Lezoko Euskararen Historia Soziala 1998 [I Esnaola]

Page 17

ARGIBIDE TEORIKOAK

17

indartsuenak lortuko duelako ahulenaren lekua betetzea. Egile honek ukipen egoera batean hizkuntza baten estatusa erabakitzen duten faktoreak bi multzo nagusitan biltzen ditu: Bultza-indarra eta erakar-indarra. Alegia, zer nolako indarra duen hizkuntza bakoitzak bestearen lekua hartzeko eta hiztunak berera erakartzeko. Bultza-indarren artean honako eragile hauek biltzen ditu: herri bakoitzaren indar demografikoa, populazioaren sakabanaketa, populazioaren mugikortasuna, indar ekonomikoa, ideologikoa eta kulturala. Erakar-indarren artean, berriz: ukipenean dauden herrien bultzaindarren arteko diferentzia, bi herrien arteko distantzia geografikoa eta bi hizkuntzen arteko distantzia linguistikoa. Hauek, noski, ez dira eragile bakarrak, Mackeyk berak, ehundik gorako zerrenda egin daitekeela dio, eta guk geuk beste bi gehituko dizkiogu: 1) herri bakoitzaren presio politiko eta militarra; 2) kultura bakoitzaren indar sinbolikoa. Irakurleak, ordea, argi eta garbi ulertu behar du edozein hizkuntzaren historia soziala egitean, eta batez ere, gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuen kasuan, faktore andana luzeak hartzen duela parte. Eta Lezon euskarak egin duen historia soziala, gaur egun bizi dugun egoera eta etorkizunean egingo duen bidea eragile hauen arteko loturari zor zaiola. Ikus ditzagun xeheago Mackeyren bultza-eta erakar-indarrean parte hartzen duten eragileak. Bultza-indar demografikoan hizkuntza bakoitzak duen hiztun kopurua hartzen da kontuan. Hiztun gehiago izateak, ordea, ez du esan nahi ezinbestean indar gehiago duenik, gainerako faktoreekin batera aztertu behar da. Izan ere, hiztun asko izan arren ekonomikoki ahula den hizkuntza batek nekez lortuko du hiztunez urriago baina diruz aberatsagoa den herri bati nagusitzea. Populazioaren sakabanaketa ere oso kontuan izatekoa da, ez dute indar bera geografikoki sakabanaturik dagoen eta elkarren arteko harreman urria duen populazio batek eta harreman estuan bizi den beste batek. Populazioaren mugikortasuna ez dugu sakabanaketarekin nahasi behar. Populazio mugikorrak esan nahi du hiztun horiek oporretarako,


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.