Donostiaren historia artola

Page 68

1863ko apirilaren 22ko Errege Agindu batek plazaratu zuen berria: harresiak botatzeko baimena. Donostia ez zen handik aurrera gotorlekua izango, haren inguruko babeslekuak lurrera bota behar zituzten. Berri hark sekulako poza sortu zuen donostiarrengan, eta, ospatu ere, gogotik ospatu zuten. Erabaki hark bazituen, hala ere, alderdi ilun eta katramilatsuak -lurren jabetza, lanak finantzatu beharra...-, eta, eztabaida eta auzi haiek konpontzeko negoziazioak eta elkarrizketak zirela medio, ezin izan zituzten harresiak hurrengo urtea arte bota. Bitartean, udala hiri berria eraikitzeko prestatu zen, eta Europan gehien erabiltzen zen baliabidea aukeratu zuten horretarako: zabalgunea. //15. Donostia, 1864. Zabalguneak dira, hirigintzak Europan sortu zituen arazoak konpontzeko, XIX. mendean aukeratu zen irtenbidea. Urteak joan, urteak etorri, biztanleria hazten ari zen Europako hirietan; jendea etxeetan pilatuta bizi zen, eta agintariei arazo larri hura konpondu beharra egokitu zitzaien. Negozioen bidez aberastua zen burgesia bera ere kezkatuta zeukan hirietako bizitzaren hondamen hark. Kezka horrexek bultzatu zuen burgesia espazio berriak agintariekin batera antolatzera, eta hiriak zabaldu ahal izateko konponbide berriak taxuz, neurriz, eta zentzuz bideratzera. Arau zehatz batzuen arabera antolatutako kale eta auzo-sareen bidez ordenatu zuten eremu berri haien hazkundea. Arau haiek ez zituzten besterik gabe eman; beharbeharrezkoak ziren, biztanleen gehiegiagatik eta etxebizitzen premia handiagatik lehenbailehen eraiki behar ziren orube huts haiek ondo antolatzeko. Hirigintzako arazoak konpontzeko modu hark eman zion tankera indar betean zegoen kapitalismoak gizartean sortu zuen ordena berriari. Eta eredu hura erabat bete zen Donostian. Zabalguneen ereduak Pirinioak zeharkatu zituen, eta Espainiako hirietan barrena zabaldu zen. Cerdák Bartzelonarako proiektatu zuen zabalgunea eredugarria izan zen garai hartako hirigintzan. Donostiako udalak Bartzelonari jarraitu zion eraikuntza lanen aurreko urratsak egiterakoan [1]. Agintariek planoen lehiaketa baterako deialdia egin zuten, etorkizuneko hiriaren eredua aukeratzeko. Hamabi proiektu aurkeztu ziren deialdi hartara. Udalak Antonio Cortázarrek egindako proiektuari eman zion lehenengo saria, eta hura aplikatzea erabaki zuen. Baina ez zion uko egin lehiaketa hartan bigarren izan zen proiektuari, Martín Saracíbarrenari: gauza asko atera zituen handik Cortázarren proiektua hobetzeko. Cortázarrek udalak deialdian eskatu zituen oinarriak bete zituen; alegia, merkatari kutsu handiko hiri bat proiektatu zuen. Salerosketak erraz egin ahal izateko moduan antolatu zuen hiria. Helburu horri jarraiturik, dendetarako eta saltokietarako gorde zituen erdialdeko oruberik onenak, eta lehentasuna eman zien salgaiak garraiatzeko loturei, beste edozein irizpideren gainetik. Hortaz, bi lonja kokatu zituen badian, portutik gertu, eta portua burdinbidez lotu zuen Norteko Geltokiarekin. Burdinbide horrek Zabalgunea erdi-erditik zeharkatuko zuen. Urumea ibaia bideratzea ere proposatu zuen, bi ertzetan zamalanerako kaiak ipintzeko.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.