Hizkera juridikoa eta itzulpengintza

Scroll for more

Page 253

Parte-hartzailea: Manu Arrasate IVAP-HAEEko Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialeko kidea

Mahai-inguru honetara etortzeko gonbit egin zidatenean, berehala etorri zitzaidan burura iaz lantokian gertatutako pasadizo hura. Lankidea dut ondo-ondoan, legelaria bera, lege-emakumea zehatzago esanda, eta, halako batean, aurpegi zurbilez, hara non diñostan: «haurdun nago!». Hasieran, egia da, larritu egin nintzen pixka bat, egoera horrek asko aldatzen baitu goizetik gauera norberaren bizimodua, baina berehala konturatu nintzen metafora batetaz ari zela, eta lasaitu egin nintzen. Bai; zuzendariak lantxo bat agindu zion, legeren bat-edo… Gaia emanda eta helburuak zehaztuta, berak sortu behar zuen lege hori, osorik, hasi eta buka! SORTU! Eta langintza ederra iruditzen zitzaion; bere ideien mundu hori eta hizkuntzaren mundua, biak bat eginda elkartzen zirenean bere barnean, haurdun sentitzen zen, edo, beharbada, hobeto esanda, testudun! Eta testudunaldi horretan sortu zen nire lankidearen barnean testuaren bizkarrezurra, eta atalak, eta hasieran zelulatxoa zena gero sendotzen, handitzen joan zen pixkanaka; eta, hezurmamitutakoan, gorpuztutakoan, jaio egin zen; eta denok hartu genuen testutxoa maitekiro, eta zaindu genuen, eta hazi egin zen, eta hezi zuten, eta gizartean sartu zen, eta… oso zoriontsuak izan ginen guztiok; testua bera eta bere ingurukoak! Hunkigarria, benetan! Eta, hain zuzen ere, hortik heldu nahi diot burura ekarritako pasadizo horri, niretzat ere testua izaki bizia baita… Halako batean sortu egiten da, eta ernalketa-une horretan batu behar dira, batetik, lege-kontuak eta legegintzaz dakizun guztia, eta, bestetik, hizkuntza eta hizkuntzaz dakizun guztia,