Eskubide errealak1

Page 130

daitezkeenik; izan ere, Kodeak edukitza zibilaren esparruan bakarrik aipatzen du asmoa, ez, ordea, edukitza naturalaren esparruan (DÍEZPICAZO). §19. EDUKITZA-MOTAK Edukitza-motak adierazmoldearekin azaldu nahi izan da gizabanakoak egoera desberdinak izan ditzakeela gauza edo eskubideei begira. Adierazmolde horretara biltzen diren egoera asko berez ez dira edukitzak, eta horrek esan nahi du edukitzari ematen zaion babesik ez dutela. 61. Edukitza naturala eta edukitza zibila Bereizketa hori jasota du KZren 430. art.ak, hauxe xedatuz: «edukitza naturala da norbaitek gauza ukan edo eskubidea lupertzea. Edukitza zibila ukantza edo luperketa bera da, eta, horrekin batera, norbaitek bere egin nahi izatea gauza edo eskubidea». Xedapen hori ulertzeko beharrezkoa da aipamen historiko laburra egitea. Zuzenbide erromatarrean jabea bakarrik zen edukitzaile; bestela esanda, eskubide erreal osoaren, hots, jabetzaren titularrek bakarrik zuten edukitza. Gainera, edukitzaz hitz egin ahal izateko, gauzarekin harreman fisikoak izan behar ziren. Edozelan ere, denborak aurrera egin ahala, ulerkera hori zabaldu egin zen eta edukitzaile izaera aitortu zitzaien gauzarekin lotura materiala zuten beste titular batzuei, besteak beste: hartzekodun pignoratizioari, nork bere ondasunak epailearen zainpean dituenari etab. Geroko bilakaeraren ondorioz egin zen aurrerago aipatutako bereizketa: batetik, edukitza naturala, hots, ukantza edo etenik gabeko erabilera eta, bestetik, edukitza zibila; azken horren muina zen gauzaren ukantza ugazaba moduan izateko asmoa, gauza horrekin egitezko lotura zegoen ala ez kontuan izan barik (Partidak 3, 30, 1, 2). Badirudi hori berori izan zela KZren 430. art.aren jatorria eta horri heldu zioten autoreek gorago aipatutako bereizketa aztertzeko. Partidak azaltzen saiatu zirenek hauxe adierazi zuten: —Edukitza naturalak ondoko osagaiak ditu: corpusa, norberaren izenean jardutea eta ugazaba izateko asmorik ez izatea; —Edukitza zibilak, berriz, beste hauek: corpusa, norberaren izenean jardutea eta ugazaba izateko asmoa izatea. Horiei beste osagai bat gehitu zitzaien, ukantza, hain zuzen ere, norberaren izenean eduki beharrean, inoren izenean edukitzen zenean, eta batez ere, kreditu-eskubideen titular gisa, esaterako, errentari gisa (ÁLVAREZ DE POSADILLA). Ius communearen garaian zabaldu zen teoria hori POTHIERek landu zuen geroago, eta badirudi aditu horren azalpenek eragina izan zutela Kode Zibilaren 1851ko Proiektuan. POTHIERek edukitza kontzeptua zabaldu zuen, ondokoak bereiziz:


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.