Zestoari gorazarre
61
Gazteagoen artean, urte batzuk geroago, herriak asko maite zituen eta oso ezagunak egin ziren pertsonaiak ere gogora ekarriko ditut: Martina, Atxatxito, Errexil, Luis Erretzabal, Remigio Palaziyo, Amado Errasti, Baltzola Berri, Joxe Mari Elortza zilarrezko duroekin txin-txin eginez, Jimenof artista, Atxisss piano afinatzailea. Horietako askok aparteko kapitulua merezi dute. Denentzat esker oneko oroimena eta omena. Bazen goizero-goizero, beti ordu berean, miresten nuen gertaera bat ere: egunero bainuetxera lanera zihoazen eskribauen eta bulegarien ibilia. Egunero, bederatziak baino minutu gutxi batzuk lehenago etxe aurretik pasatzen ikusten nituen Felix Izeta, Inazio Olaskoaga, Anastasio Alkorta eta Luis Suso. Joakin Meoki, Don Pakoren ondorengo gerente bezala gogoratzen dut. Nire umetako une batzuk dira, nire barnean maitasunez gordetzen ditudan uneak, haiek baitziren herri umil bateko aktoreak. Eta inor ahaztu badut, bere izena gogoratzen ez dudalako izan da, inola ere ez, isildu nahi izan dudalako. Izan ere, urte asko pasa dira, eta ahaztea erraza baita; hala ere, nire umetako pelikula oso garbi daukat, baina, agian, ideia hobeto grabaturik geldiko zen. Denentzat, lehenago ere esan dut, nire oroimena eta miresmena.