Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 72

horiek funtzio publikoaren agentzia bihurtuko dira, eta lehenengo subiranoaren eta gero estatuaren izenean jardungo dute kargudunek. e) Politika bateratzeko eta administrazioa eta jurisdikzioa zentralizatzeko ezinbestekoa zen arau sistema baterakoia ezartzea; sistema horren helburua izango da arlo juridikoaren konplexutasuna eta segurtasunik eza behin betiko desagerraraztea. Erromako Zuzenbidea, XII. mendean aztertu, sailkatu eta iruzkintzen hasi zena, asko erabili zen hurrengo arrazoi hauek zirela eta: hasteko, teknifikazio eta arrazionalizazio maila handia zuelako; jarraitzeko, beraren printzipio eta erakunde batzuk oso ondo egokitzen zirelako indar sozioekonomikoen eskakizun eta beharrizanetara (merkataritza eta manufaktura burgesiak), eta monarken menperatze asmoetara. «Quod principi placuit legis habet vigorem» eta «princeps legibus solutus est» («printzeak atsegin duenak lege indarra du» eta «printzea ez dago legeen menpe») esaerak Digestora bilduta daude, eta berpizkundeko monarkiek horien arabera jokatuko dute. Toki izaera eta eremu murriztuko Ohiturazko Zuzenbidearekin batera, Zuzenbide idatzia ezartzen hasi zen. Zuzenbide idatzi hori uniformea zen eta erresuma guztian zuen indarra; monarkak eratuko du, erabateko ahalaren titular den heinean, eta, geroago, hurrengo mendeetan, bildu, hobetu eta kodetu egingo da. Beraz, G. Poggiren esanetan, arlo juridikoan, erregearen borondatearen eraginez, Zuzenbidea gobernuaren esparrua finkatzetik gobernuaren instrumentu izatera pasatuko da. 4.2. Doktrina eta ideologia faktoreak Botere politikoa sekularizatu, autonomizatu, zentralizatu eta arrazionalizatzen joan zen, estatua eratu ahala. Hori guztia ez zen gertatu eremu militar, ekonomiko eta juridikoan monarkek izandako borroken ondorioz bakarrik. Iritzi korronte batzuek ere modu erabakigarrian lagundu zuten absolutismoa gobernu modu gisa moldatzen, hain zuzen ere, estatuz kanpoko, gaindiko eta azpiko erakundeen kontrolpetik askatzen. Testuinguru horretan, Machiavelli, Bodin eta Hobbesen doktrinak aipatzen dira; horiei gehi dakizkieke, zalantzarik gabe, Lutero, Botero eta Bossuetenak. Dena dela, lehenengo hiru autoreen ekarpenak nahiko dira antolamendu politiko berriaren fenomenoa oso-osorik ulertzeko. Printzea —Machiavelliren lanik famatuena— Bodinen Errepublikaren sei liburuak lanaren —1576an argitaratuaren— aurrekoa da. Hala ere, Estatu-antolakuntza politikoarentzat subiranotasun kontzeptua garrantzi handikoa izan eta Bodinen ekarpenak Erdi Aroko eragina zuenez gero, estatu absolutuaren ideologia azaletik aztertzeko, komeni da gure azterketa hastea, egile frantziarraren teoria azalduz. 72


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.