Jabi abaunza

Page 1

Kaixo lagunak ! Moulins-Yzeure espetxean bahiturik gauzkaten euskal preso politikoak gara eta azken aldian bizi dugun egoeraren berri eman nahi dizuegu gutun honen bitartez. Zehazki asteburu honetan gertatutakotik hasiko gara, izan ere, ostiral honetan (uztailak 3a) gure senide eta lagunekin bisitaz gozatzera gindoazelarik, funtzionarioek gorputz ukimenezko miaketa egin behar zigutela adierazi ziguten, uko egin ezkero bisitarik gabe geratuko ginela adieraziz. Hau ikusirik tentsioa handia izan zen eta presoon erantzunaren aurrean funtzionarioek atzera egin eta azkenean bisita burutu ahal izan genuen. Alabaina, ez baitira hauek batere mendekatiak, gauean interbentzioko gorputz bereziak, ERISak, etorri eta indarrez Jabi Abaunza eraman zuten zigor ziegara ("mitard" deitzen zaionera). Han daukate geroztik. Eta larunbat zein igandean, senide eta lagun bisitariak txantajerako erabilita, miaketari berrekin diote. Beste bi kideek horren aurrean egin duguna izan da, haien aurrean biluztu, iniziatiba haiei kendu eta guk hartu, alegia. Horrekin batera, beste preso arruntekin batera egingo ditugun ekimenez gain, beste bi kideok ere planto egin diogu zeldetan sartzeari eta gu ere isolamendura eraman gaituzte. Familia eta lagunak erabiliz egin diguten txantajea da larriena. Hala ere, espetxeko zuzendaritza berria etorri denetik, Mme LIBAN Isabelle eta M BOULAY Richard buru, gure bizibaldintzak okerrerako bidean jarri dituzte. Etorri direnetik, neurri murriztaile berriak hartu dituzte, inolako arrazoi bereizik gabe eta beraz, horrek adierazten diguna da erabaki bat hartua dutela, presoon bizibaldintzak ahal duten beste okertzeko. Gure senide eta lagunak erabili egin diguten txantajea salatzeko eta neurri berri murriztaileak atzera bota ditzaten eskatzeko, aurre egitea erabaki dugu euskal preso politikook eta baita preso arrunta batzuk ere. Hala, orain dugun egoera hauxe duzue eta honi aurre egin asmoz une honetan mitarrean dauden 6 preso arrunt gose eta egarri greban daude larunbata ezkeroztik. Jabi Abaunza , Iurdan Martitegi eta Aitzol Iriondo ere mitarrean (isolamenduan) gaude baina ez gose eta egarri greban. Euskal preso politikook honen aurrean erabaki duguna hauxe da: -Espetxearen eraso hauen aurrean erantzuteko ekintzetan parte hartzea. -Gutunak bidaltzea, Frantziako giza eskubideen eta presoen eskubideen behaketa burutzen duten erakundeetara, egoera azalduz eta esku har dezaten eskatuz. -Deia luzatzea zuoi, herritarroi, espetxeko zuzendariari gutunak bidal diezaizkiozuen (gutun eredu bat ere atera dugu horretarako). Inportantea da guretzat, euskal preso politiko bezala, edozein erasoren aurrean erantzutea eta euskal herritarren partetik guk eta gure senide eta lagunek dugun babesa agertzea espetxetako zuzendarien aurrean. Espetxera bidaltzen den gutun bakoitzak balio praktiko handia ez ezik, balio humano eta politiko izugarria du batez ere, bai haien begietara, baina baita gure bihotzetan ere. Izan Sevilla IIan, izan Fleury Merogisen pasa den hilabetean bezala edo RĂŠaun duela hilabete pare bat bezala. Guztiek Dispertsioa eta Deportazioa dute iturburuan guretzat bezala gure lagun eta etxekoentzat, baina oro har preso guztiekin espetxeko agintariek txantajea eta biolentzia ze nolako inpunitatearekin darabilten erakusten du orobat. Horregatik da ezinbestekoa guretzat bahituta gauzkaten militanteon eta herriaren arteko lotura ahalik eta gehien sendotzea. Besarkada bat eta animoak guztioi Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia eta Autodeterminazioa! 2015eko uztailaren 5ean. Jabi Abaunza, Iurdan Martitegi eta Aitzol Iriondo euskal preso politikoak.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.