Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 47

den bezalakoa dena. Botere politikoa (boterea duen erakundea edo botere hori azaltzen duen gobernuaren jarduera) legebidezkoa izateko, gizartetik bertatik sortu behar da botere hori. Gure garaian eta mendebaldeko ikuspuntutik, gerta daitekeen legebidezkotasun bakarra legebidezkotasun demokratikoa da. Botere politikoak gizarte bateko gizabanako guztiak barne hartzen dituenez gero, beraren erabakiek herritar guztiak ukitzen dituzte. Herritarrek erabaki horiek lotesle edo beharrezkotzat hartzeko, erabaki horiek hartzen dituenaren hautaketan edo izendapenean parte hartu ahal izan behar dute. Horrela, agintzeko egitatea agintzeko eskubide bihurtzen da, eta botere politikoa bidezkotu daiteke. Beraz, horrela ulertzen den legebidezkotasuna zentzuzkoa da, eta itxuraz demokratikoak diren egoerak modu objektiboan epaitzea ahalbidetzen du. Laburbilduz, esan daiteke legebidezkotasunaz hitz egiteko botere politikoak herritarren ideologiarekin bat egin behar duela boterea eratu eta egikaritzeko prozesu demokratikoaren bidez. 4. Lurraldea XIX. mendearen hasieratik, estatuaren hiru osagai eratzaile desberdintzen dira: botere subiranoa, herria edo giza faktorea, eta estatuaren boterea egikaritzeko oinarri fisikoa edo lurraldea. Dena den, lurralde kontzeptua harago doa, hitzez hitz hartuta duen esanahia baino. Lehorraz eta barruko uraz gain, lurralde itsasoa —itsaso zabala ez dena—, lurpea eta aire gunea ere hartzen ditu. Horrez gain, hurrengo hauek ere estatuaren lurraldea osatzen dute, nahiz eta berez eta juridikoki estatuarenak ez izan: batetik, estatuak atzerriko herrialdeetan dituen egoitza diplomatikoak; bestetik, estatuaren mugetatik kanpo estatuaren ikurrinarekin nabigatzen duten garraiobideak. Bestalde, esan behar da ohikoa dela lurraldearen naziotasuna aldatzea, gerra, tratatu edo salerosketa baten ondorioz. Lurraldea estatuaren oinarrizko osagai edo osagai eratzaile (lurralderik gabe ez dago estaturik) gisa hartzean, doktrinak aztertu behar izan du estatuak bere lurraldearekin dituen harreman juridikoen mota. Horri dagokionez, hurrengo teoria hauek ezberdin daitezke:

Lurraldea objektu gisa a) Estatuak lurraldearen gaineko jabetza eskubide erreala du. Eskubide horren bidez, estatuak lurraldean agin dezake, eta beste edozein estaturi lurralde horretan jardutea eragotz diezaioke. 47


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.