Donostiaren historia artola

Page 47

1779ko apirilean, Frantzia eta Espainia gerran hasi ziren Ingalaterrarekin, Estatu Batuen independentziaren alde. Rodney britainiar almiranteak Kantauri itsasoko kosta oztopatu zuen, eta Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren 25 itsasontzi harrapatu zituen. Hurrengo urteetan, itsaso bidezko ontzien joan-etorria oso moteldu zen, eta baita ito ere, eta horrek oso eragin kaltegarria izan zuen kolonien eta metropoliaren arteko harremanetan. 1782 eta 1783 urteetan, Konpainiak Holandako banderapean egin zituen bidaldiak. Hurrengo urtean, desegin egin zen. Enpresaren ondasunen eta hartzekoen zati bat gordailuan jarrita zegoen San Carlosko Bankuan. Diru horiek enpresa berri bat sortzeko erabili ziren: Filipinetako Konpainia. Enpresa hori 1785ean sortu zen, aurreko enpresak kolonietan zituen negozioak aurrera ateratzeko azken ahalegin gisa. Eta, beraz, pribilegio bat lortu zuen, 1790. urtea arte merkataritzan aritzeko eremua Caracaseraino zabaltzeko. Aukera horri esker, urte batzuk lehenago han utzitako ondasunak eta errentak berreskuratzen saia zitekeen enpresa berri hori. Baina, ordurako, Koroak merkataritzan aritzeko ematen zituen era horretako pribilegioak zeharo bestelakotuta zeuden. 1778. urteaz geroztik, Iberiako Penintsulako portuek bazuten Amerikako ia kostalde osoarekin libre salerosteko ahalmena. Erabaki hark ez zituen ez Bilbo eta ez Donostia kontuan hartzen, probintzia *salbuetsiak* izatea haien kalterako interpretatu baitzuten legegileek. Estatua ahalegin bizian zebilen berriz lurralde historikoak estutzen, hala amore eman zezaten eta barrualdeko foru aduanak kostara alda zitzaten. Aduanak Ebron zeuzkaten bitartean, euskal probintziak atzerritartzat hartuko zituen estatuak. Eta, atzerritarrak baldin baziren, zegozkien mugako zergak ordaindu behar zituzten. 1779an, Iberiako Penintsula barruan merkaturatu zen Euskal Herriko burdinak aduanako eskubideak ordaindu behar izan zituen, erabaki horren ondorioz; eta orobat ordaindu behar izan zituen eskubide horiek 1780an Donostiak ekarri eta Gaztelan eta Aragoin banatu zuen kakaoak. Aduanak kostan ez jarri izana hartu zuen aitzakiatzat estatuaren administrazioak 1783an Gipuzkoari Amerikarekin salerosketan libre aritzeko eskubidea ukatzeko, nahiz Iberiako Penintsulako gainerako portu guztiak zuela bost urtez ari ziren eskubide horiez gozatzen. Pixkanaka-pixkanaka, Donostia ibilbide handietatik eta ekonomiako sare indartsuenetatik aparte geratzen ari zen. Hiria: Hirigintza eta gizartea Donostia berez hiri militarra izateak tankera berezia eman zion hango hirigintzari. Debekatuta zegoen harrizko eraikuntzak jasotzea harresietatik 1.500 kanako eremuan (1.225 metro), distantzia hori baitzen kanoi bala batek gehienez ere irits zezakeen bitartea; debeku horren bidez eragotzi nahi zen etsaien artilleriak babeslekuren bat izan zezan Donostiari eraso nahi izanez gero. Arrazoi beragatik, hirigunearen mugakide ziren auzoak -Santa Katalina, San Martin, eta Antiguababeserako ingurutzat zeuzkaten izendatuak agintariek, eta, beraz, hango etxeak


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.