Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 19

ADMINISTRAZIOAREN JARDUERA MOTAK

407

sotzea dakar, eta ez da kalteordanik jasoko objektu hori delitua egiteko erabili izan delako. Izan ere, zigor edota administrazio zehapenen barruan sartu beharko litzateke. 4. Derrigorrezko prestazioak. Konstituzioaren 31.3. artikuluan ezarrita daude («legearen arabera bakarrik ezarri ahal izango dira pertsona edota ondareari dagozkien prestazio publikoak»). Derrigorrezko prestazio pertsonal nagusiak hauexek dira: soldadutza eta prestazio pertsonala nahiz garraio prestazioa 10.000 biztanletik beherako udalerrietan; baita Osasunari buruzko Lege Orokorrak eragitea ere, zerbitzu pertsonalak emateko (26. art.), hain zuzen, izurriak aurrezaintzeko beharrezkotzat jotzen diren profesionari zerbitzuak eragitea; hori Ordena Publikoari buruzko Legean ere eskuetsita dago (17. art.). Derrigorrezko ondasun prestazio garrantzitsuenak, berriz, zergazkoak dira. 5. Eginbeharrak ezartzea. Eginbeharrak ezartzea hiru kasutan izango da garrantzitsua administrazio antolamendurako: Administrazio zuzenbideko arauren batek ezartzen dituenean, administrazio erabakiren baten bidez ezartzen direnean —baina, horretarako, arauren batek eman beharko du eskuespena (aginduak)— eta, azkenik, Administrazioari ematen zaionean eginbeharra zaintzeko ardura. 6. Administrazioak eskubide pribatuak mugatzea. Administrazio egintzaren eraginaren bidez —eskubideak ex novo emanda, euron egikaritza mugatuta edota, eskubidea kaldeordain bihurtuta ere, desjabetzapena erabilita— ez da agortzen Administrazioak egoera juridiko­pribatuetan egindako eskuhartzeen sistema orokorra. Goi mailako eskuhartze hori lortzeko hauxe egiten da: a) Arlo bateko titulartasun pribatu guztiak ezabatu eta jarduera edota eskubidea Estatuaren titulartasunaren pean jarri (jarduera edota eskubideen nazionalizazioak, esate baterako, meategietan eta lurpeko uretan gertatu den bezala); titulartasun publiko horretatik, zatikako egikaritze ahalmenak ematen zaizkie norbanakoei, emakidaren formula erabilita. Beraz, bira ematen zaio eskuhartze zehatzaren arazoari; eta, berez askea zen jarduketa pribatua — Administrazioak mugaketak eginez edo eginbeharrak ezarriz bakarrik hartu ahal izaten zuen esku— ezabatu ondoren, emakidaren bidez gauzatzen den egitatezko monopolioa ezartzen da jarduera horren gain. b) Administrazioak eskubide pribatuen eduki arrunta egituratzearen teknika. Hemen ez dago eskubide pribatuen aurretiazko eduki murrizte edota trinkotzerik, eta berezko askatasunik ere ez dago: benetan mugatu edo definitzen da eskubide horien eduki arrunt eta ohikoa. Hirigintza zuzenbideak erabiltzen du eskuhartze modu hori, gero ikusiko dugunez.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.