UDABERRIKO PUNTUTAN
EGUR ETA ITSAS USAINA BILTZEN DA ALBAOLAKO TINGLADUAN. Olatuak eta mailu kolpeak, akorde berean dantzan. San Juan galeoiaren hezurduraren bueltan gabiltza, garai hartako itsasgizonen Ternuarako bidea nolakoa zen irudikatu nahian. Xebastian Lizasok, 1989ko Txapelketa Nagusian, ohetik altxa ezinda zegoen itsasgizon baten ahotik osatu zuen kartzelako ariketa.
12
Ternuarako bidean ibilitako arrantzaleentzat zer ote zen itsasoa? Ez dakigu, Xebastian Lizasok gorpuztu zuen gizon hura bezala, itsasoari begira eman nahiko ote zuketen azken arnasa itsasgizon haiek? Jon Maiarentzat, bertso sorta baterako aitzakia izan zen “azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira”. Atlantikoaren zeharkaldi luzean, Ternuarako bidean, zenbat enbata, brisa, galerna… zenbat arrats gozo, egun gazi; zenbat gaur garbi eta bihar nahasi… Zenbat kaio zorabioan… zenbat eguzki irteera.
13