninduten Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza hautatzera: batetik, gustukoen dudan arloetako batean lan egiteko aukera emanen zidalako, naturaren arloan alegia; eta, bestetik, irtenbide profesional ugari duelako.

Karreran gehien gustatu zaidana liburuetatik kanpokoa izan da; izan ere, sektoreko adituak gonbidatzen dituzte eskoletara, eta enpresa asko bisitatzen dira, beharbada egunen batean gure lantokia izanen direnak”.

UNAI SEMINARIO

Gradu Bikoitza Haur Hezkuntzako Irakasletzan eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzan

“Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza aukeratu nuen, eskolak emateko malgutasun handiagoa eskaintzen duelako eta irakaskuntzaren ikuspegi zabalagoa ematen duelako.

Bestetik, Unibertsitatean oso giro hurbila dago, eta, zalantzaren edo arazoren bat izanez gero, beti egonen da norbait laguntza edo orientazioa emateko prest”.

MIRIAM MESQUITA

Gradua Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan

“Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Gradua aukeratu nuen teknologia eta diseinua oso gogoko nituelako eta karrera horrek biak biltzen zituelako.

Unibertsitateak hainbeste baliabide eta praktika gure esku jartzea izan dut gustukoena karrera honetan”.

PATRICIA POLIDO

Gradua Gizarte Lanan

“Batxilergoa bukatu ondoren, ez nekien zer aukeratu. Jendearekin lan egitea asko gustatzen zaidalako eta arlo askotan lan egiten delako aukeratu nuen azkenean Gizarte Lana.

Denetariko irakasgaiak izan ditut, Politikatik hasi eta Psikologiaraino, eta oso baliagarriak izanen zaizkit etorkizunean lan egiteko. Esperientzia ona izan dut bai klase teorikoetan bai praktikoetan”.

YOANA VILLARÓN

Gradua Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan

“Oso eremu zabalerako balio du Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduak, eta arlo askotako gauzak ikasten dira.

Ni gehien erakartzen nauena da lan-munduan egunero gertatzen diren egoerak ulertzen ikastea, eta ingurukoek galdetzen dizkidaten lan-kontuei erantzuten jakitea”.

ÁLEX PASCUAL

Gradua Bioteknologian

“Ingeniaritza genetikoko teknikak ikasteko eta haien bidez hobekuntza biologikoak garatzeko aukeratu nuen Bioteknologiako Gradua. Ikasten dugun guztiak erabilera praktikoa duela modu esperimentalean egiaztatzea izan da gehien gustatu zaidana.

Laborategiko lana gustuko dutenentzat eta gaur egun gertatzen ari den iraultza zientifikoan parte hartu nahi dutenentzat da gradu hau”.

This article is from: