1 minute read

Oscar Gómez Mata Makers. Artista AZ-Kidea

ESTREINALDIA ARTISTA AZ-KIDEA Oscar Gómez Mata Makers

Oscar Gómez Mata bi proiektu garatzen ari da Artista AZ-Kide gisa: batetik, Makers eszenaratzea, alde filosofikoa, poetikoa eta komikoa nahasten dituen ikuskizuna, bizirik dirautenentzako eskuliburu moduko bat, errealitatean egiten dugun iragaiteari irtenbideak eman nahi dizkiona; eta, bestetik, Deriben katalogoa, Mediateka BBK-ri buruzko proposamen batekin urtarrilera arte zabaldu dena.

Advertisement

Argia egiteko ikertzea

Oscar Gómez Matak eta Juan Loriente aktoreak Makers ikuskizuna sortzen jarraituko dute, eta ikuskizuna apirilean estreinatuko da Zentroan. Artistak gogorarazten duenez, «2020an gertatutako guztia bezala» prozesua gorabeheratsua izan da, ezin izan baita iazko urrian eszenaratu, horrela aurreikusita egon arren. «Entseguko asteak bertan behera utzi behar izan ditugu, egutegiko beste egun batzuetara eraman, eta gure lana maker-aren esaerara egokitu behar izan dugu: Daukagunarekin konpondu», esan du. Makers-en funtsezko eginkizunetik sortzen da pieza: argia egiteko ikertzea. «Detektibeak gara, sentipenaren azpian hautematen dena bilatzen, errealitateari irtenbide poetikoa aurkitzen saiatzen gara», azaldu du Oscar Gómez Matak. Ondoriozko ikuskizunean, «bikote komiko» honek gai klasikoak jorratzen ditu, hala nola maitasuna, denbora eta argia, eta alde filosofikoa eta poetikoa nahasten ditu umore hunkigarriaz. Horrela, beste ikuspegi bat ematen digu ertz lausoak eta zalantzazkoak dituen garai hauskortu honen egunerokotasunari buruz. Aktoreak zuzentzen duen L’Alakran konpainiaren lanen ildoko ikuskizuna.

Deriba berria Mediateka BBKn

Makers-ekin batera, Oscar Gómez Mata Deriben katalogoa garatzen ari da Espe López artistarekin. Oinez ibiltzeko ekintzaren bitartez hiri-paisaiaren eta parte-hartzailearen barnebiziaren artean loturak finkatzeko asmoa duten praktikak dira deribak. Proiektu honetan, hainbat proposamen dituzte noraezean ibiltzeko, eguneroko hiri-paisaiak behatzeko eta esploratzeko asmoz. Eguzkiari jarraitu, Gauza batek bestera eramango zaitu beti, Turistaren ikuspegia, Isiltasuna etxean, Detektibea eta Borgesen denbora dira katalogo hau osatzen duten deriben tituluak, eta Az Infon eska daitezke, Kulturen Atarian dagoen jendearen arretako gunean. Urtarrilean amaituko da proiektua, Mediateka BBK ardatz duen beste deriba batekin: Ariadnaren haria. Zoria, sinkronizitatea eta serendipia suspertzeko beste ibilbide bat, pentsamendua mugitu eta ezezagun denarekin topo egiteko.

This article is from: