ADMINISTRAZIOAREN SUSTAPEN JARDUERA
427
Autorerik garrantzitsuenek oso modu hertsian ulertzen dute dirulaguntza; ulerkera horren arabera, hauexek izango dira dirulaguntzaren ezaugarriak: a) Dirulaguntza fondo galdura egindako ondare eratxikipena da, lehenengo eta behin (beraz, zerga salbuespena ez da kontzeptu horren barruan sartuko, ezta zerga itzulketa, Altxorreko abalak eta dirulaguntzadun kredituak ere). b) Ondare eratxikipen hori norbanakoari egiten dio herri administrazioren batek; ondorioz, ondokoak dirulaguntza kontzeptu horretatik kanpo geldituko dira: Estatuko autonomiadun erakundeei emandako aurrekontuzko dirulaguntzak, deserdiraturiko herri zerbitzuak ibiltzeko egiten diren aurrekontufinantza zuzkidurak eta defizita konpentsatzeko dirulaguntzak; herri zerbitzuen emakidadunei emandako dirulaguntzak, emakidaren finantza oreka konpentsatzeko; eta, azkenik, administrazioen arteko harremanetarako edota toki korporazioak finantzatzeko erabiltzen diren dirulaguntzak. c) Ondare eratxikipena hasieratik lotzea onuradunaren jarduerari. Osagai hori ez dagoela eta, jarduera nahiz jokabideren bat gauzatu ondoren emandako primak, a posteriori zenbaturikoak alegia, dirulaguntza kontzeptutik kanpo utziko dira; halakoetan ez da harreman juridikorik sortzen dirulaguntza ematen eta jasotzen dutenen artean. Bekak, berriz, kontzeptu hertsi horren barruan sartzen dira, baldin eta «jarduerari loturiko ondare eratxikipen hori» eman eta ad initio gauzatzen badira. Bestalde, legeria dirulaguntzaren kontzeptu zabalago baten aldekoa da; izan ere, eta zenbait izen desberdin erabili arren (aurrerakinak, dirulaguntzak, primak, kredituak, bekak, laguntzak etab.), era guztietako bultzagarri ekonomikoak sartzen ditu dirulaguntza kontzeptuaren barruan. Horrela, Herrilanei buruzko 1877ko apirilaren 13ko Lege Orokorrak dioenez, dirulaguntza hauxe izango da: «fondo publikoen bidezko edozein laguntza zuzen nahiz zeharkako, baita aduana ordainsarien frankizia ere» (74. art.); era berean, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Araudiak hara nola definitzen duen dirulaguntza: «Korporazioek toki erakundeen pentzutan eman eta diruz balora daitekeen edozein laguntza zuzen nahiz zeharkako, besteak beste, bekak, primak, sariak eta norbanakoei laguntzeko gainontzeko gastu guztiak». Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 81. artikuluaren ulerkera, berriz, garrantzitsu eta orokorragoa da (1991ko Aurrekontuetarako Legearen 16. artikuluaren idazkeraren arabera); izan ere, artikulu horrek laguntza ekonomikoa emateko modu hauexek sartzen ditu —Estatuko arlo publikoari dagokionez— «Herri laguntza eta dirulaguntzak» adierazmoldearen barruan: a) Estatuak edota bere erakunde autonomiadunek fondo publikoekin egindako dohainezko erabilpen guztiak, hain zuzen, pertsona zein erakunde