azpimarratu nahi da, lege arrunten bitartez aldarazi ezin den independentzia, hain zuzen. Hainbatez, fase horretan eskumen banaketa zorrotza da, eta norberarenak ez diren eskumenak hartzeko ahaleginak Konstituzioaren aurkakotzat jotzen dira. Ipar Amerikakoek pisu biko pastelaren metafora erabilita deskribatu dute lehenengo fase hori (two-layer cake izenekoa erabilita). Bigarren fasean, aldiz, elkarbanatzen den esparruaren gain jartzen da azpimarra, eta ez, ordea, zatiketaren beraren gain. Kasu horretan erabili ohi den metafora marble cake edo pastel jaspetuarena da: «pastela nonahi ebakita ere, ateratzen den zatiak kolore desberdinetako osagaiak ditu nahasturik. Ez dago geruza horizontal hutsik. Lerro bertikalek eta diagonalek ia ezabatu egin dituzte lerro horizontalak (…)»12. Amerikaren kasuan, bada, lankidetzako federalismoak ekarri du gobernu federalaren esku-hartzea handiagoa izatea estatu kideen eskumeneko gaietan. Edozein prozesutan bezala, «gobernuarteko harremanek» —bi gobernu maila horien arteko elkarlana izendatzeko beste modu bat da hori— aldiak edo zikloak dituzte; horrez gain, herri bakoitzeko beharrizan bereziek dakartzaten aldaketen eragina jasan ohi dute harremanok. Horregatik, gaur egun oraindik ez dago argi estatuek euren botereak berreskuratuko dituzten ala, aitzitik, estatu zentralaren joera zabaltzailea indartuko den (Reaganen politikak aldi baterako hautsi zuen joera hori), estatu baterakoi deszentralizatu deritzona sortaraziz. 6. Ipar Amerikako estatu federala 1787. urtean, konstituziogile gehienek uste zuten hamahiru estatuen gainetik zegoen gobernu zentrala behar zela, Konfederazioak konpondu ezin zituen arazoei aurre egiteko. Edonola ere, den-denek zekiten gobernu nazionala arriskutsua izan zitekeela herritarren eskubideei begira, eta konfiantza handiagoa zuten, toki gobernuen gain. Horrenbestez, estatu federalaren zeregina mugatu eta kontrolatzeko bide egokiak aurkitu behar ziren. Helburu horren eretzean, konstituziogileek hainbat neurri hartu zituzten. Hasteko, eta zentzuzkoa zenez, estatuak berdintasunez ordezkatzeko goi ganbera (Senatua) eratu zen botere legegilearen barruan. Edu berean, estatu kideen esku utzi zen boto-eskubidea egikaritzeko baldintzak zehaztea, baita lehendakaria hautatzeko hauteslekuaren kideak aukeratzeko
12 Morton Grodzins, «The Federal System», Goals for Americans: The Report of the President’s Commission on National Goals (New York, Columbia University Press, 1960), 265.
273