216
RAMÓN PARADA
Administrazioak mendi babesleen aprobetxamenduan esku hartzen du. Bide horretatik, Administrazioak mendien luperketa araupetzen du, mendien iraupena bermatzeko asmoz. Nazioko ekonomia dela bide, ekoizkinen aprobetxamendua arau edo mugape dezake. Ministroen Kontseiluak onetsitako dekretua behar da aprobetxamenduak arautu eta mugapetzeko. Norbanakoen mendiak baso, ekonomi zein gizarte interesekoak direnean, Administrazioak hauxe ezar dezake: mendiaren aprobetxamendua kasuan kasuko antolamendu proiektuaren edo plan teknikoaren menpe jartzea (30. artikuluaren 1 eta 2. lerroaldeak). Mendien aprobetxamenduan esku hartzeko beste teknika bat mendiok elkartzeetara biltzea da. Horrela gertatu ohi da, mendi pribatuak, beste mendi publiko edo pribatu batzuekin batera, antolatu beharreko eskualdeetara biltzen direnean. Eskualde horietara biltzeko, borondatezko edo nahitaezko elkartzeak eratzen dira. Borondatezko elkartzeen kasuan, luze-zabalera osoaren 100eko 60 duten ugazaben adostasuna behar da; derrigorrezko elkartzeak, aldiz, Gobernuaren erabakiaren bidez eratzen dira (31. art.). Azkenik, norbanakoen mendien nahitaezko birlandaketa ezar daiteke, jarraian datozen baldintzak gogoan izanik.
9. BASOAK BIRLANDATZEA Mendien artapenaren arlo garrantzitsu bat mendiak birlandatzeko betebeharra da. Betebehar hori ondokoei aplikatzen zaie: estatuaren (gaur egun autonomi erkidegoen) eta toki korporazioen mendiei eta norbanakoen jabetzako mendiei. Bistakoa denez, estatuak bere jabetzako mendiak birlandatzen dituenean, ez da garrantzi handiko arazo juridikorik azaltzen. Korapilatsuagoa da, ordea, bestelako erakunde publikoen, hala nola, toki korporazioen eta norbanakoen mendien birlandaketa. Mendi horiek birlandatzeko, susperketa sistema bat eratu behar du ICONAk (hots, lehenago Estatuaren Baso Ondare zeritzonak) edo ICONAren ordezko autonomiadun erakundeak. Borondatezko birlandaketak egiten direnean, estatuak edo autonomi erkidegoak ondokoak eman behar dizkie, hala erakunde publiko eta pribatuei, nola norbanakoei: laguntza teknikoa, diru-laguntzak eta aurrerakinak. Sorospide horiek jaso ahal izateko, erakunde edo norbanakoek, elkarturik zein bakarrean, euren jabetzako mendien birlandaketa proposatu behar dute. Edonola ere, birlandaketa proiektuak baldintza hauek bete behar ditu: birlandaketak gizarte eta ekonomi helburu zehatza izatea; landaketak lurzorua defendatu nahiz artatzeko edota finka bateko eskualde, lur, arro edo aldeen baso arauke-