XV. ikasgaia
Estatuaren lurralde egitura Santiago SĂĄnchez GonzĂĄlez
1. Botere politikoaren lurralde banaketa Estatu modernoetan, lurralde jakinaren gaineko botere politikoa monopolizaturik agertzen da eta, ondorenez, erakunde bakarrak ematen ditu lurralde horretan aplikatu beharreko arau orokorrak. Antolaketa horren irudi grafikoa piramide batek erakusten du zehatz-mehatz: gailurrean, botere subiranoa egongo litzateke, eta hortik behera, modu hierarkikoan antolaturiko organo nahiz agente betearazleak. Halako estatu antolaketari estatu baterakoi deitu zaio, boterea lurraldean banatzeko beste antolaketa modu batzuetatik bereizteko, hain zuzen ere, erregio-estatu, autonomien estatu edo estatu federal deritzenetik bereizteko. Nazioarteko Zuzenbidean aditu direnek Estatu Batasunekin eta Konfederazioekin osatuko lukete sailkapen hori, ezbairik gabe. Guztiarekin, arras erabilgarria izan arren, errealitate politiko askoz aberatsago eta konplexuagoaren abstrakzio edo arrazionalizazioa baino ez da sailkapen hori, eta hitzetan nekez sar daiteke. Arean bere, estatu forma horien jardunbidea arretaz aztertuz gero, aurki ikus daiteke ez datozela bat estatu eredua edo ereduak eta ohiko gobernu jarduerak. Ekar dezagun hizpidera, esaterako, Espainiako sistema, batasuna eta eraberekotasuna kontuzkoak zirenean, alegia, frankismoan; bada, orduan ere, baziren antolamendu juridiko erkidetik bazter zeuden sistema eta erakunde juridikoak —Foru zuzenbide osoa—. Antzeko zerbait gertatzen da Eskoziaren kasuan: Britainia Handiko estatu baterakoiaren zati izan arren, Eskoziak bere elizari, lege nahiz hezkuntza sistemei, edota poliziari eutsi die. Horrez landa, bestelako esparru politikoetako zenbait osagaik ere ohartarazten digute formula horiek tentuz erabili behar direla. Hainbatez, estatu 263