Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 164

Oro har, hurrengo hauek jatorrizko konstituziotzat hartzen dira: —Konstituzio britainiarra, parlamentarismoagatik. —Ipar Amerikako Konstituzioa, presidentzialismo eta federalismoagatik. —Frantziako 1793ko Konstituzioa, biltzar gobernuagatik. —Suitzako Konstituzioa, zuzeneko demokraziaren mekanismoak jasotzeagatik. —Konstituzionalismo sobietarra. Konstituzio eratorriei dagokienez, Loewensteinen hitzetan, «konstituzioek emakumezkoen soinekoen antza dute, sasoian sasoiko modaren araberakoak dira. Hori dela eta, konstituzioak “familiak” osatuz aurkezten dira, eta familia horietako kideek ama konstituzioraino jarraitzen diote euren arbasoen bideari. Ama konstituzioak ondorengoei ezaugarri erkideak eman dizkie». Adibide modura, konstituzio iberoamerikar franko aipa ditzakegu (konstituzio horiek Estatu Batuen federalismoa eta erregimen presidentziala eredutzat hartu zuten), baita Europa ekialdeko herrien lehengo konstituzioak ere (horiek beste horrenbeste egin zuten, desagertutako SEBSeko Konstituzioa eredutzat hartuz). 4.2. Loewensteinen sailkapen ontologikoa Loewensteinek ontologiko (izakiaren oinarrizko ezaugarriak kontuan hartzen zituelako) deitu zuen herri baten errealitate soziopolitikoaren eta konstituzio arauen arteko bat-egiteari erreparatzen dion sailkapena. Sailkapen horrek, beraz, kontuan hartzen du konstituzio arauek praktikan duten eragingarritasun-maila. Ikuspuntu horretatik, Loewensteinek konstituzio arau-emailea, izen hutsekoa eta semantikoa bereizten ditu. a) Konstituzioa arau-emailea da, gizartean integratuta dagoenean, gizartea horretan integratuta dagoenean eta guztiek berori betetzen dutenean, bai agintariek bai herritarrek ere. Kasu horretan, «konstituzioa ondo eman eta benetan aldean eramaten den jantzia da». Adibide gisa aipatzen dira tradizio demokratiko handia duten mendebaldeko herrien konstituzioak. b) Konstituzioa izen hutsekoa da, herri bateko gizarte nahiz ekonomiaren baldintzek konstituzio arauak errealitate politikoan erabat integratzea eragotzi edo ahalbidetzen ez dutenean. Konstituzioa «epe batean armairuan esekita egon eta nazio gorputza handitzean erabiliko den jantzia» da. Heldutasun politikorik erdietsi ez duten herrietan, hots, kolonien osteko gizarte ordena duten herrietan, mendebaldeko motako konstituzioa ezarriz gero, izenez bakarrik da konstituzio. 164


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu