94
RAMÓN PARADA
Bukatzeko, zer ondorio dakar besterenduezintasunaren araua urratzeak? Herri jabariko ondasunak Zuzenbide zibilaren arauei loturik eskualdatzen bazaizkie norbanakoei, orduan eskualdaketaren kontratu hori deuseza da erabat. Beste modu batez esanda, deuseza da zuzenbide osoz, kontratuak objekturik ez duelako. Kontratuak ez du objekturik, hain zuzen ere, herri jabaria gizakien merkataritzaz kanpo dagoelako. Alderantziz, Administrazioaren jabari pribatuko ondasunen gaineko xedapen egintzak arau batzuk urratuz gauzatzen badira, orduan deuseztakorrak dira egintza horiek. Hauek dira ezin urra daitezkeen arauak: salmentak debekatzeko arauak, prozedura arauak eta Administrazioaren organoetan eskumenak banatzeari buruzko arauak. Azken kasu horretan, kontratuaren hutsalketa edo deuseztapena jurisdikzio zibilaren eskumenekoa izan daiteke, jabetzari buruzko arazoa baitakar hutsalketa edo deuseztapen horrek.
11. ADMINISTRAZIOAREN AUTOBABESA, HERRI JABARIARI DAGOKIONEZ. ADMINISTRAZIOAK BERE ARIOZ BERRESKURATZEA ONDASUNA, EDOZEIN MOMENTUTAN Administrazioak bere egintzak babesteko dituen ahalmenak judizio gisakoak dira. Egintzok baliozkoak direlako presuntzioa dute eta betearazleak dira. Gorago azaldu bezala, Administrazioak bere ondasunak defendatzeko erabiltzen ditu judizio gisako ahalmenak eta ondokoak daude horien artean: ondasunen mugaketa, ondasunaren edukitza berreskuratzea, Administrazioak bere arioz ondasuna erreibindikatzea eta administrazio botatzea. Ahalmenok bereziki garrantzitsuak dira Espainiako Zuzenbidean, oinarrizko eraentza gisa aplikatzen zaizkielako Administrazioaren ondasun guztiei eta ez herri jabariko ondasunei soilik. Lehenengo kasuan, Administrazioak gehiegi defendatzen du bere burua, ez baitago hori egiteko oinarrizko arrazoirik, ez arrazoi dogmatikorik. Bestalde, Zuzenbide konparatuan demanio ondasunei soilik aplikatzen zaie gehiegiko babes eraentza. Aurrerago esandakoari ekinez, Administrazioak bere eginkizunaren mugak gainditu eta epailearen eginkizunak usurpatu ohi ditu. Jokabide horren adibide da ondokoa: Administrazioaren autobabeserako ahalgoei lurralde kanpokotasun printzipioa aplikatu nahi izatea. Lurralde kanpokotasuna aplikatu ahal izateko, bide hau erabili da: toki korporazioek administrazio bidera jo dezakete, euren jurisdikziotik kanpoko ondasunen ikerketa, mugaketa eta erreibindikazio ahalmenak egikaritzeko. Toki korporazioek exhortoa bidal diezaiokete ondasunak kokaturik dauden lurraldeko erakundeari, erakunde