1. artikuluak —itunok 1966ko abenduaren 10 eta 16koak dira, hurrenez hurren— honela dihardu: «Herri orok du autodeterminazio-eskubidea. Eskubide horri esker, herriek, euren status politikoa askatasunez zehazteaz gain, ahaleginak egiten dituzte beren ekonomia, gizarte eta kulturaren garapena askatasunez erdiesteko». Azkenik, subiranotasunaren aspaldiko kontzeptua estatu modernoaren eredu baterakoiari lotzen zaio. Kontzeptu horrek antolamendu juridikoak lurralde zehatzaren gain duen nagusitasuna azpimarratzen du. Horrenbestez, subiranotasuna estatu boterearen ezaugarrietako bat da, azken buruan estatuak bere borondatea ezartzen duelako berori osatzen duten pertsonen eta erakundeen gain. 3. Kontzeptu juridikoak eta botere politikoa eratzeko moduen errealitatea Aintzatetsi behar da kontzeptu horiek guztiak erabilgarriak izan daitezkeela, prozesu zein errealitate politikoak baloratu eta zehazteko. Hala ere, kontzeptuok berez ez dute balio horretarako, eta batzuetan zailago bihur dezakete teorialariak erdietsi nahi duen ulermena. Har dezagun, esate baterako, subiranotasunaren ideia, eta, estatu federalaren izaera zehazterakoan, kontzeptu horrek sortarazi zuen eztabaida antzu eta luzea. Arean bere, jarrerarik muturrekoenak azaldu ziren autu horren inguruan: batzuen aburuz (Heller) federazioa bakarrik zen subiranoa; haatik, beste batzuen iritzirako (Calhoun), estatu kideak bakarrik ziren subiranoak; eta, azkenez, baziren subiranotasun elkarbanatua aipatzen zutenak ere. Adibide horri ekinez, iritzi guztiak dira eztabaidatzeko modukoak. Lehenengoei esan dakieke halako estatua estatu baterakoiaren aldagaia baino ez dela. Bigarrenei, ostera, hurrengo galdera egin behar zaie: zergatik uzten dira botere federalaren esku talde osoarentzat garrantzitsuak diren erabaki militar, ekonomiko zein juridikoak? Halaber, tesi horren defendatzaileei gogorarazi behar zaie estatu subiranoak elkartzean, konfederazioa sortzen dela. Hirugarrenei, azkenez, galdetu ahal zaie nola zati daitekeen subiranotasuna bezalako kontzeptua, alegia, zatiezina eta erabatekoa den kontzeptua. Arazo horiek guztiak sortzen dira ikusmolde estatista bati ekiteagatik (alegia, Frantziako estatu baterakoi, erabereko eta zentralista bezalako batean azpimarra jartzen duen tesiari ekiteagatik); ikusmolde horren ariora, errege absolutuen botere mugagabe eta nahierarakoari lotutako subiranotasunaren kontzeptua erabili ohi da, erregeok estatuarekin parekatuz. Ziur aski ahaztu egin da subiranotasunaren inguruko jatorrizko teoria. Teoria horrek onartu zuen subiranotasuna ez zela gerogarrenean aldarrikatu zen «be266