Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 296

Bistan denez, sufragioa eginkizuna dela uler daiteke; Frantziako 1791ko Konstituzioak teoria hori jaso zuen lehendabizikoz. Bestalde, sufragioa eskubidea dela uler daiteke; hala egin zuen, berbarako, Frantziako 1793ko Konstituzioak. Bereizketa horrek egundoko garrantzia izan du historian zehar, baina gaur egun inork ere ez du zalantzan jartzen sufragioa eskubidea denik. Zinez, herritar guztiak ez dira hautesle eta hautagai; baina horren arrazoia ez da sufragioa gutxi batzuei eratxikitako eginkizuna izatea. Aitzitik, horren arrazoia da, besterik gabe, herritar horiek baldintza jakin batzuk ez betetzea (erroldan ez agertzea, gutxieneko adina ez izatea…) edo, osterantzean, beren ezgaitasun edo jokabidearen ondorioz, judizio bidez eskubide hori erabiltzeko aukera galdu izana. Ordezkaritzako demokraziaren historia, aldi berean, borroka baten historia izan da, alegia, sufragio unibertsalaren eskubidea lortzeko borrokaren historia. 1.1. Sufragio murriztua Sufragio murriztuaren kasuan, herritarrak hauteskundeetan parte hartzeko gauza izango dira, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte, aberastasun edo gaitasunari buruzkoak, hain zuzen ere. Esandakoaren ariora, sufragio murriztua bi motatakoa izan daiteke: a) Aberastasunaren araberako sufragioa Kasu horretan, herritarrak hautesle izan daitezen, nahitaezkoa da herritar horiek aberastasun pertsonala edukitzea eta, aberastasun horrekin, zuzeneko zerga zehatza egiteko gauza izatea. Zuzeneko zerga horri «hauteskunde-zentsu» deritzo; hemeretzigarren mendean, Frantziak eta Espainiak sistema hori izan zuten. Beste batzuetan, hautesle izateko, nahikoa da zenbait ondasun higiezinen jabe izatea; horixe izan zen, alegia, Britainia Handiko sistema, 1832. urtea arte. René Rémondek idatzi bezala, «eskubide politiko guztiak oso-osorik eskuratzeko, nahitaezkoa zen aberastasun-maila jakin bat izatea; aberastasun hori bi modutara egiazta zitekeen: urteko zerga ordainduz edo lurretatik hainbat errenta eskuratuz»1. Nabari denez, sufragio mota hori aberastasunaren araberakoa zen. Burgesek arma gisa erabili zuten sufragio hori, aristokratei kendutako botere politikoari eusteko. Horren ondorioz, bi herri bereiz zitezkeen: «legezko herria» (hori zergadunek eta lur-jabeek osatzen zuten, eurek baitzuten

1

296

R. Rémond, La vie politique en France, 1789-1848, (Paris, A. Colin, 1965), 105.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.