562
RAMON PARADA
Hala ere, aurreko arrazoiek ez dute balio Administrazioaren tartekaritza eskumenen konstituziotasuna adierazteko, administrazio berreratze kasuetan sortzen diren «jabetza arazoei» buruzko tartekaritzaren konstituziotasuna alegia, esate baterako, hirigintza edota lurzatiak bateratzeko jardueretan gertatzen dena. Horrelakoetan, eta administrazio eskumena bidezkotzeko, esan behar da Administrazioak berak egiten duela berreratze hori, eta ez ukituriko jabeek; horrenbestez, ez du Zuzenbidea bermatzeko jardungo, sektorekako po litika jakinen bat gauzatzeko baino —hirigintza nahiz nekazaritzako politika—, eta hori, ostera, administrazio eskumena da argi eta garbi. Aurreko kasuak alde batera utzita, bistan da Konstituzioaren aurkakoa izango dela tartekaritza, eskubide pribatuak ukitu ezezik, erabili nahi denean auzibide zibilaren administrazio hautabide gisa, hau da, ez denean sektoreka eskuhartzeko eskumenen baten ondorioa; izan ere, auzibide zibilen eragingarritasunari beti izan zaion mesfidantzaren ondorioa da, lehenago ikusi dugunez, epailearen eginkizunak eratxikitzea Administrazioari. Horrela, nolabaiteko parekotasuna ezar daiteke Administrazioak bereganatzen duen zehapen ahalgoarekin, hain zuzen, zigor sistema judizialari legegileak dion mesfidantzaren ondorioz bereganatzen duenarekin; gainera, nahiz eta zehapen ahalgoak eratxikitzea bezain larria ez izan aginduzko tartekaritza ahalgo batzuk eratxikitzea Administrazioari —kontutan hartuta zehapen jarduerak berez direla hertsatzaileak—, Konstituzioak ez du tartekaritza ahalgo hori legebidezkotu, eta bai, ordea, zehapen jarduera (25. art.). Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak ohartarazi du arazotsua izan daitekeela ondokoa esatea: «jurisdikzio itxurako ahalgoak —gatazkak konpontzen baitituzte— administrazio organoei eratxikitzea bat datorrela Konstituzioarekin, hori ez bada ere botere banaketaren printzipioak dioena» (apirilaren 8ko 192/1981 epaia). Bestalde, zalantzan egonik Administrazioaren tartekaritza eskumenak Konstituzioaren aurkakoak diren ala ez, eskubide pribatuak ukitzen dituztenean, ez da harritzekoa nahibadako tartekaritza aukeratzea Konstituzioa egin eta geroko lege askok, eta Tartekaritzari buruzko 1988ko abenduaren 5eko Lege berriak ere orokor bihurtzea Administrazioaren tartekaritza jarduera borondatezkoaren formula. Horrela, Europako Kontseiluaren Ministro Batzor deak emandako 12/1986 Gomendioari jarraitzen zaio, hain zuzen ere, neurri batzuk jorratzen dituenari auzitegien lan piloa aurreikusi eta murrizteko; eta horren helburua, berriz, hauxe da: «multzokako trafiko juridikoan gertatzen diren gatazken arazoak ezabatzea, alderdien borondatearen autonomiara jota, baldin eta epaileena baino lan erraz eta eragingarriagoa gertatzen bada tartekariena».