LAZKAOKO EHBILDUK IDIAZABALGO ALKATEARI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Iñaki Alberdi Iparragirre Ezker Abertzalea lehen aldiz Idiazabalgo Udalean… Normalean baino presio gehiago suposatzen du honek? Zerbait zehatza eskatu dizu jendeak. Ba bai, guretzat ere sorpresa izan zen. Sumatzen zen inguruan aldaketa behar bat eta hauteskunde egunean bertan herritarrek esaten zigunagatik bazirudien aldaketa hori bazetorrela. Beti oposizioan egotetik gobernura pasa ginen derrepentean, eta noski, bestelako presio bat suposatzen du horrek. 2015-2019 legegintzaldi arte beti hartu izan dugu hainbat batzorderen ardura eta bertan lana egitea tokatu zaigu. Azkeneko legegintzaldian oposiziora pasatzeko erabakia hartu genuen, hartzen ari ziren hainbat erabakirekin bat ez gentozelako eta kontsentsurako ahaleginik ere ikusten ez genuelako. Idiazabal bezelako herri batean alkatearen figurak pisu handia hartzen du. Herri txikia izateko handiak garela eta herri handia izateko txikiak garela esan ohi dut beti. Eta alkatearen figura oso nabarmen gelditzen da. Udalaren erreferente nagusia da eta jendeak asko jotzen du niregana. Eta gehienetan oso atsegina da hori. Baino ardura ere suposatzen du. Alkatea eguneko 24 orduetan dela alkate esaten zuenak ez zuen arrazoi makala. Eta naiz eta ni izan udaletxearen aurpegia, atzetik talde potente bat eta udal langile inplikatu batzuk izango ez bagenitu, segituan letorke behera gaztelu guzia. Eta zorionez gure kasuan halaxe da. Elkarrekin lan egiten dugun udal taldea gozada bat da eta udal langileekin ere oso gustura gaude. Egia esan, herritarren partetik gauza zehatz askorik ez genuen jaso. Herritarrei kasu egiteko eta herritar guzien alkate izateko eskatu ziguten, eta zinez, horretan saiatzen ari gara. Nahiz eta batzuetan denera iristea kosta. Udaletxeak ematen dizkizun poz handienak jendeak dituen proiektuektuetan laguntzeko aukera ematen duela da, eta herritarrek eskertzen dute laguntza hori. Baina batzuetan ezezko batzuk ere esan beharra izaten da eta hori ez da hain gozoa izaten.