1 minute read

MAITE APERRIBAI 2C 1.saria

Next Article
IÑIGO SASTRE 1E

IÑIGO SASTRE 1E

ZER OTE NAIZ?

Izaki beltz iheskor, maltzur eta gupidagabe bezala ezagutuko nauzu agian. Edo nahi baduzu, izaki misteriotsu, kapadun eta isila izan naiteke. Baina, egia esan, nik neure burua grisez jantziko nuke. Jendearen zelataria naizela pentsatzea gustuko dut, inor nitaz ohartu gabe, denen sekretu ilunenak dakizkidalako.

Advertisement

Gauean berpizten naiz egun argitsu baten ondoren, eta gauerdia da gogokoen dudan unea. Ni naiz sorginen akelarretan sorginak inguratzen dituen lanbroa. Ni naiz heriotzaren eskutik helduta datorrena. Ni naiz gizaki hilkor baten begirada apurka-apurka itzaltzean hauek ikusten duten lehena. Ni naiz umeak jakin gabe beraien ohe azpian ezkutatzen den monstrua. Ni naiz ametsetan lotsagabe bat bezala sartzen dena. Nerabeen pentsamendu ilunenekin jolasten duena.

Gauerdian kolorerik gabeko kaleetan zehar nebilen orduan ere zerbaitek atentzioa eman zidanean. Ume baten hots isilak erakarri ninduen, eta une batez, ezkutatzeari utzi eta hari hurbildu nintzaion. Lurrean etzanda zegoen, zikin, ahul, gosez hilzorian.

-Nor zara? - galdetu zidan.

-Ni zure laguna naiz, inoiz bakarrik utziko ez zaituena – erantzun nion.

Bere begi argiekin so egin zidan, nire harrizko bihotz gogorra mila pusketan zatituz. Estu besarkatu nuen nire besoen artean, hitz goxoak esanez eta besoetan kulunkatuz. Bere begirada bizia itzaltzen ikusi nuen eta nire bizitza luzean lehenengo aldiz, apurkor eta zaurgarri sentitu nintzen.

Bai, izaki krudel eta sentimendu gabekoa nintzela pentsatzen bazenuen, oker zebiltzan, ni bainaiz injustizia guztien behatzaile, orekaren eragile eta gauaren zelatari. Bai, asmatu duzu, iluntasuna naiz.

MAITE APERRIBAI –BATXI 2C-

This article is from: