Joseba Sarrionandia
Jose Julian, pertsonaia legez Zinema-pertsonaiak helburu bat izaten du eta helburu horren alde ari da eten gabe pelikulan zehar. Ziurtasunak eta batzuetan bizitza bera ere arriskatuz ahalegintzen da bere helburuagatik. Delitua egitea deliberatu duen delinkuentea, lagunak salbatu nahi dituen errugabea, edota maitatu nahi duen maitemindua. Nork zer egiten duen eta zertarako argitu behar da benetako istorio bat kontatzeko orduan. Gogoratu Casablancako pertsonaiak, edo Graduatua. Helburua duen jendea interesgarria izaten da, batez ere helburu hori konplikatzen denean. Pertsonaiak bere helburua hasieratik aisa eta berehala lortuko balu pelikula gogaikarria izango litzateke. Pelikula interesgarriak bezala, Jose Julianen bizitza edota zinegintza ez dira batere erraz edo aspergarriak izan: katastrofe txikiz egindako estrata izan dira. Helburu behinenarekin eta helburu sekundarioekin, pertsonaia antagonikoekin eta lagunekin egin du bidea. Eta, oztoporik oztopo, ausardia eta sormen, ahalegin eta lorpen, saio eta frustrazio, estakuru bakoitzean bizitza ere jokoan ipintzen duen pertsonairen antzera heldu da Jose Julian honaino. Federico Felliniren Otto e mezzo pelikulako protagonista bezala, Jose Julianen helburua pelikula bat egitea izan da beti eta xede horrekin endredatu da munduko beste arazo guztietan. Gogoratu Guidori, krisi existentzial larrian, hurrengo pelikula egiteko lasaitasunik gabe, oroitzapenak bisio fantastikoekin gogoratzen zaizkiola. Claudiak eta Carlak ere ez diote egonarririk ematen eta, pelikularen produktoreek antolaturiko meriendan, izutu eta mahaipean ezkutatzen da. Baina dena galduta dirudienean, bere ikuskizun ikaragarriak zentzua hartzen hasten dira, egiazkoak eta ederrak bihurtzen direla, eta bizitzaren plazera ere azaltzeko gauza. Zineman pertsonaia borobilak eta pertsonaia linealak bereizten dira. Borobilak pertsonaia konplexuak, tolesduradunak eta kontraesankorrak izan daitezke, benetako jendea bezala. Pertsonaia linealak sinpleak eta dimentsio bakarrekoak izaten dira. Jose Julian bera borobila da bete-betean. Obrak ere halaxe ateratzen zaizkio, ondo borobilak: korapilotsuak, konplikatuak. Hainbeste, ezen batzuetan ezin izan diren filmatu ere egin... Pelikuletan, eskena bakoitzean, ikuspegi desberdinetik ikusten da pertsonaiaren ibilbidea. Liburu honen atal bakoitzean, gidorik gidoi, Jose Julian Bakedanoren hamaika gai, neurri 17