Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 41

horrela da, botere horiei guztiei subjektuen arteko harreman (pertsona bakarrekoa edo askokoa) berberak dagozkielako edota botere politikoak eremu horietan eragina izan duelako, eta beraien edukia «desitxuratu», hau da, politizatu duelako. Hortaz, badira botere politikotik bereiz daitezkeen eta hauetatik bereiziak diren «botereak». Azken buruan, horrek esan nahi du beste irizpideren bati jarraitu beharko zaiola, boterea, «botere politiko» gisa kalifikatu eta beste botere modu batzuetatik ezberdindu ahal izateko. Aristotelesen eta Nicos Poulantzasen bitarteko politologo eta soziologoek ahaleginak egin dituzte, politika ideiari edukia emateko. Gure kultura eta irakasgaiari dagokionez, denbora luzean, mendebaldeko antolaketa politikoari buruzko definizioak nagusitu dira, mendebaldeko estatuari buruzkoak batez ere: —Botere politikoa gizarte klase nagusiaren tresnarik garrantzitsuena da. (Marxistak). —Mendekotasun loturak dituen elkarteari elkarte politiko esan behar zaio, baldin eta beraren antolamendua bermatzen badute administrazio talde batek egindako mehatxuek eta erabilitako indar fisikoak. (Maw Weber). —Bereizketa politikoa lagunaren eta arerioaren arteko bereizketa baino ez da. Bereizketa hori edozein jarduera politikori datxekio; beraz, edozein erabaki politiko ezberdintze horren erakusgarria da. (Carl Schmitt). —Sistema politiko baten berezko eginkizuna balioak agintekeriaz adjudikatzea da. (David Easton). Definizio horietan guztietan, modu esplizituan edo inplizituan, politika ideia lotzen zaio indarra edo bide hertsatzaileak erabiltzeko aukerari edo erabiltzeari berari. Dena den, egia esan, definizio horiek guztiek ez gaituzte erabat asetzen. Tentsiorik eta antagonismorik gabeko gizarterik ez dagoela onartuz gero, ondorio hau atera daiteke: gizartearen iraupena bermatzeko, gatazka horiek konpontzeko bide, prozedura eta arauak sortu eta iraunarazi behar dira. Politika eremua mugatuta dago, gizarte ekintzen zuzendaritza, antolaketa eta arauketaren bidez. Ekintza horiek gatazkak arindu edo saihesteko joera dute, baita elkarlana eta lankidetza eragin edo bermatzeko ere. J. W. Lapierrek, aurrekoaren arabera, esaten du, botere politikoa dela «gizarte baten ekintza kolektiboak arautu eta zuzentzeko prozesuen multzoa»4.

4 Jean William Lapierre, Vivre sans État (Paris, Eds. du Seuil, 1977), 279. orrialdetik 288.erakoak.

41


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.