Plasentzia 1577 antzerki testu bat baino gehiago izateko sortu zen. Ohartuko zinenez, irakurle, ez da ohikoa izaten antzezlan baten argitalpenean aktore, musikari, zuzendari eta abarren izenak agertzea, ezta proiektu bezala erakustea literatur testu arrunt bat izan zitekeena. Plentziarekin harreman estu-estua duten eta dugun gizon-emakumeok burutara eramandako proiektua da Plasentzia 1577, Uribe Kostako txoko honetan herri antzerkia euskaraz egin, ekoitzi eta taularatzeko helburuarekin.
Herriarentzat, euskararentzat, geure arteko harremanentzat, gure iraganaren berri jakiteko... prozesua emankorra izan da oso; besteak beste, lerrook idazten dihardugun bitartean beste obra baten —hobeto esanda, beste proiektu baten— prestakuntzan eta ekoizpenean gaituzu, buru-belarri: 2018ko urrian antzeztuko dugun Anton Garaiko kortsarioaren historia, hain zuzen.
Testuari dagokionez, hamaseigarren mendeko herri-giroan bar-neratuko zara, kantuz, dantzaz eta umore-zipriztinez arindutako gertakari historiko latzak birbizitzeko.