Hizkera juridikoa eta itzulpengintza

Scroll for more

Page 161

VIII Itzulpenaren harian: Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialaren ekarria Eneko Oregi Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialeko burua Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

1. Sarrera Mende hasierako urteak beti izan ohi dira, historian zehar, giza ahaleginetan bihurgune eta pausa-une: joan berri den mendearen galdu-irabaziak aztertu eta haztatzeko bezala, mende berriaren esperantzan etorkizunari so egiteko. Egia orokor horretaz gain, bada gure gaurko herrigintzari lotutako beste ezaugarri bat: urteotan ari dira betetzen gure herriko hainbat erakunde, elkarte eta ekintzaren hogeita bostgarren urteurrenak, autonomia berreskuratzetik aurrera garatu dugun erakundetze prozesuari lotuta. Horrela biribildu zen gure gizartean, esan badaiteke, hogeigarren mende erabat anomalo hori, hau da, gure herri-kontzientziaren piztuerarekin hasia, hogeita hamarreko hamarkadara arte autonomiarako bidean aurreratu ondoren gerra inposatu batek krudelki moztu zuena. Berrogei urte baino gehiago itxaron behar izan genituen orduko prozesu hura burutzeko eta esperientzia autonomiko oso bat gauzatzeko. Prozesu horri daude lotuta hemen egunotan aipatu ditugunak, herrigintzari, erakundetzeari zein euskararen garapenari gagozkiola. Orain, hogeita bost urte hauen azterketa egiterakoan, balantze eta kontugarbiketa modu bat ere egiten dugu, ezinbestean, egindakoaren haritik eta egindakoaren irakatsietatik eginkizunetara igaro eta egitekoetarako irakaspen bila.