idazteari ekiten dio—, gizartearen ikusmiratik eta kulturaren ikusmoldetik, demokraziak gaur egun zein eduki duen galdetzea»21. Filosofo, politologo eta konstituzionalisten ekarrietan ere, antzeko proposamenak aurki daitezke, euren ardurak baitira, besteak beste, pertsonaren garapen osoa ziurtatzea, ekonomiaren eta gizartearen arloko harremanetan desberdintasunik ez izatea, erabaki politikoak hartzeko orduan gardentasun handiagoa lortzea eta, orobat, sexuaren eta arrazaren ondoriozko bereizkeriak baztertzea. Azken finean, galdera da ea demokrazia ezartzearekin arazo horiei guztiei konponbide egokia eman dakiekeen. 5. Demokratikoak ez diren gobernu-motak Mendebaldeko Europako eredua aintzat hartuta behintzat, munduko nazio gehienek ez dute gobernurako sistema demokratikorik. Nazio horietatik gehienek badute izan oinarrizko arau politikorik, eta horri konstituzio deitzen diote. Alabaina, euren bizitza politikoa ez doa konstituzio-bideetatik, ezta hurrik eman ere. Azken batean, horrek esan nahi du nazio gehienetako buruzagiek ez dutela inolako erantzukizunik euren herritarrei begira, eta botere politikoa kontrolpetik kanpo dagoela, hori ondorio desegokia bada ere. Hortaz, nazio horietan, diktadurak edo bestelako gobernumotak daude, herritarren borondateari kasurik egin gabe. Horrek guztiak ondorio kaltegarriak eragiten ditu, halako herrietan. 5.1. Diktadura: horren esanahiak izan duen bilakaera Diktadura, izatez, antzinako erromatarrek sortutako erakundea da. Erromatar horien asmoa izan zen, hain zuzen ere, larrialdiei edo krisialdiei aurre egitea, horiek arriskuan jartzen baitzuten Errepublika. Carl Schmittek, aparteko magistratura hori definitzeko, «batzordeko magistratura» zela adierazi zuen. Izan ere, aparteko magistratura hori batzorde bat besterik ez zen; batzorde horren agintea berariazko, aldi baterako eta mugatua zen. Erromako diktadura horretan, beraz, boterearen eskuordetza gertatu zen behin-behinean; eskuordetza egiteko prozedura aldez aurretik ezarrita zegoen, salbuespeneko eginkizunak betetzeko ematen baitzen. Esangura horretan, eta duda-mudarik gabe, Erromako diktadura
21 Alain Touraine, Qu’est-ce que la démocratie? (Paris, Librairie Arthème Fayard, 1994), 20.
252