3 minute read

Mikel Belasco

Ermitaldea

“Ikastola”ra goaz, “Ikastola”n geratuko gara… Ikastola hitza bera toki izen bat balitz bezala erabiltzen dugu askotan eta gutxitan, berriz, izaten dugu ahoan ikastola dagoen kalearen izena. Agian, batek baino gehiagok ez du jakinen izen hori Ermitaldea dela. Ondorengo lerroetan Ermitaldea izenaren atzean dagoen historia ezagutzera emanen dugu, eta baita, labur bada ere, eraikin berria egin baino lehen Paz de Ziganda ikastolak Atarrabian izan zuen beste eraikinaren helbidearen izenarena ere: Serapio Huici, hain zuzen ere.

Advertisement

SERAPIO HUICI ETORBIDEA: DOMINGOTARRENEAN IKASTOLA ZEGOENEKO GARAIA

Paz de Ziganda ikastola oso ibiltaria izan da bere historia luzean, eta Atarrabian bi tokitan egon da. Lehena 1974tik 1995era arte Serapio Huici etorbidean izan zen, Domingotarren komentuko zati zabal batean. Serapio Huici Atarrabian jaiotako enpresa gizon garrantzitsua izan zen, ekonomia munduan ezezik kulturaren munduan ere nabarmendu zena. Ekonomia arloan, esate baterako, El Iratiko lehendakaria izan zen, Papelera Española enpresako lehendakariordea eta hainbat enpresa handitako kontseilaria. Kulturaren munduan, berriz, Espainiako Espasa-Calpe argitaletxearen sortzaile eta zuzendaria izan zen, arkeologia lanetan aritzeaz gain, eta Euskalgintzan, azkenik, Eusko Ikaskuntzaren kidea izan zen. Kontuak kontu, Serapio Huici izenarekin lotuta ageri izan da gure ikastola ia 20 urtez.

ERMITALDEA, GAURKO IKASTOLAREN HELBIDEA

ESANAHIA

Euskaldunentzat Ermitaldea toponimoak ez dauka misterio handirik. Izenak berak esaten digu ermita baten inguruan egoteak sorrarazi zuela toki izena, hots, eliza baten aldera edo ondoan zeuden alorrek eta larreek hartu zutela izen hori. Erdaldunek, ziurrenik, arazo gehiago izanen dituzte eta ermita hitza aise identifikatuko dutenez, “aldea” ere gaztelaniaren bidez azaltzen saia litezke eta horren ondorioz ez litzateke harritzekoa pentsatzea batzuek “aldea” nahastu izanen dutela gaztelaniazko hitz homonimoarekin, hau da “aldea” “herrixka” dela, eta hortik oker ondorioztatu Ermitaldea gaztelania hutsa izan litekeela: “la aldea de la ermita” edo. Garbi gera bedi, beraz, kalearen izena euskaraz sortu zela eta euskaratik azaldu behar dela haren esanahia: “Ermita ondoan”. MIKEL BELASKO

HISTORIA

Nabarmena da, dena den, ermitarik ez dagoela ikastola inguruan eta, are gehiago, inork ez duela horrelakorik ezagutu. Zer dakigu horri buruz?

ATARRABIAREN JATORRIA

Vila Nova (Villava) sortu zeneko data ofiziala 1184 da. Baina hori baino lehen herrigune bat bazela frogatu digu Peio Monteano historialariak eta hari jarraituko diogu ondorengo lerroetan Ermitaldea izenak esan nahi diguna ongi ulertzeko. Monteanoren ustez jatorrizko Atarrabian lau gune bereizten ziren. Lehenengoa Trinitateko eliza eta zubia zen, bigarrena Atarrabiako etxea, hirugarrena gaur egun karrika nagusia dena eta, azkenik, San Andres elizaren inguruan zegoen herrixka bat. Herri ttiki honek, historialariaren iritziz, Atarrabia izena izanen zuen. Baina argitu dezagun azken kontu hau, XII. mendeko San Andres eliza hura ez baitzegoen gaur egun eliza dagoen tokian, baizik eta San Andres zubitik hurbil dagoen errotonda handi eta zabal horretatik ez oso urruti.

ATARRABIA XVI. MENDEAN

1184ko erregeren bultzadarekin batera erdiko gunea indartu zen (karrika nagusia zein Atarrabiako etxea), baina San Andres eliza aldeko herrixka hura hustu bide zen. Etxerik ez zen gelditu, baina elizak hor jarraitu zuen harik eta XVI. mendean udalak gaur egun dagoen tokian eraikitzea erabaki zuen arte. San Andres Berria herrian izanda, herrigunean bertan, lehengo elizari San Andres Zahar deitzen hasi zitzaion eta hortik sortu ziren Sanandreszar edo Andreszar toponimoak, kale bati izena ematen diotenak egun. Eta aspaldiko eraikina “zaharra” bilakatzearekin batera, jendeak “eliza” estatusa ere kendu egin zion eta “ermita” egoerara ekarri zuen. Orduan hasi ziren ondoko lurrei Ermitaldea deitzen, batetik, eta Sanadreszar bestetik.

ERAIKIN AHAZTUA

Denborarekin eliza edo ermita Atarrabiarren memoriatik erabat ezabatu zen. Egia da toponimiak pista oso zuzenak ematen zizkigula, baina euskaraz ematen zizkigun horiek eta garai batean gaztelania erabat gailendu zenez atarrabiarren ahoetan, ia alferrikakoa zen leku izenek esan nahi zigutena: han genituen Donapea ‘santuaren azpian’, hau da ‘elizaren azpiko aldea’; (San)Andreszar ‘San Andres zaharra’ eta Ermitaldea ‘elizaren inguruko lurraldea. Monteanok beste bide bat ireki zuen, eta dokumentazio zaharra arakatuz elizaren kokapen zehatza ikasi zuen eta baita haren deskribapen argi bat eskuratu ere: eraikin erromanikoa zen, mendebalde-ekialde orientazioa zuen eta ate bat Burlatari begira zegoen.

Iturria: Villava-Atarrabia. Año 1500. 1500. urtean. Peio Monteano & Artzai.

IKASTOLAN BERTAN HIRU TOPONIMO

Ez dezagun pentsa ikastolak hartzen duen eremu osoa Ermitaldea toponimoarekin ezagutu izan dela. Kasualitatea izan daiteke baina izan, hiru izen ditugu ikastolako hiru eremu nagusiak izendatzeko: 1. Ermitaldea: Haur Hezkuntzako eraikina dagoen aldea. 2. Errondoa (“baxuen dauden herriko lurrak”): Gune nagusia, non LH eta DBH dauden. 3. Billabaondoa (“Atarrabia ondoan”): Batxilergoaren eraikina dagoen tokia eta, berez, Burlatan dagoena. Ikastolari, beraz, historia handiko toponimo bat esleitu zaio helbide moduan, eta, argi ikusi denez,ez da ikastolan dugun toponimo bakarra. Toponimian ere aberatsa baita Paz de Ziganda ikastola!

USA | Canadá | Irlanda

livenlearn.es

1.2 billion people

are learning a foreign language. Are you one of them?

Study abroad with us

91 402 48 16

This article is from: